Errealitatea gainera etorri zitzaion idazlea
Asteazkena, 2017-06-28Takiji Kobayashi idazlearen bi lan euskarara ekarriz, halaxe ekin dio Katakrak argitaletxeak narratiba ildoari: Nagusia kanpoan bizi da eta 1928ko martxoaren 15a itzuli ditu Hiromi Yoshidak, eta liburu bakarrean bildu dituzte biak. (Irudia: Katakrak)
1920ko hamarkadan, loratu egin zen Japoniako literatura proletarioa: barra-barra argitaratzen zen tradizio luzeko literatur aldizkarietan, eta barra-barra irakurtzen zuen jendeak. Halaxe argitaratu zituen zenbait testu Takiji Kobayashi idazleak, gazte hil izanagatik garai hartako literaturaren ikurretako bat denak. Autorearen bi eleberri irakurtzeko aukera daukagu orain euskaraz, Hiromi Yoshidaren itzulpen-jardunari esker eta Katakrak argitaletxearen ekinez.
Nabarmentzekoa da, era berean, Nagusia kanpoan da euskarara bakarrik itzuli dela, eta 1928ko martxoaren 15a, berriz, alemanera eraman zutela 1930eko hamarkadan, baina orduz geroztik ez duela beste ezein hizkuntzatan ikusi argia, euskaraz izan ezik.
Jende xehea erdigune
Iazko azaroan aurkeztu zen Katakrak argitaletxea. Bi ildo jorratzeko asmoa agertu zuten hasieratik: saiakera eta munduko literatura. Saiakera gaztelaniaz eta euskaraz argitaratuko dute, bietan, eta honezkero, bilduma horrek baditu sei zenbaki.
Kobayashiren honekin abiatu dute, berriz, narratibaren alorra. Jende xehearen istorioak ekartzea dute asmo, eta jende xehea da, hain zuzen ere, Kobayashiren bi nobela hauetako protagonista.
Hedoi Etxarte Katakrakeko kideak azaldu duenez, Kobayashik oso argi zeukan jende xeheak eraldatuko zuela mundua: "nekazariek, langileek, arrantzaleek, etxekoandreek" eta abarrek. Edonola ere, Kobayashik orobat zeukan argi "eraldaketa horren emaitza ez direla gaur egun ezagutzen ditugun pertsona xehe horiek. Alegia, pertsona xehe horiek badituztela zuztarretik eraldatu behar diren gauzak". Besteak beste, gai hauek azpimarratu ditu Etxartek: langile batzuen misoginia, txiro denarekiko mespretxua eta langileen arteko bortizkeriazko tratua.
Itxaropenaren atea, zabalik
Iñigo Aranbarrik idatzi du bi nobelon hitzaurrea. Haren esanetan, irakurketari esker eleberri-mota batekin berradiskidetu da. Hain zuzen ere, helburu zehatz bat zeukan Kobayashik bi lanok idaztean: "Berak ez zuen liburu bat egiteko asmorik, didaktismo iraultzaile bat egin nahi zuen, kontzientzia hartze bat" sustatu. Hori guztia igartzen da liburuaren gorabeheretan, Aranbarriren ustez "medioak baldintzatzen [baitu] produktua". Era berean, Kobayashi jabetua zegoen lan horren ezinaz, "ezin [zuen] jendearekin konektatu, baina era berean zabalik utzi nahi [zuen] ate bat eta horrek baldintzatzen du bere idazkera guztia" .
Ate hori zabalik uzteko grina nabari da bi eleberrion egituran. Lehenik, egoera planteatzen da: zer gertatzen den, nortzuk diren pertsonaiak... Ondoren, pertsonaia horien kontzientzia-hartzea islatzen da. Gero, gatazka bat gertatzen da, eta, azkenik, "egoera larria izanagatik, badago ondorio itxaropentsu bat".
"Idazle batzuei, ez gutxiri, errealitatea datorkie bila fikzioa idazten ari direla. Takiji Kobayashi da horietako bat". Halaxe hasten da Aranbarriren hitzaurrea. Eta, hain zuzen ere, Kobayashiren bizitzako errealitatea eta hark idatzitako literatura nola gurutzatu ziren nabarmendu du Aranbarrik. Torturari buruzkoa da 1928ko martxoak 15a nobela; Kobayashi bera gazterik hil zen, bertsio ofizialak dioenez bihotzekoak jota, hori bai, poliziak atzeman, mehatxatu eta jipoitu ostean.