Erreportajeak

Hamar urte bete ditu Literatura Eskolak

Literaturazaleen bilgune bilakatu da  Osteguna, 2013-10-24

Jatorrian, Larrabetzu aldeko Bihotz Bakartien Kluba izan zen Literatura Eskola abiarazi zuena. Hamargarren edizioko egitaraua, ordea, elkarlanean osatu da. EIZIE, Antzerkizale Elkartea, UEU, Elearazi, Sareinak eta Euskal Idazleen Elkartea batu dira Eskolaren bueltan. Urteurrenera indartsu iritsi da, beraz. Antolatzaileak antolatzaile, irakurtzeko zaletasunak batzen ditu Literatura Eskolako partehartzaileak. 

“Oroz gain eskolakideak ezagugarritzen gaituena da irakurzaleak garela, eta gehienak amorratuak, esango nuke. Literaturarekiko harreman profesionala baino literaturarekiko harreman pasionala da oinarria. Edo, argiago esango dut, irakurzale orok ditu Eskolako ateak zabalik”.

Itzultzaile, idazle eta, orohar, literaturzale da Danele Sarriugarte. Elearazi web orrialdeko sustatzailea. Iaz hasi zen Literatura Eskolan parte hartzen. “Saio ia guztietan hartu nuen parte”, adierazi digu, “eta irakurle moduan eragin positiboa izan du, eta horrek aldi berean gainontzeko aspektuetan”.

Oparoa izan zen esperientzia Danelerentzat: “batetik, zenbat gairi buruz nekiena aberastu du eta, bestetik, ezagutzen ez nituen gaietara eraman nau. Gainera, irakurtzerakoan detaileak eta elementu jakin batzuk kontuan hartzen eta baloratzen hasia naiz, bertatik igarotako irakasleei esker”. Eta autore berrietarako atea zabaldu dizkiola ere aitortu digu.

Irakurketak konpartitzeko gune bat

Irakurtzeko zaletasunak batzen ditu, beraz, Literatura Eskolako partehartzaileak. Uste berekoa da Iratxe Retolaza Gutierrez, Sareinak taldeko kide eta UEUko Literatura Saileko irakasle. Bere ustez, “literaturazaleak biltzeko gune bat da, batez ere”. Irakurketak konpartitzeko gune bat, eta ezagutza literarioan sakontzeko gunea ere, Iratxeren esanetan. “Eta gainera, beste irakurle talde edo irakurle txokoren artean, gune honetara komunikazio literarioan jarduten duten eragile guztiek hartu izan dute parte: idazle-irakurle-itzultzaile-editore-kritikari... Horrek ere berezi egiten du, azken batean, eragile horien arteko hartu-emanak eta solasaldiak ere badakartzalako, eta batez ere, horiek guztiak irakurle direlako eskolan”. Eskolara idazleak hurbildu izan direnean, haien irakurketa esperientziaz ere aritu izan direla aitortu digu Iratxe Retolazak.


Literaturaz, zentzu zabalean

Garazi Arrula Ruiz da Eskolatik pasa den beste partaide bat. Aurten, antolaketa lanetan murgilduta dabil. EIZIEko kide, Elearazi web orrialdeko sustatzaile, Arrula Ruizen esanetan “literatura irakurtzen ikasteko edo horretan trebatzeko sortu zen Eskola, eta ongi eusten dio hasierako asmoari”.

Saio aberatsak izaten dira, askotarikoak, “literatura zentzu zabalean hartu eta ertz guztietatik erreparatzen baitiote. Literaturak pentsamendua eta kultura elikatzen dituela-eta, ikuspegi kritikoa garatzeko aukera ematen du, kasuan kasuko gaiaren eta horrek dituen bestelako loturen inguruan hausnartzekoa”. Lau orduko saioak izaten dira, eta, beraz, ez dira azalekoak, Garazi Arrula Ruizen ustez: “gehiago edo gutxiago, gainera, beti egon ohi da eztabaidarako tartea, eta entzuleengandik ere aunitz ikasten ahal da”.

Irakurtzen ikasteko Eskola izanik ere, idazle, itzultzaile edota literatura irakasleek hartu ohi dute parte urtean zehar antolatzen diren saioetan. Irakurle izateak batzen ditu denak: “hara goazenak, dena den, zaletasunak batzen gaitu, oro har irakurtzen trebatzeko eta zehazki gai baten inguruan gehiago jakiteko irrikak”, dio Arrula Ruizek.

Zabalik, joan nahi duen ororentzat

Hori du beraz, bereizgarri nagusietakoa Literatura Eskolak. “Nekez aurkitzen ditugu hain eskura gisa honetako eskola mamitsuak. Maila akademikoan gutxi egiten da literaturaren transmisiorako ―gizarteratzeko, esan nahi dut―, eta Literatura Eskola tresna boteretsua da horretarako. Gainera, akademia ez bezala, Eskola zabalik da hara joan nahi duen ororentzat”, zehaztu nahi izan digu EIZIE eta Elearaziko kideak.

Topalekutik ere badu. Iratxe Retolaza Gutierrezek berak esana da hau: “Literatura Eskolako saioetan literaturazale ugari ezagutu dut, eta haiekin asko ikasi ez ezik, haiei esker beste zenbait ekimenen berri izan dut, edo liburuen inguruko iritziak trukatu ditugu...”.


Eskola ibiltaria

Ibiltaria den aldetik, horrek ere ezberdin egiten du Literatura Eskola. Zaila baita inguruan edo hemendik kanpo antzeko esperientziarik topatzea. Iratxe Retolazak adierazi digunez, “ibiltaria izateak arriskuak ditu, baina, beste aukera batzuk sortzen ditu. Arrisku nagusia, leku finkoa duten beste taldeen ondoan, talde finkorik ez biltzea da; baina, bestalde, ibiltari aritzeak beste herri batzuetako literaturazaleekin ere elkartzeko aukera ematen du, edo lekuan lekuko literatura ekimen edo literatura elkarteekin ere elkarlanean aritzeko aukera ematen du”.

Elkarlan horretan, aurten, Euskal Idazleen Elkarteak (EIE) ere hartuko du parte antolaketa lanetan. Iratxe Etxebeste bertako zuzendaria da. Egitaraua osatzea elkarlanean, zabalkundea eta ibilian-ibilian sortuko diren beste zenbait zeregin. Horiek izango dira esate baterako, EIEren ekarpenak.

Retolazak bezalaxe, Etxebestek ere garantzia eman dio egitaraua lurralde osora zabaltzeari. Hori eta beste batzuk dira, Iratxe Etxebesteren esanetan, Literatura Eskolaren bereizgarri nagusiak: “batetik, literaturazaleen artean giro berezi bat sortzen da. Irakurleak, idazleak eta editoreak biltzen dituen ekimen bakan horietakoa da. Bestetik, denek ikasten dute batak bestearengandik, eta aberasgarria da guztiontzat. Azkenik, egitaraua denen artean osatzen da eta Euskal Herri osora hedatzen dira saioak”.


Eskolaren filosofiarekin bat dator EIE

Euskal Idazleen Elkartearen egitasmoekin bat dator Eskola honek bere baitan duen filosofiarekin.  Iratxe Etxebestek aditzera eman digunez, “gure elkartearen helburuen artean dago literatura sustatzea, euskal letrak zabaldu eta idazleen lana ezagutaraztea. Literatura Eskolaren filosofiarekin bat egiten dugu, gainera: elkarlanean oinarrituta dago, kontu handiz lantzen dira urte osoko gaiak, parte hartzailea eta irekia da...”.

Literaturaren sozializazioaren helburua ere konpartitzen duenez,  “Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartearekin, Antzerkizale Elkartearekin, UEU, Elearazi zein Sareinak-ekin, denok bildu gara lan horretara. Guk gure aholkularitza eta idazle elkarte legez dugun eskarmentua eskaini dezakegu”, zehaztu digu EIEko zuzendariak.

“Proiektuaren parte bihurtu gara”

Elkarlanean aritzen iaioa da EIE. Nekatoenea proiektua, Idazleak Ikastetxeetan progama... bokazio hori izan du Euskal Idazleen Elkarteak. Iratxek dioenez, Literatura Eskolarekin pausu bat harago eman du EIEk: “guk idazlea eta publikoa jartzen ditugu hartu-emanean. Ikastetxeari laguntzen diogu nahi duena eskaintzen, idazle jendeari eskaintzen dizkiogu lanabesak (zentzu horretan, Nekatoenea kreaziorako etxe bat da), literatura klubekin harremanetan gaude... Literatura Eskolarekiko harremana pausu bat harago doa: proiektuaren parte bihurtu gara”.


Lehen urteetan, “gizonezkoegia”

UEUko Literatura Sailaren ardura hartu berri dute Amaia Serranok eta Iratxe Retolazak. Hezkuntza literarioaren inguruan jardutea izango dute lehentasun hurrengo urteetan. “Horregatik”,  azaldu digu Retolazak, “Literatura Eskolan parte hartzeko proposamena jaso genuenean, argi ikusi genuen UEUko Literatura Sailaren helburuekin bat zetorrela. UEU azken batean hezkuntza ez arautuaren bidetik egin du lan sarri, herritarrei hezkuntza arautuak eskaintzen ez zizkien trebetasunak eta ezagutzak bereganatzeko aukera eskainiz. Literatura Eskolak ere horixe du helburu, literatura irakurtzen gaitzeko aukera eskaintzea”.

Sareinak taldeko kide ere bada Iratxe Retolaza. Genero ikuspegian erreparatu du azken urteetan Literatura Eskolak. Parte-hartzaile batzuk kezka agertu zuten, lehen urteetan "gizonezkoegia" omen zela: “erantzun ona izan zuen kezka horrek, eta berehala hizlariak hautatzerakoan horri kasu egin zitzaion, eta baita gaiak hautatzerakoan ere (genero ikasketek literaturan egin duten ekarpena ere kontuan hartuz)”, argitu digu Iratxe Retolazak. Gainera, Genero Ikasketak eta Literatura Kritika Feminista bada egun euskal literaturaren ikerketa-lerroetariko bat.


Itzulpengintza ere, hizpide

Elearazi web orrialdeko sortzaile da Danele Sarriugarte eta ikuspegi hori ere kontuan hartzen da, itzulpengintzarena. “Aurten koordinazio-taldean gaudenez saiatu gara maila horri eusten eta itzulpena jorratuko duten hizlariak ekartzen”.

Garazi Arrula Ruizen ustetan, “zail samar egiten da literaturari buruz mintzatzea itzulpena aipatu gabe. Egin zitekeen, noski, baina eragile esanguratsuegia da jorratu gabe uzteko. Horrela, bada, iazko ikasturtean hiru saio egin ziren itzulpengintzaren bueltan; Aiora Jakak Sarrionandiaren sormen-itzulpenak izan zituen hizpide, Karlos del Olmok euskal itzultzaile aitzindariez jardun zuen eta Elizabete Manterola, berriz, erdaretara itzulitako literaturaz mintzatu zitzaigun”. Aurten itzulpengintzari zuzenean dagokion saio bat antolatu dute, Gerardo Markuletak Gasteizen eginen duena, poesia itzulpenari buruzkoa. “Alta, zeharka bada ere, eskola batean baino gehiagotan izanen dugu itzulpengintza hizpide, Maialen Marin itzultzaileak Txinako literaturari buruz eginen duen saioan kasurako”, argitu digu Garazik. Etorkizunean, arlo honetan gehiago sakondu beharko ote den galde egin diogu: “zaila da esaten Eskolak gehiago erreparatu beharko liokeen, nork bere interesak baititu eta egitarau anitza lortzea baita asmo. Hala ere, egitaraua prestatzerakoan, zabalik da proposamenak egiteko aukera, eta hala egiten du irakurzale hainbatek”.

Garazi Arrula Ruiz EIZIEko kide ere badela esan dugu. Literatur itzulpena gizarteratzea eta sustatzea du xede EIZIEk, eta hori egiten du Literatura Unibertsalaren, ikastaroen eta Senez aldizkariaren bidez, besteak beste. “Beraz, Literatura Eskolaren helburu nagusiek elkartearenekin bat egiten dutenez, garrantzitsua iruditu zitzaigun parte hartzea”.


Gotzon Barandiaran: “Literaturaren genero, arrazoi, testuinguru eta ondorio guztiak jorratu gura ditugu”

“Hamar urte betetzen ditu aurten Literatura Eskolak. Hamar urte irakurleen literaturarako grina hauspotzen eta elikatzen”. Urteurren biribil horri indarrez ekiteko eta orain arte egindako ibilbideari jarraipena emateko, literaturaren inguruan lanean dabiltzan hainbat talde bildu dira. Baina jatorrian, Larrabetzu aldeko Bihotz Bakartien Kluba izan zen Literatura Eskola abiarazi zuena. Hastapenaz, helburuez eta egungo eskaintzaz mintzo da Gotzon Barandiaran ondoko elkarrizketan.

 

Zein izan zen Literatura Eskola sortzeko ideiaren abiapuntua?

Gotzon Barandiaran. Literatura Eskola bihotz bakartien klubean izandako gogoeta batetik hasi eta Iñigo Aranbarrirekin argitutako erantzunetik abiatu genuen: Ote dakigu irakurtzen? Alegia, zer irakurtzen dugu? Nork bideratzen dizkigu irakurketak? Zergatik hobesten ditugu merkatuak nabarmendutako literatur lanak? Literatura hori da munduan dagoen literatura bakarra? Zer dakigu euskal literaturaren historiaz? Non ase genezakeen literaturarekiko gure grina? Erantzunok askoren artean eztabaidatu behar genituela konturatu ginen, inoren zain egon barik, geure burua antolatu eta Euskal Herrian literaturarekiko grina bizi genuenok biltzera deitu behar genituela elkarrekin irakurtzen ikasteko. Iñigok sarri esaten duen eran, unibertsitate herritarra.

Zein asmo edo zein helburu bete nahi zituen orduko ekimenak? Eta ordutik hona, aldatu edo garatu al dira helburu horiek?

G. B. Literatura Eskolaren helburua, arestian aipatu legez, irakurtzen ikastea da, geure jakintza elikatzea, inork zer eta zelan irakurri behar dugun agindu barik, geuk erabakita. Euskal literaturaren historia eta ondorioz Euskal Herriaren historia irakurtzen ikasten jarraitu gura dugu, munduko literatura estandarretik harago dagoen literatura ezagutu eta harek gure literaturan, gugan duen eraginaz jabetu. Duela 10 urte hasi ginen irakurtzen ikasten. Apurka apurka gero eta hobeto irakurtzen dugula esatea ez litzateke gehiegikeria.

Elkarlanean antolatu duzue Literatura Eskolaren 10. edizioa. Literatur arloko beste talde eta kolektiboen jarrera ona izan den seinale, ezta?

G. B. Literatura Eskolaren deiari erantzunez, hasieratik bildu izan gara Euskal Herrian literatura sozializatzen aritzen garen asko, bai sortzaile gisa bai antolatzaile gisa bai irakurle gisa. Euskal

literaturak, orohar euskal kulturak legez, auzolanean zutabetu beharko du bere etorkizuna, etengabeko erresistentzia eta bigarrenmailakerian biziraun gura ez badu, behinik behin.

Irakurle idazle eta, orohar, literaturzale gisa zer eman zer eskaini dizu Literatura Eskolak?

G. B. Literatura Eskola, askorentzat, ezinbesteko abaroa izan da. Egun liburu bat baizen gehiago argitaratu dugun askok Literatura Eskolan kausitu dugu, berbarako, argitaratzeko behar genuen sakakadatxoa. Literatura Eskolak piztu zuen Eako Poesia Egunak antolatzeko sua, Linterna Gorria aldizkaria, Ahotsenea, Literaturia, Argitaletxea Edo! abiarazi duten literaturazale askok Literatura Eskolan ezagutu dute elkar, Euskal Herri osoko literatur talde, txoko, klub eta enparauetan Literatura Eskolako kideak ari dira dinamizatzaile...

Gogoeta, edukitruke eta ekarpenetarako bilgunea izateaz gain, hainbat egitasmo berrirako hazitegi agortezina da Literatura Eskola.

Itzulpegintza, genero ikuspegia... Literaturaren parte diren arlo horietan ere erreparatzen du Literatura Eskolak. Zer idazten den bezain garrantzitsua da nola idatzi eta transmititzen den, ezta?

G. B. Irakurtzen ikasten hasi ginenetik oso argi izan dugu guk literaturaren genero, arrazoi, testuinguru eta ondorio guztiak jorratu gura ditugula. Horiek guztiak aintzat hartzeak. Idazleak zer, noiz, zein testuingurutan, noren eraginez, zertarako... idatzi zituen jakiteak asko aberasten du irakurketa, lastotik alea bereizten lagun dezake.

Irudiak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)