Erreportajeak

Edizioa, zentzu zabalenean

consonniko Munts Brunet Navarro eta Maria Mur Deanekin hitz egin duguOstirala, 2015-07-24

Argitaletxeak eta edizioa (eta editoreak eurak) kezka-iturri edo gutxienez gogoetarako gai izan dira sarri literatur-zaleen eta -larien artean. Gehien-gehienetan, gaur egunean, behintzat, auto-edizioaren eta argitaletxe tradizionalen ereduen arteko talka hartzen da hizpide. Erreportaje honetan, ordea, zuzenketa eta atontzetik harago doan esparru gisa erreparatu nahi izan diogu edizioari, consonni arte-ekoiztetxeko kideen eskutik.

Euskarazko irakurlearentzat Gela bat norberarena lanagatik da seguru asko ezagun, izatekotan, Bilboko consonni bulegoa. Izan ere, orain bi urte argitaratu zuten Virginia Woolfen saiakera ezaguna, Maria Colerak euskaratua. Ez zen itzulpen soila, hala ere; ezin zuen izan, arte bisual eta plastikoekin estu lotuta ibilbide luzea egin duen lan-talde bat izanda. Testu nagusiari bi idatzi gehitu zizkioten: Adelina Moya eta Remedios Zafraren hitzaurre bana eta, horrez gain, Kajsa Dahlberg artistaren esku-hartze bat. Hain juxtu, Dahlbergek azpimarratu egin zituen testuan agertzen ziren "amorrua" guztiak. Zera esan zuen Maria Colera itzultzaileak esku-hartzeari buruz:

"Jende askok galdetu dit ea amorrua hitza nik azpimarratu dudan. Kezkatzen nauen gai bat da; izan ere, feminista baldin bazara amorruak jota bizi zara baina ezin duzu utzi amorru horrek ozpin zaitzan. Orduan ikasi behar dugu hori orekatzen eta horretarako ahizpatasuna da gakoa, bilatu behar ditugu espazioak, feministok geure gela propioa behar dugu elkar zaintzeko, elkar maitatzeko, bermeak izateko eta erortzean berriz jaikitzen laguntzeko… Baina amorru hori, su hori produktibo bilakatu behar dugu bestela ozpinduta biziko gara".

consonnik ekoizten dituen liburuen adibide bat baino ez da Woolfena, eta akaso ez da esanguratsuena; hala ere, jorratzen dituzten ildoen berri emateko lagin argigarria da: lengoaia diferenteeen erabilera, pentsamendua eta artea, ikuspegi kritikoak hedatzea, feminismoa... Edonola ere, edizioa nola ulertzen duten azaltzeko gakoa dira hala argitaratu dituzten beste liburuak nola edizioaren bueltan egiten dituzten bestelako jarduerak ere. María Mur Dean zuzendariak eta Munts Brunet Navarro ekoizpen eta ekintzen arduradunak hitz egin digute horretaz.

Hastapenak eta bildumak

Behar batetik sortu zuten argitaletxea. consonnin beti uneko beharretatik, esperientziatik, egiten joatetik abiatu izan dituzte gauzak, hori izan da, nolabait, beren lan egiteko modua. Gaur egun, hiru bilduma dauzkate: consonni, Paper eta Beste. Zera dio Munts Brunet Navarrok:

"Quédense dentro arte-proiektuaren ondoren, horri buruzko liburua argitaratu nahi izan genuen eta ez zegoen inor prest hori kaleratzeko. Beraz, pentsatu genuen guk geuk aterako genuela. Dena dela, gurekin kolaboratzen duten artistentzat ez ezik, argitaletxe bat sortzen bagenuen iruditu zitzaigun beste bilduma batzuk ere egin beharko genituela".

María Mur Dean: "Hainbat faktoreren emaitza izan zen. Batetik, neuk beti izan nuen ideia hori buruan, liburu-denda bat edo argitaletxe bat edukitzekoa; bestetik, jende berria ari zen consonnin sartzen eta gauza berriak planteatzen ari ginen (adibidez kooperatiba bihurtzea). Aldaketa horiek guztiak gertatzen ari zirela, nik desio nuen consonnin sartzen ari ziren beste pertsonek ere proiektua propiotzat har zezaten; azken batean, neure proiektu gisa ikusten zuten-eta. Beraz, guztiok batera zerbait abian jartzen bagenuen, iruditzen zitzaidan askoz organikoagoa izango zela, askoz gureagoa.

Quédense dentro proiektuak, nolabait, ez zeukan inongo loturarik aurreko consonnirekin. Liburu horretan parte hartu zuten artistak neuk gonbidatutakoak ziren eta hori mugarri bat izan zen consonniren fase berri baterako. Gauza asko gertatu ziren une horretan. Artistek bai ala bai nahi zuten beren lanarekin argitalpen bat egin zedin. Neuk onartu egin nuen, betiere argitalpenena geure lan-ildoetako bat bilakatzen baldin bagenuen. Une horretan, gainera, ordura arte erabiltzen genuen tokia utzi behar izan genuen, eta garaiko nire sozioa tematu egin zen kooperatiba bat egin behar genuela esanez. Laburbilduz: argitaletxea abiatzeak zerikusia zuen kontzeptuarekin eta baita egoerarekin ere.

Badago beste kontu garrantzitsu bat: nahi genuen ekoizpenaren kontzeptua bahitu eta beste leku batzuetan eragiten jarri, konnotazio neoliberaletatik aske, eta zentzu horretan oso interesgarria iruditzen zitzaigun ezagutzaren ekoizpena, eta horretarako liburu-euskarria oso ondo zetorren".

Paper bildumari buruz ere galdetu diegu. María Mur Deanen arabera, bilduma horretan ipintzen dute indar gehien. Espainiar estatuan ez dago tradiziorik arte-kritikari eta kuradoreek liburuak plazaratzeko, aldizkarietan ateratzen dituzte batez ere beren testuak. Munts Brunet Navarro: "guk hor hutsune bat ikusten genuen, behar bat. Beraz, gure asmoa izan zen autore horiei tokia ematea, zerbait idatz zezaten, eta ondoren gurekin edita zezaten, elkarrizketan".

Orain arte lau lan argitaratu dituzte. Munts Brunet Navarro: "Martí Manenekin egin genuen lehenengoa, komisariotzari buruz. Jaime Cuencarenak, kritika kulturala du tresna, eta Peter Pani buruzko bere irakurketa proposatzen du, adinaren kontzeptua nola joan den aldatzen. Autore bakoitzaren arabera aldatzen da liburuen estiloa: batzuk akademikoagoak dira, eta beste batzuk narrazio-estilotik daude gertuago... Manenen obran, adibidez, oin-oharrak beharrean elkarrizketa batzuk daude liburuaren amaieran, ohar modura-edo balio dutenak.

Peio Aguirrek ere berriki argitaratu du lan bat, eta arte-kritikaria izanik, bere asmoa da liburu horrek balio dezala tresna-kutxa gisa. Aurkibidearen bitartez ikus dezakezu zuri zer interesatzen zaizun eta nahi duzun atalera jo: ez dago zertan hasieratik amaierara irakurri. Erabilera praktikoa izan dezala nahi du Aguirrek".

Beste izeneko bilduma bat ere badaukate. Horri esker, liburuak ateratzeko aukera ematen diete argitaratzeko dirua bai baina banaketarako azpiegiturarik ez duten artistei. Bilduma horren barruan plazaratu dute, azkena, Pablo Marteren Pretty Woman saiakera-fikzioa. Bilduma horren barruan arte-ekoizpen feministei buruzko saiakera-multzo bat eta zutabeak biltzen dituen liburu bat ere badaude. consonni bilduman, ordea, arte-ekoiztetxean bertan abian jarritako proiektuak plazaratzen dituzte.

Paper

Testuinguruan: edizioari buruzko ikuspegia zabaltzeaz

Argitaletxeaz gain, bestelako ekimenak ere jarri dituzte martxan edizioaren kontzeptua ardatz hartuta. Tartean, con_textos tailerrak. Munts Brunet Navarro:

"Edizioaren eta programazioaren ideia zabaltzeko asmo horretatik abiatuta sortu genituen con_textos tailerrak, edizioaren ideiaren barruan sartzen genuen ekoizpena, eta horren barruan ez bakarrik sorkuntza baizik eta baita diseinua, itzulpena, komunikazioa edo formatua ere".

María Virginia Jauarekin egin zuten lehenengoa. Fikzioaren kritika eta analisi kulturala abiapuntu hartuta, bertaratutakoek honako galdera hauei egin zieten tira: kritikak ba al du tokirik gure garaiko ekoizpen kulturalen barruan? Zer gertatzen da fikziozko literatura deitzen zaion horren barruan kritika egiten denean? Paradigma-aldaketa baten aurrean al gaude (idazketa-obra), ala, aitzitik, ahitzear dagoen praktika baten aurrean?

Susi Bilbaorekin egin zuten bigarrena, diseinuarekin lotuta. Diseinatzaileen eta artisten arteko harremana lantzeko asmoa zuen. Gero beste bat egin zuten Martí Manenekin, komisario-lanarekin lotuta, berak erakusketak testu-formatu gisa ulertzen baititu. Ondoren, Garikoitz Fragarekin ibili ziren. Belleza Infinita argitaletxearen arduraduna da eta berarekin edizio artistikoa landu zuten: liburuen tamaina, paper-mota, tipografia... eta xehetasun horiei guztiei erreparatuta. Josune Urrutiarekin ere egin zuten lan, berak marrazkiaren bidetik jardutea proposatu zuen. Bere liburu bat ekarri zuen, eta, azken batean, argibide-liburu gisa ere balio du. Autoerretratuak egiten ikasteko eta praktikatzeko liburu bat da: zeure buruari begiratzen ikasteko, orbanetatik hasita mini-neu bat sortzen joateko abar.

Atzo eta herenegun June Crespo eta Elena Aitzkoa artistekin egin zuten con_textos-en azken saioa. Kasu honetan, edizioa sorkuntzarekin eta hainbat lengoaien arteko uztarketarekin lotu dute bi autoreek. Bertaratuek, batez ere, tailer praktikoa egiteko aukera izan dute, eta literatura ezagunago dutenentzat, bizipen aberasgarria izan da, beren ohiko modu eta bideetatik ateratzeko aukera eman dielako. Asteazken goizean aurkezpena eginda, estudioan lan egiteko aukera eduki dute egun eta erdiz, eta beste parte-hartzaileekin batera, denen lan eta inpresioak nahastuta, aurreikusi gabeko kontuak sortzeko modua eduki dute.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)