Sinadurak

“Olatu batera igotzea elkarrekin”

Ostirala, 2019-02-22

Donostiako plazarik txikienetakoa izango da Bilbao plaza; ez azaleraz, beharbada, baina erdialdea hartzen dion iturri erraldoiak oinezkoentzako biribilgune bilakatzen du enparantza. Iturriaren bueltan elkartu gara Txakur Gorria kolektiboko hiru kiderekin. Malen Amenabar, Mariñe Arbeo, Nerea Ibarzabal eta Ane Labakak osatzen dute Txakur Gorria kolektiboa. Iazko Durangoko Azokarako ateratako Lauhazka, kaiera bat jarraitzeko lanaren aitzakian aritu gara beraiekin solasean.

“Olatu batera igotzea elkarrekin”

Honela dio Txakur Gorriaren lanen kreditu orrietan: “Txakur Gorria autoedizioa lantzen duen sormen taldea da, lau emakumek osatua. Sortzen zaigun lehen ideia plazaratzera iritsi arteko prozesuko pausu guztiak modu kolektiboan ematea dugu helburutzat. [...] Ez dugu zain egon nahi.”

Autoedizioa lantzen duen sormen taldea zaretela diozue.

Nerea Ibarzabal: Egiten ditugun gauzak, hasieratik, elkartu ginenetik, elkar osagarri direnez...

Mariñe Arbeo: Eta hasiera-hasieratik naturalki sortuta edo, bueno, guk bilatuta, pentsatzen dut, talde hori...

Ane Labaka: Bai, nik uste egin ditugula gauzak bestela egingo ez genituzkeenak norbanako bezala; taldeak eman digula aukera horiek egin ahal izateko.

M.A.: Justu Durangoko Azokaren aurretik izan genuen mahai-inguru moduko bat eta guztiek bakardade hori aipatzen zuten... Isil-isilik egon ginen eta gero esan genuen: jo, eske guk ez dugu hori sentitu inoiz.

N.I.: Bai, uste dut taldean ez balitz ez genukeela hainbeste indar edukiko oraingo bi urteotan egin ditugun gauza guztiak egiteko. Alegia, autoeditatzea eta zure izen-abizenez sinatzerako segurtasun hori ere niri kostatuko litzaidake eta miresten dut jendearengan.

A.L.: Niri bai eman dit autonomia sentsazioa taldean egoteak, hasierako paranoiatik gauza bat egitea erabaki, beka bat eskatu, ez dakit zer, eta erabaki ahal izatea tapa gogorra izango duen gure lehen liburua izango dela, horrelako orriak, horrelako papera... hori dena gure esku egoteak pila bat betetzen nau, horrelako erabaki txikiak hartu ahal izateak.

M.A.: Eta jakintzak konpartitzeak.

Beka batera aurkeztuta argitaratu duzue Lauhazka. Talde bezala elkarren babesa duzue baina azkenean ekonomikoki ere prekaritateak badirau. Nola kudeatzen duzue hori?

M.A.: Lehen aldia izan da bekarena bururatu zaiguna. Hasieran hogei liburuxka atera genituen eta atera genuen diruarekin hurrengoen inprimatzea ordaindu eta pixka bat gehiago atera genituen, dena horrela, eta bitarte horretan, bi urte horietan, ez genuen dirurik irabazi.

N.I.: Orain kooperatiba moduan antolatu gara, orduan, hasieratik onartu dugu modu batean honi eskaintzen dizkiogun orduak elkarri berdin ordaintzea.

M.A.: Behintzat, kanpora begira egin behar genituen lan horiengatik, iritsi zen puntu bat non ikusi genuen forma eman behar geniola honi, nahi dugulako mantendu autoekoizpenarena, baina bestelako eskaintzak ere egiten ari zaizkigu.

A.L.: Orduan erabaki genuen forma juridiko bat eman nahi geniola taldeari, bestela ez genuen lan horiek egiteko beste modurik.

M.A.: Eta nahi badiogu honi denbora eskaini, autoekoizpenari, dirua ere behar dugu, bekez gain.

N.I.: Prekaritatea biderkatzen da baina egia esan ez ginateke iritsiko egiten dugun lana egitera ez bagina lau, orduan berdin egongo ginateke prekario. Banaka ala taldean, berdin gaude prekario, baina leku gehiagotara iristen gara lauon indarrarekin.

Sorkuntza prozesuaren jabe izatea duzue helburutzat. Nola ikusten duzue prozesu hori?

M.A.: Lehenengoari begiratuta, Txakur Gorriari, esan genuen: “Nerea, zuk zerbait idatzita izango duzu, horretan ibiltzen zarenez, eta guk irudia egingo dugu, horretan ibiltzen garenez”. Gero, elkarrekin joateak hori publiko aurrera ateratzera sortu zigun lotura bat, eta hurrengotik aurrera elkarrekin pentsatzen hasi ginen. Hortik etorri ziren gero Hizteria eta hurrengoak.

N.I.: Ikastea inprimategi batera joaten eta elkarrengandik ikastea, utzi ordez editore edo inprimatzaile ezezagun baten eskuetan egindakoa... Boteretzea da zentzu horretan, kasik ofizio bat ikastea. Joan, papera aukeratu... eta berez hori edozein norbanakok egin dezake, nola ordaindu baldin badaukazu.

A.L.: Niretzat ere kontzientzia hartzea izan da. Iruditzen zait lauok Txakur Gorriatik aparte ere ez dugula ukatzen beste modu batean parte hartzea ez dakit zer sariketetan-edo. Eta hor edukitako esperientziek ere aldi berean eragiten digutela, edo niri behintzat, pertsonalki, hemen daukaguna hainbeste balioestea. Autonomia esateko, “bale, hau nahi dut”. Ez iristeko etxera liburua eta esateko “ai ama ez nekien ezer: ez zer neurri edukiko zituen ez ezer”. Gero hartzen duzu bestea eta askoz zureago, gureago sentitzen duzu.

N.I.: Batzuetan suposatu dezake amore ematea, bakarrik egiten duzunean zeu zara zeure buruarekin ados dagoena baina... Bi aldeetatik dauka honek.

A.L.: Hemen [Lauhazkan] zentzu horretan egin dugu tranpa-edo. Bueno, horrela planteatu genuen hasieratik proiektua, zeren batera sortu nahi genuen baina bakoitzak eduki du bere espazioa eta aurrekoetan ez da horrela izan. Honetan izan da: bakoitza bere etxean, marrazten…

M.A.: Lau egunez eduki [liburua]…

A.L.: edo idazten…

M.A.: eta gero pasa.

A.L.: Eta elkarri pasa diogu eta sortu da zerbait kolektiboa, nahiz eta sortzeko momentuan bakarka egon.

M.A.: Eta gero askoz ere gehiago baloratzen duzun lan bat da beste batzuek ere egin dutelako, eta horrek balio handiagoa ematen dio beti.

A.L.: Nik hau oso gurea sentitzen dut. Ez dakit manifestua ote den, norbaitek esan zuen manifestu bat zela. Nik Nerea, Mariñe, Malen, Ane ikusten ditut. Ikusten dut bakoitza zer momentutatik ari zen pasatzen hori sortu zuenean eta bakoitzak zer esan nahi zuen.

Sortzeko beharraren eta gogoaren arteko tentsioa nabari duzue?

N.I.: Eskaera puntualak direnetan, batez ere, sortzeko modua ez dut uste berdina denik. Plazerra egoten da normalean, eta orain ere, baina datorren asterako.

A:L.: Hain zuzen ere, zuk idatzi zenuen testu bat horri buruz, ezta? Momentu batean sortzeagatik sortu edo...

N.I.: Esan duzuena, beste gauza batzuetan ere asko bagabiltza, sortu hau eta gero bestea, orain iritzi zutabe bat eta orain bertso saio bat eta orain ez dakit zer eta... Ostia ja, ba ez daukat gogorik... Baina agendak agintzen duenean zure sormen horretan orduan inspirazioa ere bigarren plano batera pasatzen da.

M.A.: Erantzutea, ez?

A.L.: Bai.

N.I.: Bai, eta hori gutxien gertatzen den eremua hau da inkluso, ilusioa kutsatzen delako.

M.A.: Bai, nahiz eta data hori eduki beste ilusio batekin egiten duzu lana hemen.

N.I.: Bai, edo ahal duzula esan “ai, txarto nago” eta…

M.A.: eta “utzi egingo dugu”, eta errazago uzten dira gauzak taldean.

N.I.: Bakarka ez duzu barkatzen.

M.A.: Orain izan da gure erabakia oreka bat bilatzea bi gauzen artean, hortik ere bizi nahi dugulako eta horretarako kanpotik ere behar ditugulako lanak. Baina presente edo garrantzia emanez baita barrukoari, tokia emanez.

Zain egon nahi ez duzuela diozue.

M.A.: Asko erabiltzen dugun esaldi bat da. Ez dugu zain egon nahi beka bat onartuko diguten edo sariketan bat irabaziko ote dugun... Goazen egitera, alegia.

N.I.: Kooperatiba egin genuenetik beti gaude zain, noiz emango diguten diru-laguntza bat... Kontraesan batean jausi ginen.

A.L.: Ez, baina gehiago filosofia bezala,

M.A.: Bagaudela, ez? “Hemen gaude”.

N.I.: Ahal dugun bitartean, behintzat.

M.A.: Hemen gaude eta ez daukagu zertan beste batzuen ideiak atera aurrera. Gureak baditugu eta kapazak gara horiek aurrera ateratzeko.

A.L.: Kanpoko eskaerak iritsi direnean ere ez gara zain egon. Gu ja dinamika batean ari gara eta orduan etortzen dira kanpokoak. Baina ez gaude zain –gainera, ez daukagu denborarik zain egoteko– zain egon gabe ari gara gauzak egiten eta gauza batek bestea ekartzen du.

N.I.: Ezingo genuke prekarioki ere bizi, ez bageunde denbora guztian martxan. Bestela ez da bideragarria. Aurrekoan sekulako kontraesana eduki nuen. ETBn lanean ari den lagun batekin hitz egin nuen eta esan zidan zenbat kobratzen duen berak hilean eta esan nuen “aguantatu banu hain zoriontsua izan ez nintzen garai hartan... aguantatu banu ahal nintzen egon kobratzen bi mila...” Baina esan nuen: ez. Zortzi orduko lana eta ez gustukoa? Ba begira, prekario eta zoriontsu [barreak].

A.L.: Aldiro gauza bera gainera. Hau desberdina da aldiro. Niri hau gustatzen zait, jende bati desegonkorra irudituko zaio eta ez zaio gustatuko. Proiektuka funtzionatzen dugunez, aldiro hasten eta bukatzen da.

Diziplinartekotasuna. Dinamika naturala da taldearen baitan?

M.A.: Denetik egin dugu. Momentuak eskatu diguna. Bakoitza diziplina desberdin batetik dator, baina gero mila gauzetan gabiltza. Orduan, bururatzen zaigun proiektu bakoitzari forma desberdina ikusten diogu, gauza bat hoberen atera daiteke bideo batean edo liburu batean edo emanaldi batean... Proiektuaren arabera.

A.L.: Proiektu batzuekin igual oso argi ikusten da, baldin bada ez dakit zer maketatu behar dela edo Bertsolariren [aldizkariaren] hurrengo zenbakia egin behar dugula, erraza da testua eta irudia banatzea.

M.A.: Argi dagoena da saiatzen garela testua eta irudia sartzen. Taldea bi gauza horietan definitzen dugu.

A.L.: Bai, esan nahi nuen, adibidez, nahiz eta erabakiak batera hartu eta gero lana banatu, badaudela beste lan batzuk. Ni gehien batera egiten ditugunek betetzen naute, adibidez, Loraldiarako zerbait egiteko eskatzen badigute, orduan hasieratik batera pentsatu behar dugu, ez dagoelako hain markatuta. Gero agian edukiko ditu bai irudia eta bai testua baina ez da “zuk hartu hau eta nik beste hau”. Baina batzuetan desglosatzea bezala da, proiektu batek testua eta irudia baldin baditu batek egingo du hau eta besteak hau. Eta beste batzuetan ez da hori bakarrik, dena batera baizik.

M.A.: Beti eman diogu garrantzia, belaunaldiko edo inguruko edo sortzaile lagunekin lan egiteari. Amaia Cabero dantzariarekin, adibidez.

N.I.: Esango nuke nahiko naturalki egiten dugula. Gu ere gure baitan garenez diziplina artekoak... Nik, pertsonalki, pila bat ikasi dut: ez izatea marrazkia liburu baten gehigarri, adibidez. Osagarria izan dadila eta maila berean edo gorago egon dadila. Bestela, askotan, idazleona...

A.L.: Irudigilea ere sortzaile bezala hartzea.

N.I.: Eta iruditik abiatuta idaztea.

A.L.: Bai, Lauhazka nahita hasi genuen iruditik, kate horretan irudia lehenengo jartzea erabaki genuen.

Nola sortu zen taula gainera salto egiteko aukera?

[Xixili emanaldia eskaini zuen Txakur Gorriak Bilboko Kafe Antzokiko Kutxa Beltzean 2017an. Gerora izen bereko liburua atera dute eta beste emanaldi batzuk ere eskaini dituzte.]

M.A.: Hori ere pixka bat naturalki atera zen, berez esan ziguten ordu erdiko espazio bat geneukala [Bilboko] Kafe Antzokian eta gure ikus-entzunezko bat bota nahi zutela eta guk segituan ikusi genuen ez genuela hori nahi. Gutxi iruditzen zitzaigun zerbait proiektatzea eta iruditzen zitzaigun hor egon behar genuela.

N.I.: Garbi daukat zuekin ez balitz ez nukeela inoiz hori egingo.

M.A.: Nik ere ez. [barreak].

N.I.: Pentsatzen hasi eta...

M.A.: Ba niri asko gustatzen zait, e?

N.I.: Olatu batera igotzea elkarrekin. Hori ere izan zen, zeren gutako inork ez daki eszenografiaz ezer.

M.A.: Baina txikitan beti egin dugu eta nik behintzat beti izan dut gogoa barruan, txikitatik. Orduan, non dago muga?

A.L.: Nik uste oso lotuta dagoela lehen esan dugunarekin, ez dugu zain egon nahi, eta “hemen gaude” esateko modu bat baldin bada berez gauzak sortzea oraindik eta gehiago da igotzea agertoki batera eta esatea “hemen gaude eta lauok gaude”. Uste dut, eta gertukoek ere esan izan didate, ezer esan gabe ere, momentu honetan, Durangon, adibidez, agertokira lau tipa gazte igotzeak bere horretan indar bat daukala. Niretzat da “hemen gaude eta ez dugu inoren zain egon nahi” hori gorpuztea.

N.I.: Eta bidean ikastea. Ni hain intseguru gutxitan sentitu naiz.

M.A.: Publiko aurrera atera behar zarenean.

N.I.: Publiko aurrera bertsotara bai... Ez da publiko aurrean egotea, da egiten dudan horren gaineko ziurtasuna. Esaten nuen: “Hau zelan egiten da?”

M.A.: Ikasketa batzuk behar dira hau egiteko.

N.I.: Hori da, eta gero lau bider egindakoan ja...

M.A:: eta nik orain denborarekin gehiago baloratzen dut Xixili.

N.I.: Lopategik edo esaten zuen “bertsotan egin eta nork egiten du ba guk baino gehiago publikoan?” Nahiz eta munduko saio txarrena eginda ere, zuk esaten duzuna, igo egin zara. Eta arratsalde bat eskaini duzu kultur etxe batean edo.

M.A.: Hori ja asko da.

A.L.: Ausartzea da asko eta gero... Taldeak ematen dizu ausardia, niri behintzat asko ematen dit

Ausardia edo beldur eza?

N.I.: Beldurra estaltzea.

A.L.: Beldur konpartitua.

M.A.: Beldur konpartitua.

A.L.: Beldurra egoten da baina konpartituta desberdina da.

M.A.: Ez da hain barrura sartzen, airean geratzen da.

Egoteak ja badauka esanahi bat bere horretan, presentzia horrek dagoeneko zentzua dauka.

N.I.: Askotan gu gara bi pauso atzera ematen ditugunak. Eta hau da esatea: “hainbeste esaten duzuna egin, ausartu”. Besteei eskatutakoa zeure buruari aplikatu, hori da zailena.

A.L.: Horregatik esaten dut hemen [Lauhazkan] gu gaudela islatuta, kezka kolektibo eta eztabaia edo hausnarketa kolektibo pila bat daudelako. Sentitu dugunean pixka bat gu egon gaitezkela lehen lerrorako pausua ematen, adibidez, kultura munduko gizon kontsakratu horien partetik zer tratu jaso dugun edo zer esan zaigun edo. Hori guztia hitz egin dugu gure artean eta badago atal batean.

N.I.: Eta gainera bizi izan dugu hori diziplinartekotasunean. [Harkaitz Canoren] Fakirraren ahotsa liburuan Imanolek Ainararengatik sentitzen duena ikusi dugu: ondo dabilenean gorroto du eta gaizki dabilenean lagundu. Orduan, batzuek badaukate barruanhori. Bueno, igual denok daukagu barruan hori, baina lehen lerroko norbait zarenean...

M.A.: Nik sentitu dut jendeak ikusi duela “ai ama, lekua kendu behar didate”

N.I.: Eta orduan ja ez lagundu.

A.L.: Justu, gainera, emakume kontsakratu izan daitezkeen horien edo gure aurreko horien partetik kontrakoa izan da, “behar duzue hau? Tori” edo inkluso “proposatu didate zerbait egiteko eta zuen kontaktua eman diet” edo... Laguntzen. Baina beste modu batera laguntzen, ez da paternalismo horretatik.

N.I.: Enpatiatik eta egoera zein den jakitetik.

Propio utzi dituzue orri batzuk zuri Lauhazkaren amaieran. Azpititulua ere halaxe du: Kaiera bat jarraitzeko.

A.L.: Taldeak ematen digun babes eta indar horretan oso-oso zorteko sentitzen naiz hau egiteko espazioa edukitzeagatik eta hau egin ahal izateagatik. Orduan, bada nolabait sentitzen dudala zorte hori daukadanez eman nahi diodala beste jende bati ere, agian bestela sortzera ausartuko ez litzatekeenari. Nik pribilegio hau badaukat momentu honetan, orduan hau bideratu dezaket, agian kaier honek ez du zertan bukatu eta norbait agian animatuko da jarraitzera. Horren kontzientzia badaukat: zorte bezala bizi dut eta agian norbaitek behar du beste bultzadatxo bat. Agian hau izan daiteke bidea.

M.A.: Ez genuen egindakoa hor mozterik nahi. Oraintxe konturatu naiz, [Loraldiarako] Artzeren kontuarekin gabiltzala eta berak beti nahi zuela publikoak parte-hartzea bere lanetan eta hori egin dugu pixka bat.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)