Sinadurak

«Ez zait interesatzen Superman baten bizitza kontatzen duen ezer»

Ostirala, 2021-11-05

Profeten iruzurra (Maiatz) da Amaiur Epherren lehen literatur lana, eta artefaktu hibrido bezala aurkeztu du –antzerkia, poesia edota saiakera printzak ditu, gehien eleberrira hurbiltzen bada ere–. Idazlea Diabolo Kiwi taldeko gitarrista ere badenez, kontzertu baten aurretik harrapatu dugu, Zarautzen.

«Ez zait interesatzen Superman baten bizitza kontatzen duen ezer»

Nondik nora ekin zenion liburua idazteari?

Bordelen eta Madrilen artean egin nituen ikasketak, eta garai hartan idatzi nituen bi antzezlan –taularatu zirenak, nahiz eta taldeak gero handirik ez ukan–. Idazterakoan plazer hartzen nuenez, pentsatu nuen: zergatik ez segitu? Ipuinekin hasi nintzen, baina izorratu zitzaidan ordenagailua, eta dena galdu nuen. Edonola ere, ipuinetan agertzen zen beti pertsonaia bat izen ezberdinekin, ene alter ego moduko bat. Pertsonaia horrekin esploratu nahi nuen zerbait. Pixka bat berantago beste ipuin bat idatzi nuen, joko bat zeukana egunkari ezkutua atxikitzen zuenaren eta egunkari hori komentatzen zuen narratzailearen artean. Kontakizun horrek osatzen du hirugarren kapitulua, pixka bat berezia dena, eta hortik sortu zen Alexander pertsonaia. Arras moldatu dut, hala ere.

Hirugarren kapitulu hori lehen pertsonan idatzita dago, eta amaieran berriz itzultzen zara ahots horretara. Gainontzekoa, hirugarren pertsonan. Nobelan egin dituzun hautu asko ez dira batere konbentzionalak.

Kritika gutxi atera dira, baina Ibon Egañak Deian halako zerbait aipatzen zuen: Atrebentziarekin jarri zion titulua, eta aipatzen zuen ausardia zenbait ikusten zuela narratzaile aldaketan-eta, nobela klasiko batetik biziki urrun dela, eta kodeak ez zituela segidan harrapatu –azkenean ez baitu koderik–. Beti azpimarratzen dut fikziozko lana dela, baina literatur genero arrunt desberdinak nahasten dituela –antzerki zatiak, prentsa artikuluak, artikulu zientifikoak, poesia, itzulpenak, plagioa–. Azken batean, formarekin jokatu nahi izan dut. Istorioan baino, pertsonaian ezartzen dut fokua. Bere gogoetak aski puskatuak dira, ez beti koherenteak, eta genero ezberdinak nahastuz nobelaren biribiltasunetik ateratzen da –borobiltzea lan gehiago izanen zen (barrez)–.

Nolatan eman zenuen formatu hibrido honetarako jauzia, ordenagailuko ipuinak galdu ondotik?

Pentsatzen bainuen pertsonaia aski sendoa nuela, eta ez baitezpada istorio handirik kontatzeko. Pertsonaia ongi ulertzeko –alter egoa aipatu baitut– komeni da jakitea ukan nuela gradu bat Administrazio Publiko edo Zientzia Politikoetan Madrilen, eta gero Masterra Bordelen. Frantzian Zientzia Politikoak ez dira unibertsitatean egiten, prestigio handiko eskola berezi batzuetan baizik. Prestigio horrek asko eramaten ditu Parisen lan egitera. Edo lagun anitz baditut Bruselako europar instituzioetan lan egiten dutenak. Ene curriculuma binazionala zen, baina nik aski argi nuen Euskal Herrian nahi nuela lan egin. Azken batean, iragan nituen bospasei urte kanpoan ikasten, asteburuetan etxera itzultzeko aukerarik gabe. Beste giro batzuetan ibiltzen nintzen, beste lagun batzuekin, eta lagun horiekin partekatu irakurketetatik ere heldu da liburu hau. Frantsesa izan banintz ene ibilbide naturala izanen zen gero Parisen lan egitea, baina ez naizenez frantsesa, itzuli naiz ene ama hizkuntza edo herriagatiko loturagatik. Aski argi nuen hautu hori. Baina beste gisa batez segitu banu zer gertatuko zen ikusi nahi nuen. Eta hori da liburuaren abiapuntua. Alexander ez doa Parisera, metropoli ertain batera baizik...

Ez da zehazten zein den metropoli hori.

Ez, luzaz duda ukan dut ea Bordele jarri ala ez, baina azkenean ez nuen zehaztu. Izan daiteke Bordele, Tolosa… Aski hiri handiak dira, baina Europa mailan metropoli ertainak, Bilbo bezala. Protagonista gelditzen da estudiante garaiko lagunik gabe, erabat isolaturik, bizi sozial eta sexual biziki pobrearekin. Hori irudikatzen nuen.

Alexander administrazio publikoko artxibategi batean dabil lanean. Lan nahiko grisa dauka, baina era berean kezka intelektual handiak ditu, eta askotariko gogoetak tartekatzen dira istorioan zehar estilo librearen bidez, digresio etengabean. Narratzaile mota hori hautu kontzientea izan al da?

Lehendabizi lehen hiru kapituluak idatzi nituen, eta garai hartan Michel Houellebecq eta Emmanuel Carrère irakurtzen nituen batez ere. Carrère autofikzioarekin lotzen da, eta Houellebecqen fikzioak ere asko du beretik. Zein narratzaile erabili? Pentsatzen dut bi horiek egin zutela gogoeta ene ordez. Bestalde, badira erranaldi batzuk aski enfatikoak: gauza bat hala da edo ez da hala. Batzuetan ematen du narratzailetik at idazlea bera dela bustitzen, eta horregatik atzematen nuen hirugarren pertsona egokia izan ahal zela. Hori bai, autofikzioarekin jostatzen naiz batzuetan, baina ez osoki ere. Joko bat da gehiago. Nahi nuen hastapeneko bi idazle horien eraginetatik abiatuz beste norabait ateratzea. Baina bai, Alexander biziki houellebecqiarra da, munduan ez du aterabide handirik ikusten. Etsipenetik pixka bat urrundu nahi nuen nik. Houellebecqek etsipenarekin egiten du komertzioa, baina euskaraz ezin da komertziorik egin.

Etsipenarekin, edo oro har?

(Barrez) Hertzainakek esaten bazuen Euskadin rockanrollak ez duela dirurik emanen, Iparraldeko batek idatzitako zerbaitek ez dut pentsatu ere egin nahi. Halere uste dut ironia hor dela, etsipenetik ateratzeko. Pertsonaiaz trufatzen ari naizelarik nitaz trufatzen naiz, eta gutaz, eta uste dut on anitz ekartzen duela tonu horrek, ironiak, gure buruaz trufatzeak. Beharrezkoa dugu.

Tonu ironiko horrek kontrapisu funtzioa egiten duela iruditu zait. Protagonistaren gogoeta intelektualei patetikotasun bat eransten die, nolabait.

Uste dut Alexanderrek ez duela bere burua profeta gisa ikusten. Une batez erraten du eta idatziz kalitatea duen arren, ahozko eztabaidetan atxikitzeko nekea izaten duela, idazterakoan hobeki kontrolatzen ahal duelako erraten dena. Bere indarrez eta ahuleziez aski kontziente da, eta ez du sinesten profeta bat izan daitekeenik –eta baldin bada eta jendeak segitzen badu ere, hark argi du ez lukeela inor segituko–.

Patetikotasun hori eramaten duzu sexu eszenetara ere.

Pornografia lotzen dugu haragiarekin, baina liburuko sexu eszenetan erakutsi nahi izan dut protagonistari burutik pasatzen zaiona: nola egoerak momentuan bertan ez dituen ulertzen, dudak agertzen zaizkion, gauzak nola interpretatu behar dituen ametsetan… Philip Rothek badu liburu biziki gordina: Sabbath's Theater. Eta beste bat ere bai, Portnoy's Complaint, 60ko hamarkadan oso ezagun egin zena, eta oso desberdina bere amaierako obrekin alderatuz. Bi liburuok gustatu zitzaizkidan alde horretatik: Rothek bazituen homo hegemonicusetik urrun kokatzen ziren eszena sexualak –bestela ere, literaturan ez zait interesatzen Superman baten bizitza kontatzen duen ezer–. Gure belaunaldian, aurrekoekin alderatuz, feminismoa sartu da indarrez, gauza batzuk barneratu ditugu, hitz egiten da maskulinitate berriez… Eta uste dut protagonista gizonezkoa izanik ere, posible dela pertsonaia interesgarriak sortzea, perfekziotik urrun direnak, beren kontraesanekin eta ahuleziekin bizi direnak. Sexualitatearen esparrura ekarri nahi nituen ahulezia horiek ere.

Dena dela, Alexanderrek erakusten du bizi-gogo bat ere. Etsipenaren erdian, zerbaiti heldu nahian dabil: gehiago irakurri, idatzi, ikasi, ikusi, entzun, sinetsi...

Bai, biziki buruargia da, oso kontziente da bere egoeraz. Ohartzen da gauzen galtzen ari dela, eta bere eskuetan hartu nahi du bizia. Porrot egindako saiakeren ondotik ere sinesten du saiatzen tematu behar duela. Antzerkiaren zatian aipatzen du: iraultzarena ilusio bat izaten ahal da, baina horrek ez du erran nahi ez denik iraultza desiratu behar. Esaterako, borroka armatua bukatuta ere, ikusi azken urteotan ze presio polizial biltzen den edozein mugimendurekin… izan Katalunian, izan Frantzian jaka horiekin, sekulako zafraldiak biltzen dituzte indar errepresiboen partetik. Baina horrek ez ditu baliogabetzen mugimendu horiek. Halako mugimenduek sarri porrot egiten badute ere, beti irabazten da zerbait, bederen oraindik bizirik garela frogatzeko bada ere. Pesimismoan bada zerbait positiboa. Bestela, biziki lanjerosa bilaka daiteke dena erlatibizatzea. Eta uste dut Alexanderrek lortzen duela erlatibismotik aldentzea…

Narratzaileak aipatzen ditu Roth, Kundera, Adorno, baina baita Atxaga, Saizarbitoria, Alberdi, Uribe… Idazle, pentsalari eta bestelako erreferentziez josita dago liburua. Arriskurik izan zezakeen horrek, baina iruditu zait narratzailearen ahotsak ondo salbatzen duela. 

Bi irakurketa izaten ahal ditu liburuak: erreferentziak ezagutzen badira gozatzen ahal da beste manera batez, eta ezagutzen ez badira, pentsatzen ahal da background bat sortzen laguntzen dutela, pertsonaiaren eraikuntzari laguntzeko. Anitzek esan didate: «Hastapenean erreferentzien bila aritu behar izan dut, baina gero akitu naiz eta besterik gabe bururaino irakurri dut». Uste dut irakurtzen ahal dela liburu hau erreferentzien preso egon gabe, pentsatuz hor direla protagonista beztitzeko: tipo hori kultua da, edo kultuarena egiten du. Oso joera pertsonala dut, edonola ere: irakurtzen ditudan erreferentziak biziki untsa atxikitzen ditut. Eguneroko bizian ere gauza asko lotzen ditut erreferentzia horiekin: ez ditut beti ahotik botatzen –lagun anitz galduko nituzke bestela–, baina idatziak hori baimentzen dit. Ez du erran nahi kontzeptuak ongi menperatzen ditudanik. Ez dakit gai naizen liburuko zenbait ideia eztabaida luze batean atxikitzeko. Baina aski naturalki lotzen ditut gauzak, ideia batek bestea ekartzen dit, eta, liburuan ere, ez denez suspense handirik, iruditu zitzaidan ez zuela narrazioa hainbeste trabatzen.

Trama minimoa da. Alexander artxibategian lanean dabil, aita hiltzen zaio, eta orduan erabakitzen du hiritik alde egitea. Gurutzatzen zaizkio Erasmus garaiko oroitzapenak, orduan ezagututako neska madrildar batekin jartzen da berriro harremanetan, eta haren bila abiatzen da –eta porrot egiten du berriro–. Gogoetek eta digresioek halako pisua hartzen dutenez, sarri trama jarraitzeak esfortzu handia eskatzen du.

[Barrez] Izan daiteke. Baina porrot baten istorioa da, bai. Atzematen nuen protagonistaren galtzaile aire horrek bere gogoetak hobeki azpimarratzeko balio zuela. Zinez etsigarria da, ez genuke bere egoeran egon nahi, baina patetikotasunak baimentzen zidan trufa, irria, eta arintasuna.

Egungo eztabaida asko ageri dira liburuan. Esaterako, kulturak betetzen duen funtzioari buruzkoa. Protagonistaren ikuspegitik, kultura ez da gai diskurtso dominanteari kritika zorrotza egiteko, eta haren legitimatzaile bihurtu da.

Adornoren tesi batetik atera nuen hori. Atzeman nuen aldizkari bat, aski berezia: Tiqqun. Uste dut bi ale atera zituztela, biziki teorikoak eta deliranteak. Pariseko eskola onetan ikasitako jendea ziren, lanpostu bikainak utzi zituztenak elkarrekin Frantzia erdiko toki galdu batean baserri bat erosteko – Michèle Alliot-Mariek muntaia polizial bat egin zuen baserri haren kontra gerora–. Tiqqun-en Adorno anitz aipatzen dute, esaterako distopiei egiten dizkien kritikak –laburbilduz, kritikatzen du distopia gehienen aurkezteko maneran ematen duela alternatiba bakarra liberalismoa dela–. Eta protagonista kulturaren funtzioaz ari delarik, kultur sektore ekonomikoaz ari da. Ikusten du kultura bortxaz botereak atxikitzen duela, ekonomikoki ez denez errentagarria, dirua gehienbat diru publikotik heltzen baita. Euskal munduan areago: ez dugu merkaturik, edo izugarri mugatua da, bestela. Eta horrek erran nahi du dependentzia handiagoa dugula diruarekin, eta, beraz, boterearekin.

Bada merkaturik ez edukitzea aukera bezala ikusten duenik. Haren logikaren menpe ez dauden apustuei zentralitatea emateko, adibidez.

Bai, kultura hegemonikoen logikek ezin dute funtzionatu gurean. Ez behintzat literaturan, musikan, antzerkian…, hizkuntzak garrantzia duen diziplinetan. Sortzaileek horretaz arrunt kontziente izan behar dute sortzerakoan. Parisetik edo Madriletik erraten ahal digute gure obrak ez direla unibertsalak, baina beren unibertsaltasuna inperialismoarena da. Horregatik diot nik ezin dudala Houellebecq bezala komertziala izan.

Iruditzen zait liburu hau frantsesez balitz ere ez litzatekeela asko salduko. Bistakoa da merkatuaren patroietatik oso urruti dagoela.

Egia da nobelak baduela puntu anarkiko bat, biribildu zitekeena. Moldatuz gero galduko zuen barnean duen inperfekzioa, baina era berean pentsatzen dut energia eroriko zitzaiola, eta domestikatuko zela. Idatzi eta bizpahiru urte berantago publikatu nahi izan dudalarik, argi izan dut ez nintzela biribiltzen saiatuko. Egun, liburuko aipatzen direnetatik aski kanpo sentitzen naiz, baina neure egiten dut bertan agertzen den guztia.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)