Albisteak

Kalean da «Euri zitalari esker»: Amaia Ezpeldoiren seigarrena eta azkena

Asteartea, 2021-06-15

Euri zitalari esker eleberria argitaratu du Itxaro Bordak: Amaia Ezpeldoi detektibe ruralari buruzko seigarren nobela da, eta azkena ere bai, Bordak baieztatu duenez.

Aurrez komunikabideetan aurreratutakoa berretsi zuen Itxaro Bordak ostiralean: Euri zitalari esker izango da Amaia Ezpeldoiri buruzko azken liburua. Maialen Berasategi ondoan zuela aurkeztu zuen, hain zuzen ere.

Ezpeldoiri eskainitako seigarren eleberria da hauxe: Bakean ützi arte izan zen lehena (1994); ondoren, 1996an kaleratu zituen beste bi: Bizi nizano munduan eta Amorezko pena baño. Hamar urteko etenaldiaren ostean, Jalgi hadi plazara (2007) eman zuen egileak, eta 2012an, berriz, orain arteko azken: Boga boga. Susa etxearen eskutik kaleratu ditu denak.

Musikak, jakina, protagonismo handia du nobela-sorta honetan: oraingoan, «Ezekielen prophezia» (Itoiz) kantuaren hasierak eman dio izenburua lanari. Liburuaren azala, berriz, Axpik egin du.


Bilan kolektibo bat, Arkadiara erretiratu aurretik

Hogeita hamar urte pasa dira Ezpeldoiren lehen inkestatik, eta detektibea erretreta hartzeko prest topatuko du irakurleak, bere puskak biltzen eta sailkatzen, «Arkadia» bat eraikitzera abiatuko baita, Atharratzera, Joana Garralda maitalearekin batera. Hara non, baina, dei bat jasoko duen: diru-parrasta bat eskainiko dio Donibane Garaziko emakume batek, bere alaba desagertua –Maddi– aurki dezan. Sos-premian baitago Ezpeldoi, eskaerari erantzungo dio.

Nolanahi ere, «korapiloa askatzea» bezain garrantzitsua izango da horrainoko bidea, Berasategik azpimarratu duenez, eta, Ezpeldoiren liburuetako «konstante» bati jarraituz, hainbat gai aletzen dira eleberrian: emakumeen azpiratzeak, familia odolekoaren zein hautazkoaren gorabeherak, zahartzaroaren hasierari buruzko gogoetak… Hori guztia Bordaren hizkuntza «aberats» eta «jostari»an aurkituko dugu, ironia «gozo eta eztenkari»arekin lagundurik: «irri ez ezik, gogoeta eginaraziko» dio irakurleari lanak, laburbildu du Berasategik.

Ezpeldoiren unibertsoa sortzeko, hainbat hari bilbatu ditu azken hiru hamarkadetan Bordak, egileak berak aitortu duenez: lurraldetasunaren haria –Euskal Herriari itzulia egin ostean, barnealdera itzuliko da: Donibane-Garazi, Baztan, Lastur…–, generoaren bilakaera – lesbianismoa osoki onartzeko urrats guztiak, lehen aldiz emakume batekin maitemintzetik hasita–, euskararena garapena… Azken horri dagokionez, Bordak aipatu du beti izan duela hizkuntzarekiko «arrangura», eta bidea egin duela euskalkitik batura, batua bere zentzu zabalenean ulertuz betiere, «euskalkiak kanpo utzi gabe».

Hari soziopolitikoaz mintzatu da Borda azkenik, Ezpeldoiren nobelekin helburu bat izan baitu beti: azken 30 urteotan askorik landu ez diren gertakariak aletuz, «memoria kolektiboaren arrago bat» osatzea.


Albiste honen uberan

Amaia Ezpeldoiri buruzko artikulua (Elearazi)

Itxaro Bordaren apalategian: Paisaia urrun zein hurbilekoetara bidaian

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)