Elkarrizketak

Ugaitz Agirre: “Arriskuak hartzearen aldekoa naiz”

Ostirala, 2018-10-05

Nobelaren lehen orrialdeetan, estualdi batean den idazle batekin egingo dugu topo. Sara du izena. Gero deskubrituko dugu historia irakaslea ere badela. Tximeletak bizkarrean (Susa) liburuan, agerikoa bezain esanguratsua da ezkutukoa. Eta horrek irakurlearen jakinmina areagotuko du. Azkeneraino. Ugaitz Agirrek bere lehen nobelaren gakoak azaldu dizkigu.

Ugaitz Agirre: “Arriskuak hartzearen aldekoa naiz”

Adar asko dituen nobela plazaratu duzu.

Bai, piezaka dator. Nobelaren hasieran, Sarak 35 urte dituela esaten da. Ezer gehiago ez.

Trama, ordea, uste baino sakonagoa da.

Hori da nobelaren misterioa. Pixkanaka joango gara Sara deskubritzen.

Ahizparen deia jaso du. Aita gaixorik duela adierazi dio eta sorterrira itzuliko da Sara. Iraganeko mamuen sorlekura.

Aitak zer edozer esan nahi diola, hori ere aipatzen dio ahizpak. Hori izango da bueltatzeko arrazoia; Sara sorterrira itzultzera tentatzen duena. Etxera bueltan, bere lagunekin eta Bartzelona hiriarekin nolako harremana duen deskubritzen joango gara. Kontakizuna puzzle baten moduan dago antolatuta. Eszenak zatikatuta agertzen dira, kapitulu ezberdinetan banatuta.

Esan bezala, Sara da protagonista nagusia baina ahots gehiago ere badira. Ana ahizpa, Giulia, Xavi, Diana psikiatra, ikasleak... Dena den, Sara dago nobelaren muinean. “Zu zara zu eta besteek zutaz diotena”, hala dio esaera batek. Kasu honetan ere hala da, ezta?

Hala da. Beste pertsonaien hitzek ere osatzen dute Sararen irudia. Dena den, saltoak daude espazioan eta denboran. Eta beste pertsonaiekin ez du garai guztietan harreman berbera izango. Harremanak sortzen, eraldatzen edota puskatzen doaz. Kasu honetan ere halaxe da, baina matiz asko egin daitezke.

Gatazka pertsonal guztiak ez dira igualak, pertsona guztiak igualak ez diren bezalaxe. Aurrera egiteko, iraganeko ateak ondo ixten asmatu behar dela esaten da. Iragana nola kudeatu, ordea. Hor dago koxka.

Nola kudeatu, orainalditik. Nobelaren jokoa hor dago. Iraganera begiratzen dugu, baina orainaldiko betaurrekoak ipinita. Sara Boloniara joango da konferentzia bat eskaintzera. Bere unibertsitateko mutil-lagunari buruz ari denean, antzeko zerbait dio: “hainbeste maite nuen, zoriontsu izatea ahaztu nuela”. Bere garaian ordea, ez zen horretaz jabetzen. 35 urterekin iritsiko da ondorio horretara. Iraganeko pasarte batek gehiago eragin zaitzake gerora. Konplexua da gaia.

Emakumezko pertsonaia baten larruan

Pertsonaia bat eraikitzea ez da lan erraza izango. Nobela honetan, emakumezko bat da protagonista. Bere izaera, bere identitatea, sexua bizitzeko modua... Hori dena irudikatzea izan al da idazketa prozesuko erronka handiena?

Ni baino zaharragoa da gainera; nik ezagutu ez nuen garai batekoa; kataluniarra... Lagun batek esan zidan, hobe dakizunari buruz idazten baduzu. Baina erronka hor dago, ezta? Ez dakizun hori deskubritu eta ea ezer egin daitekeen horrekin. Arriskuak hartzearen aldekoa naiz. Kale egiten badugu, ba kale egingo dugu. Dena den, idazterakoan behintzat, ez dut horrelako kezkarik izan.

Emakumearen rola argi zenuen hasieratik.

Hasieratik. Hori zen erronka: nola planteatu emakumezko pertsonaia. Gainontzekoak ere, emakumezkoak dira gehienak. Sara da pertsonaia nagusia baina besteak ere eraldatzen joango dira.

Beste ahots batzuk entzuten ditu Sarak. Buruko gaixotasuna duela esan daiteke, nahiz eta ez den inongo momentutan horrelakorik adierazten.

Fantasiazko generoa gustatzen zait. Akaso zailagoa da jendearengana iristea, baina fantasiazko estiloan sentitzen naiz erosoen. Batek esan zidan nobelaren lehen zatia oso kontserbadorea dela eta bigarrengoa “oso ni” dela.

Non topatu duzu eromenaz idazteko inspirazio iturria?

Erotasunarekiko ideia erromantiko bat dut akaso, baina deigarria egiten zait. Denak ez du konbentzionala edo koherentea izan behar. Pertsonak askotan gara inkoherenteak; “hau esan dut baina beste hau egingo dut”. Nahiz eta fantasiazko kontuak izan, nork ez ditu bere buruan horrelako zalantzak edo gorabeherak izan.

Historia irakaslea da Sara. Historia ikasi zenuen zuk eta historia garaikideko pasarteak jaso dituzu nobelan. Hain hurbil eta hain urrun geratzen zaizkigun erreferentzia batzuk batu dituzu.

XX. mendeko historia modu laburtuan agertzen da: mundu gerrak, 68ko iraultza, 80ko hamarkada... Historiako pasarteak oso puntualak dira baina Sararen bizitza ulertzeko adierazgarri direla esan daiteke.

Asmo hau ere banuen: historia ikasi ez duen bati historia ikasketak egitea zer den azaltzea. Historia ikastea ez dela soilik liburuak irakurtzea. Ikerketarekin eta pentsamenduarekin lotuta dago. Eta bestetik, mundu akademikoaz dudan pertzepzioa ere azaldu nahi nuen.

Airean, kezka unibertsal bat ageri da: zoriontasunaren bilaketa. Atal baten amaieran, John Lennonen aipu hau erantsi duzu: Happiness is inside you, not with another person.

Sara okerren dagoen momentuan agertuko da. Kalean, graffitti batean irakurriko du hori. Une oro pasako du zoriontasunaren bila. Horretan ere, paralelismo bat egin daiteke XX. mendeko historiarekin. XIX. mendea suntsipenaren preludio luze bat izan zen eta XX. mendean suntsitzea izan zen nagusi. Suntsitze giro horretan, zoriontasuna bilatzeko mugimenduak ere eman ziren. 68ko udaberrian edota 80ko punk mugimenduan. Badaude horrelako pintzelada gehiago, koherentzia bat dutenak liburuko koadro osoan.

Collage estiloan

Nobela hau koadro bat balitz, collage estilokoa dela esango genuke. Kontakizuna ez da lineala.

Bai, eta intentzionalki egina dago. Salto asko daude. Baina fikzioan, serietan edo filmetan, maiz ematen dira eszena arteko saltoak. Koherenteak direnak.

“Puzzlea metafora bat da, Xavi. Baina puzzlea amaitu nahi badut, gauza bera egin behar dut zurekin”. Puzzlea aipatzen da maiz liburuan. Irakurleak ere antzeko ariketa egin beharko du. Horretan datza nobela honen irakurketaren mekanika, ezta?

Irakurleak lortuko du puzzlea osatzea. Baina horren atzean badago hausnarketa moduko bat. Puzzlea halabeharrez osatu behar al da? Hasitakoa bukatu egin behar da eta ez baduzu bukatzen frakasatu egin duzu. Eta alperrik zabiltza. Behin frakasatzen baduzu, tira, baina bitan eginez gero... Gizartean sustraituta dagoen ideia da hori. Eta puzzlea osatzera behartuta ikusten duzu zure burua. Baina halabeharrez bukatu behar al da puzzlea? Eta osatu gabe utzi nahi badut? Ezin da zerbait erdizka utzi? Puzzlearenak joko asko ematen du eta gakoa da kontakizunean.

“Derrepentean, maleta hartu eta betetzen hasi da. Gauza gutxi: apalategiko liburu garrantzitsuak, egunerokoa, idazten hasi berri den koadernoa eta arropa erosoa”. Eta zuk, idazten hasi berri duzun koadernorik ba al duzu eskuartean?

Bai, baina bost urteko epea ipini diot nire buruari. Nobela honetan fantasiarik bada, hurrengoan akaso gehixeago egongo da. Utopiaz eta distopiaz idazteko asmoa dut. Pertsonaia gehiago egongo dira eta mundu berri bat asmatu beharko dut.

Tximeletak bizkarrean anbiziotsua dela zioen DVko kritikariak, ba hurrengoak ere bide beretik joko duela uste dut. Ideiak baditugu baina aurretik beste hainbat gauza ditugu egiteko. Beraz, lasai hartuko dut. Idazten jarraituko dudala, hori oso argi daukat.

Poemak ere idatzi izan dituzu. Libururen batean batuko al dituzu inoiz?

Poemak baditut. Liburu bat osatzeko ordea... Koherentzia bat eman beharko litzaioke bilduma osoari eta hortxe nabil, batzuetan gogo gehiagorekin, besteetan gogo gutxiagorekin. Aukera bat izan daiteke.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)