Albisteak

Natalia Ginzburgen bertute literarioak

Asteazkena, 2021-09-29

Bertute txikiak –Natalia Ginzburg idazle italiarraren testu-bilduma bat– plazaratu du Alberdaniak, Irene Hurtado de Saratxo Mendietak itzulia. Irudia: Alberdania.

Memoriari lotutako sei testuk eta bost saio literariok osatzen dute Natalia Ginzburgen Bertute txikiak. Liburua 1963an kaleratu zen estreinakoz eta euskarara ekarri du orain Irene Hurtado de Saratxo Mendieta itzultzaileak, Alberdania etxearen eskutik.

Lehendik ere, idazle italiarraren beste hiru liburu irakurtzeko aukera bagenuen euskaraz, Igelan argitaratuak denak ere: Hirira doan bidea (2001) eta Arratseko ahotsak (2003) itzuli zituen Pello Lizarraldeak, eta Fernando Reyk, berriz, Ginzburgen lanik ospetsuenetako bat: Familiako lexikoa (2021, berredizioa).

Hurtado de Saratxoren arabera, hain zuzen ere azken horren osagarria izan liteke berak itzuli berri duen obra: «Nobela autobiografiko horretan, [Ginzburgek] xehe kontatzen ditu bere etxeko kontuak […] baina, paradoxikoa bada ere, apenas ematen duen daturik bere buruaz». Bertute txikiak liburuan bildutako narrazio autobiografikoek eta saiakera literarioek, aldiz, «nolabait ere, osatu egiten du[te] Familiako lexikoa, lan horretan bazter utzitako bere buruari buruzko hutsune asko betetzen baititu hemen, bere barneko kontuak agerian utziz».


 «Orain gogoa egin zait neure zapatez hitz egiteko»

Horixe idatzi omen zion Ginzburgek bere lagun bati 1946. urtean. Eta asmo horri jarraitzen diote Bertute txikiakeko lehen zatiko testuek. «Negua Abruzzon» kontakizunean, esaterako, Italiako eskualde horretan igarotako erbestealdia kontatzen du autoreak, eta «Zapata urratuak» eta «Gizakiaren umea» narrazioetan, berriz, gerra ondoko hondamendi sozialaren eta pertsonalaren berri ematen du. Cesare Pavese idazle eta adiskidearen suizidioari buruzkoak «Lagun baten erretratua» testuan aletzen ditu, haren izena behin ere esan gabe, eta Gabriele Baldini bigarren senarrarekiko harremanaz mintzo da «Bera eta ni» testuan.


Bertute handiei gorazarre

Liburuaren bigarren partean, berriz, saiakera literarioak biltzen dira, zeinetan tonu «moralista samar» bat gailentzen baita, Hurtado de Saratxoren esanetan. Gizateriari eragiten dioten auzi larri eta premiazkoez dihardu Ginzburgek testuotan, «soiltasun txundigarri eta aldi berean engainagarri» batekin. Hizpidera ekartzen ditu, besteak beste, gerrak suntsitutako belaunaldiarekiko kezka, isiltasuna, egoismoa, klase soziala eta bere lanbidea.

Sorta horretako azken testuan du jatorria liburuaren izenburuak. «Bertute txikiak» saiakeraz hitz egitean, seme-alaben hezkuntzari buruzko testu bat dela esan ohi da, baina Hurtado de Saratxok uste du «hori baino askoz gehiago» ere badela. Ginzburgen mundu-ikuskera laburbiltzen da bertan: etikaren garrantzia azpimarratzen du, egiarekiko atxikimendu osoa adierazten, eta gorazarre egiten die balio handiei, diruarekiko axolarik eza eta bokazioaren bilaketa nabarmenduz.


Albiste honen uberan

Al Aswani, Baricco eta Ginzburg, azalberrituta

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)