Elkarrizketak

Eneko Aizpuruarekin solasean: «Mugan hasten da kontakizuna»

Ostirala, 2021-02-19

Eneko Aizpuruarekin hitz egin dugu, Bidasoan gora liburuaren harira.

Eneko Aizpuruarekin solasean: «Mugan hasten da kontakizuna»

Bidasoan gora argitaratu duzu –ez nuke jakingo zehazki non sailkatu: saiakera, kronika, bidaia-liburu…–. Pozik geratu zara emaitzarekin? Irakurleen aldetik-eta, nolako erantzuna jaso duzu? 

Bidasoan gora hainbat iturritatik edaten duen artefaktu hibridoa da, bidaia liburuaren, kronikaren, testigantzaren eta, pasarte batzuetan, nobelaren trazak ere badituen saiakera literarioa. Kontakizunaren askotariko edukiek Bidasoa ibaia dute lokarri. Liburua ontzerakoan, edukiak elkarri lotzeko lantegiak zenbait buru-hauste sortu zizkidan: zer egitura erabili, nola kontatu, erritmoa. Kontakizunak aurrera egin zezan nahi nuen nola egiten duten Bidasoko urek ibaian behera. Orain arte irakurleen aldetik jaso ditudan erantzunak ikusita, badirudi liburuak harrera ona izan duela literatura zaleen artean eta bidea egiten ari dela arian-arian. Eta hori pozgarria da, euskal literaturan ere ez baita hain arraroa irakurlearenganako bidean liburuak estrata ilunetan ez aurrera, ez atzera geratzea, isilpera edo ostrazismora kondenatuta.

Tene Mujika beka irabazi zenuenean, elkarrizketa egin genizun, eta hauxe aipatu zenuen lanaren helburu gisa: «Bidasoa ibaiaren hondoan sedimentuak balira bezala metatu diren historiak azaleratzea». Historiak azaleratzeko lan horretan, hainbat tresna baliatu dituzu: elkarrizketak, bibliografia, Bidasoan gora oinez joatea bera… Nola uztartu duzu hori dena? Aurrez hautatu zenituen landuko zenituen gaiak, eta horiei heldu diezu bakarrik, ala bideak berak ekarri dizkizu pasadizo eta hausnarketa berriak? Zenbat aldiz ibili zara Bidasoa inguruko parajeetan? 

Zuk esan bezala, ibaiaren hondoan sedimentuak bezala metatutako istorioak azaleratzea nuen helburu Bidasoan gora egindako bidaian, baina aurrez ezarritako helmugarik gabe. Hain zuzen, horregatik egin nuen ibilbidea oinez, ibiliaren ibiliz ibaiak bere ezkutuko bazter eta istorioak erakuts ziezazkidan eta nire kontakizuna arian-arian molda zezan. Jakina, horrek dokumentazio lana egitea eskatzen du, aldez aurretik buruan zenituen gai eta gertaera horiek ikertzea, are gehiago kontuan hartzen bada iraganeko gertaera eta pertsonetan oinarritutako liburua dela neurri handi batean. Aldez aurretiko lana lagungarri izan dut bidean kokatzeko eta abiapuntu gisa erabili dut gero Bidasoan gora ikusi eta ikasitakoekin osatzeko.

Gauza mordo bat ikasi dut liburu honi esker, ezagutzen ez nituen pertsonaia, gertaera eta abarren berri eman duzu. Ez dakit nire ezjakintasuna bakarrik den, ala gertakizun hauek ezezagunak diren orokorrean. Zentzu horretan, memoria berreskuratzeko ahalegin bat izan da? Zer esan dizute irakurleek? 

Maiz entzuten da nondik datozen eta nora doazen badakitelako dituztela jende askok oinak lur honetan. Baina, nahiz gure iruditerian askotan ez agertu, bidean galdutakoak ere badira lur honetan, arrotz etorri eta arrotz joandakoak. Finean, Historiaren zurrunbiloak irentsitakoak. Alde horretatik, hainbat pertsona, gertakari eta istorio xume dena irensten duen zurrunbilo horretatik eta ahanzturatik erreskatatzeko ahalegina ere bada liburua. Eta beharbada hori da irakurlea liburura erakarri duen amuetako bat, alegia, ezezagunak zitzaizkion kontuetan sakontzeko bidea eman diotela liburuan leitutako hurbileko istorio ttipiek, zeinek aldi berean Bidasoaz haragoko beste lurralde batzuetako gertakari eta istorioetara baitaramate ezinbestez, gertuko/urrutiko, etxeko/kanpoko dikotomia irauliz.

Narratiba handiak ez baizik, jende xehearen istorio txikien alde egin duzula iruditu zait–errotaria, okina, mugalari ibilitakoak–. Nola egin duzu horiek aurkitzeko? Bereziki azpimarratu nahi zenukeenik badago? 

Duela gutxi, Berria egunkarian egindako elkarrizketa batean, Pello Lizarraldek esaten zuen literaturak indar handiagoa hartzen duela istorio ttipiei begiratuz gero, pertsonaia guztien tokian jartzeko aukera duzula. Bat nator ideia horrekin. Gainera, istorio horiek aurreiritziak kolokan jartzen dituzte sarri. Bide desberdinetatik iritsi naiz haietara. Batetik, bidean oinez aurkitutako aztarnen bidez. Esaterako, Irungo emakume poxpologileen kasuan, Bidasoa ibaiaren ertzean dagoen adreiluzko tximinia zaharrak, garai bateko poxpolo lantegiaren aztarna bakarrak, jarri ninduen haien arrastoan. Fosforoak hortzak jandako eta larruazala belztutako emakume borrokalari haien bizipenek auzitan jartzen dute euskal etxekoandre edo emakume baserritar tradizionalaren klixe maiztua. Bestetik, han eta hemen aurkitutako dokumentu, idatzi eta liburuen bidez, Ahotsak ahozko ondarearen gordailuaren bidez eta elkarrizketatu ditudan pertsonen testigantzen bidez izan dut istorio ttipi horien berri. Esker ona baizik ez dut Bidasoan gora bidaide izan ditudan pertsona horientzat guztientzat.

Haien artean aipatzekoak dira Pierre Aprendiztegi eta Blas Andresena mugalariak. Haien testigantzak ezinbestekoak dira besteak beste migratzaile portugesen ezkutuko Bidasoa ezagutzeko. Esaterako, Aprendiztegirengandik ikasi nuen nola agertu ziren bere jaiotetxe ondoan, alegia, Biriatuko Errekalde baserriaren ondoan, Bidasoa ibaian zeharkatzen itota hildako zenbait migratzaile portugesen gorpuak. Eta Andresenaren ahotik, berriz, nola sortu zuten egunez egun mugaldean barrena gidatu zituen ehunka migratzaileek «Portugesen xenda» deritzana. Beren oinez lurra zapalduz egin zuten oinaze bide hura. Gaur, belarrak eta laharrak estalia, ez dago xendaren arrastorik.

Beste bat ere aipatu nahi nuke, liburuaren aniztasunaren erakusgarri: Adibidez, «Endarlatsako tunelean» deritzon atalean, Mikel Zabalzaren eta Eduardo Lópezen heriotza bortitzak aipatzen dituzu, eta hausnarketa bat gehitzen duzu «errelatoaren» auziaren harira. Hala diozu: «Diotenez, euskal gatazkari buruzko kontakizunetan funtsezkoa izan da elipsia. Bada, kontakizun horien guztien artean ez dago bakar bat ere gehiengo isila deritzonaren kontakizunak adina isilune eta kontraesan duenik. Haien bizipenak ez dira inongo kontakizunetan agertzen». Uste duzu hori aldatu daitekeela denborarekin, eta pixkana-pixkana bestelako kontakizunak ere agertzen joango direla? 

Endarlatsa leku esanguratsua da. Bidegurutze eta gurutze bide aldi berean. Pio Barojak El País Vasco liburuan dio baduela zeozer zitala, beldurgarria haitzarte ilun horrek. Ingurumari horretan dago mugako lehen mugarria. Ramon Saizarbitoriaren Hamaika pauso nobelako Abaitua eta Ortiz de Zarate pertsonaiek ere han egingo dute topo Heriorekin. 1985ean, Mikel Zabalzaren gorpu torturatua Endarlatsako tuneletik hurbil agertu zen Bidasoko uretan igeri. Handik ehun metrora hil zuen ETAk hamar urte geroago Eduardo Lopez. Bidasoan gora oinez bazoaz nahitaez igaro behar duzu gertaera horiek guztiak jazo ziren lekuetatik. Bidean ikusi eta ikasitakoak azaldu ordez, errealitate konplexuaren argi-itzaletan aztarrika ibili ordez, beste aldera begiratzen ahal duzu, zeinen zintzoak garen «gu» eta zeinen gaiztoak diren «besteak» esanez edo hauspoa betean bai ederrak «gure» bazterrak oihukatuz. Alta, iruditzen zait bidean zalantza ereiteko beldurrez isiltzea nire buruari eta irakurleari iruzur egitea litzatekeela. Milan Kunderak dio nobelak ziurtasun ideologiko guztiak gezurtatzen dituela. Penelopek bezala gauez desiruten duela bezperan teologo, filosofo eta itsu jakintsuek ehundu duten ehuna. Beharbada horixe da letra-juntatzaileak aurrean duen zeregina, baldin eta zereginen bat izan behar badu. Hots, kontzientzia lasai dutenek beren lasaitasunerako egunez egun irun duten egia biribilen oihala lumaz desegitea gauez.

Migratzaile portugesen aipamenek ere alderik alde zeharkatzen dute liburua. Portugaletik Frantziara jende mordo bat igaro zen, 60ko eta 70eko hamarkadetan, Bidasoako mugaz gaindi. Berria zen niretzat hori ere, eta harrituta geratu naiz kopuruekin. Parekotasunak bilatu nahi zenituen orduko eta gaurko egoeren artean? 

Nik dakidala Euskal Herrietan ez da migratzaile portugesek mugaldean egindako zeharkaldi klandestinoei buruzko ikerketarik argitaratu, Rosa Arburuaren Euskal Herriko mugaz gaineko portuges pasa liburua izan ezik. Auzi horretan ia dena da ilun eta ezezagun. Gauza harrigarria kontuan hartzen bada ez zela unean uneko gertakari bat izan, ezpada urte luzez iraun zuen munta handiko gertakaria. Diotenez ia milioi bat migratzaile portugesek zeharkatu zuten 60ko eta 70eko hamarkadetan Bidasoko muga. Horietako askok modu klandestinoan. Hemerotekan, esaterako garai hartako ABC egunkarian, badaude Bidasoa ibaia gurutzatzen hildako migratzaile portugesei buruzko berri laburrak. Horietako batean, 1973ko maiatzaren 11n argitaratutakoan, esaten da 130 migratzaile klandestino hil zirela itota 1972an, Bidasoko uretan. Berria idatzi zuen kazetaria Jose Berruezo Ramirez zen, El Diario Vasco egunkariko zuzendari ohia. Zalantzak badaude ea kopuru hori egiazkoa den. Inoiz ez da baieztatu, baina ezta gezurtatu ere. Egi edo gezur, ukaezina da makina bat migratzaile hil zirela Bidasoko mugaldean. Errealitate gordin horren berri ematen digute Xalbador eta Bautista Madariaga bertsolariek garai hartan botatako bertsoek. Saramago idazleak ere galdetu zuen ea zenbat migratzaile hil ote ziren Bidasoa ibaian itota. Gainerakoan, ordea, hori guztia isilpean geratu da hemen. Zergatik? Bada, hildakoak kanpotarrak zirelako. Bidasoko mugaldean ez bezala, hobeki gorde dute migratzaile portugesen patu ilunaren oroitzapena Galizia eta Portugal lotzen dituen Minho ibaiko mugaldean. Melgaço izeneko herrian, esaterako, badute migratzaileen memoriari buruzko museo bat. Ez alferrik, ingurumari hartakoak ziren migratzaile portuges haietako asko eta asko. Gaur badirudi Irungo muga edo Gibraltarko itsasartea zeharkatzen duten migratzaile afrikarren patu beltza kezkabide bihurtu dela askorentzat, baina apenas gogoratzen dituzten duela 50 urte eskas Bidasoa ibaia zeharkatzen itota hil zirenak.

Mugaren era askotako alderdiak bildu dituzu. Pertsonen pasaeraz gainera –portugesak agertzen dira, baina baita frankismotik ihes egindakoak ere–, kontrabandoa eta mugaren bi aldeetako jendearen arteko elkarlanaren berri eman duzu, muga naturalaren izendapena auzitan jarriz. 

Muga naturala kontzeptua ez da berezkoa. Banaketa politikoaren artifizialtasuna mozorrotzeko, mugen ezarpena justifikatzeko erabiltzen den eufemismoa da natural hitza. Mendiak, ibaiak eta geografiaren beste elementu adierazgarri batzuk harremana eragozten duten oztopo gisa irudikatzen dira. Baina Bidasoan ibaiaz ari garela, ibaiaren hegietan bizi edo handik igaro diren jende eta herrien bidegurutzea da Bidasoa. Elkargune izan den ur-emari naturala muga natural bihurtu zuten lehenik eta muga politiko gero. Finean, mugak bere baitan darama kontraesana. Eta kontraesanak kontakizuna sortzen du. Mugan hasten da kontakizuna.

Narratzaile eta bidaiariaren ahotsak sarritan jartzen du zalantzen bere burua, autokritika-ariketa bat eginez. Esaterako, gaur egungo gatazka bat aipatzean (Aroztegia jauregian eraiki nahi duten luxuzko hotela), naturarekiko harremanak /ustiapena eta kalekumeek egiten duten idealizazioa aipatzen dituzu, zorrotz. 

Ibaiaren hegian ezbaian dabil narratzailea. Bidasoan gora ikusi eta ikasitakoek galderak eginarazten dizkiote bere buruari. Gauzak zuri edo beltz ikusteko joera izaten da maiz. Baina bizitzan sarriago dira gris-nabarrak. Eta naturarekin edo landa eremuarekin gauza bera gertatzen da. Gaur ematen du Arkadia galduaren eta larre usainaren idilioaren bila dabilela mundu guztia. Baten batzuk pagotxa bila ere bai naturaren aitzakian patrikak betetzeko. Eta gero badago landa eremuko mundu tradizionalaren idealizazio hori, ez dakit zer esentziaren gordailua izango balitz bezala. ETB-1en ere baserria gora eta behera dabiltza. Baserria omen euskal unibertsoaren erdigune… Baina nor bizi da egun baserritik? Lau katu. Baserrian bizitzea erraza da; baserritik bizitzea zaila. Hemen eta orain, landa eremuaren zati handi bat hiri eremu bihurtzekotan da, jada bihurtu ez bada. Euskal paisaia bukoliko usteko horretan barrena ibiltzea bezalakorik ez dago ohartzeko nola ernatu diren perretxikoak bezala gurdi ttipi, eskuare, lorategiko ipotx eta bestelako parafernalia kitsch-ez apaindutako txaletak.

Laburbilduz, eta aipatu ditudan adibide guztiei tiraka, historia edo kontakizun ofizialen B aldeari, kontraesanei, ilunpean gertatzen denari erreparatu diozula iruditu zait, eta esango nuke, oro har, etsipena gailentzen dela, gehienetan, gizakumearen izaeraz mintzatzen zarenean. Zer deritzozu? 

Historia handitik ikasteko, hark bazter utzitako istorio ttipiak ere kontatu behar dira. Baina Historiaren bilakaerari erreparatzen bazaio, xaloegia litzateke etsipen puntu bat ez izatea, gizakumea azpian hartzen duen gurpil zoroa baita. Baina, inoiz edo behin, oinez bidegurutze batera iristen zarenean bezala, gurpil zoroari iskin egin eta norberak aukeratutako bidezidorretik abiatzeko aukera ere sortzen da. Ziurrenik aukera horren itxarobideak bultzatzen gaitu aurrera. Eta ilusio bat besterik ez balitz ere merezi du bide horretatik jo eta, ahal den heinean, ikusmiraz gozatzea.

Amaitu aurretik, liburuaren estiloa ere aipatu nahi nuke. Poetikoa. Bidearen sigi-sagak, eguraldia… bat datoz atal bakoitzean kontatzen denarekin. Ahalegin berezi bat egin duzu hori hala izan dadin?  

Edukia ez ezik, forma ere zaintzen saiatu naiz. Hizkera literarioaren aldeko hautua egin dut horretarako. Horrez gain, Bidasoan gora oinez egindako ibilbidearen kontakizuna izatea da liburuaren bereizgarrietako bat. Ibiliaren erritmoa ongi egokitzen da pentsamenduaren emariarekin, eta bideko xehetasunei erreparatzeko aukera eskaintzen du. Horrenbestez, ibilaldian ikusitakoak, inguruak sorturiko sentsazio, kolore, usain eta soinuak helarazi nahi izan dizkiot irakurleari, liburua leitzen ari dela Bidasoan gora oinez dabilelako sentsazioa izan dezan.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)