Maixa Zugasti: "Literatura kontatzeko eran dago"
Ostirala, 2018-04-13Kutxa Irun Hiria sariketaren iazko edizioan, Asier Serrano eta Maixa Zugasti gailendu ziren. Azken honen nobelak indarkeria matxista du ardatz eta Algaida argitaletxeak plazaratu du L.A.A. izenburupean. "Horrelako egoera batean dagoen pertsona batek infernu bat bizi du", Tolosako idazleak adierazi digunez. "Eta beldur horretan isolatuta bizi da". Giro hori ondo baino hobeto islatu du bere lehen nobelan.
Lehen hizkiekin izendatu duzu zure lehen nobela: L. A. A (Algaida, 2017). Bitxia, ezta?
Ez nuen asko pentsatu. Ez nion denbora gehiegi eskaini… Agian, istorioa thrillerra izanda, intriga lantzeko modu bat da, hedabideetan ustezko erruduna izendatzen baita horrela. Luis, izendapen horren atzean ezkutatu edo babestuko da.
Laster argitaratuko den eleberriaren izenburuari denbora gehiago eskaini diogu eta azkenean ipini dioguna Inazio Mujikaren oparia izan da: Ahotsak eta itzalak.
Hortaz, oso denbora gutxian bi liburu plazaratuko dituzu.
Bai, hala da. L. A. A. (Algaida, 2017) izan da argitaratu dudan lehena, baina Ahotsak eta itzalak (Erein, 2018)eleberria L. A. A. baino lehen idatzi nuen.
Literaturaren plazara agertu berri zara. Baina idatzi, noiztik idazten duzu?
Betidanik idatzi izan dut, baina inork jakin gabe. Lehen aldiz haurdun geratu nintzenean, Ahotsak eta itzalak (Erein) nobelaren ideia oso garbi ikusi nuen. Hamar urte pasa nituen hura idazten. Ondoren, hiru aldiz laburtu dut testua eta azkenean, L. A. A. plazaratu eta gero ikusiko du argia.
Eta orain arte ez dituzu inorekin partekatu zure idazlanak?
Niri asko kostatu izan zait pauso hori ematea… Oso garbi dut literatura aldetik zer den perfekzioa. Horrek, ordea, alde ilun bat izan dezake: oso kritikoa edo zorrotza bazara zure lanarekin, asko kostatzen da urrats hori ematea.
Eta idazteko orduan ere, zalantzaz betetako idazlea al zara?
Ahotsak eta itzalak (Erein) eleberriko kontakizunaren haria oso garbi ikusi nuen. Goizean goiz, arratsaldeetan…. idazten nuen. Idazketa prozesua oso luzea izan zen. “Amaitu beharko duzu, neska” esaten nion nire buruari. Amaierako puntua ipini ostean, ordea, hori erakutsi baino nahiago izan nuen L. A. A. nobela idazten hasi.
L. A. A. nobelarekin Kutxa Irun Hiria Saria jasotzeak bultzada handia emango zizun. Ausardian irabazi duzula uste al duzu?
Niretzat naturala da idaztea, bizitzeko behar dudan zerbait. Aspaldi erabaki nuen, argitaratu edo ez, beti idatziko nuela. Zentzu horretan, sariak ez du nire eguneroko jarduna aldatu, baina poz handia eman zidan bultzada hori jasotzeak. Epaimahaiak, asko miresten ditudan idazle eta kritikoek, “bide onetik zoaz” esan zidatela iruditu zitzaidan.
Sariketak akuilu direla uste al duzu?
Nire kasuan hala izan da, sariketaren ondoren, Iñaki Aldekoari amaituta ditudan nire lanak erakusteko aukera izan bainuen. Badakit jendea oso kritikoa dela sariekin, baina niri ate bat zabaldu dit, irakurleena…
Bi nobela plazaratuko dituzu oso denbora gutxian. Bestelako lanik ba al duzu?
Baditut poemak, ipuinen bat... Eta ideia eta asmo ugari… Orain beste istorio bat idazten ari naiz.
“Benetako gertaera batek jarri ninduen idaztera”
Emakumeek bizi duten bortxakeria lehen pertsonan kontatu duzu. Gure literaturan ez daude horrelako liburu asko.
Anjel Lertxundik Zoaz infernura, laztana eleberrian landu zuen gaia. Izugarri gustatu zitzaidan, baina uste dut estilo ezberdina duela; AEBetako genero beltzaren ildoan ipiniko nuke nik bere lana. Dena den, L. A. A. ez nuen berritasun kontu batengatik idatzi; nik bizi izandako bizipen batek jarri ninduen idaztera.
Emakume baten deia jaso zenuen behin. Senarrak jipoi bat eman zion eta laguntza eske jo zuen zuregana.
Hala da. Senarrak gainera, hil egingo zuela mehatxatu zuen. Berarekin elkartu nintzenean, kolpez beteta aurkitu nuen. Sare moduko bat sortu zen berehala. Lehenbizi medikuarengana lagundu nion, gero Ertzantzarena joan ginen… Aitorpenaren lekuko izan nintzen eta bertan entzun nituen kontuak oso gogorrak egin zitzaizkidan.
Benetako gertaera batean oinarrituta dago nobela.
Nobelako pasarte bat benetakoa da, deskribapen bat, baina gainontzeko guztia fikzioa da. Errealitatean emandako beste kasu batzuk aztertu ditut eta dokumentazio lana egin dut, baina nobelan batu dudan istorioa asmatu egin dut bere osotasunean.
Maria edo Lurdes biolentzia matxistaren biktima dira. Horrelako profila duten bi pertsonaia osatzeko garaian dokumentazio lan handia egin behar izan al duzu?
Asko gustatzen zait psikologia eta pertsonaia ahalik eta konplexuenak egiten saiatzen naiz. Ez gara ez beltz, ez zuri; eta tankera horretako pertsonaiak sortzen dituzten idazleak ditut gustukoen.
Beti irakurtzen ditut literatura lanak, baina gai jakin baten inguruan ere asko irakurtzen dut. Adibidez, gaizkiari edo beldurrari buruzko saiakerak irakurri nituen. Lagungarri egin zaizkit nobela idazteko orduan.
Maria eta Luisen arteko harremana dago nobelaren muinean. Lan harremana zena, maitasun harremanean bilakatuko da.
Maitasun istorio horiek oso toxikoak dira. Ezagutu ditut horrelako profila duten gizon batzuk. Beldurgarriak badira ere, oso erakargarriak izan daitezke: jende asko erakartzeko ahalmena dute eta manipulatzaileak, limurtzaileak dira. Nahi dutena lortzen dute azkenean. Emakume asko erortzen dira horrelako sareetan, eta, kasu batzuetan, dependentzia ekonomikoaz gain, dependentzia emozional handia sortzen da. Uste dut azken hori dela hausteko zailena eta, agian, arlo horretan behar dute laguntza gehien biktimek. Emakume askok pentsatzen dute ezin dutela euren bizitza ulertu gizon hori gabe. Gerora egon naiz laguntza eskatu zidan emakumearekin eta horixe esaten zidan berak ere.
Irungo sari banaketaren ekitaldian egin nituen adierazpenetan ikasleak aipatu nituen. Ni irakaslea naiz eta nerabeekin egiten du lan. Ikasleekin landu izan dut gaia eta askok jeloskor izatea, kontrola, maitasunaren zeinu gisa ulertzen dituzte. Batzuetan pentsatzen dut pauso batzuk eman ditugula aurrera, baina beste kontu batzuetan atzera egin dugula nabarmen.
Lehengoan irakurri nuen antzekorik: 15 urtetik 29ra bitarteko gazteen herenak onartzen du bikotearen kontrola. Horren atzean maitasuna ez den beste zerbait dagoela esango nuke.
Inboluzio bat eman dela dirudi.
Hori da.
Izua eta bakardadea. Bi aldarte horiek nagusitzen dira nobelan. Maria psikologoa da. Erasotua izango da baina ez du salaketarik jarriko. Bere baitan gordeko du hori. Ez du inorekin partekatuko.
Horrelako egoera batean dagoen pertsona batek infernu bat bizi du eta beldur horretan isolatuta bizi da. Maria psikologoa da eta jabetzen da egoeraz. Bestelako prestutasun intelektualak dituela pentsa daiteke baina bera ere sarean erori da. Gizaki hauskorrak gara, azken batean. Hala ere, bere prestakuntza eta izaera indartsuari esker, Lurdesek baino lehenago erreakzionatuko du.
Bakardadea da gailentzen den beste aldartea. Lurdesen kasuan, modu nabarmenago batean.
Izuarekin gertatzen den bezala, biek bizi dute bakardadea: Mariak eta Lurdesek. Hala ere, Maria indartsuagoa da. Lurdes akaso ahulagoa da; Luisek isolatu egiten du eta ondorioz, bizipenak gailenduko zaizkio eta bere baitan itxiko da, bere burua deuseztatuz. Hala ere, elkartzen direnean, asmatuko dute aurrera egiten.
Badago paradoxa modukoa. Erasotuak bakarrik ageri dira, babesik gabe. Eta erasotzaileak berriz, sare sendo bat du atzetik.
Botere kontua da. Orain ikusi ditugun kasu askotan ere, tratu txarrak boterearekin lotzen dira. Azken kanpainarekin (#metoo delakoa), Hollywoodera begira jarri gara denak. Botere hori biziraupenari lotuta baldin badago, ordea, are larriagoa da; edozein emakume, bizirauteko, gizon baten menpe badago… Atera kontuak. Hala ere, uste dut, orokorrean, indarkeria ororen baitan dagoela biktimarekiko boterea.
Boteredunen eta jende xehearen arteko dikotomia ere planteatzen da zure nobelan. Luisek familia onekoa dirudi eta Lourdes, aldiz, jatorri xehekoa da. Errekurtsoak ere, klasearen araberakoak izan ohi dira.
Dirua eta boterea duena babestuago dago sarritan, gure gizartean. Horregatik, uste dut biktimak erakundeen eta gizartearen babesa sentitzea garrantzitsua dela, aurrera pauso ziurrak emateko.
Bada beste elementu durduzagarri bat: Lurdesen semeari gertatutakoa. Horrek are hauskorrago egiten du ama.
Erasotzaile askoren kasuan ikusi dugu antzekorik. Maiz hori da beraien armarik indartsuena, edonor deuseztatuko lukeena. Pertsona bati nola egin diezaiokezu minik handiena? Ba gehien maite dituenak (seme-alabak) kaltetuz.
“Ez du jarraipenik izango”
Nobelaren amaiera ireki samarra da. Bigarren zati bat idazteko bidea zabalik utzi duzu akaso?
Irekia utzi dut, bai. Irakurle batzuk adierazi didate bigarren zatia irakurtzeko nahia, baina orain arte behintzat ez dut aukera horren inguruan pentsatu.
Hortaz, jarraipenik izango du. Ala ez?
Ez, ez dut uste jarraipenik izango duenik…
Deigarria egin zait amaiera. “2012ko maiatzaren 15ean Donostiako Justizia Jauregian gauzatuko zen epaiketa ez zen jada herri-epaimahaiarekin izango”.
Ez da kritika gisa hartu behar; ni ez naiz aditua. Hala ere, herri-epaimahai kide izatea benetan zaila eta gogorra iruditzen zait. Jende xeheak ingurukoak nola epaitzen dituen ikusteak, jarrera oldarkorrak…; beldurgarriak iruditzen zaizkit…
Horrelako aferak legelarien esku utzi beharko liratekeela uste duzu.
Adituei gehiago entzun beharko genieke. Ez dakit nola osatzen diren herri epaimahaiak. Duela hilabete batzuk, Almeriako umearen erailketaren inguruan sortu zen lintxamendu giroa harrigarria egin zitzaidan. Erdi Aroko gauza dirudi.
Tentsio narratiboaren kudeaketa
Kontakizunak kronologia bat jarraitzen du baina badaude iragarpen moduko seinale batzuk. Profezia gisa funtzionatzen dutenak akaso.
Thriller psikologiko bat da eta tentsio hori mantentzea garrantzitsua da. Teknikari dagokionez, keinu horiek modu egokian lantzen saiatu naiz.
Lehen pertsonan idatzi duzu. Ikuspuntu hori, lehen pertsonarena, ez da kasualitate hutsa. Intentzio bat ere egongo da hor.
Bestelako aukerak eskaintzen dizkizu eta oso hurbila egiten du kontakizuna. Indarkeria matxistaren kasuan, biktimaren ahotsa entzutea oso garrantzitsua iruditzen zait.
Ikuspuntuarena oso argi izan al zenuen hasieratik?
Esango nuke baietz. Tratu txarrei buruz hitz egiten da nobelan eta ezberdina litzateke protagonistak berak bere hitzekin azaldu ordez, beste batek azalduko balu kanpotik; beste hoztasun bat izango luke. Hirugarren pertsona baten bidez konta zitekeen, narratzaile orojakile baten bidez, baina, esan bezala, lehen pertsonaren erabilerak gertutasun hori eskaintzen du.
Dena den, gauza horiek hasiera-hasieran lotzen ditut, eta ondoren, istorioan murgildu behar da eta pertsonaia bakoitzaren barruraino sartu.
Donostia, agertoki
Donostian kokatu duzu trama. Pasarte batzuk Martuteneko espetxe inguruan kokatzen dira. Zein neurritan baldintzatu du kokapenak zure idazkera? Bertan da Luis, preso. Bertan egiten du lan Mariak.
Oso turistikoa bihurtzen ari da Donostia, baina baditu leku bereziak eta ez hain jendetsuak ere. Martuteneko espetxetik Txominera doan ibilbidea bakartia da berez. Asko gustatzen zait ibaiaren zati hori eta bakartia den aldetik, giro jakin bat irudikatzeko erabili dut.
Istorioa irudikatzeko garaian, idazkerak ere zeresan handia du. Nobela honetan behintzat, zure idazteko modua oso deskriptiboa da. Elkarrizketarako tarte gutxi utzi duzu.
Jakin badakit jendeak dialogoak dituela maite. Istorio honetan thriller batek exigitzen zuen erritmoa mantentzen saiatu naiz, baliabide horiek ondo neurtuz.
Zer kontatu bezain garrantzitsua da nola kontatu. Nobela honetan, giroa itogarri samarra da. Estualdi moduko bat sentitzen da etengabe.
Niretzat hori da garrantzitsuena. Literatura kontatzeko eran dago. Saiatu naiz arlo hori asko lantzen. Behin istorioan sartzen zarenean, pertsonaiaren tokian ipini eta haren bizipenak sentitu behar dituzu, berarekin poztu eta sufritu… Alde berean gogorra eta ederra da sortze-prozesua.