Robert Menasseren “Europar mezularia” saiakera plazaratu du Katakrakek
Osteguna, 2017-06-15Robert Menasseren Europar mezularia saiakera da Iruñeko Katakrak liburu-dendako argitaletxeak plazaratu duen hirugarren titulua, Europar Batasunari buruzko eztabaida bultzatzea xede. Eneko Aizpurua Urteagak itzuli du testua, eta Asier Blasek idatzi du testu nagusiari kontrapuntua egiten duen hitzaurrea.
Robert Menasseren Europar mezularia saiakera da Iruñeko Katakrak liburu-dendako argitaletxeak plazaratu duen hirugarren titulua. Aste honetan bertan aurkeztu dute bigarrena ere, Nagusia kanpoan bizi da Takiji Kobayashiren nobela.
Robert Menasseren liburuaren aurkezpenean Hedoi Etxarte Katakrakeko kideak, Eneko Aizpurua Urteagak itzultzaileak eta Asier Blas hitzaurregileak parte hartu zuten. Katakrakekoek Europar Batasunari buruzko eztabaida bultzatzea dute xede liburu honekin, eta horren adibide bilakatu zen prentsaurrekoa bera: ohiko aurkezpenen formatua gaindituz, mahai-inguru bizi eta mamitsu baten traza hartu zuen hitzorduak, gaiak dakarren soka luzearen seinale.
Etxartek berak Katakrakekoen libururako idatzitako aurkezpen oharra ekarri zuen gogora, bertako lehen paragrafo esanguratsua irakurriz:
“2017ko apirilak 16an izen ezezaguneko andre bat Iruñeko Sarasate pasealekuko kutxazain batean hil egin zen. Astean bi-hiru bider zopa beroa ematen zioten jantoki solidario batean. Berrogeita hamar bat urte izango zituela esan zuten auzitegi medikuek. Adina ere ezezaguna zuen. Ez zuen alkoholak hil eta ez zuen etxerik. Berriki lapurreta egin ziotela salatu zuen hildakoak bizirik zela. Zendu zen tokitik metro gutxira, pasealekuan bertan, Nafarroako Parlamentua dago. Pasealekuaren beste muturrean, erramu frankista kendu berriarekin, Nafarroako jauregia: Gobernuaren egoitza. Eta tartean hiriko eta herrialdeko egoitza nagusi asko (postetxe zentralaren eraikina, Espainiako Bankua, Nafarroako Alderdi Sozialistaren egoitza), eliza katoliko erromaniko bat eta gozoki denda batzuk. Bertako izozki dendak nazioarteko konpainiek ordezkatu dituzte. Hara, Europaren ordezkaritza bat eskala txikian: izenik gabeko pertsona bat botere ekonomikoen eta politikoen aurrean hilda. Somaliako bizi itxaropena duten europarrak Iruñean.”
Honatx aurkezpeneko bideoak:
Egileari buruz
Robert Menasse (1954) austriar idazle eta itzultzaile bat da, jatorri judua du eta filosofikoki marxismoan eta Hegelengandik gertu kokatu izan dute. Aleman ikasketak, filosofia eta zientzia politikoa ikasi zituen Vienan, Salzburgen eta Messinan. Portugesetik alemanera nobelak itzuli ditu. Hizkuntza sarkastikoa dauka. Bere lanean alemana hitz egiten duten gizarteetako antisemitismoaz jarduten du.