Elkarrizketak

Goiatz Labandibarri elkarrizketa

Ostirala, 2016-02-26

Goiatz Labandibarrek 2013an plazaratu zuen lehen liburua, Geltokiak edo helduta entzuteko abestiak (Elkar), iaz Hala bazan, Klixk!!! proiektua osatu zuen Polonian laguntza bati esker, hainbat egileren argazkietan inspiratutako narrazioekin. Udaberrian ildo bereko lana plazaratuko du Elkarren eskutik, Fotogramak, argazkietatik abiatutako 11 narrazio berrirekin.

Goiatz Labandibarri elkarrizketa

2013an plazaratu zenuen Geltokiak, edo helduta entzuteko abestiak. Iaz Hala bazan... Klixk!!! lana plazaratu zenuen DSS2016rako Polonian egindako proiektu baten harira, Elkar argitaletxearen eskutik plazaratuko duzu berriz Fotogramak izeneko liburua udaberrian. Hiru proiektuetan, narrazioen eta ipuinen munduan ibili zara murgildua. Eroso zabiltza ipuingintzan?

Oraingoz, idazteko nire neurria narrazioak direla esango nuke. Paper zuriaren aurrean jartzen naizenean buruan dudana kontatzeko, narrazio motzak ateratzen zaizkit. Eta ez dut neurriz aldatzeko intentziorik, epe laburrean behintzat. Nahiz eta narrazioak gutxiago irakurtzen omen diren.

Hala ere, lehen liburua eta azken bi argitalpenen artean pasa da denbora bat. Urrun ikusten duzu Geltokiak..., alde handia dago idazkeran?

Ia hiru urte dira argitaratu zenetik. Hein batean, presente dut nola izan zen prozesua, zenbat gauza egin nituen beka horri esker, baina bai, sentitzen dut denbora pasatu dela ordutik. Idazkera aldetik, uste dut baita ere badagoela eboluzio bat. Eboluzio bat, edo esperimentatzeko bide batzuetatik jo dudala. Gainera, gusturago sentitzen naiz denboran hurbilago egin ditudan gauzekin. Uste dut hobeak direla.

Hala bazan... klixk!!!-ek formatu berezia dauka: sei emakume argazkilarik emakumeei luzaturiko begirada duzu ardatz, haiek ateratako hamabi argazkirekin narrazio bana idatzi duzu. Nondik atera zen ideia hori, zergatik argazkiak?

DSS2016 eta Etxepare Institutuak Wroclawen (Polonia) egonaldia egiteko beka-deialdia atera zutenean, oinarriak irakurri nituen eta aurkeztea pentsatu nuen, Polonian egonaldi artistiko bat egiteko aukerak tentatuta. Horretarako proiektu bat behar nuen. 2014 urte hasiera zen, eta orduan dagoeneko ari nintzen argazkiak hartu eta haiei narrazioak janzten. Ni ez naiz argazkilaria –bide batez, oso argazkilari txarra naiz-, baina argazkigintza betidanik gustatu izan zait: arte adierazpide zirraragarria iruditzen zait, beti erreparatzen diet argazkilarien lanei.

Pentsatu nuen halako zerbait izan zitekeela abiapuntua eta argazkilari poloniarrak eta euskal herritarrak bilatzen hasi nintzen. Ez zen zailegia izan izen-abizenak topatzea, baina ebidentea zen ia-ia sortzaile denak gizonezkoak zirela. Eta horregatik erabaki nuen emakumezko argazkilariak bilatzeko ahalegina egingo nuela.

Eta zergatik, zehazki, argazki horiek?

Argazki horiek aukeratzeko arrazoia erabat estetikoa eta subjektiboa izan zen. Niri zerbait esaten zidaten argazkiak aukeratu nituen, niretzako indarra zutenak. Eta ondoren, haiei begiratuta, konturatu nintzen guztietan (batean izan ezik) emakumezkoak zirela protagonista (batzuetan gizasemeren bat ere agertu arren). Argazki-kameraren atzean klikatzen ari zena emakumezkoa izatea erabat hautu kontzientea izan zen nire aldetik, baina argazkietako protagonistak hala izatea, ez. Eta ziur horrek baduela esanahiren bat: identifikatuago sentitzen naizela beraiekin, esan nahi dudana hobeto islatzen dutela...

Udaberrian plazaratuko duzun liburuan ere Hala bazan... klixk!!!eko ideia bera edo antzekoa da, baina beste batzuk dira argazkiak eta narrazioak. Aurrekoaren jarraipena izango da Fotogramak?

Ez da jarraipen bat, inondik inora. Argazkilariak, euren jatorriak, kontatzen diren narrazioak... erabat ezberdinak dira. Baina bai: istorioen abiapuntua ere argazkiak dira. Lehen aipatu dut DSS2016ko bekaldira aurkeztu nintzenerako hasia nintzela argazkiak narrazio bihurtzeko ariketa horrekin. Horietako pare bat Fotogramak bilduman argitaratuko ditut.

erradiografia eulalia abaituaErradiografia ipuinean erabilitako Eulalia Abaituaren argazkia

Gatozen berriro Hala bazan.... klixk!!! argitalpenera. Batzuk aspaldikoak dira, beste batzuk irudigile garaikideenak... Nola egin zenuen aukeraketa, nola iritsi zinen argazkilari hauetara?

Euskal herritarren erreferentziak banituen aurrez. Leire Galarza pertsonalki ezagutzen dut, ni bezala oiartzuarra delako, eta banekien argazkigintzan zebilela. Mariví Ibarrola ere ezagutzen nuen, Yo disparé en los 80 liburuaren harira Donostian erakusketa jarri zuelako duela urte batzuk. Eta Eulalia Abaituaren berri ere banuen, Euskararen Egun baten harira Lola Valverdek euskal emakume esanguratsuen zerrenda batean sartu zuelako. Ezezagunak poloniarrak zitzaizkidan. Hauei buruzko lehenengo erreferentziak Interneten topatu nituen. Eta euren lanak begiratzen hasi nintzen. Izen gehiago ere banituen –bai poloniarrenak eta baita euskal herritarrenak ere- eta haien lanak ere begiratu nituen. Baina zerbait sorrarazi zidaten argazkiak aukeratu nituen, eta sei argazkilari hauekin lanean hasi nintzen: Abaitua, Ibarrola, Galarza, Ewa Kuryluk, Eva Rubinstein eta Lotte Jacobi.

Eta nolakoa izan zen narrazioak idazteko prozesua argazki bakoitzarekin?

Zeharo ezberdina. Ez nituen liburuxkan dauden ordenan idatzi, ezta gutxiago ere. Gainera, Wroclaweko egonaldia aprobetxatu nahi nuen Poloniako gizartera hurbiltzeko. Izan ere, argazkien testuinguruak errealak izatea nahi nuen, emakumezko baten bizipen, begiradarekin bat egitea, izan Euskal Herrian edo izan Polonian. Euskal Herriko kasuan, ez zitzaidan batere zaila egiten testuinguru horretan nahastea, denboran atzera egiten hasi ahala ama, amona... ere hor nituelako nahi izanez gero beste garai batzuen berri emateko. Polonian, baina, ez zitzaidan hori gertatzen.

Argazki bakoitzaren sortze prozesua erabat ezberdina izan zen. Batzuetan istorio bat zen abiapuntua, bestetan horma batean irakurritako graffiti bat, hurrengoan lagunekin izandako elkarrizketaren bat...

Narraziotik narraziora aniztasuna dago, forma eta edukietan. Batzuetan ipuinen egitura klasikoak topatuko ditugu, besteetan esperimentazioa narrazioen egituretan: larru jotze baten osteko galderak eta erantzunak, “Aurpegi baten erradiografia” narrazioan aurpegiko atalen arabera zatitu duzu testua nolabaiteko azpi-narrazioetan, antzerki kutsua “La gran solitude” ipuinean, gutun modukoa egitura “Hitz egin dezagun” izenekoan... (IKUS BLOG HONETAN narrazio guztiak). Kontzientea izan da hori? Alegia, gauza ezberdinak probatzen joan zara narraziotik narraziora, edo nahi gabe argazkiaren arabera aurkitzen joan zaren zerbait izan da?

Proiektua garatzen ari nintzen bitartean, askatasun erabatekoa izan nuen nahi nuena egiteko. Edizio lanik ere ez zen egon ondoren –nahiz eta konfiantzazko lagun pare batek irakurtzen zituzten narrazioak eta euren iritzia eman-, beraz, horrek agian ekarri ditzake hutsuneak (ziurrenik “pulitu” gabe daude istorioak), baina erabateko askatasuna ere bai nahi nuena egiteko. Eta hori, zoragarria da. Istorioak beste era batera kontatu nahi nituen, eta argazki batzuek aukera izugarria ematen zuten horretarako. Izan ere, oso argazki zehatzak dira, istant jakin bat islatzen dutenak, eta horri erreparatuta, esperimentazio hauek egin nituen.

Polonian gauzatu zenuen proiektua, Wroclaw hirian. Nola eragin dizu horrek idazketan?

Lehentxeago esan dudan bezala, Poloniara joatekoan nuen helburu nagusietako bat narrazioen testuingurua sortu ahal izatea zen, hango gizartearen erreferentziak errealak izan eta narrazioak sinesgarriak izan zitezen, hango norbaitek irakurriz gero ere. Idazkeran ez dakit, baina narrazioetan asko eragin dit, han bizitutako, hitz egindako, entzundako... askok dutela erreflexua istorioetan. Beno, eta esperientzia pertsonal izugarria izan zen. Oso oroitzapen ona dut.

goiatz hala bazan(Argazkiaren iturria: Etxepare.)

Proiektu hartan ez zinen bakarrik egon, Euskal Herriko hainbat artista izan zineten hara joan zinetenak. Horrek ere eragin du nolabait sortze prozesuan, elkar-kutsatze bat egon da?

Hiru lagunek jaso genuen beka. Gurea lehendabiziko edizioa izan zen, eta bata bestearen atzetik, baina bakarka joan ginen. Iaz hori aldatu zuten eta hiru sortzaileak batera joan ziren, eta elkar-kutsatze ikaragarria izan zuten (berriz Wroclawera itzuli eta beraiekin topatzeko aukera izan nuen, eta bertatik bertara ikusi beraien artean sortutako interferentziak). Gure kasuan, elkar ezagutu dugu baina Donostian, Poloniara joan aurretik eta ondoren egin diren zenbait ekitalditan. Bakoitzak bere proiektua bere kabuz garatu zuen.

Erakusketa-instalazio baten bitartez aurkeztu zen proiektuaren emaitza, eta argitalpen txiki batean zabaldu, blog batean paratu dituzu edukiak... Erakusteko ez ohiko modua idazle batentzat. Nola bizi izan duzu erakusteko modu anitz hori?

DSS2016koekin lanak erakusteari buruz hizketan hasi ginenean, beka jaso genuen hiru sortzaileen lanak aldi eta espazio berean erakusteko modu bat bilatu zuten. Besteenak agian errazagoak ziren espazio batean erakusteko (Maialen Sarasuaren bideo-instalazioa, batik bat), baina nola erakusten duzu literatura? Narrazio batzuk? Nik, egia esan, proposamen gehiegi ez nuen... Erakusketa hori jartzen, EHUn Arte Komisariotzari buruzko master bat egiten ari ziren ikasle batzuek ere parte hartu zuten, eta haien proposamena izan zen nola jarri... Liburuxkak zintzilikatu zituzten sabaitik, narrazio bakoitza argazkitik irekita. Egia esan, estetikoki oso polita geratu zen.

Blogaren kontua aldiz, nik proposatu nuen, ikusten nuelako astebetean ikusgai jarritako erakusketa bat ez zela irakurle gehiegirengana helduko, eta sarean jarriz gero, behintzat hor daudela denbora epe luzeagoan. Azken finean, zerbait idazten duzunean, nahi duzu norbaitek irakurtzea.

Bada liburuxka nonbait eskuratzeko modurik?

Erakusketa izan zen bitartean eskuratu zitekeen liburuxka. Orain, esango nuke ez dagoela aukerarik. Istorioak irakurtzeko blogera jo beharko litzateke.

Oiartzungo 100TZE espazioan Hala bazan... Klixk!!! proiektuan oinarritutako irakurraldia egin zenuen atzo. Nolako emanaldia prestatu zenuen? Baduzu gehiagotan eskaintzeko asmorik?

Lau narrazio irakurri nituen (Argazki baten erradiografia, La grande solitude, Hitz egin dezagun eta Askatu), eta sortze prozesuari gehi argazkilariei buruz mintzatu nintzen. Narrazio guztiak irakurtzea gehiegi zen... Horregatik, bukaeran oraindik etxean nituen liburuxka batzuk banatu nituen, besteak irakurtzeko kuriositatea zutenei.

Horrelako gehiago egingo ote ditudan? Ez dakit... printzipioz ez dago nire ideien artean. 21 Aulki zikloan parte hartzeko proposamena egin zidatenean, erraz esan nuen baietz, niretzako ere esperimentu bat izan zitekeelako, nire burua frogan jartzeko eta ea zer egiteko gai nintzen ikusteko. Baina hortik aurrerago, ez dut pretentsiorik.

Eta azkenik, apirilean plazaratuko duzu Fotogramak Elkar argitaletxearen eskutik. Baduzu zer edo zer gehiago aurreratzerik?

11 narraziok osatutako ipuin-bilduma izango da. Guztiak daude oinarrituak argazkietan. Eta, oraingoan ere erabaki inkontziente bat bada ere, emakumezkoak izango dira protagonista.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)