Saiakera itzulien uzta oparoa
Ostirala, 2021-12-10Uzta oparoa ekarri du aurten saiakera itzuliak: jada euskaraz geneuzkan batzuk, hala nola Silvia Federici eta Natalia Ginzburg, baina badaude berriak ere, esaterako, Nancy Fraser eta Irene Vallejo. Artikulu honetan bildu ditugu denak.
Aste honetan, Durangoko Azokaren aitzakian, antzerkiko, poesiako eta narratibako nobedadeen berri eman dizuegu. Dena den, oraindik aipatu ez dugun arren, benetan azpimarragarria da saiakera itzulien aurtengo uzta oparoa. Eduardo Galeano, Silvia Federici eta Nancy Fraserren lanak kaleratu dira, besteak beste.
Bertute txikiak
Orain arte, Natalia Ginzburgen narratiba-lanak irakurri ahal izan ditugu euskaraz: Hirira doan bidea (itzultzailea: Pello Lizarralde; 2001), Arratseko ahotsak (itzultzailea: Pello Lizarralde; 2003) eta Familiako lexikoa (itzultzailea: Fernando Rey; 2004, 2021), denak ere Igelaren eskutik argitaratuak. Udazkenaren hasieran, ordea, autore italiarraren saiakera-bilduma bat plazaratu du Alberdaniak, Irene Hurtado de Saratxok euskaratua.
Hona hemen liburuaren sinopsia:
Hamaika kontakizun labur biltzen ditu esku artean duzun liburuak, denak ere saiakera literarioaren eta autobiografiaren artean daudenak, 1944ko udazkenetik 1962ko udara bitartean lehen pertsonan idatziak, bi partetan antolatuak ordena kronologikoari jarraitu gabe, narrazio autobiografikoak lehen partean eta saiakera literarioak bigarrenean.
Hemen irakur dezakezue liburuaz idatzi genuen artikulua.
Latinoamerikaren zain urratuak
Eduardo Galeanoren saiakera-estiloko bi liburu irakur genitzakeen lehendik ere euskaraz: Ispiluak eta Emakumeak, hain zuzen ere, biak ala biak Txalapartaren eskutik kaleratuak. Hitz ibiltariak liburuan, berriz, era askotako istorioak eta ipuinak bildu zituen uruguaiarrak.
Hemendik aurrera, Galeanoren lanik ospetsuena ere badugu eskura: Latinoamerikaren zain urratuak. Iñaki Alegriak euskaratu du, eta UEUk ekarri du plazara. Zera adierazi zuen Galeanok berak liburuari buruz:
«Zainak idatzi nuen besteen ideiak eta bizipen propioak hedatzeko asmoz, horiek apika apur bat lagundu dezaketelako, bere neurrian, betidanik atzetik ditugun galderak argitzen: Latinoamerika ote da irainera eta pobreziara kondenatutako munduko eskualde bat? Nork kondenatua? Jainkoaren errua, naturaren errua? Klima itogarriak, azpiko arrazak? Erlijioak, ohiturek? Zorigaiztoa ez al da izango historiaren ondorioa; gizakiek egina eta gizakiek, ondorioz, desegin dezaketena?
Jendearekin mintzatzeko asmoz idatzi nuen liburu hau. Espezialista ez den egile bat espezialista ez den entzuleriarengana zuzentzen da historia ofizialean, irabazleen historian alegia, ezkutatutako edo gezurtatutako gertakariak jendarteratzeko».
Ongietorria bedi.
Kapitalaren lantegi ezkutuak
Lisipe bildumak (Susa) pentsamendu feminista hedatzea eta argitaratze du xede, eta oro har jatorriz euskaraz idatzitako liburuak jorratzen badituzte ere, oraingoan Nancy Fraser autore estatubatuarraren azken liburua publikatu dute, Kapitalaren lantegi ezkutuak artikulu-bilduma. Lau itzultzaileren artean banatu dute sei testuak euskaratzeko lana: Irene Arrarats, Maialen Berasategi, Mirentxu Larrañaga eta Danele Sarriugarte.
Testuotan Fraserren pentsamenduaren gako nagusiak biltzen dira, hala nola «kapitalismoa ordena instituzionalizatu gisa kontzeptualizatzearen beharra, ordena hori posible egiten dituzten faktore ikusezinen azalpen xehea eta kapitalismoaren erro misogino, sexista eta arrazistaren leheneratze politikoa».
Liburua osorik irakur dezakezue hemen.
Infinitua ihi batean
Irene Vallejok arrakasta handia bildu du Infinitua ihi batean saiakerari esker eta euskarara ekarri du orain Pamiela argitaletxeak, Fernando Reyren itzulpenarekin. Liburuen historiari buruzko liburu bat da, eta hainbat lekutan aurkeztu zuten pasa den astean.
Anjel Lertxundik Reyren itzulpena laudatu du berriki:
«Vallejoren gaztelaniazko prosaren araztasun eta dotorezia bera gozatu ditut Reyren itzulpenean. Hizkerak eskutik narama, Vallejorenak ere eramaten ninduen bezala: euskarazko bertsioaren araztasunak sorpresa atsegina ekarri dit, nahiz aspalditik ezagutzen ditudan Reyren eskarmentua eta lana. Vallejoren tonuari eusteko maisutasunak seguru sentiarazi nau. Ez zitzaidan dudarik sortzen, edo, sortzen bazitzaidan, ez zen sintaxiak, lexikoak eta halakoek eragina, baizik nire formazio kulturalaren defizitak eta herdoilak, autore edo pertsonaia edo mitoren baten ignorantziak. Baina, halakoetan ere, autoreak zein itzultzaileak, beti baitute kontuan irakurlea, talentu artistikoarekin leuntzen dituzte takar edo aldapatsu izan zitezkeen pasarteak».
Walden
Honen aurretik, Henry David Thoreauren bi lan irakur genitzakeen euskaraz: Desobedientzia zibila (itzultzailea: Edu Lartzanguren; Booktegi, 2020) eta Ibili (itzultzailea: Leire Zapiain; Booktegi, 2021). Oraingoan, autore estatubatuarraren lan nagusia plazaratu du Katakrakek. Danele Sarriugartek itzuli du Walden, eta Antonio Casado da Rochak egin dio hitzaurrea.
Hona azken horren testuko pasarte bat, amu gisa:
«Laku baten izena du liburu honek, eta esango nuke gaia ere likido samarra duela: “bizitza basoetan” izateaz gain –azpititulu hori egileak berak kendu baitzion bigarren edizioan–, eraldaketa prozesu amaigabea ere bada. Gogotik edo kontzientziatik hasten den eraldaketa-ziklo bat: munduan hartzen dugun jarreratik abiatu eta balio berrietan zehar abentura-bidaia eskaintzen digu Waldenek.
Liburu hau 1854ean argitaratzean, bere asmoa ez zuen ezkutatu Henry David Thoreauk, lehenengo orrian jarritako aipuan deklaratu baitzuen ez ziola etsipenari edo abaildurari poema bat idatzi nahi, baizik eta aldaketak eragin, probokatu, “besterik ez bada auzokoak esnatzeko”. Esperientzia eraldatzaile bat performatu, testuaren egilearena bezainbeste balizko irakurlearena, berea bezain gurea izan litekeena».
Borrokalari transgeneroak
Leslie Feinbergen nobela bat itzuli eta gero –Mari-mutil handi baten bluesa (Katakrak, 2018)–, haren saiakera-lan mardul bat ekarri du euskarara Fermintxo Zabaltzak, Borrokalari transgeneroak. Katakraken eskutik eman du oraingoan ere.
Kattalin Minerrek osatu du liburuaren hitzaurrea, hona hemen pasarte bat:
«Hitz hauek 1996ean idatzi zituen Leslie izeneko transgenero honek eta, horrek berak ere perspektiba nahikoa ematen du irakurketak errebisatzeko. Sarri, bere esaldi borobil askoren aurrean neure burua ikusi dut duela hamarkada pare bat idatzitakoek gaur egun duten pertinentzia berresten. Transfobia ez da XXI. mende politikoki asaldatu honetako asmakizuna; borroken arteko mailakatzea ez da gure garaiko ezkerraren arrisku eta mamu berria; feminismoen eta LGTBI borroken joan-etorriko harremanak ez dira gaurko gatazkak».
Larruazalaren periferiaz haraindi
Katakraken argitalpenekin jarraituz, Silvia Federici pentsalari marxista feministaren lan bat kaleratu dute. Amaia Astobizak itzuli du. Astobizak ekarriak dira, halaber, Federiciren beste hiru lan: Soldataren patriarkatua (Katakrak, 2017), Mundua berriz liluratuz (Katakrak, 2019) eta Kapitalismoa eta emakumeen aurkako indarkeria (Katakrak, 2020). Bestalde, Federiciren Caliban eta sorgina (Elkar/Jakin, 2017) lan mardula Aitor Arrutik eta Edurne Lazkanok euskaratu zuten.
Emakume-kategoriari buruzko hausnarketak bildu ditu italiarrak oraingo honetan:
«Beharrezkoa ote da oraindik “emakume” kategoria erabiltzea politika feministetan, kontuan hartuta etiketa horrek barne hartzen dituen askotariko historiak eta bizipenak, ala baztertu egin behar genuke, Butler-ek eta beste teorialari postestrukturalista batzuek proposatu bezala? Are gehiago, identitate politiko oro baztertu behar ote genuke, fikziozkoak direlako ezinbestean, eta soilik aurkakotasunean oinarrituta eraikitako unitateen alde egin? Nola ebaluatu behar ditugu ugaltze-teknologia berriak, zeinek promesten baitigute gure osaera fisikoa berrantolatu eta gure gorputzak berregingo dituztela, gure nahietara hobeto egokitzeko? Teknologia horiek gure gorputzen gainean dugun kontrola areagotzeko balio dute, ala esperimentatzeko eta irabaziak lortzeko objektu bihurtzen dituzte, merkatu kapitalistaren eta medikuntza-lanbidearen zerbitzurako?».
Iaz Amaia Astobiza elkarrizketatu genuen, luze eta zabal, Federiciri ikasitakoen harira: «Ahotsez ahots, alez ale, emakumeok bagoaz gure biografiak osatzen eta ulertzen, gure ubeldurak eta gure zapalkuntzak testuinguru zabalago batean kokatzen».
Sekula ez liokete euli bati hegalik kenduko
Han ez banengo bezala (Pasazaite, 2018) nobelaren ostean, Slavenka Drakulicen beste liburu bat itzuli du Amaia Apalauzak: Sekula ez liokete hegalik kenduko deitzen da, eta Balkanetako gerra lantzen du orobat, baina beste ikuspegi batetik.
Hona hemen liburuaren sinopsia:
«Nor ziren? Zu eta ni bezalako jende arrunta, ala munstroak?». Zerk bultzatuta ekiten dio batek herrikideak akabatzeari? Zer eginen genuke guk egoera berean? Hannah Arendtek egin bezala, «gaizkiaren hutsaltasuna» aztergai du Slavenka Drakulicek Balkanetako terrorean aztarrika egitean. Guretik hain urrun igaro zen gerrak, 90eko hamarkadan Jugoslaviako Errepublika Sozialista zatitzen hasi eta hainbat urtez luzatu zenak, sarraski iragarri ezina ekarri zuen: berrehun mila bizitza inguru galdu, bi milioi lagun bizilekuz aldatu eta estatu berriak sortu ziren. Epaiketetako lekukotza zirraragarrien bidez eta hainbat iturritan oinarrituz, Drakulicek heriotza, bortxaketa, tortura eta beste hainbat krimenez akusatutakoei ahotsa eta gorputza jartzen die, argitasun asaldagarriz. Indarkeriari buruzko gogoetari bide emanez, liburu honek Jugoslavia zenaren desegiteaz harago egiten du oihartzun.
Hemen irakur dezakezue Amaia Apalauzari egin genion elkarrizketa Drakulicen lehen liburuari buruz.