Unai Elorriagaren apalategian: Ipuingileen ikasle
Astelehena, 2021-02-15Apalategian atalean, beren liburu kuttunei (eta ez hain kuttunei) buruz galdetuko diegu idazleei hilean behin. Gaurkoan, Unai Elorriaga.
Idazketari emanda bizi izan zen hainbat urtez, SPrako tranbia (2001) lehen liburuak bildutako arrakastaren ondorioz. Elkarren eskutik kaleratu zituen, gero, Van't Hoffen ilea (2003), Vredaman (2005) eta Londres kartoizkoa da (2009). Irakaskuntzara itzuli zen gero, eta fase berri horretan argitaratu ditu Iazko hezurrak (2014) eta Iturria (2019), Susaren eskutik biak ala biak. Azken hori gaztelaniara itzultzeko lanetan dabil orain.
Mesanotxean daukazun liburua: Idazle txiletar baten liburu bitxia deskubritu dut duela gutxi, saiakera eta ipuingintzaren artean dagoena: Benjamín Labatut, Un verdor terrible (Berdetasun izugarria).
Zure bizitza aldatu zuen liburua: Julio Cortázar, Todos los fuegos el fuego (Su guztiak sua). Lagun batek utzi zidan, artean gazte eta berde ginela, jai gaugiro betean. Gau osoa egin nuen liburua eskuan eta irakurri nuenean, egilearen beste ipuin guztiekin batera, ulertu nuen, hein handi batean, nola idatzi behar nuen.
Hainbat aldiz irakurtzen hasi arren, inoiz amaitu ez duzun liburua: Beste askok bezala, James Joycen Ulysses esan behar nuen, baina lehengo urtean amaitu nuen azkenean! Bere kintako bat aipatuko dut beraz: Marcel Proust, À la recherche du temps perdu (Denbora galduaren bila)
Gogotik oparitzen duzun liburua: Kazuo Ishiguro, The buried Giant (Erraldoi lurperatua). Liburu diferentea, apartekoa zentzu guztietan.
Haurtzaro edo gaztaroko liburu kuttuna: J. R. R. Tolkien, The Lord of the Rings (Eraztunen jauna). Zenbat ordu, zenbat komentario lagunekin… Beste mundu batean sartzeak ematen dizun sosegua.
Zuk zeuk idatzi nahi izango zenukeen liburua: Margaret Atwood, The Handmaid’s Tale (Neskamearen ipuina). Zeinen idazle pribilegiatua den Atwood, zeinen abila. Hiru Nobel sari emango nizkioke astelehenetan.
Negar eginarazi dizun azken liburua: Varujan Vosganian, Cartea şoaptelor (Xuxurlen liburua). Armeniarrak, genozidioak, familia… Sentimendu handiz eta trebeziaz transmititutako ondarea.
Barre eginarazi dizun azken liburua: Seumas O`Kelly, The Weaver`s Grave (Ehulearen hilobia). Heriotzari buruz umorez nola idatzi beharko litzatekeen… Horixe azaltzen digu liburu honek.
Inoiz irakurri ez izanaz lotsatzen zaren liburua: Mila gau eta bat gehiago. Edizio betea daukat, bi liburukitan, orain urte batzuk hildako izeko batek oparitua eta irakurri barik daukadana.
Aldarteak aldarte, sekula hutsik egiten ez dizun liburua: Bernardo Atxaga, Obabakoak. Beti deskubritzen dut xehetasun berriren bat eta, hala ere, hasierako gozamenak ez dit iskin egiten; ez da Obaba soilik, beste mila mundu dauzka liburu honek.
Elkarrizketa honen uberan
“Literaturaz hitz egitea bizitzaz hitz egitea da, ez elite batek baino ulertzen ez duen mundu hertsi bati buruz” (Elkarrizketa Unai Elorriagari, Iturria liburuaz)