Elkarrizketak

Urt Zubiaurreri elkarrizketa

Izenik gabeko lurrak ipuin liburua plazaratu duOstirala, 2016-07-22

Azken urteotan sari batzuk eskuratu ditu, baina hauxe da argitara eman duen lehen liburua: Izenik gabeko lurrak (Erein). "Peña Santiago idazle eta bidaiariak maiz aipatzen zuen gure mendiek ezkutatzen zuten giza geografia, eta nik giro hori probestu dut ipuin batzuetan".

Urt Zubiaurreri elkarrizketa

Orain irten zara plazara. Baina idatzi, aspalditik idazten duzu, eta hainbat sari jasotakoa zara. Hein handi batean, sariek egin dute idazlea, ezta? Eta sariek ekarri dute liburua.

Sariek idazlea egin duten ez dakit, baina bai liburua osatzen asko lagundu didatela. Ipuinak idazten hasi nintzenetik bidali izan ditut sarietara, niretzat garrantzitsua baitzen senide eta lagunetatik kanpo iritzirik edo onarpenik jasotzea. Hasierako bolada luzean ez nuen saririk jaso, ipuinak oso kaxkarrak ziren, askotan euskara ulergaitz eta barroko batean eginak. Gero, urteen poderioz, gero eta ipuin txukunagoak idazten hasi nintzen, eta orduan heldu ziren lehenengo sariak. Hauspo izugarria izan zen hori niretzat. “Hauek bai” esatea bezala.

Mendian galdu zinenekoa, bolada batean sentitu zenuen bizkarreko min hura, eskola atarian ikusitako solasaldi horrek eragindako jakinmina... Eguneroko martxan bizitako bulkada horiek behar dituzu idazteari ekiteko?

Eguneroko bizipenetan eta irakurkeketan sortzen zaizkit ipuinen abiapuntuak. Batzuetan gauza oso arruntak dira, baina atzean galdera mamitsuak dituztenak. Bizkarreko min batek sekulako hilabete txarrak ematen dizkizu, bizitza erabat baldintzatzen dizu, eta medikuetan ez duzu erantzunik lortzen. Eta bat-batean, joan egiten da mina. Ez dakizu nola etorri zen, ezta nola joan den ere, baina esplikazio bat eman behar diozu, hipotesi bat planteatu, nolabait esateko, oso zurea izango dena (nahiz klase horretako bizipenak beti guk uste baino ohikoagoak izan).

Liburuaren azken atalean aipatzen duzunez, Baztan eta Bortzirien artean dagoen Infernuko Errotan sortu zen ipuin hauen lehen printza. Txikitan entzundako pasadizo haiek zein neurritan egin dute Urt idazle?

Nik uste txikitako jakinminak bultzatu nauela idaztera. Gure etxean beti izan da kultur zaletasun handia, eta nik grina hori bizi izan dut haur nintzenetik (Denboren zeinua ipuinean islatzen da haurtzarotik datorren jakinmin hori). Bestalde, filosofia ikastera irakurzaletasunak eraman ninduen, baita beranduago historia ikastera ere. Nik uste idazteak txikitako grina hori lantzen lagundu didala, eta nire zaletasunekin gozatzeko beste modu bat ere eman didala: historiarekin, politikarekin, mendizaletasunarekin...

“Han (Infernuko Errotan) sumatu nuen kontakizun baten oinarrian dagoen fantastikotasuna eta miresmena”. Fantastikotasunerako joera, hain zuzen, ohikoa da ipuingintzan. Horregatik zara ipuingile eta ez nobelagile?

Ipuinzalea naiz, eta, ipuinaren baitan, literatura fantastikoa atsegin dut batez ere. Niretzat literaturaren gailurra dira Poe, Kafka, Buzzati edo Cortazarren ipuinak. Egia da behin baino gehiagotan baliatzen dudala fantastikotasuna, baina ez hasierako baldintza bat balitz bezala. Askotan ipuin batek ez du abiapuntuan deus fantastikorik, baina bidean zehar konturatzen naiz “amarru” hori erabili behar dudala; adibidez, norbaitek gauza jakin bat esan behar diola pertsonaia bati, eta gauza jakin hori soilik otso batek esan diezaiokeela. Eta ez dut bi aldiz pentsatzen. Fantastikotasuna tresna bat da erraminta-kaxan.

Araotz, Otzaurte... Mendia, baserri giroa da hain zuzen ipuin batzuen testuingurua. Txikitako aurrekari hori ez ezik, zure mendizaletasunak eraginda akaso?

Liburuko ipuinen ia erdiak mendian gertatzen dira, eta mendian gertatzen dira kontatzen dena mendian pasa zaidalako. Niretzat eremu berezia da mendia. Basoek, lepoek edo bideek istorio ugari dute atzean, ez baitira natura puska hutsak, baizik eta duela mende askotik jendearen pasabide izan direnak, gertakari askoren guneak. Peña Santiago idazle eta bidaiariak maiz aipatzen zuen gure mendiek ezkutatzen zuten “giza geografia”, eta nik giro hori probestu dut ipuin batzuetan.

Ibiltariarenak ere badira ipuinotan azaltzen zaizkigun hainbat kontu. Ibiltaria izan daiteke bidaiari edo sasi-bidaiari (Aitzindaria ipuinean). Ibiltaria izan daiteke mugalari (Mugaz bestaldera kontakizunean). Iradokizunaren jokoa da ipuin hauen bidez proposatu diguzuna, ezta?

Bai. Eta mugako pertsonaiak (ibiltariak, espioiak, mugalariak, aitzindariak) asko laguntzen dute iradokizun horretan. Bizitzan ditugun zalantzak, bidegurutzeak, asmoak edo porrotak azaleratzeko. Traizioak, ametsak, sakrifizioak… Mugako pertsonaiek nortasunari eta bizitzaren aurreko jarrerari buruzko arazoak proposatzen dizkigute. Beste testuinguru batean gertatzen dira, noski, baina funtsean gure zalantza berberak dituzte.

Ibiltariaren ahalegin antzekoa egin behar du irakurleak. Ipuin askotan, idazleak zabaldu duen bidea irakurleak amaitu behar duelako. Teknika hori durduzagarria izan ohi da irakurlearentzat. Nago elipsiarena errazago onartzen zela beste garai batean.

Ez dakit gaur egun zenbateraino onartzen den, baina nahiago izaten dut gutxiegi kontatu gehiegi kontatu baino. Datu historiko batzuk ez ditut aipatu, eta sarritan ez dago pista handirik ipuinean “gertatzen” dena jakiteko. Ez da joera bat bakarrik. Niretzat zintzotasun kontu bat ere bada. Hasierako abiapuntuak eta galderek hainbeste zalantza eragin badidate, eta galdera eta kezka horiek konpondu ez baditut, nola itxiko diot bidea irakurleari?

Ipuin gehienen amaiera irekia da. Joseba Sarrionandiaren Hnuy illa nyha majah yahoo (Elkar, 1995) liburuko pasarte bat datorkit burura: ipuin kontalariak entzuleei galdetzen dienean zer irudituko litzaiekeen inork intxaur bat mastekatuta eskainiko balie, eta denek "gaizki!" erantzun zutenekoa. 

Bai. Sarrionandiaren pasartean bezala, niri ez zaizkit liburu mastekatuak gustatzen. Liburu batek, nire ustez, lortu behar du iradokitzailea izatea, plano desberdinak izatea. Eta barne-eztabaida sortzea idazlearen eta irakurlearen artean. Badakit arrisku bat badagoela, eta agian irakurleren bati gehiegizko ahalegina edo hutsunea irudituko zaiola. Baina nahiago dut arrisku hori hartu kontrakoa baino.

1716, Dresden 1945... Garai ezberdinetan kokatu dituzu ipuinak. Eta testuinguru ezberdinetan. Baina bada denboran atzera egiteko joera, ezta? Erakargarriago zaizkizu iraganeko pasadizoak?

Ipuin batzuetan planteatzen diren bidaiak denboran zehar eginikoak dira. Niretzat garai historiko garrantzitsuak direnak islatzeko erabili ditut ipuin jakin batzuk. Ez soilik erakargarriago egiten zaizkidalako garai horiek –Afrikako kolonialismoaren garaia Aitzindarian edo Komunismoaren amaiera Galerak ipuinean-, batez ere, garai horietan gu geu garena baldintzatu duten prozesuak ipini zirelako abian. Ipuin horietan ahalegin bat badago, prozesu historikoak muin-muinetik ulertzeko saio bat.

Ohian beltzeko sagarra, Dresden 1945... Alemanian, Bigarren Mundu Gerraren akaberan kokatu ditzakegu. 

Aurrekoari lotuz, baldin bada garai bat gure ispilu bilakatu dena, Bigarren Mundu Gerra eta Nazismoaren garaia da. Gizaki garen neurrian, galderaz betetako garaia da denontzat: nola iritsi ginen sekula gertatu behar ez zuten gauzak egitera? Edo, Oihan Beltzeko sagarrak ipuinean, nola iristen da norbait, gizarte oso bat, sekula mirestu behar ez diren pertsonak mirestera eta gurtzera?

"Ipuin batzuk dokumentazio lanak eraginda sortu dira"

Beraz, ipuin hauek idazteko, dokumentazio lan handia egin behar izan duzu.

Gauza arraro bat gertatu zait. Ipuin batzuk dokumentazio lanak eraginda sortu dira. Historiako liburuetan eta filosofiako liburuetan, maiz, pertsonaia jakin baten datu biografiko bat botatzen zuten irristaka, baina gero datu edo pasarte hori bazterrera geratzen zen. Nik jakin nahi nuen zer gertatu zitzaien pertsona horiei –Heideggerri, adibidez, izan zuen depresio laburrean– une bitxi horretan. Hortik sortu zen Oihan Beltzeko sagarrak. Eta 1716 ipuina ere antzeko moduan jaio zen. Dokumentazioak ezkutatzen zuena literaturak eta irudimenak soilik atera dezakeelako itzaletik.

Heriotza –edo balizko heriotzaren sugestioa– maiz agertzen da zure ipuinetan. Bizitzaren ondorengoak edo heriotzaren misterioak kezkatzen al zaitu?

Bai, heriotzaren gaia ipuin askotan agertzen da. Batzuetan ageri-agerian eta besteetan teloiaren atzetik. Nik uste, bizitzaren ondorengoak baino, bizitza beraren misterioak kezkatzen nauela. Heriotzari buruzko gogoetak, ipuinetan, bizitzari buruzko gogoetak dira: nola lortu lasaitasuna; beti zamatzen dituzun kezkei ihes egitea; maite dituzun pertsonak ahalik eta gutxien traizionatzea…  Hau da, heriotza heltzean gauzak ongi daudela pentsatzea. Hori da niretzat misteriorik handiena.

Azken ipuinetan, bereziki, heriotzaren gaia dabil hegan. Hala ere, ez dut uste ipuin horiek kutsu existentzialista handirik dutenik. Alderantziz. Tonua jolastia dela esango nuke. Eta horrek liburu osorako balio dezake, ezta?

Bai, hala da. Aurreko galdera eta kezka sakon horiek modu jolastian plazaratu behar nituen, ez nuelako inola ere ipuin moralegirik edo zurrunegirik idatzi nahi. Horretan literatura fantastikoak asko laguntzen du. Galderak serioak dira; baina erantzunak, gehienak behintzat, jolasez eta amarruz beteak. Eta irakurlearentzat ere hala behar zuten  izan (nahiz lagunen batek “sadiko” samarra naizela esan didan).

Ipuinak, ahalik eta anitzenak

Idazkera estiloa ere nabarmentzekoa bada. Ez da berbera ipuin denetan. Zer kontatzen den bezain garrantzitsua da nola kontatzen den. Prentsaurrekoan aipatu zenuen: idazkeran ere badagoela ahalegin bat.

Ahalegina zen ipuinak ahalik eta anitzenak izan zitezela. Ipuin bakoitzak gauzak bere kabuz eta bere erara konta zitzala. Ez da gauza erraza niretzat, euskara ez baitut nik nahi bezain beste menperatzen. Esamolde aberastasun gehiago izango banu, berez emango nioke ipuin bakoitzari behar duen berezitasuna. Horregatik, muga hori dudalako, ipuin batetik bestera hainbat gauza aldatzen saiatu naiz: narratzailearen ikuspuntua, neurria... Eta euskalkiaren erabilerak ere horretan lagundu dit. Ipuinak bereizteaz aparte, tresna bikaina da giroa eta atmosfera kokatzeko, “bertako” pertsonaiak eta arrotzak desberdintzeko…

Ipuingintzan, ibilbide luzeko idazleak ditugu hemen. Joseba Sarrionandia, Bernardo Atxaga, Iban Zaldua... Zure gogokoen artean al dira? Zein da gertuen sentitzen duzuna?

Atxaga eta Zaldua gogoko idazleak baino gehiago dira niretzat. Kasik etengabeko presentzia bat direla esango nuke.

Duela gutxi, urte askoren buruan, berriz irakurri ditut Obabakoak liburuko ipuinak, eta segituan jabetu naiz Araotz ipuina ezin izango nuela idatzi Camilo Lizardiren ipuina irakurri izan ez banu.

Iban Zalduaren presentzia ere halakoxea da, lehen aipatzen zenuen tonu jolasti hori daukalako, sadikoa, fantastikoa, ausarta, irakurlearen psikologia behin eta berriz kolpatzen duena. Bi horiek eta Jon Mirande dira euskarazko ipuingintzan niretzat presentziarik idartsuenak.

Eta beste bi izen ere botako nituzke, duela gutxiko deskubrimenduak izan direnak. Alde batetik, berandu irakurri dudan klasiko bat: Inazio Mujika Iraolaren Azukrea belazeetan. Eta bestetik, ipuin motzen oso zalea naizenez, Ana Malagonen ipuin-liburua. Biak dira dinamitaz betetako liburuak.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)