Elkarrizketak

Unai Villenarekin solasean

Ostirala, 2016-09-16

Hauts haietatik (Elkar) nobela izan dugu mintzagai Unai Villenarekin. Gaur bertan Deban liburuko pasarte batzuk zuzenean entzuteko parada izango dugu Hiri asko bere baitan proiektuaren barruan, Plaza Zaharrean 22:00etatik aurrera.

Unai Villenarekin solasean

Lehen liburua duzu hauxe. Lehenago ezagutu dizkizugu poemak eta narrazio laburrak, “Hiri asko bere baitan” proiektuan, eta horren harira plazaratu zenuten autoedizioan. Lehen urratsa zabalkunde handiagoko argitaletxe batekin, nobelaren eskutik eman duzu ordea. Pausu naturala izan da?

Berez, aspalditik idatzi izan dut. Institutuan gazteentzako hainbat literatur lehiaketatan saridun izan nintzen, gero Elgoibarren sortu genuen literatur taldeko kide, eta horren bitartez eutsi nion garai batean zaletasunari. Ondoren urte luzeetako etena etorri zen eta duela hiru-lau urte sentitu nuen berriz hasteko gogoa: testu laburrak argazkiekin nahasten dituen blog bati ekin nion Aitor Gómezekin, handik gutxira Asier Olabarrietarekin hirukotea osatu eta testu eta irudiei musika batzen dien “Hiri asko bere baitan” proiektua etorri zen, eta jarraian Igartza beka, nobelarako. Guztia natural-natural gertatu denaren sentipena daukat, nahiz eta badakidan zoriaren ondorio izan dela hein handi batean.

 Zein generotan zaude, hala ere, erosoen?

Narratiban, dudarik gabe; azala beharko nuke poesia idazten dudala esateko! Ipuinak idaztea gustatu izan zait betidanik, eta baita kontakizun labur-laburrak ere. Hala ere, nobela amaitzean zer eta nola idazten dudan birplanteatzeko beharra nabaritu dut, eta horretan nabil.

Hiri asko bere baitan” proiektua aipatu dugu. Hitzen Uberanen eman izan dugu haren berri. Nobela honetako orrialdeetan murgildu baino lehen, zertan da “Hiri asko bere baitan” proiektua?

Aitzol Mujika eta Andoni Alonso musikariekin eta Kepa Errasti aktorearekin batera prestatutako zuzeneko ikuskizunaren bederatzi emanaldi eskaini ditugu 2015ean estreinatu zenetik. Azkena aurtengo apirilean izan zen Bilboko Hika Ateneoan, “Hauts haietatik” nobelaren pasarteak txertatuta, liburuaren aurkezpen festa alternatibo modukoan. Lotuta daukagun hurrengoa Deban izango da, irailaren 16an "Iturri Ondoan" kultur egitarauren barruan. Hortik aurrera ez dakigu zer gertatuko den. Taldekideek badute ikuskizuna taularatzen jarraitzeko gogoa, baina emanaldiak lortzeko lan komertzial asko eta zabalkunde handia behar dira, eta motz gelditzen gara horretan. “Hiri Asko Kulturgintza Elkartea” eratu dugu jende gehiago batu eta etorkizunean proiektu berriak bertatik bideratu ahal izateko.

Hiri asko bere baitan” proiektuan diziplinartekotasuna eta talde-lana landu zenituzten. “Hauts haietatik” nobelaren idazketa oso bakarkako lana izango zen haren aldean...

Nik uste nobela bat idaztea oso bakarkako lana izan ohi dela beti; bakarkakoa, trinkoa eta esfortzu handikoa. Horri lehenengoa izatea, urtebetean amaitu beharra eta neure ziurtasun-gabeziak batuta, gogortxoa izan zela ezin ukatu. Baina ez nintzen batere bakarrik sentitu, konplize eta bidelagunez inguratuta baizik. Eskertzan argi eta garbi ikus daiteke hori: guztira hogei pertsona baino gehiagok irakurri zuten argitaratu aurretik. Andres Alberdik, institutuan nire irakasle izandakoak, sekulako laguntza eskaini zidan, eta beste jende askoren babesa izan nuen, tartean “Hiri asko bere baitan”eko kideena: Aitorrek azaleko argazkia egin zuen eta Asierrek booktrailerra.

hiri-asko-bere-baitan

Gatozen “Hauts haietatik” liburura. Egitura bihurria du liburuak: hainbat hari tartekatzen dira, liburua modu klasikoan irakurri daiteke (hasi eta buka) baina baita ere hari horiei jarraika. Jolasa gogoko duzulako aukeratu duzu bide hori, edo pertsonaia nagusiaren gaixotasunaren konplexutasunak eraginda?

Jolasa gogoko izan eta jolas bezala planteatu nahi ezean ez nuen horrela idatziko, baina liburuaren egitura funtsean pertsonaia nagusiaren gaixotasun bikoitzaren metafora da: menpekotasuna eta eskizofrenia. Hortik datozkio forma bihurria, erritmo-aldaketak, errepikapenak, ahots ezberdinak... Pertsonaia nagusiak bizi duen nahasmena irakurleari helarazteko ahalegina dago egituran, eta baita pertsonaiaren bizitza modu berezian kontatzeko nahia ere: zatikatua, ez-linealki eta ikuspegi ezberdinen baturaz.

Izan ere, drogen eraginez psikiatriaren bihurguneetan harrapaturik geratu den pertsonaia da protagonista, Ander, Arru: drogen kontrola galtzea, agerpen psikotikoak, ospitaleratzea, desintoxikazio-zentroa, psikiatrikoa... Ez dirudi erraz azaltzeko moduko mundua. Nondik atera zaizu mundu hori kontatzeko beharra?

Lagun baten minaren testigu izateak niri eragindako minak bultzatuta ekin nion nobela idazteari, hartaz askatu eta azken urteetan izandako hausnarketak papereratzeko helburuarekin.

Eta nola murgildu zara mundu horretako xehetasunetan?

Problematika hori bizi duen jendearekin hitz egiten, inguratzen nauenari adi-adi begiratzen, nobelak, poema-liburuak eta saiakerak irakurtzen, filmak eta dokumentalak ikusten, hitzaldietara joaten, Internet eta eskura neuzkan bestelako informazio-iturri guztiak erabiltzen. Dokumentazio eta ikerkuntza lan apur bat egin dut.

Psikiatrikoa kartzela da. Ni ere preso egon naiz, ez arrazoi politikoengatik, ezpada arrazoi psikologikoengatik, eta bertan egon nintzenetik hobeki ulertzen ditut zuloan daudenak. Haiek irtetea nahi dut; denak irten daitezela. Psikiatriko eta kartzela guztiak eraitsiko nituzke, amnistia orokor bat dekretatuko, preso politiko eta preso psikotiko guztiak askatzeko” (62). Kuriosoa da, buru-gaixotasunei buruzko liburu zenbait plazaratu da azken urteetan euskaraz: poesian Jon Gerediagaren Fitola balba karpuki tui, Gabriel Kortaren liburuak... nobelagintzan Alaine Agirre, Itxaso Martin... Orain arte tabua izan den errealitate bat azaleratzen ari ote da?

Gertukoa izan arren, arrotza zaigun errealitate bat iruditzen zait niri buruko gaixotasunena; agian hori izan daiteke ukitzen gaituenok hari buruz idazteko arrazoietako bat. Hala ere, ez da gai batere berria literaturan. Asko landu da, aspalditik. Euskal literaturan azken urteotan aurretik baino gehiago? Izan daiteke, baina ez zait iruditzen tabua izan den errealitate bat azaleratzen ari denik. Beharbada gaiari heltzeko modua da aldatzen ari dena, azaldu diren ahots eta ikuspegi berrien eraginez.

Hauts haietatik”ek badu belaunaldi-liburutik ere, esango nuke 90eko hamarkadako gazteen mundu ikuskera kontatzen dela batez ere. “1988” eta “1997” izeneko ataletan garai haietako erreferentzien zerrendatze bat egin duzu, zinez ematen du haietan ez dela “ezer” falta: musika taldeak, telebistako saioak, jarrerak, arropak, parrandarako ohiturak... Agian 80eko hamarkadako testuingurua ezagunagoa zaigu, 90eko hamarkadako euskal gazteen historia berriz oraindik kontatzeke dagoen zerbait da?

Laurogeigarren hamarkadaren hasieran Euskal Herrian jaiotakoon belaunaldiko zirriborro bat egiten da nobelan. Garaiko euskal gazte asko irudika ditzake, baina erretratu partzial eta osatugabea da, azalekoa, pertsonaia nagusia eta bere ingurukoak “gu”tzat hartuta eginikoa. Nire ustez kontatzeko asko dago garai haren eta orduko euskal gaztediaren inguruan, eta orduan ume ginenon ikuspegia gutxi landu da oraindik.

Orduko gazteen gaurko izaerari ere erreparatzen zaio, adibidez, “2012” atalean: “Gure kezken artean poltsikoa gailentzen zitzaion politikari, erosotasuna koherentzia ideologikoari, beharra gogoari”. Edozein garaietako gazte batek “heldu” egiterakoan egingo lukeen gogoeta da hori (demagun, 68eko maiatzeko belaunaldikoek)? edo zehazki 80-90eko hamarkadetako gazteei dagokien zerbait?

Heldutasunera edo dena delakora iristean gure gurasoei gertaturikoa guri ere gertatzen ari zaigula aditzera eman nahi nuen baieztapen horrekin. Hala ere, bere ezkortasunean baikorregia eta guzti iruditzen zait, politika, koherentzia ideologikoa eta gauzak aldatzeko gogoa gutako gehiengoarentzat noizbait garrantzitsuak izan zirela esan nahiko bailuke, eta, nire ustez, zoritxarrez ez da hala izan. Gizarte nahasi batean haztea egokitu zaigu, asko erabat politizatu eta konprometitu beste asko sorgortu eta apolitizatu gaituen gatazka baten erdian, globalizazio neoliberalaren garaian, kapitalismoa gainerako ideologia guztiei gailendu zaie gure muturren aurrean gu ia konturatu ere egin gabe… sekulako kaka-nahastea bizi izan duen belaunaldia gara. Friends telesaileko edo Crónicas Marcianas programako azken saioaz askoz ere gehiago hitz egiten zen politikaz baino nik ezagututako unibertsitate giroan, EHUn, 1998an. Nola gauden gaur egun orduko gazteak? Nobela asko beharko dira egoera behar bezala deskribatzeko.

Eta musika. 90eko hamarkadan euskal musikak eragin handia izan zuen, eragin handiko talde askok egin zuten bere ibilbidea. Zer nolako paisaia marrazten dute musika erreferentziek liburu honetan?

Musikak sekulako ahalmen iradokitzailea dauka; une, pertsona eta gertaera zehatzak gogora ekartzen dizkigu, askok kantetako letretan gertatzen ari zitzaiguna eta inguratzen gintuen errealitatea ulertzeko bideak topatu izan ditugu, lelo batzuk bizitzako lema bihurtu zaizkigu, musika sozializatzeko modua izan da guretzat… Liburuko musika erreferentziek pertsonaia nagusiaren bizitzako soinu-banda marrazten dute, berak bizitako herri eta garaiarena.

Poeta madarikatuak: buru-gaixotasunak eta mendekotasunak gidaturiko bizitza hautsiak izan zituzten gizon eta emakumezkoak, bizi zuten sufrimenduaren neurriko poesia mingarri eta indartsua idatzi zutenak, inguruan zeukaten munduaren eta beraien barne-mundu gatazkatsuaren artean harrapatuta. Inspirazio-iturri bihurtu zitzaizkizun. Eta eredu.” (168) Idazletza, poesiagintza da beste azpigai bat, sarritan azaleratzen dena liburuan. Poeta malditoak, malditismoa, protagonistak miresten ditu, edo baita zeuk ere?

Ezagutzen dudan norbait poesia idazten hasi zen barrukoa askatu eta sendatzen saiatzeko, eta haren bitartez sakondu nuen buruko gaitzek eta poesiak osatutako binomioan. Horrela deskubritu nituen malditismoa, poeta suizidak eta poesia konfesionala; hor azaldu ziren garai eta munduko txoko ezberdinetako gizon-emakumeak, izenez ezagunak bai, baina guztiz ezezagunak zitzaizkidanak: Charles Baudelaire, Leopoldo María Panero, Alejandra Pizarnik, Alfonsina Storni, Sylvia Plath, Anne Sexton… unibertso oso bat, oraindik poliki-poliki esploratzen ari naizena. Zenbat eta gehiago irakurri, orduan eta gehiago miresten ditut.

Nobela argitaratzean zenbait gauza hor betiko idatzita geldituko direla pentsatzea ezin dut burutik aldendu. Nik ez dut galdu nahi iritziz aldatzeko aukera, eta argitaratzen bada, ez da atzerabiderik egongo”. (202) irakurri daiteke liburuaren momentu batean. Zeuk ere, izan duzu beldur hori?

Nik beldur asko izan ditut, eta hori ziurrenik uneren batean ere bai, baina aurre egin diot. Edozein modutan, bidezkoa eta oso ulergarria iruditzen zait halako beldurrak izatea idazten duen jendeak.

Bakardade sentsazio handia dago liburuko pertsonaiengan. Badirudi zaila dela psikiatrikotik ateratakoen bakardadea apurtzea, mundu ezberdinen arteko mugak deuseztatzea, humanitate minimo bat gailentzea bakardade horri. Elkartzen ez diren mundu paraleloz osatzen da egunero kalean ikusten dugu mundu ustez bakar hori (psikiatriko/ez psikiatriko, erdal/euskal, bertako-etorkin, gizon-emakume dikotomia ustez berdinzaleak...)? Nola apurtu mundu paralelo horien arteko mugak, apurtzea merezi izanez gero?

Polarizatutako eta azpimunduz betetako gizartean bizi gara, baina ez dut uste mundu horiek guztiz paraleloak direnik; intersekzio ugari dituzte eta etengabean ari dira nahasten. Pertsona asko kokatzen gara ustez dikotomikoak diren aurkako mundu horien erdian, bietako parte garelarik, eta horrek haien arteko mugak lausotzen laguntzen du. Mugak apurtzeko bururatzen zaidan modu bakarra saiatzea da: aurreiritziak alboratzen saiatzea, enpatia garatzen saiatzea, ezberdina den horrengana hurbiltzen saiatzea…

Adiskidetasunari buruzko liburu bat da hauxe, hori izan daiteke bakardadearentzat helduleku bat?

Dudarik gabe. Bakardadeari aurre egiteko helduleku bat eta bizitzeko guztiz beharrezkoa, nire ustez.

Amaitzeko, sormenari dagokionez zer proiektu duzu, edo gustatuko litzaizuke edukitzea, epe ertain edo luzera?

Epe laburrean “Biziki” izeneko proiektu batera bideratuko ditut nire talentu eta sorkuntza-indar apurrak, eta Elgoibarko Barren astekarian kolaboratzen jarraituko dut, “Hitz eta klik” atalean hilean behin testu labur bat argitaratzen. Epe ertain eta luzera ezin jakin, baina oraingoz behintzat ikasten eta idazten jarraitzeko asmoa daukat, eta erronka berriei aurre egiteko gogotsu nago.

ENTZUN 'Irakurrieran' saioan egindako elkarrizketa:

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)