"Txakur gorria" kolektiboarekin solasean
Ostirala, 2017-03-03Hiru lagunek osatu dute "Txakur Gorria" kolektiboa. Nerea Ibarzabal Salegi, Mariñe Arbeo Astigarraga eta Malen Amenabar Larrañaga dira haien izenak, eta sare zabalago baten parte ere badira: Itu Banda, Erraiak taldea... Durangoko Azokan elkarrekin hartu zuten stand bat, bertan ezagutu genituen haien lanak, bertan liluratu gintuzten umore zorrotzez harilkatutako liburu-objektuek.
Galdera tipiko samarrak izango dira lehenak, baina ezin kuriositateari eutsi. Nola sortu zen “Txakur Gorria” kolektiboa?
Hirurok egoera antzekoan geunden: karrerak amaitzear, eta etorkizunari mesfidantzaz begira. Akordan egiten den artisau azoka bat aitzakiatzat erabilita, lehenengo liburuxka sortzea erabaki genuen bertara eramateko. Nerea Turkian zegoen Erasmusen, eta handik bidali zuen ipuin laburra; gero Malenek eta Mariñek forma eman zioten. Berehala konturatu ginen bidea ezin zela han amaitu.
Zergatik “Txakur gorria” izena?
Lehenengo liburuaren izena delako, eta gustuko dugulako, egia esan. Izenak berak bereganatu gintuen oharkabean, eta pentsatuz gero, esanahi asko izan ditzake “txakur gorri”batek...
Hiru kidek osatu duzue “Txakur gorria”: nola egiten duzue lan sei eskutara?
Hasieran gaur baino hobeto moldatzen ginen, karrera amaitzeak zertxobait zaildu zigun funtzionamendua. Bakoitza herri batean bizi gara orain, eta egunero kontaktuan jartzen garen arren, bilera fisikoak bi astean behin edo egiten ditugu. Elkarrekin bizitzera joaten garenean errazagoa izango da dena (kar kar).
Dena den, beste kolektibo eta talde batzuekin ere badituzue harremanak: Itu Banda, Erraiak taldea... elkar gurutzatu egiten dira zuen bideak, kolaborazioak egiten dituzue. Azken Lekore aldizkaria kasu, zuen ilustrazio eta testu parte hartzearekin dator. Zer nolako harremana da talde horien artean dagoena, zer nolako garrantzia du zuentzat?
Harreman garrantzitsua eta aberasgarria da. Berez normala da taldeok gurutzatzea, generazio bereko jendea garelako, antzerako helburuak eta zaletasunak dituena. Gure gauzak argitaratzeko eta besteenak ezagutzeko erraztasunak nahi ditugu, eta bide horretan elkarri laguntzea oinarrizkoa da.
Guk Durangoko Azokan (aipatutako taldeekin konpartitutako stand-ean) ezagutu genituen zuen lanak. Zer nolako esperientzia izan zen Durangokoa?
Hau ere ia aitzakia gisa markatu genuen, gure lanak ordurako amaituta izateko -batzuontzat epemugarik gabe funtzionatzea zaila baita-. Bertara heldu arte ez ginen oso kontziente izan, baina mugarri bat izan da. Aktibatu egin gaitu, jendea ezagutu dugu eta jendeak ezagutu gaitu, eta erregai oso inportantea izan da urte berri honetarako.
Alderdi grafikoa, hitza, objektuaren diseinua eta formatuaren garrantzia uztartzen dira zuen lanetan. Denok egiten duzue denetik?
Ideiaren hasierako hazia elkarrekin garatzen dugu beti, eta komunikazioa eta iritzi trukaketa etengabeak dira prozesu osoan zehar. Hala ere, bakoitzak erosoen sentituko den eremuan jarduten du gero. Orain arte Mariñe eta Malen arduratu dira barne eta kanpo maketazioez eta ilustrazioez, eta Nerea idazteaz eta komunikazioaz.
Zer nolako oreka bilatzen duzue elementu horiekin zuen lanetan?
Orain arte antzerako pisua eman diogu denari, ia oharkabean. Baina ez daukagu kriterio zurrun bat horren inguruan, aukera guztiak zabalik ditugu hurrengo kreazioetarako.
Liburu-objektuari garrantzia eman diozue: hiru lan plazaratu dituzue, hiruak ezberdinak. Zerk eraman zaituzte batean zein besteak forma jakin bat hartzera?
Hirurok gara paperzaleak eta objektu bezala gustatzen zaizkigu, beraz, argi geneukan hasieran hortik jo nahi genuela. Maiz prozesuak berak erabaki du zein liburu mota jaioko den amaieran. Dena den, ez gara horretara mugatzen, diziplina ezberdinak landu nahi ditugu eta horrek formatu berriak ekarriko ditu.
Zerk agintzen du lan bakoitzaren sorkuntzan? Zuen lanak irakurrita, hitzak (testuak) eskatzen duenetik abiatzen zaretela esango nuke, hala da?
Bai, momentuz hitza izan da beti abiapuntua. Hasieratik produktua osorik irudikatzen dugun arren, orain arte hitzaren zain egon gara ilustrazioekin hasteko.
Irudikatzen duzue hitzik gabeko libururik “Txakur Gorria”ren eskaintzetan?
Bai. Imajina dezakegun edozeri forma eman nahi diogu, ideia onak ideia hutsean gera ez daitezen.
Eta plazaratzeko moduari, euskarriari, garrantzirik ematen ez dion testu-libururik?
Baita ere.
Autoedizioaren bitartez plazaratu dituzue liburuak, nolakoa izan da esperientzia?
Oso ona. Horrelakoetan eskertu dugu, adibidez, ITU bandakoen laguntza, inprentak gomendatzerakoan etab. Autoedizioko zenbait azokatan egon gara, Dabadaba-n esaterako, eta oso merkatu interesgarria eta gaztea ezagutu dugu bertan, begiak zabaldu dizkigu. Gainera, gastuak estaltzeko adina saldu dugu eta oso pozik gaude.
Horrelako lanak plazaratze aldera, iruditzen zaizue ohiko argitaletxeetan badagoela zirrikitu askirik?
Egia esan ez dakigu, ez garelako ahalegindu, baina irudipena dugu sarrera estuagoa izan daitekeela ideientzat, zurrunagoa. Ez ahalegintze hutsa ere esanguratsua da agian. Gure ustez, galbaherik pasatu beharrik ez izatea bikaina da, inoren zain egon beharrik ez izatea. Imajinatu badugu eta gustuko badugu, existituko da.
Azken bi lanetan mikrotestuak dira nagusi (Hizteria eta Atea irekiko ez lidaketen pertsonen etxean leihotik sartu nintzenekoa), nahiz eta gero haien artean hari bat egon. Nondik datorkizue joera hori?
Gustuko ditugu testu eta poema laburrak, baina aukera estrategikoa ere bada. Oraindik proiektu honi ez diogu gure denboraren gehiengorik eskaintzen, eta beste mila saltsatan dabiltzan pertsona gorrotagarri horietakoak gara gu ere. Hiruron artean lantzeko formaturik errazena da momentuz.
Katalogoen, zerrenden, Georges Perec bezalako idazleen mundua etorri zaigu gogora. Izan duzue erreferentziarik lan hauek idazteko orduan?
Agian ez kontzienteki, baina bizitzan zehar edandakoak beti azaleratzen dira. Eskertzen dugu Georges Perec-en konparazioa, Google-ek esan digu benetan tipo interesgarria zela! Horrez gain, Porrotx, Oier Guillan, Harkaitz Cano, Ana Malagon, Maite Gurrutxaga, Elena Odriozola, Efealcuadrado, Violeta Lopiz...-en estilo artistikoak gustatzen zaizkigu. Hirurok landu ditugu hainbat diziplina (musika, bertsolaritza, antzerkia, dantza…) eta jakin min handikoak gara.
Ironia handia, zirtoa, probokazioa ere esango nuke... irakurlearekiko nolabaiteko probokazioren bila zabiltzate, edo kezkatzen zaituzten gaiak lantzeko modu bat da agian?
Nahiko modu azidoa dugu gauzak adierazteko, baina hori ere ez dugu aurretiaz planeatu. Egia aitortuz, gure ideien hausnarketa pisutsua ez da hasieran egiten, bidean egiten dugu, bururatu ahala. Horregatik baliteke naturalki barneratutako gaiak azaleratzea prozesuan zehar, baina ez helburu bakar gisa.
Hizterian kolaxa da nagusi, Atea irekiko... lanean berriz ilustrazio oso piktorikoa, idazlanaren hasieran eta amaieran mutu azaltzen dena. Zerk eraman zaituzte teknika batera edo bestera?
Hasieran egiten dugun ideia trukean erabakitzen dugu zein ilustrazio teknika erabiliko dugun. Liburu bakoitzaren formatuak eta testuak iradokitzen digunaren arabera sortzen dugu. Batzuetan lanean hasi eta artista interesgarriren batekin egiten dugu topo; horrek ere laguntzen digu ideia berriak hartzen.
Zer nolako proiektuak dituzue, aurrera begira?
Ikus-entzunezko proiektu batekin ari gara orain, apirilerako edo prest egongo dena. Eta antzerkia eta testuen errezitaldia uztartuko dituen emanaldi bat ere buruan darabilgu. Gero, gutako edonori bururatzen zaion horri ere forma ematen saiatuko gara.
Eta nora jo dezake zuen lanak eskuratu nahi dituenak?
Webgunea zabalduko dugu laster, baina bitartean emailez (txakurgorria3@gmail.com) edo Facebookeko orrialdearen bitartez jar zaitezkete gurekin harremanetan. Eskatutako liburuak etxera bidaltzen ditugu nahi izanez gero –edo nonbaiten elkartu eta kafetxo bat hartu, posible denetan-. Liburu denda batzuetan saltzen jartzeko asmo ere badugu, baina lasai-lasai.
Arratsalde on.
Aspalditik proiektu bat jorratzeko gogoarekin nabil, hau da, historia bat kontatzea irudien bitartez.
Egia esan, benetako historio bat, 1937an gertatutakoa, ehunka emakumeek errepresioa jasan zutenak.
Asmoa, orduko famili hipotetiko bat hartu, hauek historia honen protagonistak izango lirateke eta hauen bidez gertatu zenaren egia kontatu.
Narrazioa eta irudien bitartez.
Ideia hau jorratzea ez du inongopresiarik niretzat behintzat, gaur egun beste proiektu batekin nagoelako, baina gustatuko litzaidake zuei ideia hau aurkeztea, zuen iritsia jakiteko.
Aurretik eskerrak emanez, agurtzen zaituztet.