Amuak

Virginia Woolf-en amorrua irakurgai

Osteguna, 2013-09-12

Finantziazio kolektiboaren bitartez argitaratu dute Virginia Woolfen Gela bat norberarena, Consonni arte ekoiztetxearen eskutik. Maria Colera Intxaustik egin du itzulpena. Jende ugarik erantzun zion finantziazio deialdiari, eta horri esker eskuragarri dago liburu dendetan ere.

Maria Colera Intxaustik ekarri du euskarara Virginia Woolfen Gela bat norberarena lan erreferentziala. Itzultzailearen lanak hainbat bidelagun ditu: Adelina Moyak eta Remedios Zafrak idatzi dituzte hitzaurreak, Maite Zabaletak prestatu du diseinua, guztia ere Kajsa Dahlberg artistaren interbentzio batez lagunduta (“amorrua” hitza azpimarratuta ageri zaigu liburu osoan zehar).

Honako aurkezpena topatu dugu kontrazalean:

Virginia Woolfen Gela bat norberarena saiakerak emakumeak eta haien genero-rolak hartzen ditu aztergai, idazle eta fikzioko pertsonaiak diren aldetik. Tradizio patriarkalaren barruan landutako emakumeen idazkuntzaz diharduen saiakera hau 1929an argitaratu zen, eta manifestu feminista inspiratzailea bihurtu zen berehala.

Amaia Alvarez Uriak honakoa idatzi du berriki Argian, Liburuak azpimarratzen dituztenentzat izeneko artikuluan:

Fikzioaren eta errealitatearen artean egiten du salto etengabe, emozioa eta arrazoia harilkatuz eta edertasunaren deskribapena gertakariei buruzko iruzkin ironikoekin tartekatuz. Ondorioen artean Emakumeak eta literatura gaiari buruz pentsatzen du “zorigaiztokoa dela idazten duen edonorentzat bere sexuan pentsatzea”.

Ekarpen berriak ez ohiko bideetatik

Azken urteetan aniztu egin dira argitalpen bide berrietatik heldu zaizkigun tituluak. Kasu batzuetan, irakurleen parte hartze aktiboaren deiari erantzunez lortu da paperera ekartzea hainbat liburu, Gela bat norberarena horien artean. Consonni arte ekoiztetxearen eskutik argitaratu den liburu honen amaieran agertzen dira lagundu duten norbanako, elkarte eta liburu-denden izenak.

Krisi garaiak ekarritako bide berrien urraketa? Interneten eragin gero eta nabarmenagoa? Hartzaileen posizionatze aktiboaren garrantziaren kontzientzia? Maiztasuna izan dezakete horrelako proiektuek? Zaila da galderon erantzuna neurtzen, baina ezin uka azkenaldian ekarpen garrantzitsua egin diotela bide berriek euskarazko argitalpengintzari.

Argitaletxea Edo! proiektua da testuinguru horretan koka daitekeen beste proiektu bat. Bertako arduradunek Virginia Woolfen lan bat kaleratzeko asmoa dute aurten: Dalloway anderea, Itziar Diez de Ultzurren-ek itzulita.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)