Erreportajeak

Literaturzaleek dute hitza

Literatura bizitzeko erak: Literaturia, Hatsa, Maiatz, Poesiaren Astea, Eako Poesia Egunak... Osteguna, 2011-06-02

Udaberriari gogotsu heldu zaio literaturzaletasunetik abiatutako hainbat proiekturen eskutik: Hatsaren Olerkarien Eguna, Mikelazuloren Poesiaren Astea eta Maiatzen solasaldiak egin berri dira, gaur hasiko da Literaturia, uztailean Eako Poesia Egunak helduko dira. Ez dira bakarrak izan eta ez izango, literaturari loturiko azpi-sare interesgarria osatzen dute denek.


Zerrendara gehitu genitzake Nabarrako kideek egindako literatur txangoa, Literatura Eskolaren zazpigarren ikasturtearen itxiera, herriz herri hainbat herrietako irakurle klub eta taldeek amaitzen ari diren ikasturtea... Euskarazko literaturaz mintzo garenean kezkak eta erronkak nagusitzen dira sarri, arrazoi osoz, baina era berean urte osoan zehar eta batez ere udaberrian uholdeka sortzen den mugimenduak bestelako gogoetak ere sor ditzake.

Asko dira era guztietako eragileek literatura zabaltzeko xedez egin ohi dituzten ekimenak, liburuaren egunaren harira kasu, baina lerro hauetan literaturzaletasunaren begiradatik eta ekintzatik etorriak direnen berri emanen dizuegu batik bat.

HATSA ELKARTEAREN EKIMENAK

Apirilaren lehen asteburuarekin aurkeztu ohi du Hatsa elkarteak orain hamahiru urtetik bere 'Olerki bilduma'. Aurten ekimen berri bat gehitu dio apirileko lehen igandeko bezperari: 'Olerkarien eguna' ekimena, zeinarekin poemak irakurri diren euskaraz mundu osoan zehar aldi berean.

Hatsaren ekimen bietan irekia da parte hartzea, 'poeta' nor den definitzeko orduan subjektu zabala planteatzen dute: poesia idazten duen orok du eskubidea bere poemak jendaurrean azaltzeko, poesia idaztea transmisio eta komunikazio modu bat izan daitekeen heinean. 'Olerki Bilduma'n jasotzen diren lan guztiak argitaratzen dira beraz, izan ikastolako haurrenak, poema bakarra idatzi duten pertsonenak ala liburuak argitaratu izan dituzten idazle ezagunenak.

Filosofia beraren ildotik parte hartu zuen hainbat jendek 'Olerkarien egunean'. Horren harira Auxtin Zamorak Hitzen Uberani azaldu zionez 'sentitzen dugu olerkaria ez dela 'soilik' Poeta orokor bat, badaukala euskararekin hunkidura-sentsibilitate berezi bat ez ditaikena mundualismo batean urtu. Gainera munduan goraipatzen den 'Poesiaren egunean' 'Poesia' genero bezala ospatzen da, ahaztuz olerkia baino garrantzitsuagoa dela olerkiaren egilea. Beraz Olerkarien eguna, gu Hatsa elkartekoek bidean eman dugu, ez bakarrik olerkiak airean igortzeko baina bai konkretuki eta fisikoki olerki egileak baloratzeko. Olerkien testuak lekukotasun batzuk baizik ez dira aldiz olerkariak, nahiz hauskorrak eta aldakorrak izan, gizartearen arnas bizi biziaz beteak dira. Badirudi lehen 'Olerkarien eguna' arrakastatsua izan dela, berrogeita hamar bat olerkariek parte hartu dutelako bai Euskal Herrian bai Eskozian, Txekian, Italian, Estatu Batuetan, Holandan eta abar...'.

MIKELAZULOREN POESIAREN ASTEA

Hamaika urte asko dira ekitaldi bat modu herrikoian antolatzeko orduan. Aurten Mikelazulokoek atzera begiratzeko eta egindako bidea barneratzeko saiakera egin dute. Mikelazuloko Iker Fernadezek eta Idoia Beratarbidek azaldu digutenez 'zerrenda bat egin genuen urte hauetan parte hartu duen jendearekin. Espero genuen baino luzeagoa izan da zerrenda hori, idazleekin batera errezitaldietan eta bestelako ekitaldietan parte hartu duten musikariak, pintoreak eta abar aintzat hartuta ehunka batzuk zenbatu genituen'. Literatura baino poesia ardatz hartzen duen ekimena izanik harritzekoa da tamainako parte hartzea 'sentsazioa dugu urtetik urtera Asteak ekitaldiz bete arren asko izan direla kanpoan geratu zaizkigun proiektuak. Poesia horren gutxi saltzen, ustez gutxi irakurtzen eta hedatzen den generoa izanik, harrigarria da haren inguruan sortzen den mugimendua'.

Ohiko liburuen bideaz aparte autoedizio mota ezberdinak, errezitaldiak, erakusketak, beste arte diziplinekin egindako uztarketak... ugariak dira poesiak har ditzakeen bideak eta haiek aztertzen saiatu dira aurtengoan 'egitarauko ekitaldi bakoitzaren ostean solasaldiak egin dira, igande goizean Ixiar Rozas, Imanol Epelde, Imanol Ubeda eta Auxtin Zamoraren esperientziak entzun ahal izan genituen... batzuetan errezitaldiak egitea poesia liburu baten bizitza luzatzeko modua izan daiteke, baina hemendik pasa diren ikuskizun eta proiektu askotan bada hori baino zer edo zer gehiago ere. Poesiak berezkoak dituen ezaugarriekin erraza da zubiak eraikitzea beste arlo artistiko batzuekin, dela poema batek barruan duen erritmoagatik, dela irudi eta metaforen mundua gorputzera eta oholtzara eramatearen erakargarritasunagatik... poesia testu gisa ez dago beti beste arteetan, baina gero eta gehiago aipatzen da halako eskultorearen edo bestelako antzerki taldearen 'poetika''.

Kezkarako gogoetak ere topatu zituzten hala ere 'poesia hitza aipatzeak jende askori aurreiritzi negatiboak sortzen dizkio; argitaratzen den poesian ahots mota eta mundu ikuskera anitzak dauden arren, poesia oraindik astuntasunaren, konplexutasunaren edo aspergarritasunaren topikoekin lotzen da sarri'. Batzuek 'poesia' hitza errezitaldi eta enparauetatik kentzeko proposamena egin zuten jendea ez urruntzearren, beste batzuek poesia hitza aldarrikatzeko beharra. Eztabaida beti da zer edo zer bizirik dagoen seinale.

Aurtengoan gogoeta osatzeaz gain hainbat ikuskizun eta errezitaldi ikusteko aukera egon da 'komunikabideek egun gutxitan laguntzen dute bizi dugun kulturaren argazki oso eta erreal bat egiten. Horrelako ekimenak antolatzeak egon badagoen mugimendua azalera ekartzeko, ikusgarri egiteko modu bat da, eta horretan dabilen jendeak elkar topatzeko eta kezkak trukatzeko gune bat'.

MAIATZ-en SOLASALDIAK BAIONAN

27. aldia izan dute aurtengoa Maiatzekoek solasaldiak antolatzen. Aldizkariaren 52. alea kaleratu berri dute, eta baita liburu sorta ederra ere. Maiatzek iparraldean sortutako literaturan sakontzen du batik bat, eta neurri handi batean solasaldiena inguruetako idazle eta literatur zaleak elkar topatzeko abagunea bilakatzen da. Aurten poesiagintza eta nobelagintza berriari buruzko mahai-inguruak antolatu dira bi egunetan, hainbat errezitaldi, erakusketa eta liburu aurkezpenekin batera.

Ez da erraza Baionan euskarazko jardunaldi batzuetara jendea erakartzea, baina ekitaldi mota ezberdinei esker ugaria da bi egunetan biltzen den jendea. Ahots eta estilo ezberdineko idazleak ezagutzeko parada dago bertan, haietako askok beste arte batzuekin dituzten harremanean sakontzen da: Odon Noblia poetak eskulturak egin ditu eta ikusgarri egon dira asteartean, Maiatzek kaleratu duen Biziaren bidean liburuan ikus daiteke hitza eta formaren arteko harreman hori; Josu Jimenez Maiak erakusketa modura paratu ditu Gerezi garaiko haikuak liburuan bildutako testuak, liburuan bezala hormetan ere Maite Ramosen ilustrazioekin; Eric Dicharryk slam poesiaren doinuak ekarri dizkigu gogora Maiatz aldizkarian plazaratutako testuekin: Itxaro Bordak eta Maddi Oihenartek hari finekin lotu dituzte OUT errezitaldiko hitzak, Jeremi Garaten gitarraren doinu elektrikoei esker. Abarrak luzeak izan dira aurtengo solasaldietan, eta mahai-inguruak bezain garrantzitsuak izan dira ekitaldien arteko eta atsedenaldietako solasaldiak.

LITERATURA ESKOLATIK LITERATURIARA

Larrabetzun sortu zen Literatura Eskola orain zazpi urte, hirugarren urtetik aurrera Euskal Herri osora hedatu zen ostera. Habia berean kokatu da Literaturia 'euskarazko literaturaren plaza' 2009an, hiru urteren buruan oihartzunean eta literaturaren arloko eragileen inplikazioan nabarmen hazi dena.

Literaturiaren eta Literatura Eskolaren proiektuen oinarrian dagoen filosofia aztertzerakoan ziur aski bada gailentzen den hitz bat: auzolana. Honako hau adierazi zion Gotzon Barandiaranek orain gutxi Hitzen Uberani 'ilusioa, gogoa, bizipoza, auzolanerako jarrera eta euskal kulturarekiko maitasuna. Borondatez egiten dugu lan, ez diru truke, eta hori ezinbestekoa da tamainako proposamenak antolatzeko. Zoriontsuak gara hiru egunetan, asko ikasten dugu elkarrengandik, asebete egiten gaitu'.

Auzolan hori hainbat maila eta esparrutan ematen da: lehenik eta behin Literatura Eskolan bertan, bertako proposamen eta ideietatik atera ohi baitira egitarauan txertatuko diren ideiak; auzolana bigarrenik Larrabetzun bertan, herritarren inplikazioarekin, haren bitartez lotzen baitira hainbat azpiegitura, bazkalordu, Literaturiatxua...; auzolana idazleekin, lehen urtetik agertu baitute parte hartzeko borondatea, eta sortzen den giroa eta irakurleekiko gertutasunagatik esker ona; auzolana argitaletxeekin, aurten titulu berriak Literaturian aurkezturik inplikatu direlarik; auzolana azkenik, literaturarekin lot daitezkeen elkarte eta eragileekin, 111 Akademia eta EHAZE-Antzerkizale elkartea dira horren adibide argiak.

Barandiaranek dioenez, Literaturian ere aintzat hartzen da literatura eta beste euskarrien arteko harremana 'gure helburua literaturaren adierazmodu guztiak erakustea da. Literaturak hartu eman iraunkorra du musikarekin, antzerkiaren, bertsolaritzaren, ilustrazioarekin eta beste hainbat kultur adierazpiderekin eta guk hori guztiori erakutsi gura genuke. Literaturaren bitartez zenbat ikas eta gozatu daitekeen zabaltzea dugu xede, literatura adin eta pentsaera askotako herritarrentzako dela'.

EAKO POESIA EGUNAK

Literatura Eskolarekin elkarlanean sortu ziren Eako Poesia Egunak orain dela zortzi urte. Bertan auzolanetik bultzatzen da antolakuntza, eta aipatu ditugun beste ekitaldiekin parekotasunak dituzte: errezitaldiak, antzezlanak, kontzertuak, poesian sakontzea xede duten mahai-inguruak... Ean arreta berezia eman zaio beti errezitaldietan azken urteko poesia uzta jaso eta islatzeari. Uztaileko eguzkipean ugariak dira egitaraua konpartitzeko prest agertzen diren idazleak eta zaleak. Hauxe diote Eakoek proiektuaren aurkezpenean:

'Herrijari Emon Arnasa kultur elkarteak antolatzen ditu jardunaldi hauek hainbat idazlerekin elkarlanean. Nolanahi ere, jardunaldi hauek aurrera atera ahal izateko ezinbestekoa da eatarrek egiten duten lana. Auzolan bidez egindako jardunaldiak dira, beraz.

Gabriel Arestik Ean igaro zituen bere azken urteak, gaixorik jada, eta zenbait poema herrian bertan idatzi zituen. Alde horretatik, Arestiren irudia, pertsona eta lana omentzea eta literatur zaletasuna bultzatzea -batez ere poesia-dira helburu nagusiak.

Eako Poesia Egunak ez dira jardunaldi akademiko hutsak. Izan ere, elkartrukerako egunak izan nahi dute, literatur zaleak, herritarrak eta idazleak elkarren berri izan dezaten. Horiek horrela, egitarautik kanpokoak egitarauaren baitakoak bezain interesgarriak dira'.

Aurtengo ekitaldian protagonismo berezia izango du 70 eta 80 hamarkadetako euskarazko poesiagintzak, uztailaren 15, 16 eta 17an.

GOGOETA POSIBLE BATERAKO ARDATZAK

Literatur jardunaldiak antolatzeko era asko dago, eta ziur aski denek dute zer edo zer baliagarri, euskaraz sortzen den literaturaren inguruan zabalpena eta transmisioa egite aldera. Lerro hauetan zenbatutako proiektu gehienetan oinarritik datorren antolakuntzari ematen zaio garrantzia; idazleekin, editoreekin eta literaturaren munduko eragileekin batera zaletasunaren eremutik eta irakurlearen ikuspegitik eragile izateko bidea defendatzen da, lekuan lekuko nabardurekin; ekitaldien antolakuntzan eta ondorioz literaturaren zabalpenean parte hartzea bideratzen saiatzen dira; literatura zabaltzeko orduan hainbat euskarritako ekitaldiak bilatzen dira, edukietan sakontzeko aukera bide ezberdinetatik jorratuz (errezitaldiak, antzezlanak, ikuskizunak, talde irakurketak, mahai-inguruak...); sortzaileen eta zale edo irakurleen artean gertutasunean eta harreman zuzenean oinarritutako harremanak bideratzen dira. Testuinguru horretan, beste tamaina bat duen arren, ulergarria izan daiteke Durangoko Azokaren testuinguruan Ahotsenean bezalako proiektu batek hartu duen indarra eta jaso duen babesa ikusle eta sortzaileen aldetik.

Mugimendu interesgarria sortzen dute era honetako ekimenek, eta haien artean lotura ofizial edo formalik ez badago ere, ugariak dira harreman pertsonaletan eta trukean oinarritutako zubiak, nolabaiteko sare bat irudikatzen laguntzen dutenak. Euskal antzerkiaren munduan azkenaldi luzean sarri entzun izan den kontzeptu bat ekar lezake gogora honek, 'azpi-sare' edo 'sasi-sare'ena alegia: instituzioen aldetik letorkeen laguntzari uko egin gabe baina era berean haren zain egon gabe urteetako esperientzia pilatzen ari diren ekimenak dira, parte hartze zuzena bilatzen dutenak, sortzaile/hartzaile dikotomia ahal den neurrian hautsi edo behintzat eraldatu egiten dutenak, erakusleiho edo laugarren pareta hotz eta sarri hutsaren formatuetatik aldentzen dena, kalitatezko eduki sakonak jasotzeko aukera bermatzen duena. Antzerkiaren arloan sasi-sare modura aipa genitzake azken urteetan sortutako hainbat ekimen: ADEL Aulestin, Brainstorming Zarautzen, Topa Eszenika Usurbilen, Eztena Oreretan; Azala, Harri Xuri bezalako espazioak...

Beharrezkoak dira erakusleihoak, baina proiektuen hauen haria ikusita esan liteke badela kultura bizitzeko eta transmititzeko beste modu baten gosea, bai sortzaileen bai irakurle edo ikusleen aldetik.

Oraingoz abian da Literaturia, iristear Eako poesia egunak.


Irudiak

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)