Elkarrizketak

Silvia Manzana eta Naiara Palaciosi elkarrizketa

Ostirala, 2020-03-06

Silvia Manzana idazleak eta Naiara Palacios ilustratzaileak Orbanak, burbuilak eta kremazko bonbak liburu objektua plazaratu dute, autoedizioaren bidetik. Liburu objektua, edo agian, liburu-esperientzia dela esan behar genuke, hainbat lagunen konplizitatea izan dutelako lana osatzeko: Itxaso Mezzacasa diseinatzailea, Iñaki Mendiguren itzultzailea eta Ebi Soria musikaria. Aldi berean publikatu dute liburua euskaraz eta gazteleraz.

Silvia Manzana eta Naiara Palaciosi elkarrizketa

Liburu hau eskuetan hartu, eta lehenik eta behin, edertasuna ukitu daitekeen sentsazioa. Hau da, objektuari garrantzia eman dion proiektua da zuena. Nola sortu da liburu honen ideia?

SILVIA: Eskerrik asko! Duela bederatzi urte idatzi nuen ipuin bat da abiapuntua. Ipuin hori oholtzara eraman genuen Mikrouhina izenarekin. Ipuinaren estiloarengatik, hasieratik nuen album ilustratu bat egitea buruan. Duela hiru urte inguru, Naiara ezagutu nuen. Eta orduan hasi zen bidai zoragarri hau. Ilustrazioaren ideia honekin berarengana jo nuen, bera artista plastikoa baita. Baina Naiarak proposamen are interesgarriagoa egin zidan: oinarrizko testua alde batera utzi eta performance baten bitartez istorio berri bat sortzea. Guztiz biona. Eta hortik, liburua.

Eta zuen arteko elkarlana? Noiztik osatu duzue ekipo bat?

SILVIA: Naiarari proiektuaz hitz egin nion lehenengo aldi horretan hasi zen elkarlana.

NAIARA: Kafe baten inguruan askotan sortzen dira proiektu interesgarrienak edo, behintzat, hunkigarrienak, eta hala izan zen. Silviak kafe batekin eskuartean hasi zen Matilde eta Tristanei buruz hitz egiten, liburuko protagonistei buruz hain zuzen. Eta une horretan argi ikusi nuen Matilderen aurrean nengoela eta marrazteko gogoz bueltatu nintzen etxera. Bestalde, proiektua beti izan da irekia eta zabala. Oso aske sentitu gara partaide berriak sartzeko, bakoitzak bere arlotik ekarpenak egiteko. Eta horrela, Ebi Soriak soinua jarri dio istorioari, Itxaso Mezzacasaren diseinua ezinbestekoa izan da liburua editatzeko garaian eta Iñaki Mendigurenen euskarazko hitzak eta moduak gehitu dira Matilde eta Tristanen harremanera.

Autoedizioa aukeratu duzue liburu hau gauzatzeko. Hain da berezia emaitza, akaso zaila litzatekeela ohiko argitaletxe batean gauzatzea? Zer eman dizue autoeditatzeak?

SILVIA: Proiektu oso pertsonala izan da, akaso horregatik ez genuen buruan argitaletxe batera jotzea. Gure lehenengo lana da, beldur asko genituen ere bai. Eta, aldi berean, askatasun handiko prozesu batetik gentozen, argi genuen zer nolako liburua nahi genuen eta autoedizioak askatasun horrekin jarraitzeko aukera eman digu.

Zein norabidetan egin duzue lan? Testutik irudira? Iruditik testura?

SILVIA: Egia esan, gorputzetik paperera izan da bidaia. Sorkuntza garaian egindako jolasak izan dira inspirazioa. Prozesu oso teatrala izan da. Inprobisaziotan, antzerki ariketetan oinarritu genuen lana. Liburuak eramaten genituen estudiora, abestiak, poemak, irudiak eta koadroak. Mapa bat eraiki genuen eszenekin, ideiekin, sentsazioekin,… eta gero bakoitzak, bere tokitik, proposamenak ekartzen zituen. Eta hor bai, testu batek irudi batera eramaten gintuen edo irudi batek testura.

Screenshot_20191114-160137~2

Ilustrazioak samurrak dira batzuetan, baina beste batzuetan kolpatu egiten zaituen espresibitate bat daukate. Nola landu dituzue hauek, zer esan zenezakete haiei buruz?

NAIARA: Eskerrik asko! Silviaren gorputzetik hasitako prozesu bat da. Silvia bera mikromundu bat da (mugimenduetan, ezpainetan, eramaten dituen arropen koloreetan…) eta hori guztia pintzelekin adierazten saiatu naiz. Matilde eta Tristanen momentua ez da ona, tristea dela esango nuke. Baina tristura ez dauka zertan itsusia izan.

Ilustrazioetan zuek azaltzen zaretela esaten ausartuko gara… hala da? Zergatik?

NAIARA: Zalantzarik gabe horrela da! Esan bezala Silvian oinarritu naiz Matilderi bizitza emateko. Bestalde, fantasia eta errealitatea nahasten dira ilustrazioetan eta, ni neu naiz hori. Irudimenaren boterean sinisten dut arazoei aurre egiteko eta, beste burbuila izango balitz bezala, irudimen propio hori elikatzen eta babesten dut.

Liburu honetan ez dira ilustrazioak bakarrik, guztiak dauka garrantzia: diseinua, espazioaren erabilera, paper mota, letra tipo ezberdinekin jolastea… Nola uztartzen dira ilustrazioa eta beste elementuak, zein garrantzia eman diozue horri?

SILVIA: Hemen gure Maitagarria sartzen da: Itxaso Mezzacasa diseinatzailea. Hasieratik liburu oso argia ikusten genuen bai koloreen aldetik eta baita testuaren erritmoarengatik ere. Sinplea, txuria… Kontatzen den istorioa latza da, depresioaren zehar-kalteak, sufrimendua,… hori entzun eta denoi datozkigu kolore ilunak, pisua, aire-falta burura. Guk beste modu batean gerturatu nahi ginen gaira, alaitasunez, umorez, surrealismoz,… Nahiko naif-ak gara biok eta leuntasun horretatik lan egitea apustua izan da.

Itxasoren estudioan bildu ginen eta lehenengo zirriborro bat planteatu zuen, askatasun osoz. Eta txundituta gelditu ginen. Ez genion inongo trabarik jarri. Bere lanarekin maitemindu egin ginen: transmititu nahi genuena islatzen zen hain justu eta, aldi berean, hain zen gure lehenengo ideiatik desberdina…

Liburu-objektu hau hainbat modutara hedatzen da paperetik haratago. Adibidez, lore batzuk topatuko ditugu liburua zabaldu orduko, titulua liburua inguratzen duen paper tira batean dator, postal bat gehitu diozue ilustrazio batekin… zer bilatu duzue horrelakoekin?

NAIARA: Performancetik hasi zen gure elkarrekiko ibilbidea, sentsazioekin lanean beti. Liburuek duten kutsu estatikoari buelta bat eman nahi genion eta lan sentsorialago batean murgildu.

SILVIA: Nahiz eta ez-ohiko modu batean kontatuta egon, kontatzen duguna oso arrunta da. Edonork bizitzen ditu planteatzen ditugun egoerak. Liburutik atera egiten diren elementuek gurera ekartzen dute istorioa. Antzerkian esaten dugun moduan, laugarren pareta puskatzen dute. Kontakizunak paperetik salto egiten du. Benetako istorio baten parte sentitu gaitezke eta liburu bat baino, ganbaran aurkitutako eguneroko bat irakurtzen ari garela eman dezake. Matilderen arrastoak dira. Bere objektu pertsonalak.

Eta, hori guztia gutxi balitz, liburua irakurtzearekin batera entzun daitekeen musika jarraitzeko instrukzioak, separadore moduko batean. Ebi Soriak sortu du musika, eta nahi izatera bandcamp batean entzun daiteke. Nola eman da musikoarekiko kolaborazioa? Prozesu osoan parte hartu du, edo aparte egin den lan bat izan da?

NAIARA: Ebi Soriak oso lan librea egin du eta modu oso instintibo batean. Bere prozesuaren hasieran, ilustrazioetan oinarritu zen eta kontestuaren xehetasunak jakin gabe hasi zen musika sortzen. Material handia sortu zuen. Bigarren fase batean ordea, lan guzti hori ordenatzeko hitzak erabili zituen, Silviak idatzitako istorioa hain zuzen.

SILVIA: Ebi oso pertsona intuitiboa da. Aspaldiko lagunak gara. Musika da bere arloa eta argi nuen berak egingo zituen ekarpen guztiak guk proposatu ahal geniona baino askoz interesgarriagoak izango zirela. Beraz, ez genion kondizionatu nahi, bere kabuz lan egiten utzi genion. Itxasorekin diseinua itxita genuenean, bilera batean elkartu ginen lauak lehenengo aldiz, eta orduan, gu koloreez eta paperen tamainaz hitz egiten genuen bitartean, berak atzera eta aurrera zebilen bere tramankuluekin jolasten. Eta, bat-batean, magia gertatu zen eta argi ikusi zuen nondik jo. Hortik abiatuta, liburuan planteatzen den jolasa berak sortu zuen.

“Matildek ez daki ezer burbuilei buruz. Tristan burbuila bihurtu da. Matildek Tristan maite du eta Tristanek Matilde. Baina nekeza da urruntzen ari den norbaitekin bizitzea, zuk nahi duzuna hura itzultzea bada”.

Gatozen kontatzen den istoriora. Bikote baten harremana intuitu daiteke, komunikazioa eta inkomunikazioa... poesiaz eta umorez kontatua dagoela esango nuke. Nondik sortu da istorioa?

SILVIA: Abiapuntua aspaldi bizi izandako sentimendu batzuk dira. Sentimendu konkretu horiek istorio batean islatu nahi nituen eta hortik tiraka sortu ziren pertsonaiak eta istorioa. Istorioa pertsonala eta ez-pertsonala da aldi berean. Liburuak errealitatea dauka istorio errealen bilduma delako nolabait: nireak, Naiararenak, besteenak… Horregatik konektatzen du irakurlearekin, denok izan garelako noizbait Matilde, noizbait Tristan.

Umorea eta poesia... errealismo magikoaren zale amorratua naiz. Nire unibertsoaren parte dira ipuinak, fantasia, haur-begirada… Horietaz baliatuz idaztea atsegin dut.

“Zer jaten du burbuila batek? Maitasuna egiten du burbuila batek? Nolako usaina dago burbuila baten barruan? Badute burbuilek ikuslearen egunik?”.

Eta istorioa inguratzen burbuilaren metafora, liburu osoa inguratzen duena. Nola transmititu idatziz burbuila bat?

SILVIA: Uffa… Burbuila izaki hauskorra da, itxia, isila. Isiltasuna eta isiltasun horren bortizkeria islatzen saiatu gara, horrek bestearengan sortzen duen egonezina. Bestearengan daukan eragina.

Alde batetik, Matilderen begirada erabiltzen dugu burbuila hori azaltzeko. Bestetik, mutilaren hitz bat ere ez agertzeko hautua egin genuen, irakurleak Matilderen egoera berdinean jartzeko. Baina badago momentu bat non Tristanen barne mundura sartzen garen eta zati hori idaztea niretzat zailena izan zen. Nola hitz egin debastazioaz modu surrealista batean? Nola deskribatu pertsona etsi baten burua bizitza bera denean arazoa, arazo konkretuei hitzak jarri nahi ez dizkiozunean?

Non eskuratu daiteke liburua, zer asmo duzue liburuarekin aurrerantzean? Aurkezpenik, bestelakorik…

NAIARA: Oso pozik gaude izan duen harrerarekin. Lortzeko: Donostian Kaxilda eta Tobacco Days liburu-dendetan, Konpota Shop-en eta Posidonia Estudioan. Bilbon Anti liburudendan eta Arte Ederren Museoan.

SILVIA: Oso ale gutxi gelditzen zaizkigu momentu honetan eta bigarren tirada bat aterako dugu hurrengo astean. Aurkezpenekin hasiko gara laster eta baditugu planteatuta tailer berezi batzuk gure sormen-prozesua elkarbanatzeko. Booktrailer-ra ere martxan da… Topean jarraituko dugu lanean istorioa zabaltzeko.

Banaketaren aldetik, guk geuk egiten dugu dena eta, horregatik, pixkanaka goaz. Momentuz, norbaitek liburua nahi eta ezin badu eskuratu, idatz diezagula: silviaetanaiara@gmail.com helbidera. Eta iritziak elkarbanatzeko, zalantzetarako, proposamenak egiteko, ere bai.

Eta baduzue beste proiekturik esku artean?

NAIARA: Beti gabiltza proiektuekin… Momentu honetan margotzen nabil, txikientzako liburutxo bat atera nahian.

SILVIA: Nik ideia asko ditut baina denbora gutxi. “Hiztegi imajinarioa” izeneko proiektua hurrengoa izango dela pentsatzen dut. Baina batek daki. Momentuz, proiekturik garrantzitsuena: beldurrak alde batera utzi eta ekin!

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)