Amuak

Baztango lurrean, Baztan baitan

Ostirala, 2017-05-19

Ernesto Prat Urzainkiren liburu berriak nobela beltzaren osagai guztiak ditu. Telleria eta gero, zer? (Elkar) Baztanen kokatzen da eta Lekarozko Aroztegiaren inguruan sortu den gatazkaren oihartzuna dakar.

Musikak presentzia handia du Ernesto Prat Urzainkiren hirugarren nobelan. "Tokiak deskribatzeko erabili dut aunitzetan", idazleak berak prentsaurrekoan aitortu zuenez. Baztango lurraldea da nobelako beste osagai nagusietako bat. Musika eta Baztan hizpide harturik, Mikel Laboaren kantu ezaguna ekarri zuen gogora: "liburuari azpititulu bat eman beharko banio, Mikel Laboaren Baztango lurrrean, Baztan baitan ipiniko nioke". Trama Baztanen kokatzen delako, baina ez da literaturak irudikatu duen Baztan bukoliko hori agertzen, ezta azkenaldian gailendu den Baztan turistikoa ere. "Herritarren baztan irudikatu nahi izan dut".


"Nobelaren idazketak hiru une garrantzitsu izan ditu"

Telleria eta gero, zer? (Elkar) nobelaren idazketa prozesuak hiru une garrantzitsu izan ditu. 2009an idatzi zuen lehen zirriborroa, artean ihesean zebilela. "Aroztegiaren aurkako idatzi bat iritsi zen nire eskuetara, eta horren inguruan idazteko beharra sentitu nuen. Esku-orria eta prentsako artikuluak izan ziren nire dokumentazioa".

Ihesaldiaren ondoren atxilotua izan zen eta espetxean izan zen hainbat urtez. 2012an kaleratu zuten eta 2014an (H)Ilbeltza kolektiboaren sorreran hartu zuen parte. Euskal Nobela Beltzaren Astea antolatzen du talde honek. (H)Ilbeltza kolektiboko Joseba Otondok gogo biziz motibatu zuen eta hori gakoa izan zen Urzainkirentzat. Ihesean zela idatzi zuen lehen zirriborroari jarraipena ematen hasi zitzaion.

Jon Alonso idazleak eman zion nobelari hirugarren eta azken bultzada. "Bere irakurraldiak alimaleko ekarpena egin zion zirriborroari", prentsaurrekoan aditzera eman zuenez.


Euskal Nobela Beltzaren eraginpean

Telleria eta gero, zer? (Elkar) idazketaren garapena, beraz, Euskal Nobela Beltzaren Asteari lotuta joan da. Hertsiki, gainera. Itxaro Bordak eskaini zuen solasaldi batean, genero ikuspegitik aztertu zuen nobela beltza. "Arras mundu maskulinoa zela zioen. Hitzaldi horren ondoren, mutilezko protagonista hiltzea eta emakumezko protagonista sortzea erabaki nuen". Horrela jaio zen Lurra, Baztan bukolikoaren irudia apurtzera datorren protagonista.


Kentzearen ariketa mingarria

Liburua  idaztea oso aberasgarria izan dela dio Baztanen bizi den idazleak, "eta baita argitaratzea ere. Edizio lana arras interesgarria izan da". Nobela laburtzea, soberan dagoena kentzea ez da lan samurra izaten idazle batentzat. Editorea izan ohi da lan horietan tematu ohi dena. "Ariketa mingarria izan da, baina beharrezkoa. Beharrezkoa da nobela guztietan, baina are gehiago nobela beltzaren generoan". Azken ideia hau honela argudiatu zuen:


Nobela beltza vs. Polizia nobela 

Maiz nobela beltza eta polizia nobela gauza beraren adierazletzat hartzen dira. Baina Ernesto Prat Urzainkik alde nabariak ikusten ditu bi generoen artean. Nobela Beltzaren Astean hizpide izan dute eztabaida da hau. Telleria eta gero, zer? nobela beltzaren generoan kokatzen du egileak. Genero argudioa, ondoko bideoan duzue ikusgai eta entzungai:

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)