Elkarrizketak

“Gizon askok onartzeke daukate eurak ere badirela ezartzen zaizkien genero-agindu batzuen produktu soziokulturalak”

Ostirala, 2020-02-07

Iritsi da Karmele Jaioren nobela berria: Aitaren etxea (Elkar, 2019). Orain arte idatzi duen liburuetatik zailena izan da, egilearen beraren esanetan. Maskulinitatearen eraikuntzari eta generoari buruzko gai unibertsalak jorratu ditu, indibidualtasunetik eta bizitza konkretu batzuen egoera konkretu batzuen bidez. Jarraian duzue elkarrizketa osoa. Argazkia: Jon Hernáez.

“Gizon askok onartzeke daukate eurak ere badirela ezartzen zaizkien genero-agindu batzuen produktu soziokulturalak”

Pasa den urtearen hondarrean argitaratu zenuen Aitaren etxea, eta han eta hemen zabiltza liburua aurkezten. Gustura geratu zara lanarekin?

Bai, gustura nago. Liburu bat bukatu eta berehala zaila izaten da erantzuten gustura geratu zaren ala ez, izan ere, une horretan ez dakizu zehazki zer egin duzun. Baina, idazketa prozesutik urruntzen zarenean, irakurleen iritziak entzutean, eta abar… hasten zara liburua kanpotik bezala begiratzen eta esan dezaket pozik nagoela ikusten dudanarekin. Beti dago zerbait, ezta? Baina esan dezaket pozik nagoela.

Irakurri dizut maskulinitatea arakatu nahi zenuela, baina zein izan zen eleberri honen lehen txinparta?

Liburu bat idazten hasten naizenean ez dut jakiten “zertaz” idatziko dudan. Hau da, ez nintzen eseri idaztera pentsatuz “maskulinitatean arakatu nahi dut”. Normalean, hasieran irudi batek inguratzen nau eta hortik hasten naiz tiraka, jakin-minez. Kasu honetan irudi honek inguratu ninduen: gizon bat, kafetera elektriko bati begira, sukalde berrian tresna hura elementu zaharkitua dela pentsatuz; haren tanta-jario geldoari begira, bera ere sustantzia galtzen ari dela sentituz. Lekuz kanpo sentitzen den gizon bat, mundu berri baten aurrean zaharkitua sentitzen dena, kafetera zaharra bezala. Hori neukan bakarrik hasi nintzenean, eta gero hasi nintzen irudi horren esanahian sakontzen. Horrela hasi zen sortzen une aldakor hauetan gizon batek bere lekuaz hausnartzen hasten den istorioa.

Hiru ahotsek osatzen dute liburuaren hezurdura. Haietako bat, Ismael, idazlea da, eta krisi betean dago, emakume baten ahotsean sartu nahi eta ezin. Zuri hala gertatu zaizu gizonaren azalean “sartzeko”?

Aitortu behar dut zailago egin zaidala Ismaelen buruan sartzea nobelako emakumeen kasuan baino. Eta nik uste dut neurri handi batean izan dela kontu handiz aritu naizelako, beldur pixka batekin agian baita ere, ez nuelako orokorkeriatan jausi nahi, ez nuelako gizonen karikatura bat egin nahi… Gizon izan gabe, pertsonaia bere konplexutasun guztiarekin agertu nahi nuelako.

Nolakoa izan da idazketa prozesua?

Zaila. Orain arte idatzi ditudan liburuetatik zailena. Ni idazten hasten naiz galdera askorekin buruan, eta ez dut jakiten zehazki zer idatziko dudan. Idazketa prozesuan bertan deskubritzen joaten naiz zer esan nahi dudan. Eta idazteko modu hau arriskutsua da, askotan talka egiten duzulako pareta baten kontra edo irtenbiderik gabeko kale batean sartu. Eta gertatu zait. Nobela hau hasiera batean beste bide batzuetatik zihoan, beste istorio bat zuen barruan, baina konturatu nintzen ez zela nik eraiki nahi nuena. Beraz, hilabete askotako lana joan zen zakarrontzira. Eta bestetik, nik uste zaila egin zaidala baita ere gaiagatik. Oso gai labainkorra da, erraz jausi zaitezke orokorkerietan, eta badago ere teoriak edo gaiak berak fikzioa hiltzeko arriskua. Beraz, arrisku asko zeuden eta une oro erne ibiltzeko beharra sentitu dut.

Hiru pertsonaiak ardazten dute liburua: Ismael, bere nobela berriarekin borrokan dabilen idazlea, Jasone haren emaztea, aspaldian besteen zaintzara guztiz emana dagoena eta gaztaroko ametsak bazterrera utzi dituena, eta Libe, Ismaelen arreba nagusia eta Jasoneren lagun mina, bost egunez atxilotuta egon ondoren Berlinera joan zena ihesi, hark ere gaztaroko amets batzuk alde batera utzita. Denak harrapatu dituzu halako krisi baten erdian, ala?

Adin batetik aurrera nor ez da bizi krisi baten erdian ba? Ezagutzen al duzu inor? Nik uste hiru pertsonaiak heldu direla helmuga batera euren bizitzan, eta leku horretatik hasten direla euren buruei galdetzen nola heldu diren horraino, eta bereziki, zerk bultzatu dituen euren bizitzan erabaki batzuk hartzera. Aita zaintzearekin batera Ismaelek edukiko du aukera hausnartzeko etxean ikasi duen gizontasun ereduaz, gizon izateagatik txikitatik bere gain jarritako espektatibez, espektatiba horiek ez betetzeagatik duen porrot sentipenaz, oraindik aitari “gizon” bat dela erakusteko duen beharraz, bere posizioaz… Jasonek, bere aldetik, egin dituen errenuntzia guztien inguruan hartuko du kontzientzia, eta baita gizonekin izan duen harreman desorekatuaz, besteak beste. Eta Libek bere buruari galdetzen dio benetan zerbait eraldatzea lortu duen bere jarrera ustez iraultzailearekin, edo ihesi baino ez duen egin. Saiatu naiz pertsonaien kontraesanak azaleratzen. Beharrezkoa iruditu zait guztiok dugun barne konplexutasuna adierazteko eta pertsonaiak sinesgarriak egiteko.

Liburuaren izenburuak Gabriel Arestiren poema famatua dakar gogora, baina poema liburuan aipatzen den erreferentzia apurretako bat Jasoneren ahotsean datorkigu: “Nire bortxaketa deskribatu nuen eta pentsatu nuen: Ez gaituzte gehiago bortxatu, estratega batzuk izan garelako. (…) Ez digute gauza gehiago egin beldurrean heziak izan garelako eta beldurrak babestu gaituelako. Beldurrarekin defenditu garelako. Otsoen kontra”. Arestiren poemaren berrinterpretazio bat?

Arestiren poemaren oihartzuna dago eta poema horrek gugan duen oihartzunari beste leku batetik begiratzeko ahalegin moduko bat. Bada modu bat azaleratzeko gizarte hau aitaren etxea izaten jarraitzen duela, gizonek gizonen moldera egindako etxe bat. Bada modu bat ere irudikatzeko nola eman den gizon eta emakume izateko moduen transmisioa aitaren agintearen pean egon den etxe batean. Eta baita adierazteko berdin dela aberriaren defentsaz ari garen edo maitemintzeaz, generoak eta botere harremanek dena zeharkatzen dutela.

Hain justu ere, abenduaren amaieran, Asier Amezagaren liburua abiapuntutzat hartuta, Arestiren berrinterpretazioei buruzko erreportaje bat argitaratu zuen Maialen Akizuk gure atarian. Hala zioen: “Iruñeko San Ferminetan talde bortxaketa burutu zuten gizonezkoen kontrako epai lotsagarriaren ostean, oihu bat behin eta berriz entzun zein irakurri genuen: nire ahizpa defendatuko dut. Gerora, kamiseta bat ere atera zen jatorrizko Arestiren poemari aldaketak eginda: nire ahizpa defendatuko dut, otsoen kontra, erasoen kontra, indarkeriaren kontra, justiziaren kontra defenditu eginen dut nire ahizpa! Berrinterpretazio honetan, ahizpatasunari egiten zaio azpimarra eta ahizpatasunaz aritzea, kolektiboaz aritzea da. Ez da “nire ahizpa” oihukatzen, defenditzearen ekintzari ematen zaio garrantzia, zaintza eta defentsa ez direlako beti bi gauza desberdin”. Iruditu zait mugimendu feministaren mezuak oso presente daudela liburuan.

Zaintza lanak baloratzeko eta banatzeko beharra jorratzen da; emakumeen kontrako indarkeria eta bereziki indarkeria ikusezina azaleratzeko ahalegin bat ere badago; badago ahizpatasunaren aldeko aldarria; baita gizontasun eredua aldatzeko beharra; baita ere emakume eta gizonen arteko botere harremanak… Liburua, dena den, ez da gai guzti hauei buruzko saiakera bat, fikzioa baizik, eta gai unibertsalak diren horiek indibidualtasunetik eta bizitza konkretu batzuen egoera konkretu batzuen bidez azaleratzen dira. Askotan fikzioak asko laguntzen digu beste modu batera ulertzen ez ditugun egoera batzuk ulertzen eta ulertarazten.

Manadaren auziak ere badu tokirik liburuan. Ismaeli bereziki afektatu dio gertaera horrek. Iruditzen zait errealitatea islatu duzula hor, uste dut gizartean inpaktu handia izan duela gertaerak eta aurrez indarkeria matxistari buruz asko pentsatzen ez zutenei ere eragin diela. Horregatik aukeratu duzu?

Nik uste kasu horrek ikusgarritasun handia eman ziola berria ez den arazo bati. Jende asko biziki haserretu zen, ez bakarrik kasu bereziki bortitz bat izan zelako, baita agerian geratu zelako zein motatako gizartean bizi garen, gizarte patriarkal batean: epaiketan ateratako argudio sexistak, paraleloan zabaldutako epaiketa mediatiko eta sozialak, emakumearen hitza zalantzan jartzea… Honek guztiak jende asko haserretu zuen eta “Nik sinisten dizut” oihukatzera irten zen kalera.

Ismaelek beldurra eta errua sentitzen ditu Manadaren gaiari buruzkoak edo mendian agertu den neskari buruzkoak entzuten dituenean: “eta ez dakizu nondik datorren errudun sentitze hori, edo agian bai: agian zure emazteak irakurketa talde feminista horretan parte hartzen duenetik egiten dituen komentario horiek guztiek dute errua. Hau gerra bat da bezalako esaldiak etengabe entzun behar izateak eta gizon guztiak talde berean sartzen dituela egiaztatzeak errudun sentiarazten zaitu”. Hau ere pil-pilean dagoen gaia, gizon asko sentitzen dira gaur egun modu horretan?

Agian galdera horri erantzun nahi nion liburua idazten hasi nintzenean. Nire galdera zen: zer sentitzen dute gizonek emakume bat bortxatu dutela edo hil dutela entzuten dutenean? Errudun sentitzen dira? Deseroso sentitzen dira gizon direlako? Erantzukizunen bat dutela sentitzen dute? Ala horrek beraiekin zerikusirik ez duela pentsatzen dute? Hor arakatu nahi nuela uste dut. Jakin-mina handia delako. Hau gerra bat da entzuten duenean, gizon askok galdetzen dio bere buruari zeinen arteko gerra den hau eta bera ere inplikatua dagoen horretan. Gizon baten buruan egon daitezkeen galdera horiek guztiak jaso nahi nituen.

Ismaelen maskulinitatea nola eraiki den kontatu duzu liburuan: hark sekula ez du lortu aitaren onespena. 

Txikitatik poliki-poliki eraikitzen joan den zerbait da, eta beti ez dira hitzak behar esateko zelakoa izan behar duzun. Hor badago ere familien isiltasuna, nola isiltasunaren bitartez gauza asko transmititzen diren ere. Bera ere ikasitako eredu baten emaitza dela ikusiko du Ismaelek. Emakume askok, feminismoak eman dizkigun tresnei esker, ikasi dugu emakumea ez dela jaiotzen, egin egiten dela. Uste dut gizon askok pendiente duten hausnarketa bat dela. Onartzea eurak ere ezartzen zaizkien genero agindu batzuen produktu soziokulturalak direla. Batzuek egin dute, eta hori kontuan izanda saiatu dira aldatzen. Beste batzuek hausnarketa egin dute, badakite teoria, baina gehiago kostatzen zaie aldaketarako erabakia hartzea.

Kanpora begira maskulinitatea “behar moduan” eraiki dutenen beste aldea ere erakutsi duzu: Aitor lehengusuaren patu tristea, Ismaelen aita bera, guztiz beldurtuta eta umezurtz geratzen dena emazteak mokorra haustean, eta Jauregi editorea, eskrupulu literario handirik ez duena…

Nik uste, maskulinitatea “behar moduan” eraiki dutenen artean ere honek min egin diela nolabait, ingurukoei min emateaz gain. Askotan armadura baten azpian ezkutatu behar izan dituzte euren ahultasun eta beldur guztiak.

Beldurrari buruz sarri hitz egiten da liburu honetan, eta Jasonek, adibidez, zalantzak dauzka nola hezi alabak: “Beldur pixka bat edukitzeak babestu egin dezakeela pentsatzen dut, baina paralizatu ere bai, haren askatasuna baldintzatu. Ze oreka zaila beldurrarena”. Eta gero: “Ez dakit galdera berdinak izango nituzkeen buruan, bi alabaren ordez, bi seme izango banitu”.

Eta beldurrarekin defenditu gara, esaten du Jasonek uneren batean. Ze oreka zaila beldurrarena. Eta zein tresna eraginkorra den arauak ez apurtzeko, generoak ezarritako aginduak obeditzen jarraitzeko.

Aktualitateko gaiek presentzia handia badute ere, 80ko hamarkada, orduko giro politikoa, orduko musika… itzal bat dira liburu osoan.

Iraganak gugan duen pisua, edo iraganean hartutako erabakiek gaurko egunean duten eragina agertzen da. Gatazka politikoa agertzen da, indarkeria. Ez da sakonki jorratzen, baina agertu egin behar zen, gure bizitzaren dekoratua izan baita, eta gure bizitzak baldintzatu egin dituelako, batzuenak beste batzuenak baino askoz gehiago.

Iñigo Muguruzari eta gizon berri guztiei eskaini diezu liburu hau.

Bai, asko sentitu nuen haren heriotza. Berarekin harremana nuen zenbait diskotarako hitzak idatzi nizkiolako. Eta banekien bere gizontasun ereduari eta guzti honi buruzko hausnarketa egindakoa zela, eta hori aldatzen aritutakoa. Horregatik eskaini nion berari eta eredu berri baten aldeko pausoa ematen duten gizonei: euren pribilegioen kontzientzia hartu dutenei, euren buruei galdetu dietenei munduari eta emakumeei nondik begiratzen dieten, botere harremanak desagerrarazteko erabakia hartu dutenei…; baina baita ere, astunegia egiten zaien armadura bat gainetik kendu nahi dutenei. Nahi duten modukoak izan nahi dutenei, eta ez genero aginduek esaten dieten modukoak.

Bukaeran, pertsonaien arteko distantziak laburtzen dira. Bada esperantzarik?

Garik dion bezala, esperantzara kondenatuta gaude.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)