Amuak

Goiatz Labandibarren hamaika narrazio sarean

Ostirala, 2016-02-26

Goiatz Labandibarrek Polonian gauzatu zuen Hala bazan... Klixk! proiektua. Bertan hainbat egileren argazkietatik abiatuta narrazioak idatzi zituen, bertan topatuko duzuen "Aurpegi baten erradiografia(k)" haien artean. Narrazio guztiak BLOG HONETAN jarri ditu irakurgai egileak.

erradiografia eulalia abaitua

BEGIAK (Iz. 1. Ikusmenaren organoa)

Begi ilun batzuetatik ia ezein koloretako begiak atera daitezke. Bera ez zen eskolara joan. Inork ez zizkion azaldu ilarren bidez Mendelen genetikako oinarrizko kontzeptuak. Berarentzat, ilarrak soroan erein, bildu eta burduntzian egosteko ziren. Genetikako oinarrizko kontzeptuak azaltzeko baina askoz gauza praktikoago baterako balio zuten: gosea kentzeko.

Ondorengo bi belaunaldiek genetikaren oinarrizko kontzeptu horiek jarraitu zituzten. Zera: kolore iluneko begiak beti gailentzen direla beste ezein koloretako begiei. Eta iritsi zen hirugarren belaunaldia, eta hara! Begiak argitu ziren. Eta inguruan inork ez zituen berde koloreko begi batzuk ziren munduari begiratzen ziotenak.

Begi horien leinuari hasiera eman zioten begi ilun haien jabeak ez zuen ezagutu hirugarren belaunaldi hura, emeen emeetatik datozen emeak (Xabier Lete dixit), baina ezagutu izan balu, ziur Mendelek eta zientziak ez bezalako ondorio batera ailegatuko zela. Galdetu izan baliote, “eta nolatan ditu haur honek begi berdeak?”, berak erantzungo zukeen: “Ilar gehiegi jan ditugu eta…”.

BELARRIAK (iz. 1. Buruaren alde banatan kokatuta eta larruazalez estalita dauden kartilago biribil-antzeko bakoitza. Entzumen orgnaoaren kanpoaldea osatzen dute. 2. Entzumenaren eta orekaren organoa)

Belarritakoak gutxitan janzten zituen Berak. Soilik egun seinalatuetan. Elizara joaten zen ongi seinalatutako egunetan. Ezkontzaren batean. Zuloak irekita mantentzeko, batzutan lokartu aurretik belarritakoak jantzi eta erantzi egiten zituen. Baina belarritakoak ez ziren baserriko lanetarako apaingarririk aproposenak. Ez ziren erosoak. Eror zitezkeen; eta galdu. Trabatu zitezkeen; eta belarria urratu.

Hurrengo belaunaldiek, eguneroko bizimoduari erantsi zizkioten belarritakoak. Ez ziren egun jakin batzuetarako konplementu soilik. Baziren izatearen parte. Haiekin jaio izan balira bezala. Neurri batean, hala jaio baitziren. Jaio orduko, negarra eragiteko bi ipurdikoen ondoren, orratz batekin belarri ttiki jaioberriak alderik alde zeharkatu zizkieten, behin negarrez hasita, negarrez jarraitzeko motiboak emanez.

Bigarren belaunaldia are urrunago joan zen. Ez bi zulo, baizik eta belarri bakoitza zuloz josi zuen. Hala agintzen zuen modak. Eta hirugarren belaunaldia jaio zenean, belarriak ez zizkioten zulatu. Berak erabaki zezan noizbait alderik alde zeharkatu nahi zituen orratz batekin; berak erabaki zezan jantzi nahi zituen belarritakoak noizbehinka, egun seinalatuetan; berak erabaki zezan jantzi nahi zituen belarritakoak beti, egunero; berak erabaki zezan belarri bakoitza zulatu nahi zuela ez behin, baizik eta bitan, hirutan edo lautan.

Belarri horien leinuari hasiera eman zioten belarri ttiki haien jabeak ez zuen ezagutu hirugarren belaunaldi hura, baina ezagutu izan balu eta galdetu izan baliote, “nolatan ez ditu belarritakoak haur honek?“, berak erantzungo zukeen: “Belarria ez urratzeko modurik seguruena da”.

SUDURRA (iz. 1. ANAT. Gizakiaren aurpegiko piramide-formako irtengunea, ahoaren eta kopetaren artean dagoena eta bere baitan usaimenaren organoa eta arnasbideen hasiera dituena)

Mukiak eta odola botatzeko baino ez da sudurra. Edo, bestela, hausteko.

Berak, alabak eta bilobak apurtu zuten sudurra eta, ondorioz, okerra sendatu zen. Berak, aitzurraren kirten batek ihes eginda. Alabak, zaldiko-maldikoan jolasean zebilela lagun baten bizkarretik muturrez aurrera erorita. Bilobak, motor gainean zegoela auto batek parez pare jota.

Azkenerako, hurrengo belaunaldiek bere egin zuten istripuzko okertasun hori, genetikoki. Ia somaezin, baina okerra. Mukiak eta odola botatzen jarraitzen du sudurrak, noski.

Sudur horien leinuari hasiera eman zioten sudur luze haren jabeak ez zuen ezagutu hirugarren belaunaldi hura, baina ezagutu izan balu eta galdetu izan baliote, “nolatan du okerra sudurra haur honek?“, berak erantzungo zukeen: “Istripuak sahiesteko”.

EZPAINAK (iz. 1. Gizakiaren eta beste zenbait ornodunen aho-irekigunea inguratzen duten bi ertz haragitsuetako bakoitza)

Berak ez zuen inoiz ezpainetakorik izan. Alegia, ezpainetako margorik izan. Ikusi zituen noizbait emakume batzuk. Gainera, zuri-beltzezko argazkietan berdin zuen ezpainak margotuta izatea. Beti izango ziren gris antzekoak.

Lehenengo belaunaldiak ezpainetako bakarra zuen, granate kolore ilun batekoa. Gutxitan erabiltzen zuen margo hura. Ezkontzaren bat. Bataioak. Baileren bat, asko jota. Ardo beltzaren kolorez margotzen zituen ezpainak. Ardoa neurrian edatea komeni zen moduan, ezpainak neurrian pintatzea komeni zen. Ezpainetakoa gauza ezkutuen tokian jasotzen zuen: Logelan. Besteengandik urruti.

Bigarren belaunaldiak ardoa neurrian edateari beldurra galdu zion. Eta marrubi kolorez, edo gerezi kolorez margotutako ezpainak ere esistitzen zirela erakutsi zion amari. Ezpain margotuei beldurra kendu zion. Haren alabarentzat jolas hutsa zen ezpainak margotzea, ondorioz. Kolore guztiak ziren posible. Neurrian margotzearen tamaina aldatu zuen. Neurria norberak jartzen duela esanez. Batzutan ezpain gorriz, bestetan granatez, bestetan arrosaz. Eta bestetan, lehenengo hark bezala, margorik gabe.

Ezpain horien leinuari hasiera eman zion hark ez zuen ezagutu hirugarren belaunaldi hura, baina ezagutu izan balu eta galdetu izan baliote, “zergatik margotzen ditu ezpainak haur honek?“, berak erantzungo zukeen: “Oraingo argazkietan koloreak ikusten direlako”.

ZIMURRAK (1. Iz. Larruazalean zein jantzietan agertzen den tolesa)

Zimurrek bizitutakoa adierazten zuten haren aurpegian ere. Urteak aurrera zihoazela. Eta Bera, oraindik, bizirik zegoela. Inork azaldu gabe, bazekien zimurrak bizitutako urteen seinale zirela.

Inguruko baserritarrak hiltzen zirenean, ohituraz doluminak erakustera joaten zenean, beti sartzen zen hila zetzan gelan. Aurpegiari erreparatzen zion. Zimurrez josita bazuten, pena gutxiago sentitzen zuen. Zimur gutxi bazituen, negarrez hasten zen.

Ez pentsa ez zitzaiola axola zimurrak izateari. Denek nahi ditugu urteak bete, luzaroan bizi, baina batzuetan urteak eta zimurrak nahi baino agudoago pasatzen dira. Berak ere tarteka izaten zuen sentsazio hori. Zimurrak bizitzak berak erregalatzen zituen, eskatu gabe. Baina zer erremedio…

Alabaren belaunaldiak deskubritu zuen bizimoduak berak ez ezik, eguzkiak ere zimurrak erregalatzen zituela. Horregatik, erremedio erraza aurkitu zuten. Helga luzeko kapeluekin jartzea eguzki azpian, galga-galga berotzen zuen orduetan.

Alabaren alabak kremak deskubritu zituen. Mirakuluak agintzen zituzten potoak. Goizetakoa, arratsetakoa, eguzkitakoa, begien ingurukoa, ezpainen ingurukoa. Denak eman zituen. Eta, hala ere, zimurrak atera zitzaizkion. Baita hirugarren belaunaldiari ere.

Zimurrez betetzen ziren aurpegi haiei hasiera eman zien hark ez zuen ezagutu hirugarren belaunaldi hura, baina ezagutu izan balu eta galdetu izan baliote, “nolatan ez ditu zimurrak haur honek?“, berak erantzungo zukeen: “Bizitzak oparituko dizkio. Zimurrak ez ateratzeko formula bakarra dago: ez bizi”.

ILEA (iz. 1. Ugaztunen larruazalean hazten den hari-formako luzakin epidermikoa)

Ilea estaltzen ikasi zuen gaztetan lehenengo Berak. Hasiera batean, eguzkitik babesteko janzten zituen koloretako zapiak. Gero, zapi zuria jantzi zuen, ezkondua zela esateko. Gizasemeei “ez arrimatu” esateko modu bat zen zapi zuri hura. Ez zion denborarik eman zapi beltza janzteko, alarguntzeko; senarra baino lehen hil zelako.

Haren alabak ere janzten zituen tarteka zapiak. Baina ezberdin. Apaintzeko jartzen zituen, orduko hartan bezala, argazkilaria baserrira eraman zutenean familiari erretratuak ateratzeko. Eta egia esan, polita zegoen alaba zapia buruan, baina helburua ileak gordetzea, eguzkiak ez ematea edo ezkondua zela adieraztea izan gabe.

Alabaren alabak beste esanahi bat eman zien buruko zapiei. Esan nahi zuten egin maitasuna, eta ez gerra buru gainean jarritako zapi koloretsu eta loredunek. Buruko zapi haiek ez zuten esan nahi “ez arrimatu”, baizik eta esan nahi zuten, “gozatu; ez kezkatu; izan zoriontsu”.

Alabaren alabaren alabak berandu xamar ikasi zuen zapiak janzten. Agian ez zuelako beharrik sentitu ileak tapatzeko lehenago. Gorroto izan zuelako umetan Bera bezala jartzea buruan zapia. Umetako gorrotoak helduaroko zaletasun bihurtzea prozesu bat da, azken finean. Alabaren alabak deskubritu zuenean zapiak buruan jartzeko ez zeudela ez hiru modu bakarrik (Berea, lehenengo belaunaldiarena eta bigarrenarena), zapiak erabiltzen hasi zen.

Ile horien leinuari hasiera eman zionak ez zuen ezagutu hirugarren belaunaldi hura, baina ezagutu izan balu eta galdetu izan baliote, “zergatik daramazue oraindik zapia buruan?“, berak erantzungo zukeen: “Aurpegiaren erradiografia hobeto ikusteko”.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)