Manu López Gaseniri elkarrizketa
Alizia herrialde miresgarrian liburuaren itzulpena gaurkotu duOstirala, 2015-09-04Lewis Carroll idazlearen Alizia herrialde miresgarrian liburuak 150 urte bete ditu. Urteurrenaren harira, Manu López Gasenik 1989an eginiko itzulpena berrargitaratu du Pamiela argitaletxeak. Baina orduko itzulpen kanonikotik haratago, edizio berri honetan bestelako ahalegina egin du itzultzaileak. “Oraingo honetan hemengo eta oraingo irakurlea hartu dut aintzat, eta irakurle horrekiko dialogoa ezarri ahal izateko sorkuntza-lan handia egin behar izan dut”, López Gasenik adierazi digunez. “Hala eta guztiz ere, Alizia herrialde miresgarrian itzulpen petoa da, eta ez egokitzapen libre bat”.
Zure hitzak dira hauek: “egileak testua sortu zuen era berean, itzultzaile honek ere sortu du testua”. Testuinguru berri batean berreraiki duzu 1989an egin zenuen itzulpen-lana. Honakoan, zure sorkuntza-lana areagotu egin dela esan al daiteke?
Dudarik gabe, bai. Orduko hartan, Carrollen jatorrizko testua euskara ahalik eta “fidelena” ekartzea izan zen nire asmoa. Jakina da urteen poderioz gauza asko ikasten direla fideltasun kontuez, eta, literatura-itzulpenari dagokionez, fideltasun gutxi dagoela ikasi dut nik. Oraingo honetan hemengo eta oraingo irakurlea hartu dut aintzat, eta irakurle horrekiko dialogoa ezarri ahal izateko sorkuntza-lan handia egin behar izan dut. Hala eta guztiz ere, Alizia herrialde miresgarrian itzulpen petoa da, eta ez egokitzapen libre bat.
“Lehen irakurlea harritu egiten zen tokian, orain barre egiten du”. Antzekorik esan zenuen liburuaren aurkezpen ekitaldian. Aurreko edizioan ohar bidez azaltzen zenituen hitz-jokoen esanahiak. Oraingoan, euskarazko hitz-jokoetara jo duzu. Horrek irakurketa eta ulermena erraztuko du nabarmen. Metodologia honek ahalegin berezi bat eskatu al dizu?
Hitz-joko gehienak aski ondo eginda zeuden aurreko edizioan, eta oraingoan lan hura orraztu besterik ez dut egin. Harridura, gehienbat, garai hartako poema parodiatuak zuzenean itzulita irakurtzearen ondorio zen. Hortxe egin dut lanik handiena: gure garaiko antzeko poema eta kantuak bilatu eta Carrollen antzera parodiatzen. Orain irakurleak identifikatu egiten du kantua edo poema eta barre egiten du parodiarekin.
Idazlearen eta balizko irakurlearen arteko komunikazioa errazten saiatu ohi da itzultzailea. Komunikazio-jarioa arinago egitea, hori izan al da zure jomuga nagusia?
Kontua ez da hori zehazki. Jatorrizko testuak irakurleari interpretazio-lan handia eskatzen dionean, itzultzaileak horixe bera islatzen saiatu beharko luke. Baina Aliziaren kasua ez da hori: jatorrizkoan erraza zen komunikazioa (hortik liburuak izan zuen arrakasta), eta ni erraztasun hori islatzen saiatu naiz.
Patxi Zubizarretaren aholkuak oso baliogarri izan direla esan zenuen aurkezpen ekitaldian. Haur eta gazte literaturan iaioa, begirada hori bilatu nahi zenuen akaso.
Gauza jakina da edozein idazle edo itzultzaile, bere testua asko landu eta gero, itsutu egiten dela eta askotan ezin dituela antzeman beste begi batzuentzat nabarmenak diren arazoak. Beste begi horiek, nire kasuan, Patxirenak izan dira. Itzulpengintzan gero eta ohikoagoak dira zuzentzaileak, eta nik pribilejiozko zuzentzaile bat izan dut Patxirengan. Ohiko akatsak zuzentzeaz gain, testuko kakofonia batzuk saihesten eta oro har sintaxia samurtzen lagundu dit. Izugarri eskertzen diot, noski. Bestalde, hasierako poema, txalupa-ibilaldiaren testuinguruaren berri ematen duena, Gerardo Markuletak zuzendu zidan. Hari ere esker mila. Eta, bide batez, irratian ere lankidetza aberasgarria izan dugu hirurok, Gasteiz Irratiko “Bebarruan” literatura-saioan.
Itzulpen oro da erronka. Honakoan are gehiago, liburua beste garai batekoa da, eta beste herrialde batekoa. Euskarara egin diren egokitzapen guztien artean, “distantzia kulturala eta distantzia tenporala” inoizko ondoen gainditu duen edizioa al da hauxe?
Baietz esan beharrean nago, modestiak modestia. Dena dela, neure buruaren kontrako borroka izan da batez ere, neu izan bainaiz testu hori osorik euskaratu duen bakarra; beste guztiak, jakina denez, bertsio laburtuak izan dira, gehienetan jatorrizko testua begien aurrean izan gabe egindakoak.
Gibel solasean, Walter Benjaminen aipu bat jaso duzu. “Idazlearen hitzak jatorrizko hizkuntzan irauten duen bitartean, itzulpenik onena ere bere hizkuntzaren garapenean disolbatzera eta bilakaera horren ondorioz hiltzera deitua dago”. Itzulpen berritu hau “justifikatzeko” garaian, nekez topa daiteke arrazoi tajuzkoagorik.
Literatura-testuen itzulpen berriak plazaratzearena betidanik atentzioa eman didan kontua da: hurbil ditugun kasu batzuk aipatzearren, El Quijote testu klasikoarekin zenbat buelta eman diren, Kafkaren Metamorfosis berrituak La transformación du izena, betiko Madame Bovary La señora Bovary bihurtu da… Eta erantzuna Benjamin handiak (barkatu txiste txarra) zeukan.
Itzulpengintza arloan izan da bilakaerarik. Gurean ere, 26 urte ez dira alperrik pasa. Euskaltzaindiaren arauak ez dira orduko berberak. Aliziaren itzulpena gaurkotzeko garaian, faktore horrek ere eragina izan al du zure jardunean?
Bai, baina Gibel solasean esan dudan bezala arrazoirik azalekoena izan da, hizkuntza guztietan maila lexiko-ortografikoa mailarik azalekoena den bezalaxe. Bide batez egin dudan zerbait izan da. Hala ere, eguneratze hori garrantzitsua da testu hori eskolan-eta erabiliko balitz ere.
Detaile deigarria izenburuan bertan topatu dugu. Lehen itzulpen hartako Alice, Alizia bilakatu da. Gibel-solasean diozunez, “euskal forma erabiltzea onartu dut, kostata izan bada ere”. Liburuaren izenburua ere trinkotu egin duzu.
Maite dut Alice izena. Hala ere, buruhausteak eman zizkidan hasieratik bertatik; niri ez ezik, irakurleei ere: Aliceren, Aliceri eta abar idatzi behar, baina “Alizen”, “Alizi” irakurri beharra. Hizkuntza gehien-gehienetan jokatu duten bezala jokatzea erabaki nuen, eta protagonistaren izena naturaldu egin nuen: Alizia. Izenburuarekin ere gauza bera; hizkuntza gehienetan bazter uzten dute “adventures” hori, eta nik ere liburu-azalean Alizia herrialde miresgarrian jartzea erabaki nuen. Baina horrekin guztiz pozik ez eta, argitaldariarekin adostuta, izen osoa agertzen da portadan: Aliziaren abenturak lurralde miresgarrian. Eta horixe omen da ISBNra joan den izenburua.
"Aliziaren abenturak badu transgresiotik"
Aurten 150 urte bete dira Lewis Carrollek lehen edizioa argitaratu zuenetik. Zure uste apalean, zer du liburuak hain present egoteko, hain nabarmendua izateko?
Liburu hori hasiera batetik izan zen apurtzailea. Argitaratu zen garaian, fantasia oso gaizki ikusia zegoen, eta eskoletan debekatuta. Umeentzat kaltegarria zela uste zuten. Carrollen obrak bere sofistikazioari esker lortu zuen bahea pasatzea; izan ere, lehen aldiz integratu zituen ordura arte inoiz nahastu gabeko hiru genero: fantasia, abentura eta nonsense delakoa. Horri esker lortu zuen bitartekarien oniritzia eta iritsi zen mundu osoko umeengana. Beste alde batetik, Aliziaren abenturak badu transgresiotik: helduen logikaren aurka matxinatzen den neskatila oso erakargarria egin zaie toki eta garai guztietako haurrei.
John Tennielen jatorrizko ilustrazioekin osatua
Diseinuari dagokionez, luxuzko edizioa plazaratu du Pamielak: tapa gogorrarekin eta John Tennielen jatorrizko ilustrazioekin. Amu ederra izateaz gain, Tennielen estetikara lotzeak indar handiagoa eman dio itzulpenari berari, ezta?
Zalantzarik gabe. Nire ustez, Carrollen testua eta Tennielen ilustrazioak banaezinak dira. Gainera, “Pamiela style” deitzen diodana ere ez da ahaztu behar: bilduma horretako beste testu klasikoak ere (Perraulten ipuinak eta Grimm anaien ipuinak) garai beretsuko grabatuez ilustraturik argitaratu ziren (Gustave Doré-renak).
Ez duzue lehen argitaraldi hura ahazteko, eta bada lehen itzulpen lanari eginiko keinurik. Erramun Landaren azala zuen lehen argitaraldiak, eta edizio berri honetan ere txoko bat egin diozue. Bitxia da Landaren azala. Tennielen irudiak baliatu zituen (katua, Aliziaren aurpegia), eta umeen gustuko diren litxarreriak. Azala ez ezik, artelan bat egin zuen Landak, ez al zaizu hala iruditzen?
Berriro ere, baiezko biribila. Eta, berriro ere, argitaldariaren eskua, iraganarekin lotzeko eta artistari eskerrona adierazteko: Erramun Landak collage ezin ederrago bat egin zuen zurezko kutxa zabaldu bat baliatuz. Kutxaren alde batean Herrialde miresgarria irudikatu zuen eta, beste aldean, Ispiluan barrena. Kutxetan, esan bezala, margoturiko harriak, litxarreriak, oihalak, klarionak, landareak eta beste erabili zituen Aliziaren bi abenturak irudikatzeko. Barruko grabatuen klasikotasuna eta azalekoen (post)modernotasuna ezin hobeto ezkondu zirelakoan nago.