Albisteak

“Bihotzero” nobela aurkeztuko du Maider Agirre Gurrutxagak, Idoia Beratarbide Arrietaren ilustrazioekin

Osteguna, 2015-06-04

Bihotzero izeneko nobela aurkeztuko du gaur Donostian Maider Agirre Gurrutxaga idazleak. Hauxe du lehen liburua, eta auto-argitalpenaren bidetik plazaratu du. Liburua osatze aldera hogei ilustrazio egin ditu propio Idoia Beratarbide Arrietak. Gaurkoaren ostean, hainbat herritan aurkeztuko du egileak liburua. Albiste honetan topatuko duzue lanaren lagin bat.

Erronka handia da egun, oraindik ere, auto-argitalpenaren bidea hartzea, liburu bat plazaratzeko prozesuaren urrats guztiak egileak berak bere gain hartzea. Hala ere, euskaraz ez da autoediziorik inoiz falta izan, eta egun ere tarteka-tarteka iristen zaigu alerik. Kasu batzuetan, autoedizioaren bideak forma edo edukiaren aldetik arriskuak hartzeko aukera ematen du. Gaur aurkeztuko den Bihotzero izan liteke horren adibide bat.

Maider Agirre Gurrutxagak idatzi du Bihotzero nobela, plazaratuko duen lehen lana, eta bide horretan hainbat lagunen kolaborazioa izan du ere: liburuak forma berezia hartu du Idoia Beratarbide Arrieta ilustratzaileak eginiko hogei irudiei esker, eta gaurko aurkezpenean kasu Joxerra Garzia izango du bidaide, Donostiako Udal Liburutegi Zaharreko Sotoan 11:00etan.

Hauxe da sinopsiak dioena:

“Izebari bisita ospitalera. Familiako kontu zaharrak eta herdoilduak; zulagarriak. Tartean eta halabeharrez, narrazioa poesiarekin josiko da, oraina iraganarekin saretzen den bezala eta zentzumenak pasioarekin. Baina zer gertatu da Maiderren nobelan Idoiaren ilustrazioak txertatu ditugunean? Nobela desnobela egin dela eta auto argitalpena hegaka abiatu dela”.

Aurkezpenak herriz herri

Gaurko aurkezpenaren ostean, hauxe izango dira liburuaren berri egilearen ahotik edukitzeko aukerak:

Ekainak 5, 18:30ean Beasaingo Igartza Jauregian, Joxerra Garzia bidaide.

Ekainak 6, 18:00etan, Donostiako Garoa liburu-dendan, Idoia Beratarbide bidaide.

Ekainak 10, 19:00etan, Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean.

Ekainak 1l, 19:30ean, Errenteria/Oreretako Mikelazulon, Idoia Beratarbide bidaide.

Ekainak 16, 19:00etan, Tolosako kultur etxean. Joxerra Garzia bidaide.

Ekainak 17, 19:00etan Arrasateko Kulturaten.

Liburuaren lagina

“Bihotzero.

Batzuek egunero idazten dute; nik, bihotzero. Niri bihotzak agintzen dit noiz, zer eta nola idatzi. Bihotza baita bizi dena, iturria, emaria. Bihotza baita bizitzean kolpatzen duguna, bizitzeko kolpatzen duena, zatitzen dena, goxatzen dena, erortzen, ixten eta ematen dena.

Eta idaztea da filtroa. Anabasa, nahaspila eta masa atomiko guzti horren iragazkia. Bertigoak ez harrapatzeko, grabitazio puntua ez hausteko, burua ez galtzeko errehabilitazio zentrua. Bihotzak bizi banau idazteak ematen dio arnasa bihotzari. Bihotzak bizi, idazteak arnas. Bizi, arnas. Bihotzero”.

eskutitzaIRUDIA

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)