Elkarrizketak

Maider Agirre Gurrutxagarekin solasean

Ostirala, 2015-07-10

Maider Agirre Gurrutxagak Bihotzero nobela plazaratu du autoedizioaren bidetik. Idoia Beratarbide Arrietaren irudiekin osatu du liburu-objektura gerturatzen den edizioa, eta Joxerra Garziaren laguntza izan du aurkezpenetan zein editore lanean. Batzuek egunero idazten dute; nik, bihotzero" idatzi du liburuan egileak, eta elkarrizketa honetako galderak ere horrelaxe erantzun ditu, taupadaka "Bihotzak bizi banau idazteak ematen dio arnasa bihotzari. Bihotzak bizi, idazteak arnas. Bizi, arnas. Bihotzero".

Maider Agirre Gurrutxagarekin solasean

Autoargitalpena

Liburua aurkeztu berri duzu prentsaurrekoan eta zenbait herritan egindako solasaldietan. Aurkezpenetan ez duzu apenas hitz egin liburuaren edukiei buruz, bai ordea idazteko zure arrazoiei buruz, liburuaren sortze prozesuari buruz, autoargitalpenari buruz. Zergatik egin duzu hautu hori liburua aurkezteko orduan?

Batez ere honexengatik: liburu bat irakurtzea abentura bat bezala bizi izan dudalako beti eta nire liburua irakurtzeko abentura inori ez diodalako zapuztu nahi izan. Abentura baten hasierak sortzen dituen urdaileko kilima horiek uxatzea iruditzen zait edukiak jorratzea, eta horregatik aukeratu ditut liburuarekin, idaztearekin eta idazketa prozesuarekin lotutako bestelako gai batzuk aurkezpenetarako.

Bestetik, liburuaren atzean dagoen historia kontatzeko modukoa dela iruditzen zait; liburua bera, objektua, beste abentura baten emaitza da, odisea ez esatearren. Odisea horren nondik norakoak kontatu nahi izan ditut.

Eta bukatzeko, hori kontatzea behar nuen. Maila pertsonalean, karrera luzea izan da, bakarrik eta aldapa gora ordu askoan ibili behar izan dut liburua esku artean izan arte. Ezezkoak baino gehiago, ezezko bihurtzen ziren baiezkoak gainditu behar izan ditut; hori digeritu eta neuk asmatu behar izan dut baietza ezetzetik abiatuta. Eta horrela lortu dut liburua gaur egun den bezalakoa izatea. Aurkezpenak, errebindikazio eta kritika kutsuarekin egin ditut, horrela sentitu naizelako odisearen azken etapan.

Zure hasierako nahia ez zen liburu hau autoargitaratzea, baina bide horretan zailtasun ugari topatu omen duzu: argitaletxe baten baiezkoa bazenuen baina honek ateak itxi egin zituen, beste argitaletxe batzuetan atea jo baina eskaintzen zizkizuten baldintzek ez zizuten konbenzitzen… liburu honek “motxila” pisutsuarekin zetorrela aipatu izan duzu. Azkenean autoargitalpenaren bidea aukeratu duzu: “Autoedizioarena duintasun kontu bat izan da”. Zein zentzutan diozu “duintasuna”?

Bai, hasiera batean, ohiko bideari ekin nion literatur merkatuan nire liburuari bere lekutxoa topatzeko. Sistemak ezartzen dituen eta denok onartuta daukagun bideari. Argitaletxeetako ateak jo eta erantzunen zain egon.

Ohiko bide horretan, inoiz inork ez zidan nire idazteko gaitasuna edo liburuaren kalitate literarioa zalantzan jarri. Aitzitik, jasotako kritika guztiak zentzu onekoak izan ziren. Beraz, galdera garbia da: ondo idazten dudala eta liburua ona dela iruditzen bazaizu, zergatik ez duzu argitaratu behar? Hor hasi nintzen konturatzen literatur merkatu horren paradigmetan eta “legeetan” BAI erantzuna jasotzeko kalitateaz gain bazirela beste hainbat faktore editoreek kalkulatu beharrekoak. Nik konpartitzen ez ditudan faktoreak, bestalde. Errentagarritasuna, morboa, idazlearen lana ia erabat argitaletxeen eskuetan uztea, zure lanaz desjabetzea eta abar.

Gainera, argitalpen prozesu horrek denboran garai ekonomiko zehatz eta larri honekin bat egin zuen eta gero eta ilunagoa ikusten nuen bide horretatik argitaratzeko aukera. Horrela izatekotan, lehenaz gain, auskalo zenbat itxoin beharko nukeen, gutxienez, ekonomiak beste bira edo txiri-buelta bat eman arte.

Beraz, pazientzia guztiak agortuta, baina kalitatearen alderdia nire alde hartuta, erabaki nuen bazela garaia liburuari bere lekua egiteko eta neuk egingo niola. Eta horretarako bidea autoekoizpenak bakarrik ematen zidan.

Liburua atera nahian zenbiltzala beste liburu bat plazaratu zen zuk pentsatua zenuen titulu berarekin, “tiro eman diote liburuari” pentsatu zenuen momentuan. Liburu honen prozesuan bidaide eta editore izan duzun Joxerra Garziak esan zizun orduan, “bai, baina gomazko pilota batekin. Azalduko da hobeago bat”. Bihotzerok aski asetzen zaitu egun?

Guztiz asetzen nau. Are gehiago, ezin zitekeen aurreko titulu hura izan; liburua izen honen zain zegoen.

Izenburuarekin, argitalpenarekin bezalako zerbait gertatu da. Hasierako izen harekin eta ohiko bidetik atera izan balitz, ez zukeen gaur egun daukan izpiritu edo arima izango. Izenak, formatuak, diseinuak, ilustrazioek, tipografiak, horiek guztiek ezberdin eta berezi egiten dute liburua. Eta horiek guztiak pentsaezinak, ohiko bidetik argitaratuta.

Egun, hasierako titulu hura errekuperatzeko eta aldatzeko aukera emango balidate, ezetz esango nuke, ezta pentsatu ere. Bihotzerorekin geratzen naiz.

aurkezpena bihotzero

Aurkezpenetan oso kritiko azaldu zara kultur sistemarekin, argitaletxeetako funtzionamenduarekin… Nolanahi ere, ez duzu zure burua sistematik kanpo kokatu, “errebeldia eraikitzailea” aldarrikatu duzu, alegia, sistema barrutik eraldatzeko modua topatzea. Zentzu horretan diozu autoedizioak ez duela zertan “kalitatea edo txukuntasunaren” kontrakoa izan. Desprestijiatua dago egun autoediziogintza?

Bai. Hasiera batean, ia inork edo gutxi batzuk jotzen dute bide horretatik. Pasta berezikoa izan behar da lan guzti horri zeure kasa aurre egiteko, ez etsitzeko, aurrera jarraitzeko, ateak jotzeko, liburu kaxak kotxean hartu eta han hemenka ibiltzeko. Alegia, ondo jarrita izan behar dira edo inkontzientzia puntu bat behar da.

Neuk ere ohiko bidean, bide handian ibili ondoren hartu dut bide hau, basoko bidea. Beraz, bai, oraindik ere badu bide alternatiboaren kutsu hori.

Dena dela, kasu honetan, alternatiboak ez du esan nahi aldrebesagoa, baldarragoa, traketsagoa, zabarragoa. Bide handitik horrela ikusiko bada edo badute ere. Alternatiboak, zure bidea esan nahi du; mendia sherparik gabe igotzea esan nahi du; basoa bakarrik zeharkatzea esan nahi du. Poliki, kostata, bakarrik, bai; baina zure erritmoan, txukun, duin, libre. Hori da niretzat alternatiboa, kasu honetan.

Autoargitaratzea linboa dela esan zuen behin euskal idazle ezagun batek. Zu hitz horiek hartu eta linboan gustura zaudela esan duzu. Hala da? Zer ikasi duzu prozesu honetan?

Bai. Balorazioa ona da. Gustura nabil linboan. Nik edozein gonbidatuko nuke linbora, paseatzera. Batez ere, libre eta nire erara argitaratu dudalako liburua. Nireak izan direlako erabakiak. Nire estilokoa delako liburua; errekonozitzen dudalako eta identifikatua sentitzen naizelako berekin. Pentsa ze tristea, liburu bat idatzi eta apaletan erdi ezkutuan geratzea; eskuan hartu eta ukitzen duzuna edo ikusten duzuna ez gustatzea; emaitzak ez betetzea. Nire kasuan, saltzeko ahalegin eta esfortzu handiagoa egin beharko dudala badakit, baina behintzat liburuak betetzen nau, gustuko dut, nirea da hasieratik bukaerara. Gehiago ala gutxiago saldu, betetasun sentsazio horrek ez du preziorik.

bihotzero

Liburuaren edukia eta forma

Protagonistak ospitalean dagoen izebarengana joko du, eta ezustez beteriko elkarrizketa izango du harekin. Printzipioz akzio minimoa iradokitzen du oinarrizko sinopsiak, baina mugimendu eta akzio dramatiko handia dago kontatzeko eran: narratzailearen barne bakarrizketa pentsamenduaren abiaduran dago islatuta, hau da, narratzailearen (eta edozein pertsonaren) barne jarioa islatu nahian. Horrek erritmo bizia dakar sarri, saltoa gai batetik bestera, ahozkotasun puntu bat, egunerokotasunari loturiko erreferentziak… Barne jario horren erritmo bizia orekatzeko beste era bateko hogei testu tartekatzen dira, “idatzizkoagoak” nolabait esateko: objektu eta gauza xume eta zehatz batetik abiatzen den gogoeta bat, edo memoria ariketa pausatuago bat, barne jarioaren hari horrekin zehatz kateatua nolanahi ere.

Nondik nora sortu zitzaizun barne bakarrizketa hori idatziz islatzeko nahia?

Ba ez dakit, egia esan. Ez naiz idazten hasi aurretik apunteak, zirriborroak, notatxoak eta eskemak egiten dituen horietako idazlea. Planifikaziorik gabe jartzen naiz ordenagailuaren aurrean, ni neu bakarrik, bitartekorik gabe.

Bestalde, egia da, pertsonen barne munduak asko erakarri nauela beti. Esaten dugunak hainbat erakartzen nau esan gabe uzten dugunak. Eta zentzu horretan, liburuan, akzioa eta narratzailearen barne diskurtsoa trabatu nahi nituen, errealitatean bezala. Izan ere, kalean, mendian, trenean, bakarrik goazenean, ez goaz kanpokoarekin bakarrik, geuk daramaguna ere hor dago. Eta horixe islatu nahi izan dut. “Egunero hasten delako” izan dut buruan askotan, erreferentzia klasiko bat.

Orain eta hemen idatzia dagoen liburua den sentsazioa ematen du, baina gerora egingo zenuen orrazketa lan handia testuarekin, edizioa… Nola lortu duzu oreka?

Ez dut orrazketa handirik egin, ez. Ez dut arrapaladan idazten. Ez naiz aurrera eta atzera ibiltzen. Ez dut behin eta berriro irakurtzen testua. Normalean, idazten dudana hor gelditzen da.

Testua idazten amaitu eta urtebete inguruan egin nituen egin beharreko orrazketak: bi nagusiki. Bata, hitanoa zuzentzea eta bi, mikro errelatoren batzuk gehitzea. Gero, argitaratu arteko urte luze hauetan, ez naiz ibili testuarekin bueltaka, zain egon da bere unea iritsi arte.

Noka ariko da izeba narratzailea den emakumearekin. Ez da oso ohikoa hori topatzea euskarazko literaturgintzan. Zuretzat aukera naturala izan da, nolako erronka izan da bestela?

Izebaren pertsonaiari forma emateko, nire gertuko pertsona bat izan dut gogoan. Eta hark oso modu naturalean erabiltzen du hitanoa. Oraindik ere, nire inguru hurbilean badira hitanoa naturalki erabiltzen duten pertsonak. Hori altxor bat da, egunak kontatuak dituen altxorra, zoritxarrez, hitanoa natural eta zuzen erabiltzen dutenak adin batetik gorakoak direlako. Eta nolabait jasotzea nahi nuen. Horren testigantza txiki bat uztea.

Aitortu behar dut, izerdiak bota nituela hitanoaren zuzenketarekin. Lanak eman zizkidan. Horixe izan zen lanik handiena eman zidan alderdia. Baina burugogorra naizenez, ez nion nire buruari hitanoa aldatzea edo kentzea planteatu.

Bihotzeron badira titulu propioa dakarten bestelako hogei testutxo, beste arnas batekin idatzitakoak, idatz tankeran ohikoagoak edo “literarioagoak” esan dezagun. Zehatz kateatuak datoz horiek nobelaren hari orokorrean, baina era berean Joxerra Garziak prentsaurrekoan esan zuen bezala, badute bere karga propioa, osa lezakete ere elkarrekin lan autonomo bat. Zer nolako jokoa bilatu nahi izan duzu bi testu mota eta estilo horiek uztartuta?

Irakurleak beste arnas batekin irakurriko dituen testuak dira. Hari nagusian etenak, parentesiak bezalakoak. Joxerrak “pilulak” ere deitu ditu. Oso ondo sartzen diren literatur dosiak dira.

Idazterakoan ere sentsazio hori bera izan nuen. Ikaragarri gustura idatzi nituen guztiak. Beste hogei, beste hogeita hamar ere idatziko nituen… Plazer bat izan zen horiek idaztea. Eta niretzako ere, hari nagusiarekin ari nintzelarik, arnasa hartzeko, eten bat egiteko aukerak izan ziren.

Orrialdeko muga horretan ederki moldatzen naizela deskubritu nuen, bestalde. Tamaina eta pultsua hartu nion A4ari eta testu guztiak A4an sartzen dira. Ez dut baztertzen horrelako gehiago idaztea.

Konturatzerako jolas horretan sartuta nengoen eta berehala ohartu nintzen hasieratik bukaeraraino mantendu behar nuela jolasa, orekaren izenean.

Hitanoaren zuzenketarekin ari nintzela eta testua bukatutzat eman aurretik bakarren batzuk gehitu behar izan nituen, bi arnasak balantzan orekatuta egon zitezen.

Testutxo hauek oso gauza zehatz eta batzuetan xumeetatik abiatzen dira. Deigarria da, adibidez, nola donuts bati buruzko testu bat bilaka daitekeen zuloei eta bizirik egotearen sentsazioei buruzko gogoeta bat. Nondik atera dituzu horrelako irudiak?

Bihotzetik eta bihotzeroetatik. Sentipenetatik. Emozioetatik. Esperientzietatik. Hau da, bizitzatik. Nondik bestela?

Ilustrazioa, maketazioa

Autoargitalpena izan da, baina baita ere nolabaiteko talde lana: Joxerra Garzia aipatu dugu, baina Idoia Beratarbide Arrietaren libururako egin ilustrazioek pisu handia dute, baita Koro Herrerok egindako maketazioak eta diseinuak ere. Zer garrantzia izan du, autoedizioa izanda, beste jende bat proiektuan inbolukratu izana?

Autoargitalpena kalitatezkoa izatea bilatu dut. Eta liburuarekin zentzu guztietan identifikatua eta gustura sentitzea nahi nuen. Joxerrak editore lanak egin dizkit, nolabait. Eta hori baino gehiago ere bihurtu da niretzat. Bihotzeroren abenturan ezinbesteko bidelaguna izan da.

Behin edizio eta zuzenketa lanak amaituta, garbi neukan diseinu gaietarako Kororekin jarri behar nintzela harremanetan, aurretik ezagutzen nuelako profesional modura. Eta bete betean asmatu nuen. Liburuaren edukia eta liburua edukiontzi bezala, formaz janztea eta egiturari zentzu bat ematea lortu du Korok. Bere proposamenak jasotzen nituen bakoitzean txundituta gelditzen nintzen eta nik eskuizkribu bezala eman niona liburu dotore eta berezi batean bihurtu da berari esker.

Bestalde, Korori esker, Idoia ezagutu nuen. Berak jarri gintuen harremanetan. Korok intuizio bat izan zuen Idoiarekin eta nirekin. Eta hor ere bete betean asmatu zuen. Nik beti esaten dut Idoiari esker Bihotzero eleberri bat baino zerbait gehiago bihurtu dela, beste dimentsio bat eskuratu duela. Idoiaren irudiek Bihotzero kontatzen dute baina beste lengoaia batean, bere lengoaian. Eta ez hori bakarrik, Idoiaren lengoaiak eta nireak elkar osatzen dute. Bakoitzak bere narrazio propioa gauzatu du baina elkarrekin uztartu ere egin daitezke. Eta hor, oso magia berezia sortu da. Uste dut irakurleak ere nabaritu dezakeela.

Beraz, ondorioa da autoargitalpena izanagatik, liburua, azken emaitza ez dela nirea bakarrik. Joxerra, Koro eta Idoia ere Bihotzeroren egileak dira, bakoitza berean eta bakoitza bere erara. Lauron elkarlana da Bihotzero. Lauretako bat kendu eta ez dago Bihotzerorik. Pentsa, ze garrantzia! Guztia.

bihotzero

Idoia Beratarbide Arrietak ilustrazio hutsa baino zer edo zer gehiago proposatzen dio irakurleari: ilustrazioak aparte datozen postalak dira, ilustrazio bakoitzak zulo bat du, liburuan zehar paratutako marrazki zatien gainean jarriz gero osatu egiten dena. Zuloak betetzea da kontua. Narrazioan zuloei erreferentzia egiten zaie sarri. Nolako irakurketa egitea ahalbidetzen du, zentzu horretan, ilustrazioekin egindako lanak?

Bai, zuloak daude alde guztietan. Ilustrazioetan hor daude; azalean ere ikus daitezke. Eta badirudi nire testuan ere hor daudela. Nik ez nekien, Idoiak ikusi zituen. Egia da testu zatiren batean, han edo hemen zuloak aipatzen ditudala. Baina Idoia zuloak hari edo konexio lana egiten zuela konturatu zen. Hori izan zen jaso nuen aurreneko irakurketa nire testuarena. Eta aitortu behar dut, shock bat izan zela; egia delako protagonistaren historian, kontatzen denean eta kontatu gabe dagoen horretan, zuloa edo hutsunea dagoela eta horrek baldintzatu duela bere bizitza eta bizitzarekiko ikuspegia. Horretaraino iritsi zen Idoia. Bere irudiekin aurrean jarri zizkidan narrazioan hitzez kontatu gabe nituenak.

Horrek esan nahi du ilustrazioek testua osatzen dutela, elkarrekin irakurri eta ikusita gure ohiko irakurketa aberastu dezakegula. Bestetik, irakurketa soila ere egin daiteke, hasi eta bukatu beste edozein eleberriren modura, eta ilustrazioen jolasa amaierarako utzi. Eta alderantziz, irudiek zer esaten diguten ikusi, liburuak zer kontatuko digun asmatzen saiatu eta ondoren irakurri. Era askotara irakurri daiteke Bihotzero, norberak bere erara.

Funtsean, nola gauzatu da Idoia eta zure arteko elkarlana?

Idoiak eta biok Korori esker izan genuen elkarren berri. Aurretik ez genuen elkar ezagutzen. Aurreneko bileran bere lana erakutsi eta nola marrazten zuen azaldu zidan Idoiak. Niri hori gustatu zitzaidan, bere lan egiteko modua eta filosofia. Bilera horretan berak nire testua irakurtzeko eta erantzun bat emateko konpromisoa hartu zuen. Izan ere, gerta zitekeen liburuarekin batere identifikatuta ez sentitzea. Liburuak ezer ez esatea. Baina bere erantzuna baiezkoa izan zen, zorionez.

Epe bat jarri genuen, Idoiak proposamenen bat bidaltzeko, eta gustuko nuen ala ez ikusteko. Bere lana egiten utzi nion, askatasun osoarekin, inolako baldintzarik jarri gabe. Hori garbi neukan: Kororen kasuan bezalaxe, Idoiaren kasuan ere zekienari lanean utzi beharra neukan, konfiantza osoarekin. Horixe sentitzen nuen, konfiantza osoa.

Eta hilabete gutxiren buruan bere lana amaituta zeukan. Eta ni, zoratzen egin duenarekin.

Liburu-objektu kutsua izan dezake liburuak planteamendu hauekin. Autoargitaratzeko bidea hartu ez bazenu, agian zaila izango zen horrelako planteamendu bat?

Zaila? Ezinezkoa, nik uste. Eta ez dago askoz gehiago esan beharrik. Nola egingo zidaten ba azal gogordun liburua? Edo formatu horretakoa? Eta nola planteatuko nuen ba argitaletxe batean ilustratzaile bat nahi nuela, eleberri baten eskuizkribuarekin joanda?

Etorkizunera begira, non-nola ikusten dituzu zure hurrengo urratsak?

Bihotzerori dagokionez, udako oporren etenaren ostean aurkezpen gehiago egiteko asmoa daukat, ahal badut Idoiarekin batera. Baditugu hainbat gauza adostuta; aurkezpenak eta erakusketak; Durangon ere egon nahi nuke, aukera badudalako; irakurle taldeei ere egin nahi nieke eskaintza berezi bat; eta horiek bideratzea da hurrengo lana.

Ordenagailuan zain dauzkadan karpeta batzuei ere heldu nahi nieke. Baditut hainbat gauza hasita eta irekita, nire zain. Ez dakit zertan bukatuko duten, ezta noiz eta nola ere. Baina bukatuko ditudala, ziur.

Eta idazteari dagokionez, oso garbi daukat. Idaztearekin gozatzen jarraitu nahi dut. Hori dut helburu bakarra. Eta horretarako giltzarria da, ez dudala idazle profesional bihurtu nahi, ezta horretarako aukerarik emango balidate ere. Idaztea, nahiago afizio ofizio baino. Idazteak izpiritua eta arima elikatzen dizkit eta hor epeek, baldintzek, konpromisoek, arauek eta kontratuek ez dute lekurik. Ariketa hori ez dut hain mundutiar bihurtu nahi. Idazketa beste munduko zerbait da niretzat. Libre eta aske idatzi nahi dut.

Bideoak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)