Mikel Sotori elkarrizketa: "Poesia hizkuntzaren laborategia da"
Ostirala, 2020-10-30Mikel Soto elkarrizketatu dugu Suak pizten direnean poesia liburuaren harira. Poesiak laburrera jotzen du, gutxirekin asko esatera, irudi batean esanezina biltzera, baina poema baten atzean bizitza oso bat gorde daiteke. Horren isla da elkarrizketa hau: egileak liburuko tripetara eraman gaitu, luze, sakon eta mamitsu. Egia agertzea deitzen dugun hori, agian, isurtzeko zain dagoen uraren txorrota irekitzea besterik ez delako.
(Argazkiak: Juantxo Egaña).
Elkarrizketa hau egin dugun unean aurkezpen errezitaldiak egin berri dituzu, hainbat lagunekin partekatuz oholtza. Nolako esperientzia izan da?
Pozgarria izan da taula gainean nirekin egon den taldearen laguntza sentitzea. Euskal literaturan ez dira sarriegitan horrelako apustu kolektiboak egiten, are gutxiago norbaiten liburu berri baten inguruan eta horrek ikaragarri poztu nau. Lagun onak egin ditut editore lanetan egon izan naizen urteetan eta niretzat oso hunkigarria izan da liburua haiekin batera aurkeztu ahal izatea.
Esperientzia aberasgarria izan da, errezitaldi asko ikusi ditudan arren, inoiz ez dut jendaurrean ezer errezitatu eta idaztean bezala gertatu zait; konturatu naiz ausardia handia behar dela jendaurrean agertzeko eta zure edo beste inoren poemak irakurtzeko.
Konturatu naiz literaturan ohikoa dugun autodidaktismo basatira jotzen dugula horrelakoetarako ere. Esango nuke anglosaxoiek haien literatura-tradizioarekin daukaten harremana dela eta askoz gehiagotan errezitatzen dituztela poemak eta, ondorioz, gu baino naturalago eta hobeto egiten dutela. Hemen, gainera, ez diegu aholkua eskatzen hori hobekien egiten dutenei, antzerkilariei eta, esan bezala, amateurismo eta autodidaktismoaren artean mugitzen gara. Eskerrak, esan bezala, horrelako saldo aparta neukala nire ondoan. Petti handiaz gain, Harkaitz Cano, Edorta Jimenez, Jon Alonso, Irati Jimenez, Oier Guillan, Ane Zabala eta Galder Perez etorri dira Bilbon, Donostian eta Iruñean egin ditugun saioetara eta esker ona adierazi nahi diet beste behin, bihotz-bihotzez.
Donostia, Bilbo eta Iruñea. Hirugarren hau izan duzu azkena; etxean aurkeztu duzu liburua duzu errezitaldi horrekin, Nafarroan COVID-a19aren harira hartutako neurri murriztaile berriekin batera. Emanaldiaren bi saio segidan egin behar izan zenituzten horregatik… Zer giro izan zenuten, Karakraken?
Ni urduri eta kezkatuta egon nintzen, azkenean gauza asko pilatu zitzaizkidalako, izan ere, hau guztiau martxoan egitekoa zen! Tamalez, COVID-19a heldu zen eta normala denez, dena atzeratu egin behar izan genuen. Eta hara non, Iruñeako emanaldia baino bi egun lehenago etorri zen ekitaldi kulturaletan publikoa %30era mugatzera behartzen gintuen agindua. Ezin nuen sinetsi, noiz eta saioa etxean egin behar nuenean! Une batez dena atzeratzekotan egon nintzen. Baina, alde batetik, indar handiz sentitzen nuen Iruñean aurkeztu ezean liburua ez zegoela aurkeztuta eta, bestetik, banekien jendearen eta Katakrakeko eta Elkarreko kideen laguntzaz ekitaldia segurtasun osoz egin genezakeela. Azkenean, ausartu ginen bi saio egitera, jendearen eta parte-hartzaileen eskuzabaltasunari esker.
Errezitaldietan bertan nik anbibalentzia bat sentitu nuen, alde batetik dena zen hunkigarria, baina aldi berean ezin ginen ukitu, besarkatu… Eta uste dut hala izan zela oro har: gerora jendeak esan zidan negar egin zuela, tripak uzkur izan zituela uneoro... eta alde horretatik pena dut gauza batzuk eztanda egin gabe edo katarsirik gabe geratu izanaz. Baina, zeinek daki, euskaldunok eta bereziki gizonezkook ez gara oso abilak gure sentimenduak adierazten. Beharbada orain erabiltzen dugun musukoa ez da beste ezer ez bada gehiegitan erabili izan dugun maskara horietariko bat.
Ezinbestekoa zitzaizun nola edo hala, liburu honen aurkezpena Iruñean egitea, ezta? Iruñea bada liburuko protagonistetako bat...
Bai, nahitaezkoa nuen eta, aldiberean, beldur nintzen eta deseroso nengoen. Garai horiek eta nire lagunak nolakoak diren kontutan izanda, beharbada egokiagoa izango zen La Pollaren edo El Trono de Judasen kontzertu bat poesia errezitaldi bat baino! Beharbada hainbat gauza konpartimentalizatu xamarrak bizi izan ditudalako. Gogoan dut, adibidez, Katakraketik hurbil, 90eko hamarkadan, Udaleko Patio de los Gigantesen “Dana lanbrotute ikustot” ekitaldian Jose Luis Otamendik, Koldo Izagirrek, Iñigo Aranbarrik, ubedatarrek eta enparauek musikatu eta errezitatutakoak ikustera aitarekin joan nintzela, ez lagunen batekin.
Baina zalantzen gainetik egin egin behar nuela erabaki nuen, alde batetik, idatzi dudana taula gainean ere defendatu nahi nuelako eta, bestaldetik, jendeari normalean irakurketa den ekintza bakarti horretatik harago marko eta espazio bat eskaini nahi niolako.
Errazagoa iruditzen zitzaidan azken saioa Iruñean egitea eta lehena Donostian eta uste dut erabaki zuzena izan zela. Esan duzun bezala, Iruñean liburuaren protagonistak daude eta, maila batean, Iruñea bera ere protagonista da. Alde horretatik oso erraza da iruindarrontzat begiak ixtea eta kontatzen ditudan gauzetako batzuk edo inbokatzen ditudan izenetako batzuk gure baitan berehala aurkitzea. Horren kezka ere izan nuen idatzitakoan eta beste herrialdeetako lagun pare bati utzi nien liburua, egindakoa oso nafarra edo, are, oso iruindarra ote zen jakiteko. Egia da lagun horiek primeran ezagutzen zutela Iruñeko errealitatea baina liburua haien ikuspuntutik zer esaten zuen jakin nahi nuen, Iruñeako esperientzia lokala baino euskal gazteen esperientzia orokorra kontatzeko esperantza nuelako.
Iruñea ez da, noski, protagonista bakarra: adiskidetasunetik abiatu eta adiskidetasunera iritsi nahi duen bidaia bat da liburua, duela hogei urte inguruko akorduekin hasi eta gaurko egunean laguntasunari gorazarre egiten diona. Hala da zuretzat?
Bai, oker ez banago aurkezpenean esatera nindoan adiskidetasuna dena zeharkatzen duen haria dela baina liburura jo eta kolpe batez konturatu nintzen hori baino gehiago ere badela, adiskidetasunak liburua hasi eta itxi egiten du. Beste ezeren aurretik, izenburua ematen dion Bernardo Atxagaren poemaren aitzinean ere, lagunei egindako eskaintza dago eta, amaierako esker emateen artean, hauxe da azkena: “Liburua irakurri eta nire hitzek haiengan piztutakoak kontatu eta aurrera jarraitzeko animatu nauten garai hartako burkide eta gaurko lagunei”. Beraz, zentzu horretan lan hau zirkularra da, lagunen izenekin hasten eta lagunekin bukatzen da.
Eta, bai, laguntasunaren eta, konkretuki, nire lagun hezur eta haragizkoen gorazarre bat da. Gauza ikaragarriak bizi izan genituen elkarrekin eta golde horretan eta kolpe horien bidez landutako adiskidetasun hori gauza ederra eta ezin maiteagoa niretzat eta, horregatik, idazterakoan, hori izan da nire iparrorratz nagusietako bat, nagusia ez bada.
Adiskidetasunaren zentzu hau muturreko egoeren adrenalinak zipriztindua dator. Kaleak sutan sumatu ditzakegu orrialdeotan, atxilotua izatearen beldurra, erregaien usaina, taldearen beharra ke boteen artean… adiskidetasuna intentsuago bilakatzen dute beldur eta arrisku partekatuek?
Egia da muturreko egoera batzuk giza erantzukizun handia eskatzen dutela, gauza batzuk egitea edo ez egitea ez da afari batetarako geratzea eta patata tortilla ez eramatea bezala. Jokoan dagoena hil ala bizikoa da literalki eta, horregatik, zure buruari buruz eta inguratzen zaituen jendeari buruz asko ikasten duzu eta, zentzu horretan, badaude nahita ere ahaztu ezin dituzun portaera edo keinuak.
Ezin da esan soilik horrelako muturreko egoerek sortzen dituztela laguntasun intentsuak, guztiok ditugulako lagun on-onak bestela ere, baina egia da eltzea sutan frogatzen dela, hau da, lagunak bereziki ataka berezietan frogatzen direla eta, horrez gain, lagunak izateko ezinbestean lagun izan behar duzula lehenik eta behin. Soziedad Alkoholika taldeak bazuen kanta bat gaixo edo kartzelan zeudenean bisitan joaten zaizkizun lagunei buruz: “En la cama y en la cárcel los que van a visitarte son amigos de verdad”. Gauza bera biblian bertan dago, ebanjelioetan: “Preso egon nintzen eta bisitan etorri zineten”.
Eta, bai, hala da eta hala izaten jarraitzen du. Hamarkada joan hamarkada etorri oraindik lagunak ditugu kartzelan eta, hori noiz aldatuko zain, lagun horien egoera anker eta latz hori daukagu guztiok gogoan etengabe. Eta gure patua berriz okertuko balitz eta zoritxarrez berriro antzeko egoera batera itzuliko bagina —eta Espainian bizi gara tamalez; egunkaria zabaldu edo twitter ireki besterik ez dago piztia berriro gosez dagoela jakiteko— lagun horiek berriro nire ondoan eta ni haienaren ondoan egongo ginatekeela jakitea nire bizitza bizigarri egiten duen mantu epel bat da, guztiz zoriontsu egiten nauena.
Ezinbestekoa da esatea: inguruotan ez dugu orain arte hain modu argi eta zuzenean horrelako kontaketarik irakurri. Akaso bai gerturaketak, Jon Benitoren Bulkada eta Xabier Silveiraren A las ocho en el bule aipatu izan dituzu zuk, baina gutxi gehiago. Aurkezpenean aipatu izan duzu editore zinela horrelako proposamen baten zain zinela, baina ez zela literaturatik halakorik iritsi. Gerora, editore lana utzi eta zerorrek hartu zenuen erabakia. Zein izan duzu motorra, behar pertsonal bat, edo nolabaiteko ardura edo zor kolektibo bat?
Ba, hasieran esan izanen nuke zor kolektibo bat zela, baina bistan dago une batean zor kolektibo hori pertsonala bihurtu zela, ez baitago nik egin dudan hori beste gabe kolektibotik idazterik. Une batean zeuk sentitu behar duzu beharra eta zeure burua arakatzen hasi behar zara zeure historia edo istorioaren bila; hori da bide bakarra zeure-zeurea den hori zeurea baino gehiago izateko. Berdin balio du honek Mikel Sotoren esperientzia anekdotatik harago joan eta herri honetako eta beharbada beste herri batzuetako gazte edo ez hain gazteei zerbait esan diezaien zein Macondo mundu osoko herri ororen ispilu izan dadin. Eta ni Garcia Marquezen talentua izatetik oso urrun banago ere, beti komeni da bistatik ez galtzea partikularretik unibertsalera doan pasaerak horrela funtzionatzen duela beti.
Badirudi urte mordoa egin dugula gerra zibilaren inguruan memoria berreskuratzeko ezinbesteko ariketa bat egiten, baita akaso 80eko hamarkadaren inguruan, baina badirudi 90etatik aurrera literaturari kosta egin zaiola zentzu ertsian politikari loturiko hainbat konturi heltzen. Gauza asko geratzen ari zaigu geure buruari kontatu gabe, alegia, literatura egin gabe?
Ez dakit, ez nago guztiz ziur literaturari 90eko hamarkadatik aurrerakoa kontatzea kostatzen ari ote zaion edo zehazki nire belaunaldiari. Nire belaunaldi politikoari, esan nahi dut. Ondo ezagutzen dudan eta nolabait tasatua dagoen zerbaiti buruz hitz egitearren, Haginetako mina antologian ez dago beldurrik hamarkada horri baita gerokoei heltzeko, izenburuko haginatik hasita Jose Luis Otamendi, Eider Rodriguez, Luistxo Fernandez, Harkaitz Cano, Karmele Jaio, Patxi Zubizarreta eta abar luze baten ipuinetan. Esango nuke kontakizunen gaiari edo uneari erreparatuta —alegia, ez noiz izan ziren idatziak—, antologiaren erdia baino gehiago baita beharbada hiru laurdenak ere 90. hamarkadatik aurrerakoa dela eta geroztik idatzi dira eleberriak, poemak, ipuinak, baita saiakeraren bat ere.
Baina inoiz esan dudan bezala, nire belaunaldi politikoa nahiko agrafoa atera da hainbat gauza kontatzeko garaian. Ez dut hipotesi argirik horri buruz, izan ere, neuk ere ez baitut ezer idatzi oraintsu arte. Beharbada guztiok egon gara beste norbaitek egiteko zain eta etorkizun hurbil edo ertain batean hori aldatu egingo da. Alde horretatik, nik idatzi dudan hori inorentzat akuilu bada asko poztuko naiz eta plazer handiz irakurriko ditut beste norbaiten bizipenak eta bizipen horiek hartzen dituzten forma edo jantzi literarioak.
Presio handia egin da azken urteetan “errelatoa” deiturikoaren inguruan, jabetze ahaleginak, aitortza eskeak, baina, era berean, gauza asko “kontatu ezin direla” aipatzen da oraindik. Zurea bezalako urradurak errelato guztiaetar, edo errelato ezinbestean poliedriko batera gerturatzeko modu bat izan daitezke. Tabua (edo legalitatea) zama da egun errelato horren ikuspegi batzuentzat?
Eztabaidaezina iruditzen zait errelatoa deitu duten hori errelato ugariz osatuta dagoela eta garrantzitsua dela errelato batzuk besteak ez zapaltzea edo, are, besteak ez ukatzea. Baina zentzu horretan errelato guztiak ez daude baldintza berdinetan. Grabeena zalantzarik gabe adierazpen askatasunari dagokio, hemen ezin baitira ideia guztiak adierazi eta uste dut gizarteak oro har larrituago egon beharko lukeela horregatik. Ez dut ezkutatu liburua badaezpada abokatuari utzi niola ez baita sekretua ere ez hemen ez mundu osoan Espainiako estatua atzeraka doala sekula oso aurreratua egon ez den adierazpen askatasunaren esparruan. Baina historiaren puntu honetan ezin gara zentsura bakarra zuzenean aplikatzen dena dela pentsatzeko bezain inozoak. Espainiar estatuak bere makinaria guztia dauka honetan jarrita, hemen zein Katalunian, eta hori etengabe salatu eta aztertu behar dugun zerbait da. Eta helburuak argia izaten jarraitzen du, herri hau herri egiten duten zutabe guztiak erasotzea eta ahultzea: hizkuntza, historia, kultura… gu eta gure buruestimua osatzen duen edozer erasotzen dute eta ezin dugu gure mundutxo honetako edo gizarte sareetako tiporik zorrotz eta coolena izatearen truke gu garena datorren erauntsi honen aurrean arduragabe jokatu.
Adibide bat ematearren, Gasteizko Centro Memorial de las Víctimas del Terrorismoko webgunean nahi duenak eskuragai dauka debalde deskargatzeko oso-osorik Pardines: ETA erailtzen hasi zenean, Gaizka Fernandez Soldevillak eta Florencio Dominguezek koordinatutako, ia osorik euskal unibertsitateetako hainbat irakaslek idatzitako, Fernando Aramburuk aurkeztutako, Aritz Gorrotxategik euskaratutako eta Hachette multinazionalaren Anaya taldeko Madrilgo Tecnos argitaletxeak kaleratutako liburua. Ez saiatu liburuaren gaztelerazko bertsioa deskargatzen, soilik Arambururen hitzaurrea dago eskuragai, bai baitirudi espainiar irakurleek badutela euskal hiztun barbarook ez daukagun berezko demokrata label bat, hizkuntzan-edo omen dagoena. Beharbada horregatik da mingarriago argitalpenak Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirola Departamentuaren babesa eta laguntza edukitzea.
Lan horren funtsa ETA nazismoarekin lotzea da: ez totalitarismoarekin, ez leninismoarekin, baizik eta nazismoarekin. Horretarako denetarik egiten da liburu horretan: Ruiz de Soroak hitzez hitz euskaldunoi aplikatzen digu Karl Jaspersen esaldia nazien garaiko Alemaniako gizartea erantzuletzat hartu behar dugula dioena. Oscar Jaime Jimenezek ETAri botatzen dio frankismoaren errepresio basatiaren ardura, izan ere, haren ustez 1963an sortu zen Ordena Publikoaren Auzitegia ordura arte eskumen militarraren pean egondako delituak “zibilizatzen saiatu zen” ETAk Manzanas hil zuen arte. Gaizka Fernandez Soldevilla ETA nazismoarekin lotzen saiatzen da Txabi Etxebarrietak erabilitako Astra pistola Wehrmacht naziak Gernikako Unceta armagileari egindako enkargu bat izan zelako, gero 1944an Irungo mugan “galdu zena”. Bitxia da objektua eta ideologia lotzeko ahalegina, baina beste hamaika gauzen artean Soldevillari “ahaztu” zaio zein zegoen 1944an Irungo mugan naziekin kolaboratzen… Meliton Manzanas bera!
Baina zer da hau? Ekimen hau ekonomikoki eta moralki babesten duen Eusko Jaurlaritzak ez du ezer esan behar? Euskal unibertsitateek? Bertako irakasle eta ikerlariek? Komunikabideek? Kazetariek? Euskal gizarteak ez du ezer esan behar Euskal Herriari bere osotasunean goitik behera kaka egiteko Espainiar estatuko estoldetan planifikatutako horrelako ahalegin higuingarrien aurrean? Eta oraindik ere entzun beharko ditugu demokrazia edota giza eskubideak hitzetik hortzera gure kontra erabiltzen edo, okerrago dena, guk errepikatuko dugu haien kalaka faltsu eta ustela?
Barka pixka bat sutu banaiz, baina gaiak hemen planteatu dudan seriotasun eta garrantzia duela uste dut. Hala ere, ez dut galdera hau tonu honekin amaitu nahi, izan ere, gure herrian gauza larri ugari gertatzen diren arren, nik ere pentsatzen dut, Joxe Azurmendik bezala, oraindik buruan baditugula ideia pare bat, geuk pentsatuak eta bihotzean preferentzia batzuk, geure bidea egiten laguntzen digutenak, ahal dela nazismotik eta faxismo espainiar zahar zein eraberritutik urruti.
Ekidin ezina da galdera hau egitea: editore ezagutu zaitugu luzaz, eta orain idazle. Editoretza utzi eta gero, zer botatzen duzu gehien faltan?
Liburuak zerotik pentsatzea eta martxan jartzea. Gauza asko botatzen ditut faltan, handiak izan daitezkeenak, liburu eta egile baten aldeko apustua egitea eta apustu hori humanoki eta artistikoki arrakastatsua izatea, kasu, baita txikiak ere, liburuak inprentatik jasotzea, adibidez. Baina faltan gehien botatzen dudana hori da: hutsune bat igarri; hutsune hori betetzera datorren liburu bat pentsatu, asmatu; hori egiteko idazle bat aurkitu eta konbentzitu; lan horrek beharrezko izan ditzakeen beste materialak —marrazkiak, argazkiak, datuak…— baloratu eta enkargatu eta azkenik liburua burutu eta kaleratu. Eleberri, ipuin edo poesiaren sorkuntzak dituen berezko ezaugarriengatik oro har egin ezin daitekeen editoretzaren sormenezko prozesu hori izugarri poztu eta ase izan nau eta editore lanbidearen alderdi sasimedium, sasidemiurgiko hori faltan botatzen dut ezbairik gabe.
Zertan uste duzu izan zaizula lagungarri editoretzako esperientzia, idazterakoan?
Nik egindako bekatua dela hasieratik aitortuta eta beste literatura-sistemetan ere gertatzen dela gogora ekarrita, esan izan dut inoiz gure literaturan gainprodukzio nabari bat dagoela eta amaitu gabeko liburu gehiegi argitaratzen direla. Beraz, alde horretatik, saiatu nintzen idaztera eseri nintzenean liburua ahalik eta hoberena izan zedin erabaki kontziente batzuk hartzen eta nire buruarekin ahalik eta zorrotzen eta exijenteen izateko mekanismo batzuk jartzen. Zentzu horretan, oso astuna izan nintzen nire buruarekin eta liburu honen lehen irakurle eta editore izan den Irati Jimenezekin, eta kalean dagoen liburuaren %80 inguru idatzia zegoenean ere ez nion nire buruari baimena ematen egiten ari nintzenari “liburu” deitzeko. Beraz, uste dut editore batek behar dituen autoexijentzia eta perfekzionismorako joera horiek lagungarri izan zirela, hala esatea badago.
Horrez gain, editore gisa izandako esperientziak argi esaten zidan liburu hau hobetzen lagundu didaten lagunen aholku gehienak onartu behar nituela eta onartu behar ez nituela sentitzen nituen horiek arakatu, aztertu eta lagun eta editoreekin berriz eztabaidatu behar nituela, idazketa eta haren emaitza hobetu ahal izateko prozesua kaltetu edo urardotu gabe. Ageriko arrazoiengatik nik badakit editoreek ez dituztela gauzak beste gabe esaten; haiek dira idazlearekin batera liburua ahal den onena izan dadin interes gehien dutenak. Haiekin eztabaidatu dezakezu seinalatu dizkizuten gauza horiei buruz, baina oker daudenean ere —eta ni askotan okertu naiz— liburuaren korapilo bat, hezur bat, zimur bat seinalatzen ari dira eta hobe duzu haiei kasu egitea eta hor zer dagoen arakatzea, ulertzea eta dagokion erabakia hartzea. Bestela argitaratu ostean hamaika irakurlek korapilo horrekin egingo dute estropozu eta orduan ez da zereginik egongo. Alberto Pradilla lagunak Caravana bere azken liburuaren edizioa egiten ari ginela horrelako zerbait esan zidan hobetzeko konturen bat seinalatu nionean: nik banitatea liburua kalean dagoen unerako gordetzen dut, ordura arte ez dut batere, ahal dudan libururik onena egin nahi dut, horrek ematen dio gero bidea zentzuzkoa eta neurrizkoa den banitate bati.
Eta zertan oztopo?
Esango nuke ez dela oztopo izan, ez bada liburuaren editoreentzat, Xabier eta Antxinerentzat izan, liburuaren prozesua zein den ezagutzen dudalako eta badakidalako zer egin daitekeen eta zer ez… eta espero dut ni haientzat oztopo izan ez izana!
Esan bezala, oztopo baino, oraintxe lotsa ematen dit idazketa oso aurreratua zegoen unean Iratiri zenbatetan esan nion “idazten ari naizen hau liburu bat izatera heltzen bada…” leloa. Benetan lotsa ematen dit.
Lagunei eta orduko burkideei liburua utzi nien haien iritzi humano eta politikoa ezagutzeko: “Hau horrela izan zela uste duzu? Identifikatuta sentitzen zara?”. Zorionez haien erantzuna guztiz positiboa izan zen, bestela liburu hau ez baitlitzateke existituko. Baina aipatutakoak bezain galdera inportanteak ziren Edorta Jimenez, Jon Alonso, Asier Serrano eta Harkaitz Canori luzatu nizkienak: “Hau ondo idatzita dago? Merezi du?”. Hainbat arazo logistiko zirela medio prozesu hau nahiko luzatu zen eta idatzitakoan hilabeteak murgilduta eman ostean aste batzuk eman nituen liburutik kanpo. Inork ezer esan aurretik gau batez liburua berriz irakurtzen hasi nintzen eta amaierara heldu aurretik bista altxa eta sofan nirekin zegoen Iratiri horrelako zerbait esan nion: “Barkatu. Barkatu eman dizudan brasa jasanezina. Hau liburu bat da. Hobetu beharko da, gauzak kendu beharko ditut, berridatzi, baina hau liburu bat da”.
Ikasgai garrantzitsua izan zen, aurretik oso argi ez neukan zerbaiti buruz: idazlea okertu daiteke “neurrian”, nolabait esateko, baina badaki zer egin duen. Bera da lehena lana baloratzen. Hura okertzen bada sistemaren beste mekanismoek funtzionatu behar dute: lagunek, editoreek edo… denak huts egin badu eta dagoeneko beste erremediorik ez badago, irakurleek.
Zein izan da deskubrimendurik handiena idazten hasterakoan?
Nik uste dut ez naizela senezko poeta bat Leire Bilbao, Edorta Jimenez edo Asier Serrano diren bezala, beraz, ahalik eta erabaki onenak hartzen saiatu nintzen hasieratik. Poesia idazteko baina ia edozein lan era profesional batean egiteko balio duen zerbait da hau. Iruditzen zitzaidan gaia inportantea zela, hori kontatzen saiatu behar nuela eta zintzotasunez egiten banuen material on bat egon zitekeela poemategi bat egiteko.
Literaturak mendeetan aurre egin behar izan dio eta oraindik aurre egin behar dio zentsurari, baina egia kontatzeko, egiaren bat kontatzeko idatzia bada beti aurkitzen du bide bat hori egiteko eta borondate irmo horrekin egindako lanek beti izaten dute zerbait. Ordea izkutatzeko, bentrilokia ariketak egiteko egina den literatura txarra izan ohi da salbuespenik gabe. Idazleak ez du beti egia aurkitzen baina bilatzen badu beti da interesgarria zeukan ahalmen guztiekin saiatu eta hala ere helburua lortu ez duten idazlearen obra.
Poesia irakurri dudan bezainbeste irakurrita eta maitatu dudan bezainbeste maitatuta, pentsatu nuen gai izango nintzela poemaren aurrean nengoenean teknika pixka batekin emaitza on batzuk lortzeko. Erabaki horiek hartu eta idaztera eseri nintzen literaturak bere magia egin zezan desiatuz: egiten bazuen jabetuko nintzelako itxaropenez eta egiten ez bazuen ere jabetuko nintzelako itxaropenez. Eta egin egin zuen. Idatzitako lehen hamar bat poemen artean liburuko onenetariko batzuk daudela uste dut.
Beraz, zure galderari ohi dudan era luze eta beharbada nahasian erantzuteko, egin dudan deskubrimendurik ez beharbada handiena baina bai liluragarriena idazketa beraren botereak dira, zerbait kontatu nahi eta kontatzearen trantze horretan sortzen den magia. Une batean idazten ari zara eta dagoeneko ez da burua irakiten sentitzen duzuna, eskua baizik; bero sentitzen duzu eta kontatu nahi duzun hori kontatzeko buruak eskuari aginduak eman baino eskuak gogoa agintzen duela dirudi eta idazten ari zaren horrek zure burua gidatzen duela.
Beraz, nire esperientzia apurraren arabera, hasieran aipatzen nituen erabaki horiek ongi hartuak badira, zintzoak eta egiatiak izan badira, orduan aukera daukazu idazletzak eta literaturak egiten duten sorginkeria egin dezaten; lerro artetik hitzek berek sortzen duten arrakalatik edertasun printza edo bristada batzuk ager daitezen eta zuk kontatu nahi zenuen egia horretatik abiatuta zuk ere ezagutzen ez zenituen egia batzuk errebela daitezen.
Orduan zuk zeuk uste zenuen baino hobeto idazten duzula sentitzen duzu eta ezbairik gabe sentsazio ahaltsua da. Ez nau harritzen leku eta aro ezberdinetako idazleek sentsazio horren bila behin eta berriz itzultzea. Eta ulertzen dut horren galera trauma tragikoa eta sendaezina izatea.
Beraz, zure ustez, edozein ariketa literarioaren helburua egia bilatzea da?
Bai, hala uste dut, egiaren bilaketa bat da idazketa, ez diot egia zentzu epistemologikoan, baizik eta egiaren baten bilatzea.
Ariketa literarioa, hartzen duen forma artistikoa hartzen duela, egia errebelatzeko baino izkutatzeko eta lohitzeko egiten duten idazleen ibilbide artistikoa oso laburra izan ohi da —ez karrera, hori asko luza daiteke tamalez—. Talentua, inoiz izan badute, sikatu egiten da, jenialidadea, inoiz izan badute, agortu egiten da eta handik liburu pare batera guztiz galduta eta hondoratuta dago haien literatura. Beharbada lortuko dute kalitate eztandaren bat, galdutakoaren berreskurapen zantzu batzuk, baina haiek bakarrik dakiten eta literaturaren esparrura sartu aurretik haiei bakarrik dagokien egia horretara hurbiltzeko, hartan sakontzeko edo sikiera inguruan egoteko egin duten ahaleginaren araberakoak izango dira beti.
Inor ez mintzearren gure literaturarena ez den adibide bat emango dut edonork ulertzeko modukoa: gustatu ala ez —eta niri gustatu zitzaidan— guztiok ikusi dugu Pedro Almodovarren Dolor y glorian bazegoela zerbait berezia, ezta? Aurreko bere film batzuk —berriz diot, kasu zehatzetan sartu gabe— ez zeukaten zerbait aurkitu dugu guztiok, boteretsuagoa, eta horretarako arrazoiak uste dut Almodovarrek kontatu nahi zuen horretan eta horretarako burutu zuen prozesu artistikoan bilatu behar ditugula.
Idatzi aurretik hau literaturaren egia inmutable bat zela uste nuen eta behin ariketa literarioa eginda eztabaidaezina iruditzen zait eta ariketa literarioa behar bezala egin duen edo egitera hurbidu den edozein idazlek bere erraietan dakien egia terrible bezain ederra da hori.
Liburuko poemak estilo aldetik zuzenak dira, metaforizazioa jotzen denean ere. Esango genuke poesia irakurle baten arrastoa ikus daitekeela atzean, ondo mugitzen zarela poemak borobil ixteko unean, erreferentzia eta lerro arteko literatur omenaldi asko dagoela, erritmoa eta musikan barneratzen zara berdin arnas laburrean zein luzean… Poesiari loturiko ahotsa erraz etorri zaizu eskuetara, edo lehenago poesiagintzan murgildu behar izan zara, irakurriz adibidez?
Ez naiz era berezi batean poesiaren irakurketan murgildu idazketari begira, nahiz eta asko irakurtzen ari naizen momentu batean etorri zaidan liburua, hori ere egia da. Esan dudan bezala poesia erruz irakurri dut eta, oro har, literatura maite dudan arren, poesia era berezi batean maite dut, ez dakit azaltzen edo orain arte ez dut horretan gehiegi pentsatu, baina poema batzuk transmititzen didatenaren indarra handia da; sakonki hunkitu, adoretu, tristatu, alaitu, indarberritu egiten naute. Beraz, aurreko erantzunean esan bezala, poesia bere ahaletako batzuk askatzeko behar adina ezagutzen dudala sinisten nuen.
Erritmoari eta soinuari arreta berezia eskani diet; batzuetan iruditzen zait poesia garaikidean errazegi sakrifikatzen ditugula aliterazioak, errepikapenak, hots-jokoak, errima asonante zein kontsonanteak… Poesia hizkuntzaren laborategia da eta nik orain aipatu ditudan hauek bere oinarrizko esperimentuak dira, eta esango nuke metafora eta sinboloarekin batera bere armarik boteretsuenak direla.
Deskribapenen eta oroitzapenen ildotik abiatzen da liburua, ia antzerki bakarrizketa baten antzera, eta liburuan aurrera egin ahala poemak itxiagoak, kontundenteagoak, pertsonalagoak bilakatzen dira akaso, “Batzuk” edo “Storytelling” poemak datozkit, kasu, burura. Nola egituratu duzu liburua, eta zergatik?
Hasiera luzeegia dela pentsatu nuen eta espresuki galdetu nien liburua irakurri zuten guztiei ze poema kenduko zituzten. Kontua da guztiok ikusten genuela sarrera luzea zela eta liburua “Furakanaren furia” deitzen den atalean “azkartu” edo “altxatu” egiten dela, baina inor ez zen gai izan soberan zer zegoen esateko. Azkenean, neronek bi edo hiru poema kendu nituen, ez behar bezain onak ez zirelako, baztertutako beste batzuekin gertatzen zen bezala, baizik eta irakurlea ahal bezain lasterren beste atalera pasatzea nahi nuelako. Hala ere, esan dezadan, orain argi ikusten dudala egin behar nuen ariketa azaltzen zituzten poema guzti horiek idatzi eta liburuaren hasieran paratu behar nituela idatzi behar nuena idatzi ahal izateko.
Esango nuke hortik aurrera ez nuela aparteko arazorik izan liburua egituratzeko, ez bada une batean asko trabatu nintzela lehen atala eta azken atalak orainaldian idatzi nahi nituelako eta erdiko “flashback” guztia iraganaldian, baina ez nuen lortzen iraganean kontatuta erdikoak indarra izan zezan. Bistan dago ergelkeria bat egiten saiatzen ari nintzela: irakurleei aditzaren aldiaren bidez esatea poema noiz gertatzen ari den, poemaren beste elementu guztiek —eta atalak bera, noski— guztiz argi uzten dutenean. Hanka bat lotuta lasterketa bat hasi nahi nuen. Idazle, editore, kazetari edo kritikariok beti-beti uste duguna baino askoz azkarragoak dira irakurleak eta zentzuzko erabakiak arazorik gabe ulertzen dituzte beti.
Hortik aurrera, lasterketa bi hankekin egitea erabaki nuen eta horretarako hanka bat aurrera eraman eta hurrengoan bestea. Banekien liburua non hasi eta amaitzen zen eta beste guztia idazten nuen horrek berak eskatzen zidala uste dut. Zerbait esatearren, banekien “Esan ez etortzeko” atalaren osteko atalean zeudela nire koadrillari zuzendutako poemak eta, une batean, ikusi nuenean zenbat idatziak nituen eta nola hasi eta bukatzen zen poema sorta hori atal bat egitea erabaki nuen, Shakespearek Henry V obran idatzitako bertso ederra izenburu gisa erabiltzea ahalbidetu zidana: “We few, we happy few, we band of brothers”.
Atalen izenburuetan daude Gabriel Aresti, Robert Louis Stevenson, Agosti Chaho, Jon Benito, William Shakespeare eta Joxe Azurmendi. Azken atalaren izenburua, “Zoriona aztura bihurtu arte” ez da inorena, nik sortua da, esan nahi nuen hori esateko ederra iruditzen baitzitzaidan. Pozten naiz poema horiek ere kontundenteak iruditzen bazaizkizu; behar dugu euskal herritarrok mundu ero honetako biztanle gisa gure zoriona eta ahal dugun bezainbeste gizon-emakumeena ohitura bihurtu.
Horrelako lan bat eta gero, norantz irudikatzen duzu zure balizko hurrengo literatur lana?
Ba, egia esan, orain ez naiz zehatza den ezer esatera ausartzen. Egiaz, lan hau errepikaezina da eta nire buruari ere galdetzen diot inoiz berriz poesia idazten badut oraingo honetan egindako hainbat gauza —zerbait esatearren jaioan idatzitako poemak edo poema “torrencialak”, kasu— mantenduko ote diren edo ez. Alegia, nik ere jakin nahiko nuke zeintzuk diren nire estiloaren ezaugarriak, horrelakorik banu!
Nire oinarrizko erreflexua “beharbada ez dut berriz idatziko” esatea bada ere, ez naiz esatera ausartzen berriro idatziko ez dudanik. Baina lotsa edo pudorearen izenean ez nuke ergel baten moduan agertu nahi eta erantzuten saiatuko naiz. Literatura gehiegi gustatzen zait eta gure euskal literatura txiki hau asko maite dut, beraz, guztiz posible ikusten dut etorkizunean beste zerbait idaztea.
Etorkizunean zer gertatuko den esan ezin dudan arren buruak esaten didana azaltzen saiatuko naiz. Gauza bitxia gertatu zitzaidan editoretza utzitakoan; bat-batean berriz aurkitu nuen literaturaren unibertso amaigabea. Editorea zarenean edo, hobeto esanda, editorea nintzenean niri gertatzen zitzaidan —ez baitakit editore guztiei gertatzen ote zaien!— irakurtzen nuenaz kontzientzia handia, handiegia neukala. Alegia, beharbada udako sasoia kenduta argitaratu behar ez nituen lanak ez zirenak ere “asmo” batekin irakurtzen nituela. Zein asmo? Euskal literaturaren berri izatea; egunean mantentzea; interesgarriak ziren gai, idazle edo ikuspuntuak ezagutzea; nire ideiak estimulatzea… Beraz, ez nuen lehen bezainbeste berrirakurtzen, ez nituen “klasikoak” behar beste irakurtzen eta irakurtzeko modua ere “kutsatua” nuela esango nuke.
Baina editoretza utzi eta gaztetan gatibatu ninduten literaturaren lurralde amaiezinak berriz aurkitu nituen eta langabeziak eskaintzen zidan aukeraz baliatuta suhartasun adoleszente batekin berriz murgildu nintzen literaturan. Beraz, oraintxe bertan literaturari buruzko eta euskal literaturari buruzko ezagutza mordoa daukat kaskezurrean sartuta, batzuetan berez borborka hasten dena eta horregatik, beharbada, idazten dudan hurrengoa literaturari buruzko saiakera bat izan daiteke, hori egiteko indarra, kemena, esatea merezi duen zerbait eta horretarako forma aurkitzen baditut.
Aspaldi honetan irakurri dudan literaturgintzari buruzko elkarrizketarik interesgarriena. Eskerrik asko Mikel Soto idazle elkarrizketatuari eta Uberan lantaldeko elkarrizketatzaileari (nor den ez dakit), hain gogoeta sakon, eraginkor eta emankorrak guri helarazteagatik. Ongi izan.