Elkarrizketak

«“Basilika” biziki liburu ona da, baina ez nuen nik idatzi behar»

Ostirala, 2021-12-03

Ia lau hamarkada igaro dira Itxaro Bordak Basilika lehen eleberria kaleratu zuenetik, eta Luzien Etxezaharretari hari buruzko elkarrizketa eskaini zionetik. Laster piztu zen sua bazterretan: erretratu sarkastikoa egiten zien Elizari, abertzaletasunari, eta, oro har, euskal gizarteko estamentu guztiei. Ez zuen inor epel utzi. Urte luzez pasarte haiek ahantzi nahi izan dituen arren, elkarrizketa proposamenari baiezkoa eman dio azkenerako: «badut liburua onartzeko garaia».

«“Basilika” biziki liburu ona da, baina ez nuen nik idatzi behar»

Zalantza egin zenuen elkarrizketa eskaini ala ez. Zergatik?

Basilika da nobela bat ene biografian sekula aipatzen ez dudana. Ez ahalke naizelako, baizik eta autozentsuraz, pentsatzen dudalako gordean egon behar duela. Lehen eta azken elkarrizketa Luzien Etxezaharretarekin egin nuen Pyrénées ostatuan, eta Gure Irratian eman zuten 1985 hastapenean, oker ez banaiz. Eta berehala hasi zen sua pizten: ez dakit jende guztiak irakurri zuen ala ez –askok bai, itxuraz; gehiegik–. Uste dut euskal egitura kulturalak horrela nahasten zituen aurreneko euskarazko nobela izan zela, nahiz eta orain bere sufre urrina galdua duen

Nor haserretu zitzaizun, eta zergatik, jakiterik badago?

Gehienbat euskaltzaleak. Eta Elizako hainbat kide ere bai, gertuago bainituen garai haietan –orain ere badut lotura haiekin, baina ez orduan bezainbat hurbila–. Justuki hasia nintzen irakasle ordezkari moduan Baionako eskola pribatu batean, eta jakin zelarik nobela «pornografiko» bat argitaratu nuela, ez nuen gehiago lanik ukan. Zuzendariak bere bulegora deitu ninduen eta hor bukatu zen ene Historia-Geografia irakasle esperientzia.

Elizarena zen?

Bai, kristau eskola pribatua zen. Eta hortik aitzina ez nuen lan gehiagorik ukan irakaskuntzan. Parisera joan nintzen bizimodua atera beharrean, euskal mundutik erabat kanpora. Neurri batean, horrek salbatu ninduen.

Hainbeste markatu zintuzten eleberriak sortu zituen ondorioek?

Bai, ikaragarria izan zen. Batzuek auzitara eramango nindutela mehatxatu ninduten. Besteek ez ninduten gehiago solastatu nahi ere. Normala da, garai haietan ez zen egiten bereizketarik fikzioaren eta errealitatearen artean, eta orain iruditzen zait Basilika ez zela molderik hoberena idazle maneran gizarteratzeko. Fikzioa baizik ez zen, baina egia da min egiten zuela, zafrako baten antzekoa zen hainbeste indar eginez euskaraz bizi ziren zirkuluentzat. Eta nehondik ere ezagutzen ez zen neska gazte ezjakin baten eskutik zetorren.

Egun ere arazotsuak dira errealitatearen eta fikzioaren arteko kontu horiek…

Bai, bistan dena, oraindik ere arazotsuak dira. Eta gainera areagotu dira. Baina garai haietako euskarazko liburu batek pedagogikoa izan behar zuen ona izateko. Fikzio gutxi zegoen haurrentzat ez zena, eta, oroz bat, zerbait behar zen ikasi nobela batetatik. Eta Basilikak, posizio pornografiko batzuk salbu, ez zion funtsezko ekarpenik egiten euskal kulturari [barrez]. Euskarari ere ez: kritika batzuen arabera –euskaldun progresistagoen partetik– liburuko euskara sobera erraza zen, pobrea... funtzionala delarik! Egia da garai hartan hasi nintzela ene euskara lantzen. Orain, ia 40 urte beranduago, entzuten dudan kritika nagusia kontrakoa da: «zure testuak ez dira ulertzen, euskara zailegia darabilzu». Gauzak asko aldatu dira.

Espero zenuen jendeak hala erreakzionatuko zuenik?

Ez. Euskal mundua –bere bertsolari gordinekin eta zirtolariekin– trufa eta irri zilegien mundu kontsideratzen nuen, baina gauza batez ez nintzen ohartzen: bere burua zirikatzea ez zitzaiola batere gustatzen. Zenbait urte lehenago Herria astekarian «Euskaldun Arruntaren Alfabetoa» idazten nuen, eta han ere baziren abertzaletasunari eta elizari buruzko kritikak. Hiztegi hura biziki ongi hartzen zuten, frantses sistema ere kritikatzen nuelako. Pentsatzen nuen Basilikarekin berdin izango zela, azken batean euskal sistema barne-kolonialista baten kritika baitzen –hots, elitearen eta herri xehearen arteko leizearena–. Baina euskalkraziak –hala deitzen nion duela 40 urte– ez zituen batere maite euskaldun jende arruntak, haien hizkuntza traketsa, tokanoka... Piztia kolpatua suertatu zen, ene kalterako!

Liburuan kontatzen da nola Jon Kapagorri diputatuak izugarrizko muntaia sortzen duen Irulegi eraldatzeko Lourdes erraldoi baten moduko zerbaitetan. Horretarako, Elorri neska gaztea konbentzitzen du, esan dezan Ama Birjina ikusi duela. Muntaiaren konplize bihurtzen dira apaizak, medikuak, eta, azkenerako, herri osoa. Agerikoa da fartsa, eta, halere, herritar guztiek jokatzen dute benetakoa balitz bezala. Simulakro handi baten istorioa da Basilikakoa, finean.

Hala sentitzen nuen euskal mundua. Beti entzuten nuen: «Euskal Herria eta euskara zepotik ateratzeko mirakulu bat behar da». Hori zen orduko leitmotiva: «zepotik ateratzeko premia» –edo frantsesez «désenclaver»–, lekuan lekuko garapen ekonomikoa sustatzearen mantra. Eta hara non mirakulua gertatzen den, fikzioan, basilika baten maldan. Gainera, urte haietan Lourdesko agerpenaren urteurrena ospatzen zen, eta horiek denak lotuz, eleberri horren ideia piztu zitzaidan. Enetzat nobela politikoa zen, polis delakoaz hitz egiten zutelako horko pertsonaiek; pornografia pixka bat sartzen nuen, baina pornografia hura ere politikoa zen. Garai haietan mirakulua zen testu batean eszena pornografikoak aurkitzea, bereziki euskaraz. Eta gainera, erran dudan bezala, neska gazte bat nintzen –eta hori bekatu handiagoa zen–.

Baina idazten ari zinelarik, konturatuko zinen eleberriak astinaldiren bat eragingo zuela, ala?

Kontzientzia banuen, bistan dena. Hasieran, nire buruari batere mugarik gabe idazten utzi nion, beharbada ez nuela nehoiz publikatuko pentsatuz, libertate sentsazio euforiko batean, politika, pornografia eta eliza nahasiz. Mikel Laboaren Garaziko 1984ko kontzertuan Susakoei proposatu nien argitaratzea, eta pentsatzen nuen gauza batzuk aldaraziko zizkidatela. Beraien harresi kritikoa –morala?– zen ene esperantza. Baina ez, haiek ere aitzina! Argitaratu ondoren irakurri nuelarik, agudo atzeman nuen arazoak eman zitzakeela. Ez diet Susakoei erruaren harririk botatzen, lehen ardura idazlearena delako [barrez].

Literatoek gutxienez babestu zintuzten?

Ez pentsa. Alderantziz. Denak pentsamendu eta iritzien sare berdinetan gatibu ginen, eta zaila zen bazter aburu baten edukitzea, batez ere Basilika bezalako nobela baten egilearen sustengatzeko. Ez nuke ene burua biktima antzera agertu nahi, erauntsia merezi nuen, baina egia da sustengu pixka bat eskertuko nuela [barrez].

Balio oso kontserbadoreak dituen abertzaletasun bat irudikatzen da liburuan. Oroitu naiz Beñat Sarasolaren Deklaratzekorik ez nobelako protagonistak errepikatzen duenaz: «Karlistarik gabeko herri karlista da Euskal Herria». 

Ados nago ikuspegi horrekin. Euskal Herria oraindik karlista da, eskuineko eta ezkerreko abertzaleak halaxe dira, euskalduntasunaren irudi mitifikatu bat darama bere baitako diskurtsoen eraikitzeko eta ez du baitezpada bere auzoan dauzkan beste munduekin harremantzeko xederik. Ikusgarria zait beti nola ez dugun frantses edo espainol kulturekiko bakea egitea lortzen. ETArekin gauza bera: ez gara heltzen ikustera mende erdiko borroka horrek zenbat kalte sortu duen «etsaiaren» eta gure lerroetan beretan. ETArena laugarren karlistada izan dela diote batzuek. Fikzioa maite ez zuen herri oso bat erakunde armatuaren fikzioarekin elikatu da. Fikzioa fikzio trukean, Basilikarekin.

Izan duzu auzi hauei buruzko iritzi konpartitu samarra zeukan inguru hurbilik?

Gehienetan bakarrik bizitzen nuen zerbait izan da. Euskal mundutik kanpo eta barnean egon naiz aldi berean. Obserbatzaile puntu batean. Nehork ez nau abertzaletzat sekula hartu, ez bederen abertzale seriotzat. Simulakroa aipatu dugu lehen… bada, lehen simulakroa nerau naizela diot irri egiteko. Argi da, euskal munduan, zaren abertzalearen erdia inguruan duzunaren begiak moldatzen duela. Gaur egun duela berrogei urte nola: abertzalerik zintzoena izan zaitezke, baina zure solaskidearentzat hala ez baldin bazara, zure ekinak ez du deustarako balio.

Indarkeriaren erabilerarekin ados ez egoteak eragin zuen horretan, bereziki?

ETAk Lemoizko zentralaren auzian José María Ryan hil zuelarik, ez nintzen isilik egon, zorigaitzez. Inkontzientea nintzen. Artikulu labur bat atera nuen Enbata astekarian, erranez arerioa hiltzea ez zela Euskal Herria egiteko modurik egokiena. Uste dut ordutik aitzina mundu abertzalea pixka bat urrundu zitzaidala, eta alderantziz. Gogoan dut uda hura –festaz festa ibiltzen baikinen– igaro nuela «birkoadratua» izaten. Egiazko abertzaleekin mintzo nintzen eta mailukatzen zidaten : «Itxaro, hori ez da bide ona». Bide zuzenean jartzen ninduten. Kontsigna barneratu nuen, eta, alde horretatik, gai horrekiko denbora luzez isilik geratu nintzela uste dut. Ez nuen pentsatzen nuena erraten, benetan kanpo gelditzeko beldurrez bezala. Ez genuen beste mundurik. Giro berezia zen. Gogorra. 1982tik aitzina, hargatik, Maiatz sortu genuelarik, Luzienekin-eta babestuago sentitu nintzen. Taldean kokondoa inarrosi nahi genuen. Burgesak ginela erraten ziguten, kokondoa astintzea eta probokazioetan aritzea burgesa zelako.

Jon Juaristiri irakurri diot berriki Pott bandari buruz: itxuraz kidetasun batek elkartzen bazituen ere, elkarrengandik oso urrun zeudela kezka estetikoetan zein politikoetan. Literaturaren autonomiaren aldeko ideia lauso batek batzen zituela, ezer batzekotan –garaiko marko nagusia literatura militantearena izanik–. 

Horixe zen Maiatz –eta baita orduko literatur aldizkari guztiak ere–. 80ko hamarkadako idazle gehienak horrelakoak ginen, literatura «hutsean» sinesten genuen, dena ginen salbu militanteak, nahiz eta beharrean manifestatzen genbiltzan presoen eta errefuxiatuen alde. Friboloak ginen. Piarres Lafittek Maiatz aldizkariaren lehen zenbakia kritikatu zuenean, idatzi zuen «fantasia anitz eta funts gutxi» zegoela orrialde haietan. Egia erran, hori zen gure helburua. Basilika nobelak, hiru urte beranduago, «fantasia gutxi eta funts anitz» bazuen. A posteriori, agian, Basilika euskal munduan zentrala zen gizon batek idatzi izan balu, ez zen hainbesteko iskanbilarik sortuko. Baina hori ere ez  da segur...

Basilika ez zuen idatziko euskal munduan zentrala den gizon batek…

Ez... baina balu. Eta, ororen gainetik, ez zien Basilika eleberrian bezalako rol ekilerik emango neska eta emazteei. Herri xehearen zutarriak dira, Ama Birjina ikusi zuen Elorriren eta Jon Kapagorriren konplizeak. Oroitu behar da garai hartan emazte idazle gutxi ginela –ezagunenen artean Arantxa Urretabizkaia eta Amaia Lasa–. Nik ere idazle pultsio izugarria nuen, inguratzen ninduen munduaz mintzatu nahi nuen, emazte nortasun intimistaz harago. Gerora beti galdetu izan diot ene buruari: zer inkontzientzia nuen orduan ene burua idazle gisa plazaratzeko? Normalean etxean beharko nuen, gordean eta ikusezin. Giroa halakoxea zen: apezak odolaren edota hizkuntzaren garbitasunaz mintzo ziren –garbiak ez baziren bekatua zen–. Abertzaleak ere antzera: «kritikoak» ziren, Euskadi salbatu behar zen, eta horretarako bizia ematen zuten bakarrek, eta besteak edo sakrifikatzen ziren edo bederen beraien anbizio sozialak sakrifikatzen zituzten. Orain ez da halakorik. Ikusten dugu hizkuntza transmititzen dela, batzuek galtzen badute beste batzuek berreskuratzen dutela. Dena aldatu da. Berrikuntzak periferietatik datoz, ideologikoki hain baldintzatuak ez diren belaunaldi berrietatik. Hargatik, onespen kulturala nahi baldin baduzu zentroak osatzen duen multzora bildu beharko duzu. Irudi zait ni beti saihets bideetatik ibili naizela, baina sekula erdigunetik urrundu gabe, euskal mundutik arras kanporatua ez izateko. Muga biziki mehea da euskaldun izaera finkoaren eta lepora diezazuketen antieuskalduntasunaren artean. Nik horrela bizi dut bederen.

Basilika da, beraz, zure jatorrizko bekatua.

Bai, hala uste dut. Basilika ene estigma da. Betirakoa. Aipatu ala ez, hor egongo da. Markatu nau, eta markatu du idazle gisara egiten zaidan ingurukoen diskurtsoa. Baina bete-betean dastatu dudan libertate handi baten xendra ireki zidan halaber. Idazteko eta sortzeko. Oraindik ere baliatzen dudana. Eta gauza bat lortu dut: jendea enekin aske sentitzea, idazten dudana zuzenean komentatzeko eta kritikatzeko. Basilika isilean atxikitzen dut, biobibliografietan ez dut aipatzen, eta bitxia da, teknikoki liburu ona dela iruditzen zaidalako: ziztuan funtzionatzen du, irakurlea eramaten du Iparraldeko hamarkada haietako egoeraz pentsatzera –egoera larria zen–, eta orduko gure ametsak zein ziren ikustera. Punkiegia dela aitortzekoa dut halere. Bi mailatan garatzen da nobela: lehena, maila orokorra, beheko jendearena –badakite dena simulakroa dela, eta nahita dira konplize–; eta, bigarrena, kultur munduko jendearena –ez dute simulakroaren kontzientziarik, egiten dutena egiazkoa dela uste dute–. Nire nobela askotan ageri direla bi maila horiek. Ez da anti-elitismoa, baina badut sentipen ezabaezin hori nigan: euskal «intelektualak» bizi direla errealitatetik kanpo. Hori ageri da Basilikan, %100 Basquen, Amaia Ezpeldoiren liburuetan…

Basilika onartzeko garaia duzula diozu. Aipatutako kanpo-faktoreez gain, egon al da liburua bazter uzteko arrazoi pertsonalik?

Ene heziketa judeo-kristauaren arabera hazi zaidan damuaren zama. Damu naiz jende batzuen izenak emanik. Hori da ene huts bakarra. Ez da asko, baina, bizitzan txikikeriak zaizkigu mingarrien, harri txintxarrak zapata hondoetan bezala. Gainerako guztia –pertsonaiak, fikzioa, trama, gidoia– neure egiten dut. Basilika biziki liburu ona da, baina ez nuen nik idatzi behar [barrez].

Elkarrizketa honen uberan

Kalean da Euri zitalari esker: Amaia Ezpeldoiren seigarrena eta azkena

Itxaro Bordaren apalategian: Paisaia urrun zein hurbilekoetara bidaian

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)