Elkarrizketak

“Zahartzaroa beti negatibotzat hartzea gauzak sinplifikatzea da”

Ostirala, 2019-12-13

Bigarren poema-liburua argitaratu du berriki Mari Luz Estebanek. Aurrekoa bezala, Pamielarekin kaleratu du, eta, aurrekoak bezala, izenburu deigarria du: Andrezaharraren manifestua. Autorearen esanetan, zahartzaroaren inguruan hitz egiteko gonbidapen bat da.

“Zahartzaroa beti negatibotzat hartzea gauzak sinplifikatzea da”

2017ko ekainean Basauriko Marienean egin zenuten mintegi bat omen dago liburu honen sorburuan –“Konplexurik gabe. Nola jarri zahartzaroa agenda feministan”–. Hori baino lehen ez zeneukan zahartzaroari buruzko kezkarik?

Bai, bai, baneukan, noski. Gainera baditut lagunak ni baino zaharragoak. Baina 2017an Marienean gure kabuz elkartu ginen, gai batzuren inguruan hitz egiteko, egin genuen ideia zaparrada bat, eta oso ondo atera zen. Hor erabaki nuen zerbait egitea. Ondoren eman nituen hiru edo lau hitzaldi, eta ideiak ordenatzen hasi nintzen. Nik uste dut 2017-18 ikasturtean hasi nintzela zatiak ikusten.

Abiapuntu bat izan zen, beraz.

Ikusi nuen bazegoela kezka bat gaiaren inguruan. Neure kezka da gaia feminismoan eta gizartean zabaldu behar dela. Liburu hau gonbidapen bat da, gaiaz hitz egiteko.

Horixe biltzen du liburuaren hasieran bildu duzun aipuetako batek. Anna Freixasek dio: “Irtenbide bakarra hitz egitea da”.

Bai, hori da ideia: hitz egin dezagun honetaz. Horretaz gainera, beste bi aipu bildu ditut [Idurre Eskisabelena bata eta Virginia Woolfena bestea], zeren egon daitezke proposamen gehiago edo modu gehiago. Jende gehiago ari da honetaz pentsatzen.

Amaieran, adibidez, erreferentzia bibliografikoak bildu dituzu.

Poema-liburuetan ez dira sartzen honelako gauzak, nik hemen badaukat zera akademiko bat. Lehenengo poema-liburuan ere saiatu nintzen oin-oharrak ipintzen, baina editoreak esan zidan ezetz, eta horrekin ados, baina oraingo honetan erreferentzia bibliografikoak behintzat sartu ditugu zeren batetik informazioa ematen da eta bestetik nik erabili ditudan iturriak dira. Erakutsi nahi nuen den-dena ez dela nirea.

Hiru atal ditu liburuak. Lehengoan, zahartzaroaz hitz egiten da oraindik norberak bizi ez duenean.

Bai, atal horretan berreskuratu ditut txikitan eta nerabetan oroitzen nituen emakume zahar esanguratsuak. Nik nola ikusten nuen jende zaharra, zer garrantzia eta zer presentzia izan duten nire bizitzan. Konturatu naiz ez neuzkala hainbeste erreferente, eta adierazgarria da hori ere.

Atalaren hasieran diozu: “Iragana egurastu behar da / etorkizunak arnasa har dezan”. Ondoren, hainbat emakume ekartzen dituzu gogora, tartean, birrotxak.

Horrekin esan nahi dut bi gauza egin behar direla: berrirakurri behar dira bizitza horiek, ze halako elkarrizketa informaletan esaten da, nire izeko ez zen ezkondu, baina sozialki ez dugu hori dena berrirakurri eta iruditzen zait funtsezkoa. Emakume horiek hala hautatu zutelako edo beste hainbat faktorerengatik geratu ziren bikote barik edo bizi ziren lagunekin, edo ahizpekin edo familiarekin, eta kontuan hartu behar da. Gaur egun elkarbizitzaz hitz egiten dugu, baina ez dugu aurreko horiekin egiten lotura.

Iraganean modu batera interpretatu denak, beranduago, eredu bezala balio dezake.

Gogoratzen naiz zelako beldurra, edo misterio-beldurra zegoen bi emakume horiekiko [birrotxak], eta emakume horiek ziren bi ahizpa. Orduan izan da norberaren historia berrirakurtzea. Gero konturatzen zara nire bizitzan izan direla ezkongabe batzuk, ez da kasualitatea izango.

Memoria ariketa bat egin duzu, beraz?

Bai, eta saiatu naiz hori kontatzen ahal izan dudan moduan, inpresioen bidez-eta. Gauza batzuk berreskuratu ditut, adibidez nire birramona Isabelen historia. Pixka bat gehiago sakondu behar dut historia horretan, baina gertatzen dena da nire ama eta nire amaren neba-arrebak ez daudela jada bizirik, bakarrik dago lehengusu bat oso zaharra dena. Berak esan zidan La Recrista deitzen ziotela.

Zer zuen berezia?

Nire amak askotan aipatzen zuen Isabel hau, bera baitzen gainera euskalduna zen bakarra nire amaren familian, eta beti esaten zuen gaiztoa zela. Orain konturatu naiz gu txundituta geundela harekin, lilura-puntu bat bazegoela: begira, emakume bat gaiztoa.

Bigarren partean, norbera zahartzen hasten deneko prozesua agertzen zaigu. Hala diozu Aurkikuntza poeman: “baina zahartzaroa bada / erakarriko gaituzten / gauza berrien aurkikuntza ere”.

Poema hori Jorge Riechmannen aipu batekin hasten da, eta niri gustatzen zait Riechmann, baina dioen horrekin ez nago guztiz ados. [zahartu egiten gara / gupidatsuki / erdietsi ezin ditugun gauzak / ez gaituzte erakartzen jada]. Egia da esaten duena, baina badaude gauza gehiago, sinplifikatzen ari gara esaten dugunean zahartzaroa beti dela negatiboa. Nik argi daukat emakume zahar batzuek, adibidez, eta gizonek ere bai, daukatela presentzia bat gaztetan eduki ez dutena, eta horretaz ez dugu hitz egiten. Poeman aipatzen ditudan gauzak dira zimur bat, ile urdin bat… Guretzat beti negatiboak direnak, baina izan daitezke gauza oso perfektuak zentzu estetikoan.

Nolanahi ere, hirugarren atalak biltzen du liburuaren mamia: Andrezaharren manifestua du izena poema luze horrek. Hasieratik eduki zenuen garbi manifestu bat egin nahi zenuela

Nahiko arin erabaki nuen, zahartzaroaren gaiaz hitz egiteko poema-liburu bat egin nahi nuela, eta ez artikulu bat edo liburuxka bat. Agian inoiz egingo dut halako bat, baina hori baino lehen nahi nuen beste zerbait egin. Eta manifestuaren ideia, ez da izan erraza erabakitzea nola egin, baina ideia eduki baneukan.

Manifestu bat zer den, halaxe definitzen duzu: “manifestu bat da / zure garaiaren eta zure gizartearen / Arrazoiaren aurka idaztea / leiho bat zabaltzea etorkizunera”. Zein da gure garaiko eta gure gizarteko Arrazoia, zahartzaroaren harira?

Ba emakume zaharrak askoz ikusezinagoak direla, zahartzaroa beti gauza txartzat hartzen dela, heriotzarekin lotzen dugulako eta heriotza gainera zentzu batean. Zahartzaroaren inguruan dagoen ideologia hori guztia, nire ustez, pixka bat ankilosatua dago, zeren, gero, ez da erreala, nahiko gazte mantentzen gara, gaixotasunak badauden arren, baina ez dugu berritu iruditegi hori, eta horregatik diot gure garaiko Arrazoiaren kontra doala.

Manifestuarekin batera sortu duzu figura bat ere: Andrezaharra. Nor da?

Planteatu dut figura poetiko-politiko bezala, baina nik uste dut existitu existitzen dela; nahiz eta, era berean, anizkoitza izan. Errealitate hori badago eta atera behar diogu etekin bitala eta politikoa. Horretarako aitortu behar diogu gure buruari, zaharrak izango garela, “gu oraindik ez gara zaharrak” horretan kateatzen baldin bagara, ez gara prest egongo honetaz lasai hitz egiteko.

Andrezaharraren galdera: ez al dago sexualitatea gainbaloratuegia?

Ba hau da gauza bat ateratzen dena emakume zaharrekin hitz egiten duzunean, eta galdera pertinentea iruditzen zait. Hemen eduki nuen borroka bat: nola eman garrantzia sexualitateari, adin horretan eta orokorrean, baina aldi berean nola planteatu beste galdera hau. Iruditzen zait zahartzaroan badagoela distantzia bat sexualitatearekiko eta iruditzen zait distantzia hori interesgarria dela.

Manifestuan ez ezik, beste poema batean ere aipatzen duzu sexualitatearen kontua, “Azal-grina” izeneko poeman hain zuzen ere.

Hiru lagunen arteko elkarrizketa aipatzen dut bertan, batetik ez delako hain ohikoa hitz egitea zure esperientziaz, eta bestetik esperientzia anitzak daudelako. Baina badaude emakume eta gizon asko jada harremanik ez daukatenak. Masturbazioaz ere ez da hitz egiten, baina ez da hitz egiten inon, dago tabu moduko bat, gure artean ere bai esango nuke, isiltasun bat sexualitatearen inguruan. Pelikuletan ere oso gutxitan agertzen dira pertsona zaharrak harremanak edukitzen, eta aldiz gazteak etxafero horiekin guztiekin. Zaharrak ikusten ditugunean ere, egin behar duzu ariketa bat normaltzeko.

Andrezaharrak dio: “Zahartzaroan adiskidetasuna inoiz bainoago familia, ahaidetasun, bizi-bermea”.

Hori argi neukan, fundamentala iruditzen zait balizko andrezahar baten manifestuan. Andrezaharrak agian badauka bikotea, agian ez, baina lagunak guztiz dira funtsezkoak. Sarea fundamentala da. Nik uste dut oso argi daukagula hori orokorrean bizitzan, baina adin batetik aurrera, are eta gehiago.

Andrezaharrak dio: “Badakit heriotzak gai feminista izan behar lukeela, heriotza duina neure azken ekintza izango dela, neure azken kanpaina. Utz dezakedan testamenturik ederrena. Ondo bizitzearenaz gain, ondo hiltzeraren ideia sortuz eta landatuz. Garaiz hiltzearen artea jorratzen ikasi eta topa dezagun bizitzaren alde”.

Gai hau argi daukat. Ez dakit zein den heriotzaren teoria feminista, baina argi daukat Derecho a Morir Dignamente eta halako elkarteetan emakume gehiago dagoela gizona baino, eta nik uste emakumeon gaia badela maila batean. Argi daukat, bai baina zer da garaiz hiltzearen artea? Bueno, pentsa dezagun guztion artean. Ez luzatzea bizitza debalde. Nik azken urtean eduki ditut batzuk hil direnak eta sobratu zaie urtebete… Horretaz oso zaila da hitz egitea. Baina horretaz hitz egin behar da.

Iruditzen zait feminismoan gero eta emakume gehiagok hitz egingo dugula gai hauetaz, edo egingo dugula zerbait, zeren gainera guk zaintzen ditugu gaixoak. Eutanasia eta halako kontuak gero eta gehiago egongo dira gizartean eta espero dut feminismoak topatuko duela bere tokia. Eta momentu batean esan beharko dira gauzak ez direnak errazak entzuteko baina bai oso inportanteak.

Kasualitatea izan da, baina bateratsu irakurri ditut zure poema-liburua eta Jakin aldizkariko neguko zenbakian –Maitasuna politikoa da izenekoa– argitaratu duzun artikulua. Udan, izenburu bereko jardunaldietan eman zenuen hitzaldiaren idatzizko bertsioa da: Maitasuna erdigunetik kanpo. Maitasun-ideologia arrozteko dekalogoa. Bada loturarik zure lan poetiko eta akademikoen artean, ezta?

Niretzat lotuta daude, bai. Nahiz eta erregistro eta dimentsio diferenteak izan, nik beti esaten dut, inork interesa badauka nire lanari buruz, dena irakurri behar duela, bestela ez baitu ulertuko nire proiektua, proiektu bat egon bada, eta uste dut baietz. Kasu honetan kontatu nahi dudana, pentsatu nahi dudana, gonbidapen hori nola egin… iruditzen zitzaidan interesgarriagoa zela poesia-liburu bat egitea, gero ez dakit asmatu dudan ala ez, baina poesia egiten baduzu hausturatxo bat planteatzen duzu zure diskurtsoan, poesiak eramaten zaitu beste toki batera, eta igual beste leku batera eraman nahi nituen nire irakurleak.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)