Safo: menderik mende agortzen ez den poeta
Ostirala, 2020-07-17Ekainaz geroztik, Saforen poesia osoa euskaraz irakurtzeko aukera dugu. Maite Lopez Las Herasek egin ditu itzultzaile lanak, eta Balea Zuriak argitaratu du bilduma. Elkarrizketa honetan, Saforen bizitzan eta poesian arakatu dugu, itzultzailearen laguntzarekin.
Noiz eta nola ezagutu zenuen Safo? Zergatik erakarri zintuen?
Filologia Klasikoa ikasten ari nintzela sortu zitzaidan emakume idazleei buruzko jakin-mina. Bost urte latinetik zein grekotik itzultzen pasa ostean, testu guztiak gizonezkoek idatzitakoak izateak neure kabuz ikertzera bultzatu ninduen. Hala, literatura unibertsalean oihartzun handia izan duen poeta eme bat ezagutu nuen beste batzuen artean, Safo, hain zuzen. K. a. VII-VI. mendeetan Lesbos izeneko uharte batean ondorengo idazle eta poeta askorengan eragina izan zuen poeta-musikagile garrantzitsu bat aurkitu nuen, inolako hertsitasunik gabe bere sentimenduak modu erabat askean adierazten ausartu zena. Poesia epikoa gailentzen zen garai bete-betean poesia intimoaz libreki aritzeak sekulako ausardia erakusten du. Horrexegatik poesia lirikoaren aitzindaritzat hartu izan da.
Horretaz gain, emakume izate hutsagatik pentsamolde mugatu eta mugatzailea izan duen historiako hainbat garaitan Saforen poesia arrakastarik gabe isilarazten edo desagerrarazten saiatu izanak askoz gehiago areagotu izan du haren testuak sakonago aztertu eta itzultzeko nuen grina.
Safok eta haren olerkiek deserosotasun handia sortu izan du ondorengo batzuengan, ez lehendabiziko emakume idazlea izateagatik bakarrik, beste batzuei jasanezina egin zaielako baizik haren poesia zeinen ona izan zen onartzea. Beste arrazoi batzuek tarteko, horregatik saiatu izan dira historian zehar prostituta, ninfomana, itsusia edo lesbiana zela esanez izena galarazten.
Haren heriotzaren asmakuntza ere oso adierazgarria da, izan ere, Ovidiok XV. Heroidan, Faon izeneko gizonezko baten errefusa zela eta, Safok Leukadeko labarretatik bere buruaz beste egin zuela asmatu zuen haren irudia itxuragabetu nahian. Horren irakurketa erabat hezigarria da: idazten duten emakumeak hain arriskutsu edo zorigaiztokoak dira, ezen euren buruaz beste egiten baitute. Ondorioz, patriarka-sistemak emakumea eta idazlea izateak ezin zuen normaltzat onartu.
Nola sortu zen liburu hau argitaratzeko proiektua?
Dakigunez, Alexandriako gramatikariek Saforen obra oda, epitalamio edo eztei-eresi, deitore eta ereserkiz osaturiko 9 liburuetan banatu zuten. Guztira 10.000-12.000 bertso inguru idatzi zituelarik. Guregana, ordea, 200 bertso besterik ez dira iritsi eta horietatik herena ia itzulezina da. Osorik poema bakarra iritsi zaigu: Afroditaren ereserkia. Testuak oso euskarri hauskorra den papiro zatietan iritsi dira. Hezetasunak, denborak, karraskariek eta garaian garaiko pentsamolde desberdinek oso testu zatikatuak eman dizkigu, kortxetez beterik, isilunez beteta. Hala ere, zorionez, horrek guztiak ez du poemak gaur egun ulertzeko moduan itzultzea galarazi.
Bestetik, Azkoitian jaiotako Bizenta Mogel betidanik izan da inspirazio iturri niretzat, izan ere, bera izan zen Esoporen fabulak latinetik euskarara itzultzean euskara hutsean argitaratu zuen lehen emakume idazlea. Hein batean, bederen, hari testigua hartzea izan da nire nahia.
Poema guztiak itzulita nituenean, hainbat argitaletxerekin harremanetan jarri nintzen, artean ziurgabetasun handia nuelarik, ez bainekien euskal argitaletxeei hain aspaldiko poesia interesatuko ote zitzaien. Nire harridurarako, ordea, ia inoiz gertatzen ez den zerbait gertatu zen: Balea Zuriarekin jo nuen eta erantzuna berehala jasotzeaz gain, zeharo baikorra izan zen. Ez daukat zalantzarik horren atzean Safo zegoela. Argitaletxeak proposatu zidan 2004 eta 2014. urteetan agertutako papiro zati berriak ere txertatzea eta horrela egin nuen. Beraz, «Poema berriak» izenpean hamar poema gehitu nituen, horietako bi berri-berriak eta gainerakoak aurretik ezagutzen genituen beste batzuk osatzeko balio izan dutenak. Liburua ixten duen epilogoa, gainera, Aurora Luque poeta almeriarrak proposamena onartu eta eskuzabaltasun osoz egindakoa da. Luquek 2019an Loewe fundazioaren nazioarteko poesia saria irabazteaz gain, 2020an Letren Asturiasko Printzesa saria irabazi duen Anne Carsonen Saforen itzulpena gaztelerara itzuli du. Beraz, izugarrizko ohorea da niretzat hark idatzitako epilogoa nire liburuan izatea.
Nola joan da poemak itzultzeko prozesua?
Orokorrean, itzulpen-prozesua sekulako gozamena izan da. Jatorrizko testuarekin aritu ahal izatea izugarrizko abantaila da, orain dela 2.600 urte inguruko testuez ari garela kontuan hartzen badugu, behinik behin. Erabili dudan iturri nagusia Voigt holandar filologoak egindako edizio kritikoan oinarrituriko Campbellen edizio izan da. Dena den, iritsi zaiguna hain testu zatikatua izanik, gaztelaniazko itzulpen desberdinak ere erabili behar izan ditut, hitz edo bertso batzuen itzulpen posible desberdinak egiaztatu ahal izateko.
Errazena, agian, hain poeta garrantzitsu baten olerkiak itzultzen aritzeak sorrarazten zidan motibazioa goian mantentzea izan da, prozesu osoan ez baitut proiektua bertan behera uzteko zantzurik izan. Momentu batzuetan arkeologia testual lanean ari nintzela iruditzen zitzaidan, apurtutako hitzen esanahia topatzeko ahaleginetan eta, beste batzuetan, ebakuntza bat egiten ari den sendagile sentitzen nintzen, poesia itzultzea ardura handia baita.
Bidean zehar hasiera batean espero nituen zailtasun batzuk aurkitu ditut: hitz zehatzak euskarara ekartzeko erronka, esaterako. Hizkuntza bakoitzak, garaiaren eta bizi duen momentuaren arabera, bere espresatzeko era dauka, gizartearen zuzeneko isla bihurtuz, eta sarritan baliokiderik zehatzena topatzea oso zaila da. Horretaz gain, poesia itzultzea birsortze prozesu bat da, eta ez jatorrizkoaren klon bat egitea, testuaren berrinterpretatze bat baizik.
Testua hain zatikaturik iritsi zaigu, ezen Saforen poemak in medias res baitaude, eta horrek poema ulertzeko testuingurua arakatu behar izana ekartzen du, sarritan emaitza onuragarririk gabe. Ondorioz, oztopo horrek askotan interpretazioa aske samarra izatera behartzen du.
Bestetik, metrika. Safok bere olerkiak lira edo musika instrumentu baten laguntzaz abesteko konposatu zituen, nik berriz, irakurleei eskaini nahi izan diet haren poemen itzulpena. Beraz, metrikan baino edukian erreparatzea eta indar guztian bertan jartzea erabaki behar izan nuen, itzulpena helmuga hizkuntzan ahalik eta errazen ulertzeko eta gozatzeko helburuarekin.
Bestalde, Saforen olerkiak eoliar dialektoan idatzita zeuden eta, edozein dialektorekin gertatzen den bezala, bere ezaugarri propioak zituen, hiztegi batuak edo greziera akademikoak beti jasotzen ez dituenak.
Bukatzeko, grekoak, gaztelerak bezala, genero bereizketa du, euskarak ez duena. Beraz, hainbat kasutan, batez ere termino edo izenorde femeninoak aipatzerakoan, esamoldeak erabili behar izan ditut.
Emaitzarekin oso pozik geratu naiz. Poemei irakurlearentzako gonbidapen gisa, jatorrizkoek ez duten izenburua gehitu diet eta, kasu batzuetan, poema ulertzeko balioko dutelakoan, oin-oharrak txertatu ditut. Dena den, azkeneko momentua, argitaletxeari balekoa eman behar zaionekoa alegia, une gozoa eta aldi berean mingotsa da, Safok definitzen duen Eros-a bezalaxe.
Sarrera luze bat gehitu diozu poemei. Zergatik iruditzen zitzaizun beharrezkoa?
Anakronismoetan erortzeko arriskua saihestu nahian, Saforen poemak dagokien testuinguruan kokatzea eta ikuspegia handik bertatik fokuratzea nahitaezkoa dela iruditzen zait. Safo orain dela 2.600 urte jaio zen, garai arkaikoa deritzon momentu historikoan, Greziako Lesbos uhartean, garai hartako erdigunerik aberatsenetako batean, hain zuzen, eta barne istilu ugari jasaten ari zen unean. Ezinbestekoa da, beraz, tradizioak hilezkortzea erabaki duen haren pasarteak irakurtzean irakurleak buruz denbora eta leku hartara bidaiatzea, batez ere, berak baloratu dezan Saforen lanaren ausardia eta, horretaz gain, gaur egungo testuinguru sozio-politikoarekin erkatzeko aukera izanik, norberak bere ondorioak atera ditzan, irakurle bakoitzak Safo bere egiten baitu, irakurketa bakoitza obra desberdin bat bilakatuz.
Kokatuko zenuke apur bat nor izan zen Safo eta zer testuingurutan idatzi zituen bere poemak?
Saforen biografiari buruz dakiguna, iritsi zaizkigun haren poemen zatietatik eta ondorengo idazle zein gramatikariek lagatako testigantzetatik berreraikitakoa da, askotan egiazkotasuna fikzioarekin nahasiz. Safo irudikatzen zuten zeramikazko ontziak, estatuak eta txanponak aurkitu dira, haren garrantzia handiaren adierazgarri nabarmena izanik. Poesia lirikoaren aitzindaria izan zen emakume hau Platonek hamargarren musa izendatu zuen eta Solonek hil aurretik haren olerki bat buruz ikasteko grina erakutsi zuen.
Literatura arloan, poesia epikoa gailentzen zen momentuan bizi arren, poesia intimista egitera ausartu zen, askatasun osoz, gainera. Edertasunaren balioak eta sentimendua goraipatu zituen gerraren heroitasunaren ordez. Urratze ausarta izateaz gain, berezitasunaren aldarrikapen zorrotza ere bada. Ez zuen olerkigintza erabili gizonek hitz egiten zutenari buruz jarduteko eta ezta haiek egiten zuten moduan egiteko ere; ez zuen bere garaikide Altzeok bezala poesia politikoa egin, nahiz eta hura bezalaxe, Safo ere erbesteratua izan zen. Gudarosteak baino nahiago du Anaktoriaren aurpegia ikustea eta horrelaxe adierazten du historiako poemarik iraultzaileenetzat har daitekeen 16. pasartean, historiako poema bakezalerik hunkarriena izatera iristeraino. Saforen abestiek ezkontza bera ospatzen dute, ez amatasuna; bikote baten arteko maitasun grina, ez ugalkortasuna; edertasunak eskaintzen duen gozamenari buruz aritzen da; ez die jainko-jainkosei errezatzen, abestu baizik. Safok bere poemetan erabiltzen zuen estrofa motaren omenez, «estrofa safiko» gisa izendatu zen hamaika silabatako hiru bertso eta bosteko bateko ahapaldiari, modu horretan, poesia lirikoa berrituz.
Eztabaida safikoa izan da, ordea, historian zehar zeresan gehien eman duen gaia. Safok «Musen Etxea» delako eskola fundatu zuen lesbostar emakume birjinei zuzendurik eta etorkizuneko emakume ezkongaiei edertasuna erakusteko asmoz, ez ume asko eduki zitzaten hezteko. Gizonezkoek ere bazituzten hetería izeneko horrelako elkarteak. Hetairía izeneko taldekideen arteko harreman homoerotikoak ukaezinak dira. Sexu jokabide horiek, ordea, integrazio soziala bultzatzeko modu bat bezala ulertu behar dira, desiraren haizearen norabidean erreparatu gabe.
Saforen poesia maitasun desiraren adierazpen paradigmatikotzat hartu izan bada ere, hark lehen aipaturiko elkarte horietan zuen funtzioaz izugarri eztabaidatu da. Beti muturreko paperak egotzi izan zaizkio: emakume apaiz izatetik prostituta izateraino. Safo, ordea, agorrezina da, inoiz ez baita ixten hari buruz dakiguna, horregatik, bere poesia aldakorra dela esan ohi da eta jorratzen dituen gaiak ugariak: gizatasuna, oroimina, maitasunaren ikuspegi askea eta harreman heteroak, besteak beste.
Safok enkarguz idazten zituen poema batzuk. Nolakoak ziren?
Jatorriz familia aristokrata batekoa izan arren, Saforen diru-iturrietako bat enkarguz konposatzen zituen epitalamio edo eztei-eresiak zirela uste da. Hark idatziriko bederatzi liburuetatik, Serviok aipatzen duenez, bat epitalamiozkoa zen, ekoizpen osoaren bederatzirena, hortaz. Aristofanesek eta Aristarkok egindako alexandriar edizioek Saforen obra bederatzi liburutan antolatu zuten, bakoitzaren metrikaren arabera; epitalamioenak, ordea, metro mota desberdinak zituen. Bada Safok, gizonezko askok bezala, bizimodu bikoitza zuela pentsatzen duenik ere: bata, alabadun emaztearena, enkarguz poemak egiten zituena, eta bestea, adiskidetasunak lotutako bere neska lagun min taldearekin zuen bizitza pribatua.
Lehen aipaturiko epitalamio edo eztei-eresi horiek ezkontza-zeremonietan abestuak izateko helburuarekin konposatzen ziren eta gazteez osaturiko koru baten elkarrizketa moduko bat izan ohi ziren. Azpimarratzekoa da, greziar epitalamio horiek bikoteari berari ematen diola hitza eta, horrexegatik beragatik, emakumeek hitz egiten dutela.
27, 30, 44, 103-107 pasarteak eztei-eresitzat hartu izan dira, “enkarguz” konposatuak izan zirela behin eta berriro errepikatuz. Zeremonia eta bere handitasun guztia oso modu arretatsutik behatzen dira: bai senargaien baita ezkontza-ganbera zaintzen zuten gizonezkoen zakarkeriaz mesfidantza duten eskarmenturik gabeko emakume gazteen ahotsa entzuten da. Epikaren zordun den Hektor eta Andromakaren ezkontzaren kontakizuna den 44. pasartea salbu, gainerakoetan poesia herrikoiaren berezko ezaugarriak ugaritzen dira: errepikapenak, senargai-emaztegai elkarrizketak eta leloak, adibidez.
Badira, bestalde, poema oso laburrak, kasik aforismo moduan-edo funtzionatzen dutenak: naturaren edo sentimendu baten sintesi ederrak dira (adibidez, «Saforen aholkua» edo «Urretxindorra»). Zer deritzozu?
Aipatzen dituzun poema labur horiek oso bereziak dira, bertso bakarrekoak edo bikoak, hori da behintzat, guregana iritsi diren zatiak. Gainera, itxuraz, testuingururik ere behar ez duten poemak dira, bere horretan esanahia ederki ulertzen delako, zentzu osoa dutelako. Kontserbatu diren bertso labur horiek epitalamioen barruan kokatu izan dira, beraz, eztei-eresitan abestuak izateko konposatu ziren. Gaur egun zatikatutako obraz gozatzeko ahalmena daukagula iruditzen zait, izan ere, museoetan esaterako, apurturiko obra diren heinean, besorik gabeko eskulturen edertasunaz miresteko gaitasuna daukagu, eta literaturari dagokionez, berriz, haikuak edo aforismoak bogan daudela esango nuke. Horretaz gain, egungo idazkera ere azkarra eta laburra izateaz ezaugarritzen da, sare sozialetan erabiltzen den hizkuntzan erreparatu besterik ez dago, hauetan hitzak, sintagmak eta esaldiak mozteko joera baitaukagu.
Harrigarria iruditu zait, baita ere, poema batzuetan oso ideia garaikide/unibertsal/humanoak (ez dakit nola deitu) topatzea. Adibidez, «Norberak maite duena» poeman, hala dio: «Batzuek diotenez, zaldizko tropa bat da/ lur ilunean dagoen gauzarik ederrena;/ beste batzuentzat, berriz, infanteriazkoa;/ eta besteen arabera, itsasontziena;/ niretzat, ordea, norberak maite duena da».
Saforen poesia denborarik gabeko poesia da, batez ere, gai erabat gizatiarrak tratatzen dituelako, gizatasunari berari buruz diharduelako. Zentzu horretan, zahartzaroa, bakardadea, maitasunaren ikuspegi zeharo askea, maitemina, malenkonia eta heriotza bezalako gaiak jorratzen ditu. Horrek, bere bertsoen edertasunaz gain, haren poesiaren biziraupena bermatu duela esan daiteke.
Aipatzen duzun 16. pasartea historiako poemarik bakezaleena baiezta daiteke, epika gailentzen zen garaian berari ederra guda ez zen beste zerbait iruditzen zitzaiola askatasun osoz esatera ausartu zelako. «Norberak maite duena» pasartearekin ondoriozta dezakeguna zera da: zerbait ez dugu zerbait maite ederra delako, ederra da maite dugulako, baizik.
Aipatu dugun poema hori ospetsuenetarikoen artean aurkitzen da. Priamela deritzon formarekin hasten da: baliogabetzen dituen edo aurka egiten dien baieztapen nagusi batek amaieran ezeztatuak diren hainbat baieztapenen adierazpenarekin, alegia. Afroditak eragindako maitasunari buruz ari da. Ederrena zentzu erotikoan maita daitekeen hori da. Poemaren gakoa Afrodita da: Helena Troiara eraman zuen bezalaxe eramaten du Safo Anaktoriaren oroitzapenera.
Litekeena da poema hau izatea aproposena Saforen idazkera emakume baten idazkera zela erantzuteko. Safok ezagueraz aipatzen ditu lehendabizi garai hartako kultura eta poesia balio nagusiak (heroitasuna eta militarismoa, esaterako), eta, ondoren, aurre egiten die. Bakarkako desioa aldarrikatzen du eta, horretarako, beste emakume baten bakarkako desioaren eredu gisa epikan ezinbesteko garrantzia izan zuen Helena jartzen du. Hemen ez du Helena bahitua erakusten, berak aukeratutako subjektua baizik: haren edertasunagatik desiratua zen gizakia eta erabat desiratzaile, bere familia ere atzean uztea erabakitzen duelako. Maitasuna, beraz, guda baino ederragoa da. Horrela bada, Safok berak, desiratzailea den heinean, Anaktoria desiratuaren oroitzapenerako adibide gisa erabiltzen du.
Ospatzeko modukoa da, gainera, harreman homosexualei buruz diharduen poesiak zentsura eta jazarpen mende askoren ondoren biziraun izana.
Maitasunaren poeta dela esaten da Safoz, baina nola deskribatuko zenuke bere poemetako «maitasun» hori?
Safok maite-sua indar irrazional gisa aurkezten du, ongiaren eta gaizkiaren artean dagoena, gizakiaz jabetzen dena eta modu askotan agertzen dena: jeloskortasun gisa, desioa, oroimina edo erreakzio fisikoak sortzen dituen zerbait bezala, 31. pasarteak ederki erakusten duen legez.
Saforen Eros-ak, aldiz, ñabardura paradoxikoa dauka. 130. pasartean glukupikron deitzen dio, «gozoa eta mingotsa», alegia. Maitasunaren ondorio kontraesankorrak uztartzen ditu: gozamena eta mina, hain zuzen. Hitz konposatu hori osatzen duten bi terminoen ordena ere esanguratsua da, izan ere, maitasunak, pasioak edo Eros-ak pertsona bat bere gain hartzen duenean, lehendabizi gozotasuna sentitzen du eta ondoren hasierako plazer hori garrazten joan ohi da, sentimendu mingots bilakatuz.
Desioaren une horrek, beraz, Eros-a etsai gisa aurkezten digu. Ondorioz, maitasuna eta gorrotoa desira erotiko berberean elkartzen dira. Eros hitz grekoak «bertan ez dagoenaren desioa» adierazten du, falta denaren grina. Horrexegatik, maite duenak gozamena eta mina sentitzen ditu aldi berean, maite duen objektuaren desiragarritasuna, hein batean behintzat, gabeziatik baitator, hots, maite duenari zerbait edo norbait falta zaiolako. Saforen Eros-a, beraz, arima bi zatitan banatzen duen anbibalentzia emozionala izan zitekeen, hark glukupikron adjektiboarekin adierazten duena. 31. pasartea da, zalantzarik gabe, maitasunaren sintomak hobekien erakusten dituena, batez ere, erkidetasunik gabeko amodioa denean. Aipaturiko poema hori da sintoma horien zerrendaketaren eredu nagusia.
Azkenik, Safok bere nahia egia bihurtzea lortu zuela baiezta daiteke: poesiaren bitartez haren maitasuna iraunkorra izatea, hain zuzen.
Zeintzuk dira zure poemak gogokoenak?
Zaila da poema bat edo bi aukeratzea, guztiek baitute edertasun izpi bat, baita birrinduta iritsi zaigun zatirik txikienak ere.
«Afroditaren ereserkia», adibidez, osorik iritsi zaigun poema bakarra den heinean, zoragarria iruditzen zait, batez ere, duen musikalitateagatik eta Safok maitasun gudu zelaian Afroditari borroka lagun izatea egiten dion erreguagatik. «Norberak maite duena» ere oso poema ederra da, iraultzailea bezain bakezalea izateaz gain. «Maite-sua» poeman Safok maitasunaren ondorio fisikoak deskribatzen dituen modua ere oso berezia da, maiteminaren deskribapen itzela. «Hektor eta Andromakaren ezkontza» poemak epikotasunarekin jolasten duen modua ere latza iruditzen zait, batez ere, Homeroren obran bi pertsonaia horiek patua nahigabez amaitzea zelako, Saforenean ez bezala. Zahartzaroari eta urteen igarotzeari buruzko poemak ere oso adierazkorrak dira, baita jeloskortasunak jota idazten dituenak ere.
Bat aipatzekotan, ordea, eta aurretik aipatu ez dudan bat esateagatik, «Sagar ahaztua» azpimarratuko nuke. Sinboloz beterik dagoen poema bat da. Adarrik altuenean dagoen sagarra, inork hartu ez duena, emakume birjina izan daiteke, inorekin ezkondu ez dena, berak hala nahi izan duelako, ez berataz ahaztu direlako edo inork nahi izan ez duelako. Metafora hori zinez zoragarria iruditzen zait, baita Safok hori adierazteko erabiltzen dituen hitzen aukeraketa ederragatik ere.
Liburuaren bigarren zatian, poema berriak daude. Zein da horien historia?
Oxirrinkoko papiroari zor diogu kontserbatu den Saforen obraren gehiengoa. 2004. urtean, berriz, K. a. III. mendeko momia baten bilgarritzat erabili zuten papiro bat agertu zen Koloniako Unibertsitatean. Bertan, ordura arte ezezagunak ziren bi pasarte zeuden, zahartzaroari eta urteen igarotzeari buruzko poema autobiografiko baten hamabi bertso: «Titonoren olerkia» eta «Talia» izenburupean txertatu ditudanak.
2014an, ostera, Obbink izeneko papiro-bildumazale pribatu baten eskutik beste bi poema berri agertu ziren. Safori egotzi izan zaio poema horien egiletza, zeren bere anaien izenak eta Afroditaren goraipamenak aipatzen baitira. Poema erabat berriak agertzeaz gain, lehendik ezagunak baina hondatuak zeuden poemen zatiak ere agertu direnez, haiek osatzeko edo aldatzeko aukera eman dute.
«Titonoren olerkia»rekin gertatzen dena, esaterako, oso berezia da, Oxirrinkoko papiroak poema haren amaiera zuelako eta 2004ko papiroak hasiera. Lehen abrosyne kontzeptua edo “eguzki eta edertasun grina” agertzen zen poemaren amaieran, baina papiro berrian agertzen dena abrosynearekiko maitasuna aipatu baino bi bertso lehenago amaitzen da, ez da mitoarekin amaitzen, Saforen olerkiak ez baitira sekula mitoarekin bukatzen. Beraz, «Titonoren olerkia»rentzat bi amaiera dauzkagu.
Miraria badirudi ere, gaur egun, zorionez, papiro berriak agertzen ari dira. Askotan, papiro horiek jende xumeak beraien senitartekoen gorpuak biltzeko hil-oihal gisa erabiltzen zituzten. Horrekin, Safok 147. pasartean argi eta garbi adierazten duen iragarpena betetzen da, etorkizunean norbait bera eta bere neska-lagunez gogoratuko zela, alegia. Edozein aurkikuntza, txikia bada ere, erabat ongietorria izango da eta pozarren ospatu beharrekoa.
Garaia nolakoa, halakoa izan omen da Saforen poesiaren harrera. Gaur egun, nola hartzen da Safo? Eta zer ekar diezaguke?
Saforen homosexualitateari eta ustezko prostituzioari buruz ikaragarri idatzi da, unean uneko pentsamoldea islatuz. Urte askotan zehar adituek nahiago izan dute poetaren generoari eustea hura gutxiesteko. Baina, genero nortasuna estatua batek jario duen gerizpearekin erkatzen badugu, benetan inporta duena estatua bera dela jakin beharko genuke, eta ez haren itzala.
Saforen olerkiek zoragarri erakusten dute maitasuna kolore askotakoa dela eta forma ugari biltzen dituela. Emakume batek konposaturiko poemak emakume izate hutsagatik beste ikuspegi batetik neurtzeari uzten diogunean, orduantxe iritsiko gara poesiaren edertasunaz benetan gozatzera. Tamalez, uneko politikaren arabera, maitasuna adieraztea hertsiagoa edo zabalagoa izan ohi da. Gobernu buruzagiek herriak mundua nola ulertu behar duen hezitzen saiatuko dira euren erretoliken bidez. Historiako momentu askotan bizi izan den askatasun gabeziak erabaki du, hein handi batean, Saforen zein pasarte irakurri eta nola interpretatu.
Gaur egun Safo lesbianismoaren eredutzat hartzen da, baina Safo ez zen hori bakarrik, sentimenduak askatasunez eta murrizketarik gabe adierazteko eredua baizik. Gainera, ez dezagun ahaztu, erbestea pairatu zuela eta nesken eskola edo «Musen zerbitzarien etxea» deiturikoa fundatu zuela, besteak beste.
Maitatzerako orduan ez zion sexuari erreparatzen, pertsonari eta harengan sentitzen zuen edertasun hutsari baizik. Zentzu horretan, gizarte bezala beste garai batzuetan baino aurreratuago bagaude ere, oraindik Lesbos arkaikoan baino zertxobait atzeratuago gaudela iruditzen zait, abeslari ezagun batek bere nortasun sexuala publiko egin behar izateak, esate baterako, ez bailuke albiste izan behar.
Saforen poesiarekin, hortaz, izugarri gozatzeaz gain, asko ikas dezakegu, bai gizarte bezala eta baita pertsona bezala ere, norberak bere burua kokatzeko aukera eskaintzen duelako. Ia hiru mila urteko aldea badago ere haren eta gure artean, hainbat gairen bilakaera batzuetan atzerakakoa izan dela eta besteetan aurrera pauso baten zantzua izan dela erakusten du.
Besterik?
Eskerrak eman nahi dizkiot Balea Zuria argitaletxeari nigan hasieratik jarri duten konfidantzagatik eta liburuaren argitalpena errazteagatik. Eskerrak, baita ere, Saforen olerkiez gozatzeko prest dauden irakurle guztiei ere, haren edertasunaren biziraupenaren partaide izateagatik. Bukatzeko, aurtengoa Saforen urtea dela esango nuke, nire itzulpena argitaratzeaz gain, Anne Carsonek Letren Asturiasko Printzesa Saria irabazi duelako eta hark Safori bere doktoretza tesia zor izateaz gain, bere lan askoren motiboa izatea ere zor diolako.