Albisteak

"Bidea eta zauria" antologiaren aurkezpena

Astelehena, 2021-06-14

Gaurko egunarekin dator plazara Bidea eta zauria: Sei poeta (2000-2019) poesia antologia, Balea Zuria argitaletxearen eskutik.

Balea Zuria argitaletxeak gaur plazara dakarren Bidea eta zauria. Sei poeta (2000-2019) poesia antologian sei euskal poetaren lanak topatuko ditugu: Peru Magdalena, Jon Benito, Hasier Larretxea, Ione Gorostarzu, Iñigo Astiz eta Beatriz Chivite.

Liburu honen edizioaz Jon Kortazar eta Paloma-Rodriguez Miñambres arduratu dira. Hauxe da argitaletxeko arduradunek zabaldu duten azalpena:

1980tik aurrera jaiotako sei poeten lanak biltzen ditu liburu honek: Peru Magdalena, Jon Benito, Hasier Larretxea, Ione Gorostarzu, Iñigo Astiz eta Beatriz Chivite. Aukeraketaz eta edizioaz EHUko Jon Kortazar eta Paloma Rodríguez-Miñambres irakasleak arduratu dira. Haien esanetan, bi bertute nabarmen ditu antologia honek: batetik, poeta gazteak eta gutxi aztertuak hautatzeko bidea eman die; bestetik, baita 2001etik aurrera euskal sistema literarioan poesiak egin duen ibilbidea aztertzekoa ere. Izenburuaren bi hitzek, Bidea eta zauria, idazketaren prozesua eta denboraren joanak eragindako samina dakarkigute gogora. Mundua ez baita beti orekatua. “Bizi beharrak nekea eman duelako, heriotza presente dagoelako bidean”. Gizatasunaren barrenetik idatzitako poesia da, liburuaren epilogoan Felipe Juaristik esaten digun bezala. “Idazleak ehiza-zakurra behar du izan, bere garaiko aztarnak eta lorratzak usnatu eta haiei segituz galbidean ez erortzeko”.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)