Erreportajeak

Euskal argitaletxe berriak

Ostirala, 2012-12-14

Ez dira gutxi izan azken bi-hiru urtean martxan jarri diren argitalpen esperientzia berriak: Denonartean, Argitaletxea EDO!, Kafe arrastoak, Hamaika Books, Pasazaite eta Gaumin aipa genitzake horien artean. Gertutik ezagutu nahi izan ditugu lehen urratsak ematen hasiak diren esperientzia horiek.

(Argazkian: La Hormiga Atomica liburu denda).

Beste kultur arlo batzuetan gertatzen den moduan, euskal kultura oro har aztertzen hasita neurrira ekarri behar dira gogoetak, erdaretako argitalpengintzak konparazio iturri hartzen direnean bederen. Gutxi, oso gutxi dira Euskal Herrian euskarazko literatura publikatzen soilik bizirauten duten argitaletxe-proiektuak. Bizirauten duten bitartean, esango du inork, txarra al da hori? Kontuan hartzekoa bai behintzat: erdarazko argitalpenak izango dituzte batzuek ekonomian motor, haur eta gazte literaturaren arloan dagoen eztanda makulu besteek, literaturaren periferiako proiektuen sostengua zenbaitzuek.

Erronka handia da euskarazko titulu berriak urtero-udaberriro-neguro bermatzearena, azken urteetan irakurleari ez zaizkio sekula falta izan nobedadeak, generoak, literatur eskaintza zabalak. Horregatik, ezin esan ohikoak egin zaizkigun argitaletxeek arriskuak hartzen ez dituztenik, titulu berriak plazaratzeari eusten dioten heinean. Baina eskaintzari begira, nahikoa du irakurleak horrekin?

Deigarria da denbora tarte laburrean ezagutzera eman diren argitalpen proiektu berrien kopurua. Are gehiago krisiaren eraginak diru laguntzak murriztu, liburu erosleak estutu eta hainbat proiektu eraso dituen heinean. Arriskuan ditu literaturak eta oro har kulturak ibilbide luzeko eragile garrantzitsuak izan direnak, Sautrelarekin gertatutakoa gogoratu besterik ez dago, edo berriki arriskuan dela jakin dugun 111 Akademia eta Beterriko Liburua proiektua. Aipatutako krisi ekonomiko, sozialari euskarriaren balizko krisia gehitzen ahal zaio literaturaren arloan, teknologia berrien eragina eta irakurgailu digitalak bezalako tresnen hedapenaren eraginez.

Krisiak, edo aldaketa garaiak. Testuinguru horretan, zerk bultzatu ditu argitaletxe berriak plazara?

Itzulpenak nagusi

Denonartean, Argitaletxea EDO!, Kafe Arrastoak, Hamaika Books, Pasazaite eta Gaumin dira azkenaldian sortu eta lerro hauetan bildu ditugun proiektuak. Haien eskaintzari erreparatuta, bada berehala deigarria egiten den datu bat: neurri handiago edo txikiago batean, gehienek dute harremanen bat itzulpengintzaren munduarekin.

Oraingoz batez ere itzulpengintzan oinarriturik egin dute lan Denonarteanek, Hamaika Booksek eta Pasazaitek. Denonartean-ek harreman estua du Cenlit erdarazko proiektuarekin, eta dagoeneko badira batzuk kaleratu dituen tituluak, hainbat generotan: haien artean dira, kasu, Iñigo Roquek prestatutako Poemak pluralean Fernando Pessoaren poesia antologia, edo Itziar Diez de Ultzurrunek itzulitako Linna Ben Mhenniren Tunissian girl. Denonarteaneko Kike Hualde eta Unai Pascual editoreen esanetan, dena den 'batetik nazioarteko mailan ezagunak diren egileen obrak euskarara ekartzeko sortu da gure proiektua, eta, bestetik, euskaraz sortutako obrak zein euskal gaien ingurukoak argitaratzeko'.

Pasazaitek aurtengo ekainean kaleratu du Josu Zabaletak itzulitako Andrej Longoren Hamar lehen titulua, eta berriki bigarrena: Ainhoa Irazustabarrenak itzulitako Virgit Vanderbekeren Muskuiluak afaltzeko. Bertako editore Xabier Queirugaren ustez itzulpengintzaren arloan euskaraz egun bada gauza gehiago eskaintzeko tarterik 'gure kasuan egile garaikideen lanak bilatzen ditugu, euskarazko irakurlearentzat ezezagunak diren erreferentziak, gaztelera ez beste erdaretatik ekarriak'.

Itzulpen enpresa bateko literatur zaleek sortu zuten Hamaika Books izeneko proiektua. Oraingoz erreferentzia bakarra dute merkatuan, Ane Urrestarazuk itzuli duen Paul Gallicoren Elur antzara, baina bertako editore den Aritz Brantonen esanetan ez dizkiote euskal egileek sortutako lanei ateak ixten 'itzulpenak kaleratuko ditugu eta baita beste liburu mota batzuk ere. Hamaika Books izenarekin aniztasuna adierazi nahi izan dugu. Hasiera nahiko motela izaten ari da, baina gure asmoa hemengo literatura plazaratzea da. Narratiba lanak kaleratuko ditugu, eta beharbada gazteentzako literatura izango da lehentasuna. Ez haur txikiei bideratutakoa, baina bai gazteei eta batzuetan helduei'. Hamaika Books-ek liburu-objektua zaintzean kokatzen du bere ekarpen nagusietako bat, eta argitalpenak audio edo bideo euskarriekin lagundu nahi dituzte.

Itzulpenak kaleratuko ditu halaber Argitaletxe Edo! proiektuak, baina ez soilik. Euskaraz sortutako lanak argitaratzeko hiru bilduma aurreikusi dituzte: 'Begikoak' izenekoan lan artistikoei emango zaie bide, 'Xortak'en edozein generotako lan txikiei eta 'Literola' delakoan edozein generotako lan luzeei. Normalean kaleratzen zailak diren lanak argitaratzeko xedea du EDO!k, baina bertako arduradunek aipatu izan dutenez 'egun egiten dena osatzeko asmoz'. Nolanahi ere, funtzionatzeko moduan bai egin dituzte hautu argiak: bazkideek eta harpideek diruz sostengatutako proiektua da EDO!, eta liburu denda bakan batzuetan soilik saltzen dira liburuak ohiko moduan 'gure liburuak jendearen babesari esker egiten dira, eta haiek jasotzen dituzte liburuak nagusiki. Besteak beste, tiradak jaso dugun diruaren neurrira egokitu ditugulako. Bada gehiago ere, EDO!k bere oinarrizko filosofia adierazpenean aipatzen ditu honako ideia hauek: “edo!-rentzat liburuak ez dira merkantzia hutsa, edo! kultur eragile soilik ez, gizarte eragile ere izango da. edo!-k pentsamendu kritikoa maite du, eta elkarrizketaren zale da. edo! Independentea da alderdi eta erakundeetatik”.

Bestelakoa da Kafe Arrastoak ekimenak duen harremana itzulpengintzarekin. Berez proiektu zehatz baten harira sortu da zigilua: Kafea eta galletak ekimenetik sortu den Kafe aleak liburua. Liburu honetan 121 lagunek testu bana idatzi dute bere gustuko disko baten inguruan. Testuetako batzuk jatorrizkoan erdaraz, besteetan euskaraz izan dira. Paperezko edizioan euskarazko originalak eta euskarazko itzulpenak argitaratu dituzte, eta Interneten berriz erdarazko jatorrizkoak eta euskarazkoen erdarazko itzulpenak. Bere egunean Ibon Rodriguez Garciak eta Leire Lopez Ziluagak Uberanen egindako elkarrizketan azaldu zigutenez Kafe aleak liburuaren bigarren edizioa ateratzea lortu dute. Neurri handi batean aurrerosle eta mezenasen babesari esker atera da aurrera proiektua.

Gaumin argitaletxearen kasuan euskal egileen lanak kaleratzen dira batik bat, neurri handi batean gazte literaturari begira. Fernando Morillo idazleak sortu du argitaletxea, bere esperientzia propioan sumatu izan dituen hutsuneak asetzeko asmoz: hala idazleei zor zaien lan baldintza eta tratuan, nola euskarrien eremuan egin litezkeen apustuetan. Morilloren iritziz gutxi da ohiko argitaletxeek arriskatzen dutena 'sortzaile gisa zerbait berria egin nahi duzu eta iruditzen zaizu zenbait gauza beste era batera egin daitezkeela. Argitalpengintzan urteak daramatzatenek gauza berriak sartzen dituzte baina oso tentuz eta oso poliki, ez dira arriskatzen. Une honetan iruditzen zait arriskatzen ez bazara krisiak eragin ikaragarria izango duela. Une honetan bertan probatu behar dira gauza berriak. Iraultza teknologikoak aukera eman digu sortzaileoi askoz modu zuzenagoan lan egiteko, orain arteko argitaletxeek aldaketa aipatu bai baina oso poliki mugitzen dira maila horretan; bestetik teknologiari esker lehenago baino errazagoa da gauza oso diferenteak egitea, euskarriekin jolastuz'.

Argitaletxe berrien proiektuak

Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokako zurrunbilo eta eskaintza uholdea pasa berri den honetan, segur aski ez da erraza izan argitaletxe berri hauen lanen berri jasotzea. Argitaletxe guztiek ez dute presentzia bera izan Durangon: EDO!k Ahotsenean besterik ez ditu aurkeztu bere liburuak, Denonartean-ek bai Ahotsenean bai bere saltoki propioan, Gauminek bere saltokia eduki du bigarren aldiz, Kafe Arrastoak-ek Banizu Nizuke proiektuarekin elkarlanean eskaini digu beren liburua, Hamaika Books-ek Elkarren saltokian eduki du berea, Pasazaite ez da Durangon izan.

Jarraian duzue argitaletxe bakoitzaren epe laburrerako asmo eta proiektuen berri:

Gaumin

Gauminek gazte literaturaren arloan planteatu ditu bere erreferentzia asko. Bertan aurten esanguratsua izan da euskarriekin jolastuz eta nahastuz egin duen ahalegina, Itzalen sua liburuan argi ikusten dena. Bertan, idazleaz gain parte hartu dute hainbat aktore eta musikariek ere: Ander Lipus, Iban Garate, Oihana Maritorena, Joan Mari Irigoien, Lakrikun antzerki taldea, Xabier Euzkitze, Estitxu Fernandez, Ilaski Serrano, Nerea Garmendia, Su ta Gar-eko Aitor eta Xabi...

Bestetik, bada beste era bateko erreferentziarik ere bere tituluen zerrendan: Karlos Zurutuzaren Tripoli-Kabul bidai liburua kasu.

Kafe Arrastoak

'Kafe aleak' liburuaren bigarren edizioa martxan jarri dute proiektuko arduradunek. Horrez gain, copyleft lizentzien filosofiarekin fidel, beraien webgunean joan dira zintzilikatzen zatika edukiak, erdaraz zein euskaraz. Oraindik bada beraz, liburua paperean zein Interneten irakurtzeko aukerarik. Irakurri HEMEN Uberanen egindako elkarrizketa.

Hamaika Books

Aritz Branton editoreak azaldu digunez egun bigarren titulua izango dena prestatzen dabiltza, baina goiz irizten dio titulua aurreratzeko. Nolanahi ere, euskarri ezberdinen arteko zubian ikusten du beraien proposamenaren bereizgarri nagusietako bat. Paul Gallicoren Elur Antzara proiektua adierazgarria da zentzu horretan: Aitziber Alonsok ilustratu zuen; Uxue Alberdiren ahotsean grabatu zuten liburuaren audioa; webgune propioa eskaini diote liburuari, eta zabalkunderako trailerra sortu.

Brantonen ustez audio-liburuen eremuan euskaraz ez dago tradizio handirik, Erresuma Batua edo Estatu Batuetan ez bezala, horregatik eman diote arreta berezia. Euskarrien arteko zubi hori darabilte argitaletxekoek liburuak kaleratzeko zailtasunei aurre egiteko orduan 'gaur egungo egoeran ez da erraza liburuak ateratzea edo saltzea, beraz zailtasunei aurre egiteko bide hau hartzea erabaki genuen, oro har liburu-objektuari garrantzia emanez'.

Pasazaite

Pasazaiteko Xabier Queiruga editoreak azaldu digunez 2011an abiatu zuen proiektua, baina 2012an eman du ezagutzera lehen titulua: Andrej Longoren Hamar. Urte amaierarekin batera zabaldu du bigarrena: Virgit Vanderbekeren Muskuiluak afaltzeko. Pasazaitek 2-3 hilean behin kaleratu nahi luke titulu berriren bat, beti ere itzulpengintza eta narratibaren arloan. Hirugarren titulua ere bidean dute, Angel Errok itzuli duen Grégoire Bouillier-en Txostena niri buruz izeneko lana.

Itzultzaileari ematen dion garrantzia da Pasazaiteren bereizgarrietako bat. Argitaletxearen webgunean atal berezia dute itzultzaileek, eta liburua kaleratu orduko haiekin egindako elkarrizketaren bideoa jartzen dute sarean. Queirugaren ustez itzultzailea 'sarritan ahaztuxea izan da, nahiko ikusezinak dira, horregatik webgunean hasieratik garrantzia handia eman nahi izan diet'.

Argitaletxea EDO!

EDO!k proiektua aurkeztu zuenetik adierazi du zeintzuk izango diren lehenengo tituluak. Lehenengo biek dagoeneko ikusi dute argia: Gari Garaialderen Zu ikusteko bidean argazki liburua Mikel Etxabururen testuarekin, eta Charlotte Perkins-Gillmanen Hormako paper horia narrazioa, Ana I. Moralesen itzulpenarekin eta Amaia Serrano eta Saioa Ruizen hitzostearekin. Abenduan bertan aterako dira inprentatik Maite Gurrutxagaren Alderik alde artista liburua, eta Samara Velteren Eta Karmele? antzezlana.

Lehen labealdi honetako titulu bakarra aterako da urte hasierarekin: Genero ariketak itzulpen lan kolektiboa. Horren ostean Harkaitz Canoren Txalorik ez arren hitzaldia etorriko da. EDO!ko kideek abenduaren 29an deitu dute batzarra, 2013-14ko liburuak izango direnen inguruko proposamenak jaso eta haien inguruan eztabaidatzeko.

Denonartean

Denonartean proiektua Cenlit izeneko argitaletxeari loturik sortu da. Editoreek berauek azaldu digutenez “Cénlit Ediciones nafar argitaletxea 1976. urtean sortu zen, eta urte asko eman ditu hezkuntzaren, irakaskuntzaren eta zenbait jakintza-eremu bereziren inguruko liburuak argitaratzen. Orain dela hiru bat urte, argitaletxearen jabetzan izandako aldaketarekin batera, argitaletxean beste hainbat arlo jorratzeko proiektuari ekin genion Kike Hualde eta Unai Pascual editoreok. Horren emaitza da Denonartean zigilu berria”.

Denonartean-ek aurten kaleratu dituen titulu guztien berri topatuko duzue HEMEN.

Albiste honen uberan:

Edo!ri buruz

Aitziber Alonsori elkarrizketa

Iñigo Roqueri elkarrizketa

'Kafe aleak' elkarrizketa

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)