Albisteak

Fred Vargas itzultzeko aukera, (H)ilbeltza bekari esker

Asteazkena, 2021-12-29

Fred Vargasen Debout les morts eleberria itzultzea du helburu (H)ilbeltza bekaren aurtengo deialdiak; martxoaren 25era arte aurkez daitezke laginak. Irudian: Fred Vargas idazlea.

Baztango Udalak, (H)ilbeltza elkarteak eta Txalaparta argitaletxeak, euskal literatura beltza hedatzeko eta munduko literatura beltza euskaratzeko asmoz, (H)ilbeltza beka plazaratzen dute urtero. 2022ko edizioan, Fred Vargasen Debout les morts eleberria itzultzea proposatzen dute. Irabazleak 6.000 euro jasoko ditu sari gisa.

Deialdira aurkeztu nahi dutenek, formatu digitalean (PDF bertsioan) edo paperean aurkeztu beharko dute eleberriaren lagin bat. Itzuli beharreko pasartea III. atalari dagokio, 18. orrialdetik 24.era doana, hemen deskargatu daiteke.

Epaimahaikideek –Baztango Udalaren ordezkari Joseba Otondo, Txalaparta argitaletxearen ordezkari Garazi Arrula eta (H)ilbeltza elkarteak izendatutako ordezkari Koldo Biguri– maiatzaren 6a baino lehen erabakiko dute nor den garailea, eta epaia apelaezina izango da. Aurkeztutako itzulpenean kalitatea, aberastasuna eta sorburu-testuarekiko baliokidetza baloratuko dira. Horrekin batean sorburu-hizkuntzatik zuzenean itzultzea baloratuko da.

Irabazleak urtebeteko epean aurkeztu beharko du itzulpena; epea gainditurik ez da lanik onartuko eta udalak emandako dirulaguntza erreklamatzeko eskubidea izango du.  Itzultzaileak bere lana entregatzen ez badu, edo itzulpen horren izaera eta kalitatea, epaimahaiaren iritziz, proiektuan azaldutakoen aldean nabarmen kaskarragoak badira, itzultzaileak itzuli egin beharko du jasotako dirua. Dirulaguntzaren jasotzaileak, liburua amaituta, (H)ilbeltza, euskal nobela beltzaren astean aurkeztuko du.

Irakurri hemen deialdiaren oinarriak osorik.


Albiste honen uberan

Ohiko (H)ilbeltza egingo dute, urtarrilaren 24tik 30era

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)