Elkarrizketak

«Hizkuntza harrobi ia mugagabe bat da, eta pena litzateke hura ustiatzeari utziko bagenio»

Osteguna, 2021-07-22

Maialen Berasategi elkarrizketatu dugu, Eskuan beti zerbait (Balea Zuria) poema-liburuaren harira. Aurrez, itzultzaile gisa ezagutu dugu: Adrienne Rich eta Rebecca West-en lanak euskaratu ditu, besteak beste.

«Hizkuntza harrobi ia mugagabe bat da, eta pena litzateke hura ustiatzeari utziko bagenio»

DK poesia lehiaketara aurkeztu zenuen poema-sorta bat, irabazi, eta zure estreinako poema-liburua argitaratu duzu orain Balea Zuria argitaletxearen eskutik: Eskuan beti zerbait. Zer moduz? Gustura zaude emaitzarekin? 

Pozik nago. Ilusioa egin zidan deitu zidatenean, poesiaz badakiten hiru epaimahaikidek hautatu zutelako poema-sorta hau, eta paperean plazaratzeko aukera eman didalako lehiaketak. Emaitzarekin, bueno, nahiko gustura nago, nahiz eta, beti gertatzen den bezala, orain aldaketa batzuk egingo nizkiokeen liburuari.

Itzultzaile gisa ezagutu zaitugu (Rebecca West, Adrienne Rich, Carole Pateman), eta hori baino lehen ere egin izan dituzu kolaborazioak han eta hemen. Aurkezpenean esan zenuen «jolas» gisa planteatu zenuela poemok idazten hastea, baina argitara emateko bultzada nondik heldu zitzaizun? Zergatik orain eta ez lehenago (edo beranduago)?

Lehenago nekez argitaratuko nuen ezer, bederatzi-hamar urte baitira ez naizela literaturarekin serio saiatu. Itzultzaile- eta zuzentzaile-ofizioak oso-oso gauza ederrak eman dizkit, baina beste gauza batzuetarako denbora asko kendu ere bai. Iaz, Richen Emakumeagandik jaioak itzultzen bukatu ondoren (Txalaparta), zirkunstantziek arnasa pixka bat eman zidaten, eta horrek, lehenik eta behin, parada eman zidan gehiago eta lasaiago irakurtzeko, ganbara hobeto betetzeko, eta hori funtsezkoa izan zen idaztera animatzeko. Gogoa piztu zitzaidan itzultzea ez zen beste ariketaren batekin probatzeko, literaturari loturik, jolas suspergarri moduan. Halako batean, lehiaketaren deialdia ikusi nuen; banuen sortatxo bat idatzia, eta, ez dudarik gabe, baina aurkeztea erabaki nuen, pentsatu nuelako orduan animatzen ez banintzen segur aski ez nintzela animatuko aurrerago.

Balea Zuria argitaletxeko kide Aritz Gorrotxategik nabarmendu du ondo landu duzula poemen sua, eta protestak eta kritika sozialak agertzen diren arren, lirismoari eutsi diozula. Idazteko orduan halako gogoetarik ibili duzu buruan? 

Nola inolako obligaziorik, enkargurik eta pretentsiorik gabe hasi nintzen idazten, nahi nuena egiteko libertatea hartu nuen. Tira, nahi nuena, eta ahal nuena, noski. Alde batetik, lehen esan bezala, hizkuntza literarioarekin jolasean ibili nahi nuen, nire mugak haragotzen saiatu, estilo ezberdinak probatu, adierazlearen eta adieraziaren uztarketan eta sokatiran aritu. Baina, jakina, aldi berean, ahalik eta mamitsuen idatzi nahi nuen, buru-lana ematen didaten gaiak jorratu, ahal nuen heinean agerikokeriei ihestxo egin. Klasiko bat da: obsesio ere bihur daiteke enpeinu hori, formaren izenean edukia ez sakrifikatzekoa eta aldi berean edukiaren izenean forma ez sakrifikatzekoa… baina, bere zailean, bere ia ezinezkoan, ez dakit baden idazten saiatzeko bide hoberik.

Ezinegona da liburuaren pizgarrietako bat. Aurkezpenean zehaztu zenuen, ordea, pandemiaren aurretik ere sentitzen dugun «su bare bezainbat odoltsu»az ari zinela. Galdera tipiko bat: horri buruz idaztean, pandemiak edo konfinamenduak zer eragin izan du? Gauza batzuk argiago ikusarazi dizkizu pandemiak? Denbora gehiago izan duzu idazteko? Ez du eraginik izan batere? 

Eragin du pandemiak, jakina. Denbora gehiago eman dit, bai, eta, batez ere, bakardadea. Horrek buruari gehiago eragitea ekarri ohi du, eta, onerako zein txarrerako, halako  balantze-egite sakon samar bat ere bai, oso tristea izan baita ohartzea nola pandemia batek etorri behar izan duen orain arteko inertzia kaltegarri batzuez libra gaitezen edo, gutxienez, haiek egiatan auzitan jar ditzagun. Barkatuko didazu irudi desatsegina, baina hein batean iruditzen zait askoren bizimodu ez oso eramangarri hartako ezinegon pilatuen granoa lehertu dela azken urte honetan.

Poemetara etorrita, oso identifikatuta sentitu naiz «Alaba txit helduarena» poemarekin, eta uste dut gure adineko askori, eta norberaren inguruko emakumeek egindako lanaz ohartzen joan garen askori, gerta dakiokeela gauza bera. 

Gaztarotik landa helduz-helduz joateak zenbait ikusmolde aldatzen ditu ezinbestean. Pernandoren egia da hori. Ardura batzuk hartzeko garaia heltzen zaizu, eta ez ardura materialak soilik, baizik eta baita afektiboak, sozialak ere; eta nahi duzu ahalik eta ondoen egin hori dena, baina ikaragarri zaila da, eta, orduan, helduen disimulu-teatroan trebatzen saiatzen zara, kar-kar: elkarbizitza sozialerako eta ingurukoak ez zamatzeko, ezinbestekoa da ume-kexak baztertzea, isiltzen jakitea, eta zertan ari zaren bazeneki bezala egitea ere bai, noski. Eta bide horretan leku berezia hartzen du esan duzun horrek, ohartzeak zer eta zenbat egin duten inguruko batzuek orain zuk hemen zure harrikadak idazten aritzeko moduko bizimodua izan dezazun. Gurasoak dira adibide on bat, ez denentzat noski, baina bai batzuontzat. Hortik poema.

«Non eta nola gauzkaten gogorarazteko saialdi bat» egin duzu liburu honetan. Besteak beste, emakumeen egoeraz ari diren ale batzuk badaude liburuan, eta ikuspegi batetik baino gehiagotik landu duzula iruditu zait. «Heldu lepotik» poeman, esaterako, badago elkartasunerako proposamen bat («Inbidia pixka bat edo dezentekoa / baldin badiozu ahizpari / ez lotsatu / eta ez harrotu. […] Jarri inbidia ispiluan / Heldu fuerte lepotik, ez dadila eskapa»). 

Tamalez, oraindik, ahizpatasuna nahiko gauza artifiziala eta kasik artifiziosoa da gehiegitan, iraganeko eta inguruko ahizpatasun-adibideak ahantzarazten dizkigutelako eta, beraz, ia hutsetik sortu behar izaten dugulako, kontrakarrean. Emakumeok elkarri eskua luzatze hori txiki-txikitatik bazterrarazten digu gizonen anaidiak, anaitasunerako inolako ahaleginik egin beharrik ez duen anaidi horrek. Baina gure elkartasun-ahalegin hori ez da alferrekoa, eta aurrez aurre begiratu behar zaie klase gisa atomizatzen gaituzten munstroei: batzuetan, oso munstro agerikoak izango dira, baina beste batzuetan, oso barnekoak, intimoak eta are tabuak. Ia nahi gabe atera zitzaidan horri buruz idaztea, orain arteko zenbait ekinaldik eta idazkik lehenago bidea urratu izanari esker, noski. Uxue Alberdiren Kontrako eztarritik liburuan (Lisipe, Susa), adibidez, sekulako ariketa zintzoa egin zuten alde horretatik: izugarri ausarta eta eskertzekoa iruditu zitzaidan.

«Horixe baino ez» poeman, berriz, ardurak banatzen dituzu: «Hori guztia eta amaren seme zintzoek / guri zainak mozteari eta izozteari uztea: / horixe baino ez dugu beharko». 

Bai. Batzuetan teorizazio, estrategia eta are hizkera oso sofistikatuetan katramilatzen gara, ni neu lehena, baina ez da komeni oinarri-oinarrizkoaz ahaztea. Egia da emakumeok borrokatu behar dugula geure askabidearen alde, esperoan egon gabe noiz pasatuko zaien gizonei gu menperatzeko jaidura hori, baina horrek ez du esan nahi guk bakarrik egin behar ditugunik urratsak. Arazoa guk dugu, gurea da, baina beti gogoan izan behar da nondik eta norengandik datorkigun arazoa eta zer ekintza materialek hobetuko liguketen bizimodua.

Azpimarragarria da liburuko hizkuntzaren aberastasuna eta dotorezia. 

Ahalik eta trinkoen idazten saiatu naiz, ahalik eta lastorik gutxienarekin, baina soilkeriarik gabe. Hizkuntza harrobi ia mugagabe bat da, eta pena litzateke hura ustiatzeari utziko bagenio. Egia da gaur egun badela diskurtso bat, zer esanik ez euskararen inguruan, argitasuna eta gorentasuna bakar-bakarrik soiltasunarekin identifikatzen duena, eta aberastasun oro pedantekeriarekin nahasten duena, pirotekniarekin, nahiz eta gero halakotzat jotako euskarazko testu bat gaztelaniaz edo frantsesez irakurtzen badute ez ohi zaien halakoa iruditzen. Euskara noranahiko hain aipatu horrek denetariko estiloak eta zidorrak behar ditu. Baina, egia esan, euskararen kasu jakinetik harago ere, zenbait editoreri aditua diet gero eta idazle gehiago etortzen zaizkiela hizkuntza menderatzen ez dutenak eta are menderatu nahi ez dutenak. Eta ez naiz zuzentasun ortografikoaz ari. Niretzat, jardunbide herrena eta aspergarri samarra litzateke hizkuntza ahal beste jorratu eta zorroztu gabe saiatzea literatura idazten. Irene Arraratsek beti esaten duen bezala, arkitekto batek katedral ikusgarriak diseinatu ditzake paperean, baina gero, askotariko materialak eta proportzioak nola erabili ez badaki, ez du katedral erdirik ere altxatuko, eta, material bakarra erabiltzen badaki, material horrekin baino ezin izango du eraiki.

Hizkuntzaren erabilerari buruzko bestelako kezka batzuk ere agertzen dira liburuan. Periodiko batean itzultzaile eta zuzentzaile aritzearekin lotu ditut, adibidez, «Berbokratak», «Zirimiri» edo «Bihia». 

Beldurgarria da hizkuntza nola bihurritzen eta hutsaltzen diguten, hartara gure bizitza, pentsamoldea, aspirazioak ere bihurritu eta hutsaltzeko. Ez da oraingo kontua noski, hego-haizea baino zaharragoa da, baina garaian-garaian bere partikulartasunak hartzen ditu, xelebreak eta barregarriak izango liratekeenak egiazkoak ez balira. Pentsa, gezurrei ere egia faltsu esaten hasi gara… Eta pobreziari etiketak jartzen, pobrezia pobrezia ez balitz bezala... Egunero ikusten ditugu halako adibideak. Batzuek hitzak desitxuratzen dituzte, eta gero, askotan, borondate onez erreproduzitzen ditugu besteok, ohartu gabe zeinen etxekalte ari garen.

Saria eman zizutenean, poema-sortak beste izenburu bat zeukan. 

Altzarienean zuen izena. Etxe barrua, altzaritasuna presente daude liburuan, eta Bergerren aipu bat ere bai: oroitzapenak altzari bihurtzen direla mila aldiz errepikatuz gero. Poemak bidaltzeko epea amaitzear zela, orduantxe oroitu nintzen izenburu bat jarri behar zitzaiola sortari, eta horixe bururatu zitzaidan. Aurrerago, ordea, Balea Zuriakoekin hizketan, bat etorri ginen ez zela oso amu erakargarria, eta aldatu egin genuen. Aritz Gorrotxategik asko lagundu zidan, eta eskertzen diot: egokiagoa iruditzen zait oraingo izenburua.

«Arnaskariari» poematik hartu duzue izenburua, hain zuzen. Poemak, bukaera aldera, hala dio: «Hipermerkatuko erdi prezioek jendea / erdi jende egiten duten moduan /aldi baterako espedienteek ere egiten dute / aldi baterako jendea». 

Eta, hala ere, hortxe gabiltza, elkarri pribilegioak leporatzen. Egia esan,  Eskuan beti zerbait irakurrita, batek baino gehiagok esan dit kutsu optimista hartzen ziola izenburuari, baina… kasu honetan, zentzua gehiago da eskuan beti zerbait eduki behar dugula gure bizimodu ostadar koloreko baina hutsaldu hau jasateko, prekaritate ekonomiko, sozial eta afektibo orokor honetan bizirik irauteko: dela telebistaren mandoa, dela Black Fridayren espektatiba, dela gustatzen zaigulako gu zurrupatzen uzten diogun ofizioa, dela harreman agian kaltegarri bat, dela botila bat edo bi, asteburuan mozkortzeko. Eskuan beti zerbait: edozer, baina zerbait.

Hitzekin jolasean jarraitzeko asmorik? 

Oraintxe berriz ere ia ezertarako denborarik gabe nabil, baina auskalo. Geroak erranen.

Elkarrizketa honen uberan

«Amatasunaren gaineko sinplifikazioa desinplifikatzearen aldeko liburu bat da hau, oso-osorik»

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)