Albisteak

Ganbila bildumaren bigarren labealdia: Eneritz Artetxe, Kepa Errasti, Galder Perez

Asteartea, 2020-06-09

Gaur aurkeztu dute GANBILA antzerki bildumako bigarren labealdia, Bilboko Biran: Eneritz Artetxeren Isiltasuna, Kepa Errastiren Mami Lebrun eta Galder Perezen Hiru geltoki lurrun.

Iritsi da Ganbila bildumako bigarren labealdia. Susa argitaletxeak eta EHAZE elkarteak plazaratzen dituzte liburuok elkarlanean, eta arduradunek azaldu dutenez “Euskal tetroaren iraganari, orainari eta etorkizunari begira egiten ari garen bilduma da hau: iragana, birak amaituta dituzten antzerki garaikideak paperean gorde eta berrirakurtzen ari garelako; oraina, egun antzerkian lanean ari diren antzerkigileak erretratatu eta bisibilizatu nahi ditugulako; eta hirugarrenik, etorkizuna, garrantzitsua delako transmisioa datozenek zerotik hasi direla senti ez dezaten, belaunaldi berriak aurretik egindakoaren alde edo kontra egon daitezen, antzerki eskoletan lanerako material garaikidea topatu dezaten”.

Antzerkiak bulkada kolektiboari erantzuten dio, talde dinamikari, eta halatxu izaten ari da proiektu honekin “Susa eta EHAZEren arteko elkarlanaz gain, zazpi antzerkizalek osatu dugu edizio taldea, beste hiru lagunek osatu dute bilduma estetikoki gauzatzeko ardura, eta liburu bakoitzean edukiekin zerikusia duten sinadura gonbidatuek parte hartu dute, liburua bera elkarlan berriak saretzeko tresna izan daitekeela erakutsiz. Harpidedunak ere ahalegin kolektibo honen ezinbesteko zutabea dira”.

Bildumara harpidetzera animatu nahi dituzte irakurleak “antzerkian publikoa bezala, teatroan ezinbestekoa da irakurlea”. Harpidetzen direnek liburuak etxean jasoko dituzte, banaka erosita baino merkeago “Sinetsita gaude aurretik antzerkizale direnek estimatuko dutela ahalegina, eta orain arte ez antzerkizaletu ez direnek, gaurkotasun handiko gai sozialak gorpuzteko ahalegin bat ezagutu ahal izango dutela, formari dagokionez ahalegin oso anitz bat. Gaur aurkezten ditugun hiru liburuetan soilik feminismoa, homosexualitatea, zentsura, komunikabideak, memoria historikoa bezalako gaietan murgildu ahal izango da irakurlea”. Harpidetzaren berri emateko, bideoa osatu dute Iraia Eliasek eta Amancay Gaztañagak.

Egun, oraindik ere, antzoki asko itxita, emanaldi asko egin gabe ditugun honetan, paperezko oholtza izan nahi du Ganbilak euskarazko teatroko ahotsentzat.

Aurkezpen honen uberan:

Berria (Iñigo Astiz): Artetxeren, Perezen eta Errastiren antzezlanak liburu bilakatu ditu Ganbila bildumak

Bilbo Hiria: Ganbila bilduma paperezko oholtza

Gara: Ganbila antzerki bildumak bigarren labealdia aurkeztu du

piperganbila

Hauek dira argitaratutako liburuak, banan-banan:

Eneritz Artetxe Aranazen Isiltasuna

1-Azala Ganbila-Bazterreko

Bertan bi obra: Isiltasuna bera (antzeztu gabea) eta Karramarroa (antzeztua).

Hitzaurrea: Patricia Urrutia.

Azala: Idoia Beratarbide Arrieta.

Sinopsia:

Garrantzitsuak dira ikerketak eta ikertzaileak. Batetik, testuinguru bat ekartzen digute, delako “arazo” indibidualei dagokien neurri kolektibo, soziologiko eta politikoa ematean. Eta bestetik, tresnak ekartzen dizkigute, Itxaro Bordak elkarrizketa batean esaten zuen bezala, erasoei “umoretik ere erantzun bat eman ahal izateko”. Zentzu honetan, sorkuntza artistikoak jokatzen duen papera ere garrantzi handikoa da. Imajinario berriak sortu behar ditu, hitzak eta irudiak berresanahitu. Ikusgarri egin itzaletan, alfonbrapean, ate atzean egon dena. Plazara atera. Eneritzen lanak indar bi horiek bateratzen ditu: ikerketa eta sorkuntza. (Patricia Urrutia)

Eneritz Artetxe Aranazen bi antzezlan bildu ditugu liburu honetan: antzeztu gabeko Isiltasuna, eta egileak berak Dxusturi bere konpainiarekin taularatutako Karramarroa. Elkartasuna, politika eta umore zorrotza, guztiak topatuko ditu irakurleak testu hauetan.

Kepa Errastiren Mami Lebrun

1-Azala Ganbila-Bazterreko

(Antzeztua, 2018ko Donostia Antzerki Saria).

Hitzaurrea: Ainara Ortega.

Azala: Ane Pikaza.

Sinopsia:

Mami Lebrun antzezlana azken urte hauetan euskal antzerkigintza, pauso sendoz, jorratzen ari den ibilbide oparoaren beste adibide bat da. Kepa Errastik idatzia, Kepa bera partaide den Xake Produkzioak konpainiak 2016ko maiatzean estreinatu zuen. Izandako harrera onaren adierazle izan daiteke 2018ko martxoan XVIII. Donostia Antzerki Saria jaso izana.

Mami Lebrun antzezlanean amonaren heriotzak sortutako zirrara pertsonala du fikzioak sorgune. Antzerkiak antzerkiaren barruan ematen dituen aukerak baliatuz, heriotzaz, doluaz, iraganaz, maite genituen gertukoen memoriaren zaintzaz, aurreko belaunaldiek bizitzea tokatu zitzaien mundualdiari emandako erantzunaz… eta, inplizituki besterik ez bada ere, oraingoari eta etorkizunari guk eman beharrekoaz mintzo da. Neurri handi batean, azken urteotako euskal antzerkigintzan errepikatzen den gertuko eta ez hain gertuko memoriaren gaia presente dago testuan.

 

Galder Perezen Hiru geltoki lurrun

1-Azala Ganbila-Bazterreko

Bertan hiru obra: Lurrun minez (aurrestreinatua, 2019ko Cafe Bar Bilbao saria), Lau metrora (antzeztugabea) eta Off the record (antzeztua).

Hitzaurrea: Ane Zabala.

Hitzostea: Gaizka Sarasola.

Azala: Gontzal Gutierrez.

Sinopsia:

Baratze baten erdian dagoen aulkiak bezala, “ez-lekuan” dauden objektuek arreta eta kuriositatea sortzen dute guregan. “Ez-lekuan” dauden gauzek, jendeak, hitzek… Seguruenik, informazio baliotsuagoa eskaintzen digute horrelakoek, bai espazioari buruz, baita bertan bizi edo bertatik pasatzen den jendeari buruz ere. Eta horretan da abila Galder; arreta bizten.

Umorea eta algara ausarki erabili ohi ditu Galderrek bere lanetan. Liburu honetakoetan baina, normalean baino giro lainotuagoa erabili duela erranen nuke, normalean baino biluziagoa. Bere ohiko lanak barrearekin mozorrotuagatik, sakonean ere badute minetik. Umorea eta mina. Antzerkiak eta bizitzak umorea beharrezkoa dute. Mina, mina berezkoa da. Eta berezkoa du Galderrek antzerkia. Berezkoa da bera. Horregatik izanen da, beti “ez-lekuan” egonagatik ere, inoiz ere ez dagoela lekuz kanpo. (Gaizka Sarasola)

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)