Elkarrizketak

Nagore Tolosari elkarrizketa

Ingeborg Bachmannen antologia poetikoa osatu duOstirala, 2015-10-23

Pasa den hilean aurkeztu zituzten udazkeneko labealdiko munduko poesia kaierak. Tartean, Ingeborg Bachmann idazle austriarrarena argitaratu du aurten Susa argitaletxeak. Nagore Tolosa (Berastegi, 1982) itzultzaileak hartu du horren ardura. Aurrez Philip Roth, Alice Munro edo Ray Bradburyren lanak itzulitakoa da Tolosa. Gasteizen bildu gara berarekin Bachmannen harrerari buruz, haren obrari buruz eta itzulpenaz jarduteko.

Nagore Tolosari elkarrizketa

Zergatik aukeratu zenuen Bachmann?

Susa argitaletxekoak nirekin kontaktuan jarri ziren proposamen-eske, eta nahiko azkar esan nuen baietz. Argi neukan emakume baten lana itzuliko nuela, eta kasik segituan erabaki nuen Bachmann izango zela.

Aspaldi ezagutu nuen Bachmann. Ni Alemanian egon nintzen orain dela 10 urte, institutu batean irakasle, eta bertan kanoneko idazletzat jotzen zen. Erreferente emakumeen bila nenbilen garai hartan, egarriz, ez nituelako aurkitzen. Eta orduko hartan, Bachmannekin topo egin nuenean, mitoa kontsumitu nuen, argi daukat: emakume bat, idazlea, genero askotan idatzi duena, bere zirkuluarekin, oinazez betea; arazo asko izan zituen, batez ere amaieran, botikako drogekin, alkoholarekin... Bachmannen gainean ere hainbeste dago! Dokumentalak, Malinan oinarritutako filma (Elfriede Jelinekek idatzi zuen gidoia). Drei Wege zum See (Hiru bide lakurantz) telebistarako drama, Michael Hanekek zuzendua.

Prosarekin hasi nintzen, Malina irakurri nuen lehenengo. Liburu konplexua da, baina, gero, Bachmannetik tiraka hasi eta leku askotara iristen zara. Adibidez, operako librettoak idatzi zituen; Hans Werner Henze konpositorearekin harreman estua izan zuen. Irrati-antzerkiak ere egin zituen, eta bi itzulpen (Ungarettiren poemak eta Tom Wolferen drama bat). Poesiari dagokionez, bere poema solteak nituen irakurrita. Jakina, antologia prestatzen hasi nintzenean, beste begirada batekin egin nuen. Orain beste ikuspegi bat daukat berarekiko, denbora pasa da, irakurketa asko pasa dira...

Itzulpen-prozesuan zehar aldatu al da ikuspegi hori?

Itzulpen-prozesuarekin beste modu batean irakurri dut bere obra, eta zentratu naiz poesian. Gogoan izan behar dugu, ordea, bere lan osoak kontuan hartuta bere poesia ez dela hain zabala. Ez da anekdotikoa ere, horrela sartu baitzen literatur munduan, baina berak egin duen lan guztiari erreparatuta, pieza bat baino ez da.

Zer rol bete zuen poesiak bere idazkuntzan? Argi dago lengoaiarekiko kezka bat daukala, eta kezka hori daukatenek sarritan jotzen dute poesiara...

Alderantzizko bidea egin zuen. Berak poesia idazten zuen, eta halako batean poesia idazteari utzi eta esan zuen: "ez dut poesia gehiago idatziko; poesiak jada ez dit biderik ematen beste zerbait idazteko". Hala ere, susmoa daukat bere irakurketak oso zentratuta zeudela garaiko gerraosteko zirkulu horretan. Eta klasikoak: Shakespeare, Goethe, Novalis eta E.T.A. Hoffmann erromantikoak, Dostoievski eta Musil modernistak... Horiei erreferentzia asko bat egiten dizkie poema-liburuetan.

Alderantzizko bidea hartu zuen, baita ere, seguru asko ez zuelako espero hainbesteko arreta jasotzerik. Izan ere, lehenengo liburuarekin jada izar bat izan zen. Bigarrenak ere arrakasta izan zuen eta hirugarrenean dagoeneko literatura egiten zen berari buruz: Malina irakurtzen da, eta irakurtzen zuten, bere bizitza pertsonala ondoan jarrita, parez pare.

Kalte egin zion arrakastak?

Bai, emakume triste, malenkoniatsu eta histeriko bat bezala ikusten zen. Baina hori gertatzen da beti emakumeekin: emakume bat bidetik ateratzen bada, histerikotzat jotzen da, horixe da lehenengo adjektiboa eta galdetzen dute “zer gertatzen zaio tipa honi?”. Heinrich Böllek zioenez, Bachmannek hel-dei bat eginda ere, ez zuten haren garrasia entzun nahi izan. Bachmann bera literatur gai bihurtu zuten, irudi bat, mito bat. Eta jarraitzen du esanez, pertsona bat ikono bihurtzen duzunean, pixkanaka pertsona hori hil egiten duzula. Horixe izan zela Bachmannen kasua.

Nolakoa izan da hautaketa-prozesua? Zer irizpide erabili dituzu?

Niretzat errazagoa izan da prozesua, poema gutxiago zirelako, 200 inguru. Bera bizirik zegoela argitaratutakoak eta berak poematzat jotzen zituenak ez dira berrehunera iristen: lehenengo bi liburuak daude, Die gestundete Zeit (Gerorako utzitako denbora) eta Anrufung des grössen Bären (Hel-deia Hartz Handiari), eta, azkenik, Letzte Gedichte (Azken poemak) izeneko bat. Lehenengo bi poema-liburuetan 50 bat ale daude bakoitzean, azkenengoan beste 20, guztiz ezberdinak aurrekoekiko. Adituek azken hori jotzen dute bere testamentu poetikotzat.

Gero, 2000. urtean, Bachmannen senideek poema argitaragabeen bilduma bat atera zuten, Ich weiss keine bessere Welt(Ez dut mundu hoberik ezagutzen), eta sekulako ika-mika piztu zen. Hor jasotako poema asko, benetan, ez ziren poemak, amaitu gabe zeuden eta osatu egin zituzten. Baina irakurtzen dituzu eta gauza inkonpletoak dira. Bestalde, tartean zeuden "poema" asko apunteak ziren, Bachmannek trilogia-proiektu bat zeukalako. Malina zen lehenego alea, eta "Hiltzeko moduak" zeukan izena. Eztabaida bizia egon zen, ea zenbateraino atera behar ote zituzten kulero zikinak.

Dena dela, alde handia dago argitaratutako poemetatik argitaragabeetara. Lehen, emakumeen egoera ikusten zuen ezintasunetik, ahuldadetik, biktima papera hartuz... Gerora, konfrontaziora jo zuen, taktika aldatu zuen.

Zuk sartu al dituzu apunte horiek?

Batzuk bai. Antologia kronologikoki antolatuta dago: lehenengo dator Gerorako utzitako denbora, gero Hel-deia Hartz Handiari, gero Azken poemak, eta azken-azkenak apunteak dira, "Alderdian sartzea" poematik aurrerakoak. "Delikatessenik ez" poeman dagoeneko esaten du: poesia utziko dut. Ez zen egia, poemak idazten jarraitu baitzuen, baina bere asmoa bai izan zen publikoki, behintzat, ezer ez ateratzea. Apunteak kimatu gabe daudela nabaritzen da, baita ere, batzuk zailxeagoak direlako ulertzeko, edo ez daudelako ondo osatuta.

Argi zeneukan liburu guztietatik pixka bat sartuko zenuela?

Azkenengo momentuan erabaki nuen Ez dut mundu hoberik ezagutzen-eko poemak sartzea. Batez ere ikuspegi orokor hori emateagatik, bukaerako pentsamendu-aldaketa hori ere islatzeagatik. Gero gauza praktikoak daude: poemen luzera eta abar. Bestalde, egia da poemetako batzuk, batez ere lehen bi liburuetakoak, ereserki antzekoak direla. Zera esan nahi dut, Alemaniako institutura bueltatuta, poema horietako batzuk, adibidez, "Zamaontzi handia", hartzen dituzte eta aztertu egiten dituzte. Poema oso-oso-oso ezagunak dira imajinario horretan, eta horregatik sartu behar nituen. Aurrez Iñigo Aranbarrik itzuliak zituen zazpi poema, baina nik berritzuli egin ditut, juxtu horiek ez nituelako kanpoan utzi nahi.

Poesia itzultzeak bestelako oztopo eta askatasunak ematen ditu, prosaren aldean?

Poema batzuek metrika eta errima jakin bat zeukaten, eta nik zenbait libertate hartu ditut. Ez dut metrika lehenetsi. Aitzitik, nire intuizioa eta belarria erabili ditut, nahiz eta badakidan hori esatea ez dela batere zientifikoa. Itzulpen gehienetan bezalakoa da prozesua, ordea: bota, eta gero hori afinatzen joan, orduak eta orduak eta orduak, halako batean esaten duzun arte: bueno, listo. Seguru asko, antologia hau askoz narratiboagoa da jatorrizkoa baino. Jatorrizkoak bertso-forma handiagoa dauka, poesia klasikoaren eredu horretan.

Gozatu duzu prozesuarekin?

Iruditzen zait itzulpen-lana oso gauza inproduktiboa dela eta bakartia. Egotea bi lerrori begira bost minutu, eta hurrengo egunean beste hamar, eta hurrengo egunean ordubete... Baina nik uste dut hori itzulpenarekin gertatzen dela oro har, ez bakarrik poesia-itzulpenarekin.

Egin behar da, hala ere. Nik zergatik eman nion baiezkoa, uste nuelako super-itzulpen bat egingo nuela? Ba ez, esan nuelako: bueno egin dezaket, egin ditut beste itzulpen batzuk, eta egin behar da. Beste norbaitek beste zerbait egingo du eta beste batek beste zerbait, eta beste batek eta beste batek... eta horrela egingo dugu zerbait.

Austriako izateak, gizarte bereziki itxi eta kontserbadorea, eraginik izan al du bere ikuspegian?

Alde batetik, nik oso jarrera germanoa ikusten diot, erruduntasun-sentimendu handi hori. Oraingo belaunaldiak ere badauka, belaunaldiz belaunaldi trasmititu baita. Bachmannen sasoian, hala ere, errunduntasun-sentimendua askoz ulergarriagoa da, bere aita baitzen nazia. Curriculum vitae poeman poetak esaten dio aitari: zergatik geratu zineten orduan isilik eta ez zenuten haratago gogoeta egin? Askotan esaten zuen, pertsona izatearen eta garai horretan jaio izanaren kontzientzia hartu zuela nazien tropak Klagenfurtera sartu zirenean, bere jaioterrira, zazpi urte zituenean. Hortik aurrera hori dena zeukan buruan: deuseztatze esparruak, "zertan ari gara"... Egia da garai horretako guztien kezka hori zela, Adornoren esaldia, gertatu zena gertatu eta gero ezin zela poesiarik idatzi.

Bestalde, ulertu behar da, eta Silvia Federicik hala dio, gerraosteko Europan emakumeek harategi bat baino ez zutela ikusten, gerra garaiko emakumeengan ez bezala, haien papera ezerezean geratu zela, noraez handia bizi izan zutela.

Beraz, Bachmannek orduko idazleengan ohikoa zen “esatea”ren kezkaz gain, bazuen beste bat: non dago emakumea eta non dago bere ahotsa.

Behin eta berriro errepikatzen du, hain zuzen, "hitza".

Gaitz bat bezala jotzen du hitzarena, hainbat poematan ikus daiteke, Nelly Sachsi eskaintzen dionean, Anna Akhmatovari eskaintzen dionean... Wittgensteinen Tractatus Philosophicus zeukan bibliatzat, beraz...

Niri oso ilunak egin zaizkit, itzultzeko momentuan bertan, zuk lehen austriar ezaugarritzat edo jotzen zenuen horri tiraka, erlijioari erreferentziak, pila bat daude-eta: ogia zatitu, aingeruaren goporra... Kortse izugarri baten moduan ikusten du erlijioa, zapaltzen duen zerbait bezala.

Zera aipatu zenuen aurkezpenean, natura kaltegabearen irudiak sortzen zituela uste izan zutela.

Garai hartan, aleman literaturan oso bogan omen zegoen Gottfried Benn izeneko autore baten lana. Eta hark sinbologia edo hizkuntza hori erabiltzen zuen. Bachmannek sinbologia hori bera hartuta eman nahi izan zion erantzun bat. Bestalde, gaur egun Bachmann ekologista-edo izango zen. Asko aipatzen zuen kapitalismoak zekarren naturaren suntsipena.

Bere poesiaren harrera ez zen bat etorri autorearen asmoarekin. Esplizituagoa izatera jo zuen

Bai, noski, eta pragmatikoagoa. Hor ikusten da alde izugarria lehenengo poemetatik azkenengoetara. Gero, psikiatrikoan ere egon zen, eta Ez dut mundu hoberik ezagutzen-eko poema batzuk minez dagoen emakume batenak dira; morbo hori daukate: minez dagoen norbait, errukia sortu nahian.

Italiari buruzko poemak zertxobait alaiagoak iruditu zaizkit.

Bai, izan daiteke, argitasun hori, Mediterraneoa... Gaur egun irakurrita, bere herriaz kokoteraino egon eta beste toki batetara joateko kontu hori ez dut oso ondo ulertzen. Edonor ezin zitekeen Erromara joan, poesia idaztera. Badu beste poema bat, ez dudana antologian sartu,An die Sonne(Eguzkiari); jasanezina da. Ereserki bat da hori ere, eguzkiaren gorespen bat. Baina gaur egun irakurrita osokitsch-a da, nahiz eta, noski, gauza asko esan daitezkekitsch-ari buruz: zer jotzen dugunkitschgisa eta zer ez, zerk eraiki duen gure sentsibilitatea eta nola, zenbateraino irakatsi diguten patriarkatuak eta kapitalismoak iruditeria batkitsch-tzat jotzen eta ez beste bat... Baina nik ezin nuen poema hori jasan, eta azkenengo momentuan kendu nuen.

Bachmmani buruzko elkarrizketa batean zera esaten du, gutxi gorabehera, Elfriede Jelinekek: bera ezkortasunaren idazle bat dela, baina Bachmannek oraindik posibletzat jotzen zuela emakumearen ikuspegia modu baikor batean adieraztea.

Elaine Showalterrek pedagogia egiterakoan eta emakumeek idatzitako literatura azaltzerakoan, hiru aro-edo bereizten ditu. Lehenengoa, aro femeninoa: emakumeak tradizio literario maskulinoan txertatzen dira, haiengandik espero zen rola onartzen dute. Bigarrena, etapa feminista: konfrontazioarena, emakumea errebelatzen da eta polemizatzen du eta beste espazio bat errebindikatzen du. Nik hor sartuko nuke BachmannenMalina.Hirugarren aroan, “emakumearen” aroan, polemikatik kanpo eta espazio apur bat irabazi izanaren irudipenarekin, emakumeak idazketa autodeskubrimenduan zentratzen du, intimitatean, gorputzean eta abar. Gaur egungo emakumeen literaturan hiru etapak egon daitezke, nahasian eta obra berean. Bestalde, pedagogia egiteko ondo dago, baina etapak segur aski ez dira inoiz hain argi hasten eta ixten. Dena den, bigarren aroan ikusten dut Bachmannen literatura, azkenaldikoa batez ere. Berak ez zuen ikusi "gainditutako" fase hori, gainditu komatxo artean, berriz diot. Jelinekek, bai: Bachmann izan zuen aurrekari, gerora egin zuena egin ahal izateko.

Poemen luzeraren harira, iruditu zait azkenekoak laburragoak direla.

Aipatu behar da Bachmannek lotura handiagoa zeukala musikarekin literaturarekin baino, berak hala esanda. Bere lan asko gai baten bariazioak dira, ariak... Lan batzuek konposizio musikalak imitatu nahi dituzte, hitzez. Adibidez, esan zuen eleberri-trilogia hori bi ahotsetara izango zela; eta, dena dago musika klasikoarekiko erreferentziaz beteta, baita Malina ere. Tradizio eta mugimendu baten haustura dakarten obrak dira gehienak. Azken aldiko Beethoven, Schönberg atonala.

Hasierakoetan obra musikalen kadentzia eta egitura imitatu nahi ditu, eta azkenekoetan ez, baina berriz diot, hil ondoren argitaratutako poemak bukatu gabe daude. Antologia egiteko orduan kontuan hartu behar izan dut luzera. Adibidez, badauka poema bat, Lieder, sei orrialde ingurukoa eta hori ez dut sartu. Azkenengo hogeiak motzak dira, bai, alde horretatik.

Kronologikoki antolatu dituzu poemak, zergatik?

Batetik praktikoa zelako, eta bestetik, ez dudalako uste niri zegokidanik poemak gaiaren arabera-edo antolatzen hastea. Gainera, poema-liburuak daude, ez dut uste horiek elkarrekin nahastu behar direnik. Badago ingelesezko bilduma bat den-dena biltzen duena, eta hor tematikoki antolatu dute guztia, salbu eta poema-liburuak. Baina ez da nire lana.

Ingeleseko itzulpena eta gaztelerakoa ere erabili ditut itzulpenerako. Gaztelerakoak alergia ematen du, Gerora utzitako denbora-renak, hizkuntzak berak. Ez dakit esaten ea alemanez erreakzioa berbera litzatekeen, baina alemanez hain dago ezarria... Euskarazko ereserki bat hartuko bagenu bezala, zeinaren letrak ez daukan ez hanka ez buru, baina ez gara konturatzen, hain daukagu-eta sartuta. Bachmannen poemekin askotan gertatzen da hori.

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)