Albisteak

Unai Iturriaga: “Istorioa oso parodikoa da”

Asteazkena, 2018-10-17

Haur Besoetakoaren lehen abenturak Litxarrerien jauna (Ikastolen Elkartea, 2015) izeneko komiki-liburuan batu zituzten. Hiru urteren buruan, haren segidakoa plazaratu dute: Paristik datorren artista (Ikastolen Elkartea). “Itzulera baten istorioa da”, Unai Iturriagak aditzera eman duenez.

 

Unai Iturriaga bertsolariak eta Alex San Vicente Sanvi ilustratzaileak Haur besoetakoa: Paristik datorren artista (Ikastolen Elkartea) komiki-liburua aurkeztu dute gaur eguerdian, Donostiako Komikigunean. “Aurreko liburuaren amaieran, Paris geratzen zitzaiela zioten; Ingrid Bergman y Humphrey Bogarten dialogo famatua parodiatuz”. Protagonistak trantze horretan utzi zituzten. Lehen albuma amaitzen zen tokitik abiatzen da, hortaz, bigarrena: Paristik. Hortik izenburua. Aurrekoa bezala, berria ere “oso parodikoa” dela dio Iturriagak.


“Nire erreferentzia asko daude liburu honetan”

“Ez da haurrentzako komiki bat". Hala dio Unai Iturriagak. "Eta niri kontraste hori gustatzen zait". Estetika eta edukiaren artekoa. Albumak beretik asko duela esan du durangarrak. “Nire erreferentzia asko daude komiki liburuan”. Batzuk agerikoak, besteak ez horrenbeste. “Norbaitek erreferentzia horiek aurkitzen baditu poztuko naiz, eta ez baditu aurkitzen, ba tira… Asmoa da trabarik ez egitea. Eta Alexi (Sanviri) lana ematea…”.

Antton Olariaga egon da prentsaurrekoan. Galderen tartean, hitza hartu du eta ironia eta haur mundua jostea oso zaila egiten zaiola adierazi du. Olariagaren eta Iturriagaren arteko solasalditxoa ondoko bideoan batu dugu:


Xabiroi 50. zenbakira iritsiko da abenduan

Duela hamahiru urte, Ikastolen Elkartearen baitan sortu zen Xabiroi komiki aldizkaria, “eta zehazki Euskaraz Bizi proiektuaren barruan, gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko bitarteko erakargarria izan zitekeela pentsatuta. Euskaraz Bizi Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan zentratuta egonik, DBH eta Batxilergorako gauza gutxi zeuden gazteak euskararen erabilerara erakartzeko, eta erabilera hori zein irakurzaletasuna biak batean bultzatzeko sortu zen Xabiroi”, Ikastolen Elkartetik aditzera eman dutenez.

Beste bi helburu ere bazituen Xabiroik: batetik, gazte eta helduentzako euskarazko komiki eskaintza egitea, ordurako desagertu baitziren Xabiroiren aurrekoak; bestetik, kaleko euskara jasotzeko eta berritzeko aukera eman zuen komikiak, hizkuntza zuzena erabiltzen baitu.


"Xabiroiren ikur bilakatu da Haur Besoetakoa"

Hamahiru urteotan beraz, 50 aldizkari eta 11 album plazaratu dituzte. Haur Besoetakoa 2007an iritsi zen lehen aldiz Xabiroiren orrietara. Geroztik, atalka agertu da aldizkarian eta bere abenturekin dagoeneko bi album osatu dituzte. Dani Fano aldizkariko zuzendariaren esanetan, “Xabiroiren ikur bilakatu da Haur Besoetakoa. Bera da gure aldizkariko ikono eta aldarri”.


Euskal komikigintzaren topagune

Euskal komikigintzari erakusleiho handi bat eskaini dio Xabiroik, irudigileak eta gidoilariak harremanetan jarriz. Gaur egun, Xabiroiren inguruan saretuta dago euskal komikigintza. Nekane Artola Ikastolen Elkarteko lehendakariordeak gaurko prentsaurrekoan adierazi duenez, “harro gaude emaitzarekin, harro kopuru horiekin, baina bereziki harro ekimen honen bitartez lortu dugunarekin: goi mailako komikigintza euskararen munduari eskaintzea”.

 

Argazkia: Ikastolen Elkartea.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)