Albisteak

Drama txikien tragedia handia

Asteartea, 2020-06-16

Argiantza izeneko eleberria argitaratu du Pello Lizarraldek, Erein etxearen eskutik; bere ibilbideko seigarrena da, eta, Iñaki Aldekoa editoreak azpimarratu duenez, idazleak «mundu oso bat biltzeko gaitasuna» erakutsi du, beste behin ere.

Aurreko eleberrietan halakorik egin ez arren, data konkretu batean kokatu du Pello Lizarraldek Argiantza, 1982ko irailean. Zergatik zehaztu duen hainbeste garaia? Besteren hitzetara jo du autoreak hori azaltzeko: «ikerle (…) askoren ustez, liberalismo ekonomikoak azkenaldi honetan ezarri digun sistema honen sorrera Reagan eta Thatcherren agintepean hasi zen gauzatzen».

Nolanahi ere, tesirik ez, irudi bat eta oroitzapenak izan dira eleberri honen abiapuntua, eta, horregatik, Lizarraldek hurbil zaion esparru bat aukeratu du nobelarako: zinema. Autoreak zehatz-mehatz azaldu du kontakizunean aurrera egiten lagundu dion oroitzapena: «Gogoratzen dut 1980ko neguan zinema aldizkari frantsesak erosten zituen lagun batek zera esan zidala: “bideo izeneko tresna bat asmatu omen ditek, zinta batean grabatuta etorriko omen duk pelikula eta nahi dugunean etxean edozein pelikula ikusteko modua izango omen diagu”». Lizarralderen esanetan, lagunek eta biek, une hartan, irribarre egin zioten elkarri, «albistea sinetsi ezinik». Bideoa izan zen, beste hainbaten artean, etortzekoa zen aldaketa seinalatu zuen arloetako bat.

Liburuaren protagonistak Ramon Beitia du izena, eta harreman estua du zinemagintzarekin, nahiz eta ez den zalea: zinema bateko gerentea da. «Jubilatua behar luke, baina han segitzen du. Bere betiko lagun eta enpresa-jabearen semea iritsiko da, argi esango dizkio gauzak, eta horrekin batera susmatzen da garai berri baten etorrera».

Protagonista galduta dago. Lizarralderen arabera, hain zuzen, galdu aditzak markatzen du eleberri hau: «Sei egun irauten duen bidaia bat egin beharrean dagoen gizon bat dabil galduta, gainbehera datorren mundu bat begien parean duela, eta sinetsi ezinik, ulertu ezinik begiratzen du galtzen ari den guztia. Latza da inguratzen zaituen munduaren agonia ikustea eta datorren horretan zure arrastorik geratuko ote den ez jakitea».

Tragedia bat, Iñaki Aldekoa editorearen hitzetan: «Tragedia bat da; epikarik gabe kontatu duzu, baina tragedia hori gertatzen da. Mundu batzuk desagertu egiten dira. Beste esparru askotan eta beste langintza askotan gertatu izan denaren metafora bat da». Bat etorri da Lizarralde bera: «Drama txikiak dira, baina tragedia bat osatzen dute. XX. mendearen amaierak eta XXI. mendearen hasierak ekarri duen tragedia handiena izan da nekazaritzaren eta herri txikien desagertzea. Tragedia izugarri bat. Mundu horren nostalgia dago, eta hori jasanezina egiten zait. Nostalgia eta erromantizismoa elkartzen direnean, penagarria da, eta Euskal Herrian hala gaude. Landetxe batek ez du sekula konponduko bailara batek duen arazoa. Sororik ez dagoen bitartean, han jai dugu».

Bi ahots tartekatuz eraiki du eleberria Lizarraldek. Batetik, Beitiaren ahotsa dugu, eguneroko bat idazten du eta pasarte horien bidez izango du irakurleak haren pentsakizunen eta egingo duen bidaiaren berri. Bestalde, badago kanpoko narratzailea bat, hirugarren pertsonan kontatzen duena «zer irudipen ematen duen»protagonistak. Iñaki Aldekoaren arabera, Lizarralderen kamera exigentea da, eta asko hartzen du: «[John] Cheeverrek esaten zuen: prosa bikain batean euria bera ere entzun. Berak [Lizarraldek] lortzen du».


 

Albiste honen uberan

Hemen irakur dezakezue liburuaren aurrerapena. Bestalde, behean ikus dezakezue aurkezpenaren bideoa, Erein argitaletxearen eskutik.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)