Erreportajeak

Amaiera Edo!

Ostirala, 2017-11-03

Argitaletxe EDO!k amaitutzat eman du bere bidea. Azken asteetan Edotafioa izeneko argitalpena jaso dute etxeko buzoian harpidedunek: itxieraz gogoeta egiten dute bertan argitaletxekoek. Erreportaje honetan begirada luzatu diogu EDO!ren ibilbideari, Edotafioari, eta azken urteetan plazaratu diren argitaletxe proiektu berrien panoramari. Irakurrieran irratsaioan ere Gotzon Barandiaranek landu berri du gaia, jarraian entzun dezakezue saioa osorik.

2012ko azaroan plazaratu zuen EDO! Argitaletxeak lehen liburua: Charlote Perkins-Gilmanen Hormako paper horia; azkena berriz aurtengo udaberrian, Diego Aldasororen Udako arrats eternala. Tartean liburugintza beste modu batean landu nahi izan duen argitaletxeak bere bidea egin du, hala funtzionamenduarekin nola liburu formatuekin esperimentatuz.

Lehen liburua duela bost urte plazaratu bazuten ere, luze jo zuen proiektuaren ernaltzeak. Lantaldekoek Edotafioan aipatzen dutenez zortzi urteko ibilbidea izan du EDO!k: hiru bat urte itzalean bilerak egiten, proiektuaren filosofia eztabaidatzen eta funtzionamendua diseinatzen; bost urte liburuak argitaratzen. Lehen liburua atera aurretik abiatu zuten bazkide eta harpidedunen kanpaina; jasotako babes zabalari esker 2012an abiatu zuten publikoki proiektua.

Edotafioa

EDO!ko kideek ez dute argitaletxearen itxierari buruzko elkarrizketarik emango. Hala ere, ez dute proiektua gogoetarik egin gabe amaitutzat jo izan nahi, eta horregatik plazaratu dute Edotafioa. Bertako lerroak dituzue hauek:

(OHARRA: arazo teknikoengatik, ezin izan dugu testuaren jatorrizko formatua gorde, jatorrizkoa ikustera gonbidatzen zaituztegu).

“Argitaletxea EDO!ren lantaldean elkartu ginen lagunok

antzeko ibilbideak genituen:

mugimendu sozialak, kultur proiektuak...

guztiok ezagutzen genituen proiektu kolektibo eta militanteen penak eta gloriak,

guztiok erre izan ginen inoiz inon,

eta hala ere beste saiakera bat egitea deliberatu genuen.

Kolektiboki beste behin.

Porrot egiteko beste behin.

Aurreikusi genuen arriskua, eta azkenean hala gertatu da:

lan itzela izan da,

esperientzia bizia,

desio haragitu bat

bizipen zoragarria

lana antolatu,

berrantolatu eta

berberrantolatu dugu,

ardurak eta lan kargak

desorekatu dira

taldearen barruan,

bizitza proiektuak aldatu dira

taldekideen artean,

               lantaldea zabaltzen saiatu gara,

ez dugu asmatu,

gero eta nekatuago egon gara,

zaindu egin ditugu egileak eta liburuak

baina ez gure burua,

energia faltatu zaigu talde barruan

elkar mimatzeko,

ez dugu jakin etorkizunera bultzatzen

amaitutzat eman dugu bidea

garaiz eta ongi bukatzeari garrantzitsuago iritzi diogu,

hala-moduz jarraitzeari baino.

Kulturaren alde porrot egiteko prest egon ginen,

eta hala izan da zinez:

maitasunez, kulturaren alde egin dugu porrot.”

Saiakera eta poesiaren arteko lekuren batean kokatzen den Edotafioarekin egin dute gogoeta proiektuaren ibilbide osoari buruz. Bertan ez dute damurik agertzen, baina nekea aitortzen dute. Izan ere, EDO! proiektua borondatezko lanean oinarritua izan den heinean, indarren agortzea, taldea berritzeko zailtasuna eta proiektuaren iraupenaren gainetik taldeko jendea zaintzeari lehentasuna ematea aipatzen baitira testuan. Ezintasun horretan kokatzen dute, batez ere, proiektuaren desagerpena; bestela, aitortzen dutenez harpidedunen fideltasuna oso maila altuan mantendu da, liburuen edizio asko agortu egin dira, proiektuak ez du diru galerarik izan, nahiz eta azken hau borondatezko lanari esker -soldatapeko langilerik ez izateari esker- izan dela aitortu.

Horrelako gogoetek erantzunak eman baino, agian galderak uzten dituzte airean: ezinezkoa da borondatezko lanean oinarritu diren -eta azpiegitura bat behar duten- proiektuek biziraupen luzea izatea? Prozesu parte hartzaileak unean uneko bulkada eta emozioekin batera agortzen dira? Edo kontrara, ezinbestekoa da proiektuek betirako irautea? Ez al da hori, neurri batean, tranpa bat? Egindakoarekin konformatzea, bestetik, ez al da proiektuen iraupenaren garrantzia gutxiestea? Agian EDO!koek ez dute galdera horientzat erantzunik topatu, baina garrantzia eman diote esperientzia izan denaren transmisioari eta egindako lanaren arrastoak (funtsean, liburuak) nabarmentzeari:

“EDO! izan den kultur-esperientzia brutala transmititu

nahi genuke hitz hauetan, ozen, pozik, eta nekeak eta tentsioak

ukatu gabe:

proiektuak hasi eta amaitzen dira,

pertsonak bezala.

Bizitzari dagokio.

Badakigu ezer ez dela betirako,

baina badakigu, baita ere, ezer ez dela alferrik,

ezer ez dela debalde.

Ezer ez baita bukatzen desagertzeko, hauts bihurtzeko;

ahalegin kolektibo guztiak,

ideia partekatu guztiak,

hazi modura lokartuta itzaltzen dira,

aurrerago,

beste nonbait,

beste noizbait,

beste batzuek,

ereiten jarraitzeko.

Literaturak hori du alde: argitaletxeak amaitu arren,

liburuak geratzen dira.

Eta liburuak haien bizitza propioa luzatzen tematzen dira,

egoskor:

arretaz jarraituko dugu, aurrerantzean ere, haien bidea.”

Gogora ekar ditzagun EDO!ren jarduna urte hauetan gidatu dituzten oinarri ideologikoak:

Euskalduna.

Autofinantzatua.

Borondatezko lanean oinarritua.

Adostasuna, talde lanaren oinarri.

Edukiei jarriz arreta, salmentari beharrean.

Gizarte eragilea.

Pentsamendu kritikoa.

Independentea.

Kalitatea eta seriotasuna.

Oinarri ideologiko horiek gogoan plazaratu zituzten hamabost liburu.

azala_edotafioa

Hiru labealdi, hamabost liburu

Harpidedunekin labealdi bakoitzean bost liburu plazaratzeko konpromisoa hartu zuen EDO!k. Hiru bildumatan banatu dituzte liburuak: 'Literola', 'Xortak' eta 'Begikoak'. Literolan saiakerak, euskarari ekarritako nobelak eta antzerkia izan dira nagusi. 'Xortak' atalean gauza bera, baina formatu txiki eta batez ere laburragoan. 'Begikoak' atalean grafismotik zein irudigintzatik abiatutako lanak izan dira nagusi: argazkia, liburu-objektua, artista-liburua, ilustrazioa. Hasieran literatur generoei mugarik jarri ez bazioten ere, bideak batez ere lan mota horiek lantzera eraman ditu:

Saiakera: artea ardatz Ismael Manterolaren Maite ditut maite, Harkaitz Canoren Txalorik ez, arren; generoari loturiko gaiak Genero-ariketak: feminismoaren subjektuak lan kolektiboan.

Itzulpena: Virginia Woolfen Dalloway andrea (Itziar Diez de Ultzurrun iltzultzaile), ale berean Woolfen Emakumeen lanbideak eta Etxeko Aingerua hiltzea (Ana I. Morales), Mariama Baren Hain gutun luzea (Iokin Otaegi itzultzaile), Hormako paper horia (Charlotte Perkins-Gilman).

Antzerkia: Samara Velteren Eta Karmele?; Gaizka Sarasolaren Erleak, satorrak, beleak.

Argazkigintza: Gari Garaialderen Zu ikusteko bidean, Diego Aldasororen Udako arrats eternala (liburu-objektua).

Ilustrazioa, liburu ilustratua eta artista liburua: Maite Gurrutxagaren Alderik alde, Eider Eibarren Barrukoa, Lorena Martinez Oronozen Maite dut, Pello Añorga eta Concetta Provanzaren Bidea.

Artista liburua: Ainara Lasaren Falta (ez) diren gauzak.

Batzuetan zein besteetan arreta berezia eman zaio azalaren diseinuari, ilustratzaile ugariren kolaborazioari esker. Lantaldea ezin izan dute berritu, baina Edotafioko eskertzako zerrendak iradokitzen duenez oso zabala izan da musu-truk lan egin duen kolaboratzaileen sarea: idazle eta sortzaileez gain, itzultzaileak, zuzentzaileak, azal egileak, maketatzaileak, banatzaileak, hitzaurre eta hitzostegileak... Liburu-denda guztietara iristeko apustua egin beharrean, liburu-denda jakin batzuekin egin dute lan, banaketa koordinazio taldetik beretik eginez: Kaxilda, Garoa, Katakrak, Hontza, Zuloa, Anti... Liburuen edizio asko agortuta daude, eta agortuta ez daudenak liburu-denda horien esku utzi dituzte dohaintza moduan, bertan eduki ditzaten ale guztiak amaitu arte. Horrez gain, proiektuak izan dituen etekinak argitalpengintzan hasi berri diren bi proiekturen artean banatu dituzte, dohaintzan ere: Lekore aldizkaria batetik, EHAZEren argitalpen ildoa bestetik.

Azkenik, EDO!ren katalogoko testu-lanak PDFan deskargatu daitezke haien webgunetik, eta laster armiarman ere egongo dira eskuragarri.

Hutsuneak desagertu da?

EDO!ko kideek euskarazko argitalpengintzan sentitzen zituzten “hutsuneak” aipatu zituzten hastapeneko urratsak ematerakoan. Edotafiora bueltatuta:

“Hori izan zen hastapenean EDO!ren ametsa:

bultzatzaileok sentitzen genituen hutsuneak

betetzen saiatzea,

beste era bateko liburuentzako espazioa eta

publikoa egon daitekeela erakustea,

proiektu kolektibo bat eratzea.”

Gauzak aldatu dira denbora honetan? Lehen aipatu dugun zerrendari erreparatzen badiogu batzuk bai, beste batzuk ez. Ikus dezagun:

Antzerkia argitaratzeko orduan, iaz azken urteetako joera apurtu eta hainbat antzerki liburu plazaratu zituzten EDO!k berak, Txalapartak eta EHAZEk. Azken honek gainera, testuetan dramaturgia oharrak plazaratzearen aldeko hautua egin zuen (Dejaburen Arrastoak), eta saiakera argitaratzen ere hasi zen (Karlos del Olmoren Arestiren nazioa, antzerkia). Aurten badirudi joera mantenduko dela, EHAZEk argitaratzen jarraituko du EDO!ren dohaintzari esker, eta Elkarrek ere plazaratu du ale bat (Patxo Telleriaren Ez dok hiru). Aipagarria da Joseba Jaka bekak ere, lehenengo aldiz, antzerkia izango duela ardatz.

Saiakerari dagokionez, artea publikatzeko orduan hutsune oso handia dago, Ismael Manterolaren Maite ditut maite salbuespena izan da oraingoz. Genero-ariketak kontuan hartzen badugu berriz, egoera oso bestelakoa da, baina ez argitaletxe berriei loturik, bilduma berriei loturik baizik: feminismoaren bidetik saiakera eta itzulpena ari dira jarraikortasunez publikatzen Eskafandra/Elkarrek batetik, Susako Lisipe bildumak bestetik. Horiez gain, Katakrak liburu-denda ere saiakera publikatzen hasi da, besteak beste Angela Davisen lan bat iaz (Askatasuna, etengabeko borroka bat).

Literatur itzulpengintzak baditu bere zirrikituak: ohiko argitaletxe zenbaitek lanak plazaratzen dituzte tarteka (Txalapartak, Elkarrek...), Katakrakek berak zabaldu du ildo hori, eta oso aipatzekoa da Pasazaitek azken bost urteetan eskaini duen katalogoa, adibide batzuk aipatzearren. Literatur itzulpenak argitaratzeko hautua egin du Meettok argitaletxeak ere; hasiera batean bertako sortzaileen lanei zirrikitua zabaldu bazien ere (Irakurri liburu kolektiboa, Kevin Herediaren Hor hago, Kevin?), azken urteetan itzulpengintzan espezializatu da gehiago (Jean Echenoz, J.M. Coetzee, Don DeLillo, Samuel Beckett…). Modu puntualean iritsi zaizkigu beste argitaletxe batzuetatik itzupenak ere, Consonnik bultzatutako Virginia Woolfen Gela bat norberarena (2012).

Helduentzako ilustraziogintzan eta artista-liburuen arloan ere hutsunea oso handia da, amildegia kasik. Hutsuneak hutsune, badira zorioneko salbuespenak ere: Nagore Legarretak Hysteron plazaratu du Banizu Nizukerekin elkarlanean.

Oso gutxi dira helduei zuzenduriko album ilustratuak argitaratzeko aukerak, nahiz eta aurten Eusko Jaurlaritzaren “Komikigintza eta ilustraziogintza bultzatzeko deialdia”rekin beste ate bat zabaldu litekeen (kontuan hartu behar da argitaratzera dagoela bideratua neurri handi batean, sortze hutsera baino gehiago). Helduentzako komikiaren munduan Txalaparta argitaletxeak egin du azken urteetan helduei begira ahalegin handia, hala bertako sortzaileen lanekin (Zarrakamalda, Habiak) nola itzulpenekin (Munduko bandarik txarrena). Astiberri argitaletxea ere erdaraz ezagun egindako hainbat titulu euskaraz argitaratzen hasi da azken urteetan.

Hutsuneak handiak izan arren, aldaketa batzuk nabarmentzekoak dira. EDO!koek errealitate hori bera dute aipagai Edotafioan:

“EDO! momentu baten parte izan dela sentitzen baitugu.

Mendea hasi zenetik euskal literaturaren testuinguruan errepikatzen ari den momentua:

EDO!ren ideiekin bat doazen proiektuak sortu eta desagertu direla ikusi dugu,

liburu-denda eredu berriak ezagutu ditugu,

argitaletxe berriak sortu eta desegin dira,

irakurleen ekarpenetan oinarritzen direnak,

publikazio sail berriak sortu dira,

itzalean egon diren literatura, pentsamendu eta sormen liburuak argitara ateratzeko egitasmoak ezagutu ditugu,

hasi eta bukatu direnak,

edo jarraitzen dutenak,

edo atzo ernatu direnak...”

Edotafiotik erauzi liteke hemen landuko ez dugun beste azpigai bat ere, argitaletxeek egun betetzen duten funtzioaz gogoeta. Gai hori ardatz, erreportajea publikatu zuen Lander Arretxeak Argian (2015-IV-24): "Behinola elkargune, orain zer?".

hysteronNagore Legarretaren Hysteron liburu-objektua

Argitalpen proiektu berrien paisaiaz

Hitzen Uberaneko hemerotekari begira, azken urteetan gutxienez bi "olatu" jaso ditugu argitalpen proiektu berriei dagokionean: lehena 2012 inguruan, zeinean argitaletxe txiki multzo bat sortu zen. Bigarrena 2015-16 ingurukoa, zeinean argitaletxe txiki (eta handi) batzuk desagertu diren, eta sortu diren proiektu berriak argitaletxe historikoen baitako bilduma berriei (Eskafandra, Lisipe...) edo beste proiektu batzuen oinarriaren gainean sortutako argitalpen ildoei (EHAZE, Katakrak...) loturik azaleratu diren, neurri handi batean.

2012an “Euskal argitaletxe berriak” erreportajea publikatu genuen Uberanen. Bertan proiektu hauek genituen aipagai: Denonartean, Argitaletxea EDO!, Kafe arrastoak, Hamaika Books, Pasazaite eta Gaumin. Haietatik Denonartean, Pasazaite eta Gauminek jarraitzen dute lanean. Denonarteanen katalogoa anitza da oso, eta lekua egin dio album ilustratuari, eta baita tarteka argazki zein artista liburuei (ikus Ur, adibidez). Pasazaite modu egonkorrean ari da liburuak plazaratzen, eta baita Gaumin ere, haur eta gazte literaturaren arloan batez ere.

2015 eta 2016 artean aurretik sortutako joera batzuk ahuldu, eta berri batzuk sortu dira: argitaletxe historikoen baitan sortu diren bilduma berriak aipatu ditugu, ohiko bildumen eskema (narratiba, saiakera, poesia kasu batzuetan) joera apurtuz edo zabalduz eta unean unean jendartean egon daitezkeen kezkei berehalakoan erantzunez. Susa argitaletxeak bi bilduma berri gehitu dizkio bere ohiko jardunari: Munduko Poesia Kaierak harpidedun kanpaina batekin atera da aurrera, itzultzaile lanetan aritzeko prest dagoen idazle eta itzultzaile sare zabal baten konpizitatearekin, Beñat Sarasola du editore; Lisipe bilduma feministan saiakera da oinarria, Jule Goikoetxea du editore. Lehen aipatu dugu ere Eskafandra eta Elkarren arteko elkarlana, oraingoz hiru egileren lanak eman dituena (Angela Davis, Virginie Despentes eta laster Silvia Federici).

Posible litzateke horrelako bilduma berriak sortzea, unean-unean kalean irakurleen artean eskaria, kezka, interesa egongo ez balitz? Akaso hori izan dezakete azaleratzen ari diren argitalpengintza proiektu berri batzuen motorra, proiektu bati edo mugimendu bati dagokion kezka konpartitu bat, argitaletxe azpiegitura propio bat edo horretara dedikatuko den editore liberatu batzuk edukitzea baino gehiago: kasu, Katakrak liburu-dendak bere dinamikaren ondorioz sortu du argitalpen ildo bikoitza, literatura (Takiji Kobayashiren Nagusia kanpoan bizi da eta 1928ko martxoaren 15a itzuli ditu Hiromi Yoshidak), eta saiakera (Robert Menasseren Europar mezularia; Angela Davisen Askatasuna, etengabeko borroka bat). EHAZE ere ez da berez argitaletxe bat, antzerkizale elkartea baizik, baina hutsune bat asetzeko urgentziaz abiatu ditu bere argitalpenak. Itu Banda edo Txakur Gorria bezalako kolektiboek azkenaldian egin dituzten argitalpenek ere (Lekore aldizkaria, Lekore aldizkariko separatak, liburu laburrak, liburu kolektiboak, kolaborazioak…) sortzaile gazteen mugimendu bat du aitzinean. Azkenaldian beste argitaletxe bat ere sortu da: Balea zuria. Ekimen horren oinarrian, beste talde bat, “Poesia eta pentsamendua” ekimena bultzatu izan duena, hain zuzen ere.

Mugimendu bat du oinarrian halaber Ataramiñe proiektuak, “Euskal errepresaliatu politikoen literatura koadernoak”. Motibazioa euskal errepresialiatuen lanak eta errealitatea azaleratzea izanda, genero ezberdineko lanak topatzen ahal dira proiektu honetan: poesia, antzerkia, komikia, saiakera, urteroko antologia...

Badira gehiago ere, liburuak plazaratu dituzten talde, elkarte, kolektiboak. Kasu batzuetan liburu zehatzen bat plazaratzeko, liburuak ekarri du argitaletxea; beste batzuetan jarraipena izateko borondatez sortu dira. Barnezomorro argitaletxeari kasu bi lan ezagutu dizkiogu berriki: Iñigo Basaguren-Duarteren Erori, eta Idoloak akabatu genituenekoa.

Autoedizioak gurean aski prestijio izan gabe jarraitzen duen arren, azken urteetan egon dira liburu-objektuari dagokionez lan txukuna egin eta oihartzuna izatea lortu duten lanak ere, egileek berauek bultzatutako proiektuak: Txerra Rodriguez (Sutondoko kontuak, 2015), Maider Agirre Gurrutxaga (Bihotzero, 2015), Gabriel Korta (Maitasunaren indarra, 2016)...

Paisaia honi begira, jarrai genezake galderak pilatzen: benetan egingarria da beste filosofia batzuen arabera lan egiten duten argitaletxe txikien bidea, eta batez ere, iraupena? Edo agian, hain zuzen ere, beste proiektu batzuei loturiko bildumak edota argitalpen ildoak bultzatzea litzateke errealistagoa? Badirudi hutsune batzuk betetzeko kezka eta beharra bizirik dagoela, baina martxan dauden beste proiektu batzuekin elkarlanean akaso errazagoa da proiektuen biziraupena, edo behintzat bilduma berri eta espezializatu batzuk publikatu ahal izatea argitaletxe azpiegitura oso bat sortu eta mantendu behar izan gabe.

Edotafioa mintzagai Irakurrieran saioan

Gotzon Barandiaranek berriki gidatutako Irakurrieran saioan, Ahotsenea, Sautrela eta Edotafioa izan ditu hizpide. Entzun hemen saioa osorik:

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)