Hitzen Uberanek 10 urte
Ostirala, 2020-11-20Egunez egunekoak markatzen ditu asteak, hilabeteak eta, azkenean, urteak. Hamaika istorioz osatzen dira bizitzak, edo, Hitzen Uberanen kasuan bezala, hamaika albistek, edo elkarrizketek, edo hitz ahoskatuek. Hamar urteko ibilbideari errepaso egin diogu, azaroaren 26an Donostiako Victoria Eugenia Clubean antolatu dugun ospakizunaren bidean.
Azaroaren 2an hamar urte bete ziren Hitzen Uberan webgunea lehenengo aldiz plazaratu zenetik. Literaturzaletasuna bultzatzeko xedez sortu zuen Euskal Idazleen Elkarteak proiektua eta, ordutik, hamaika modutan ekin dio, atal ezberdinen bitartez, helburu hori betetzeari.
“Non dago literatura?”, era horretako galderei tira eginez abiatu zen Hitzen Uberan proiektua sortzeko ideia. “Literatura liburuetan dago, noski, baina baita ere abestietako letretan, errezitaldietan, erakusketetako tituluetan, oholtza gainean...”. Literaturaren zeharbideei erreparatuz, harreta jarri zitzaien liburu aurkezpenei, jardunaldiei, eta letrek protagonismoa duten hamaika bideei.
Euskal Idazleen Elkartean 2010eko uda aurretik ekin zitzaion proiektua diseinatzeari. Garai hartan Testuketan irratsaioaren aldia betea zuten: Herri Irratia eskualdatu zen, Loyola Media bilakatuz, eta orduko euskarazko eduki asko desagertu egin ziren. Proiektuak ibilbidetxoa egina zuen ordurako, bere aurrekari izandako “Komatxo artean” ezagunaren uberari jarraituz.
Norabide berean Irakurrieran sortu zen Bizkaia Irratian, gaur arte iraun duen proiektua huraxe. Irratsaioen bidetik saretutako ahaleginari eutsi nahian, interneten proiektu berri bat diseinatzeko ideiari ekin zitzaion, non irratsaioen artxiboek ere beren presentzia izango zuten.
"Testuketan" irratsaioko esatariak.
Hala, 2010eko azaroan sareratu zen lehenengo Hitzen Uberanen diseinua. Hasierako garaietan arreta handia jarri zitzaion “sorkuntzari”, eta webgunearen lehenengo ataletan protagonismo handia hartzen zuten era guztietako uberanzaleek egiten zituzten ekarpenak: poemak, itzulpenak, argazkiak... Haien artean, bi atalek izan zuten berebiziko oihartzuna: batetik, egunero azal berri bat edukitzen zuen Uberanek. Normalean kontrako bidea hartzen den arren, irudigile gonbidatuei argazki, ilustrazio, koadro sorta bat eskatzen zitzaion, eta haiek hainbat idazleren artean banatu, idazle bakoitzari hainbat irudigileren lanak suertatzen zitzaizkiolarik. Ezusteko kolaborazioak eman ziren modu horretan, eta ezusteko ondarea sortu zen esperimentuak iraun zuen bost urteetan. Hain izan zen hala, ze, diseinua aldatzean guztiak gorde nahi izan genituen, hemen duzuen atal honetan.
Atalak joan, atalak etorri
Sorkuntzari loturiko beste atal garrantzitsu bat izan zen “Aingura hegodunak” izenekoa, zeinean biltzen ziren nagusiki kolaborazioak eta sormen lan laburrak. Haien artean arrakastatsua izan zen oso “Poema musikatuak” atala. Imanol Ubedak piztu zuen sua, Uberani hilean behin poema bat musikatzea eskaini zionean. Ideiak kutsatuta, beste hainbat musikarik bidali zizkigun bere lanak: Jon Minerrek ere poeta ugariren lanak musikatu zituen, eta noizbehinka Urko Menaia, Ander Fernandez, Jesus Sudupe, Gotzon Arrizabalaga, Jexuxmai Lopetegi... Uberaneko txoko honetan topatuko dituzue guztiak.
Uberanek probatutako atal guztiek ez dute iraupen bera izan. Internetek ematen du gauzak probatzeko, kentzeko, jartzeko, berrasmatzeko aukera, eta hala ibili ginen Uberanen ere. Internetek ere ezagutu ditu bere joan-etorriak, blogen desagertzeak eta suspertzeak; geratzeko iritsi ziren sare sozialak, Facebook eta Twitter bezalakoak, denborarekin sare berrien alde indarra galtzen joan direnak; interneteko komunitate birtualak eta foroak han eta hemen abiatzeko tentaldi asko geratu da urteotan bidean, beste tresna batzuen alde; garai batean e-postara heltzen zitzaizkigun kultur-spam ugari haiek ordezkatu ditu, neurri handi batean, whatsapp-ak. Dena dago mugimenduan, eta hala ere, zail da imajinatzea gure bizitza tresna hauek gabe. Zenbatek ez zuen esango, “zeinen ezberdina litzatekeen pandemia hau internet aurreko garaian...!”.
Uberanen bidean geratu dira eztabaidarako foroak, komunitateak eraikitzeko saioak, azalak, sorkuntzara guztiz bideratutako atalak, "Erakusleihoa" izeneko atala, "Arrantzatuak"... Zehazten, zedarritzen joan da proiektua aldaketekin batera. Elkarrizketak izan dira, betidanik, ondare nagusia: helburua ez da inoiz guztia jasotzea izan, ez komunikabide orotarikoek egiten duten lana ordezkatzea, hura osatzea baizik, beti ere zalearen mesede: beti saiatu gara erreparatzen dena delakoagatik elkarrizketa gutxiagorekin geratzen ari zen hari, herririk txikienetako jardunaldiei, sortzaileen ekimenei, irakurle taldeei. Haiekin osatu ditugu atalik finkoenak: elkarrizketak, albisteak, agenda. Garai batean bazter utzitakoak ere berrasmatu ditugu, “Komunitatea” modu sinpleago batean berrasmatuz, sarritan sorpresak ekarri izan dizkigun atala.
“Amuak” da hasieratik egon den beste atal bat, literaturzalearen erreferentziak aniztea, kitzikatzea bilatu izan duen txokoa, tarteka erdaretako irakurketak ekarriz, edo egile ezagunen zein ez oso ezagunen alderdiak agertuz.
Nolako literatur giroa genuen 2010ean?
Atal askoren zentzua ulertzeko ezinbestekoa da unean unean mugitzen denari erreparatzea. Hala, kasu, “Irakurle taldeen mapa” atalarekin. Azken urteetan ohitu egin gara, neurri handi batean, irakurle talde eta kluben berri izateari, baina akaso garai batean ez zen hain ugaria, ez ohikoa. Esan daiteke kasu askotan liburuen bizitza luzatzen laguntzen duen ekimenak direla taldeetakoak, eta halako zirkuitu bat eskaini ahal diola idazle zenbaiti, taldetara egiten diren bisiten bitartez. Han eta hemen irakurzaletasuna bultzatzen laguntzeaz aparte, euskarazko liburuaren oihartzuna bultzatzen laguntzen dute. Literatur emailuetako agendan egiten duen lan eskergari esker, mugimendu hori bisibilizatzen joan ahal izan gara urteotan.
Ez kasualitatez, duela hamar urte inguru sarritan hitz egiten zen irakurle taldeen nolabaiteko eztandaz. Maximizatzen ote zen ugaritze hura, beharragatik idealizatu akaso? Garai hartan fenomeno hari buruzko solasaldiak izan ziren han eta hemen, besteak beste, Literatura Eskolan ibiltarian. Larrabetzun sortutako proiektuak sekulako itzala izan zuen urte luzez, eta jende asko saretzen lagundu zuen. Uberanen ere sarritan eman genuen saio haien berri.
Saretzeaz ari garela, urte batzuez literatur zaletasunetik sortutako ekimen ugari sortu ziren, eta tarteka kolaboratzen hasi; Oreretako Poesiaren Astea, Larrabetzuko Literatura Eskola, Eako Poesia Egunak, Hatsaren poesia... literaturzalearen gustagarri izateaz gain, jende askorentzat elkargune izan ziren luzez, idazleak idazleekin egoteko aukera, irakurleak eta idazleak literaturaz mahai beraren bueltan egoteko beta. Desagertu dira haietako asko, baina sortu dira berriak: kasu, Zarauzko Literaturiak Larrabetzuko gunean izan zuen abiapuntua, Ahotseneako sorrera ere garai hartatik letorke, eta egun (H)ilbeltza bezalako jardunaldiak bizirik daude.
Akaso literaturari loturiko sare potente horrek izango zuen zerikusirik literaturari loturiko saioen ugaritasunarekin; Hitzen Uberanen urteotan guztiotan agenda betetzen jardun garen honetan, ausartuk ginateke esaten azken urteetan ez dela hainbeste mugimendu egon maila horretan. Zikloak egongo dira, segur aski, eta egon beti egoten dira proposamenak; baina, akaso, kantitatea ez da lehengo bera? Nolanahi ere, hamar urteotan belaunaldi eta modu berrien lekuko ere izan gara, webgune honetan: ITU Banda, Lekore aldizkaria, Txakur Gorria kolektiboa... Kolektibo hauen aldetik ere, esan genezake egun badela paperezko autoedizioaren berpizte bat.
Azken hamar urte hauek ezaugarritu dituen beste gai bat litzateke argitaletxe berriena. Sarritan izan genituen aipagai argitalpen proiektu berriak, hala lehen olatu batean, nola bigarrengoan. Proiektu batzuk desagertu ziren (EDO!), beste batzuek espezializaturik jarraitzen dute (Pasazaite), edo liburu-denda berrien zirkuituari loturik sortutakoak (nabarmenena, Katakrak). Berriak ere sortzen jarraitzen dute, liburuaren mugak arakatzeko prest, Farmazia Beltza bezala, edo Booktegi, liburu digitalez gain bere ekarpena euskarri ezberdinetan zabalduz eta zabalduz. Aipagarria da, bestetik, argitaletxerik ezagunenen alorrean izaera propio batekin sortu diren bildumak: Eskafandra (Elkar), Lisipe (Susa), Munduko Poesia Kaierak (Susa), Ganbila antzerkia (Susa)...
Zikloak izaten dira batzuetan, zikloiak besteetan. Aldaketak aldaketa, bizirik eta mugimenduan dagoen sektore batez aritzeaz pozten gara Uberanen.
Jarraitzen dugu, jarraituko dugu
Hamar urteren ostean, probatzeko, saiatzeko eta esperimentatzeko asko dago oraindik literaturgintzan. Euskal Idazleen Elkartearen bultzadaz, Uxue Alberdi eta Oier Guillan abiatu ziren proiektuan, Imanol Ubeda eta Danele Sarriugarte gehitu zitzaizkion gerora erredakzioari. Ez hori bakarrik, azken urteetan kolaboratzaileen sare zabal eta anitz bat osatzen saiatu gara. Gure esker ona adierazi nahi genieke guztiei, poesian, iritzi artikulugintzak, elkarrizketen zein erreportajeen ataletan egindako lanagatik:
Patxi Zubizarreta, Pako Aristi, Aurelia Arkotxa, Maite Toledo, Fito Rodriguez, Jon Eugi, Alex Martinez Iturria, Peru Iparragirre, Maixa Zugasti, Ugaitz Agirre, Aintzane Usandizaga, Goiatz Labandibar, Antonio Casado Da Rocha, Erika Olaizola, Alazne Arruti, Eneko Barberena, Miren Amuriza, Isabel Etxeberria, Sustrai Colina, Alaia Martin, Maialen Akizu, Ane Labaka, Irati Jimenez, Paul Beitia, Izaskun Gracia, Jon Martin, Mikel Ayllon, Ibai Atutxa, Garazi Albizua, Martin Etxeberria, Eider Perez, Aintzane Galardi, Iratxe Ormatza, Juan Ramon Makuso...
Eta, bereziki, gogoan izan nahi genuke Jon Barberena, ezustean utzi gintuen bidaidea, erreportaje hau amaitzeko bere aipu bat gogora ekarriz:
"Zoriontasuna ez da medikuaren kolorezko piluletan aurkitzen, ekintza ttipiek definitzen dituzten lorpen kolektibo handietan, berriz, bai."