Elkarrizketak

"Kixote hiltzen denean, sentitzen duzu benetan ezagutzen duzun norbait hil dela, ez pertsonaia bat"

Ostirala, 2017-01-13

Uda honetan, Miguel Cervantes idazlearen heriotzaren laugarren mendeurrena aitzakia hartuta, On Kixoteri buruzko kronika-sorta bat argitaratu zuen Iñigo Astiz kazetariak Berria egunkarian. Mantxara joan zen, eta bidaia horren fruitu, sei kronika argitaratu. Orain, Elkarren eskutik, liburu bihurtu da sorta hori: Kixotenean. Kronikek bezala, Maite Mutuberriaren ilustrazioak dakartza liburuak, bai eta zazpigarren kronika bat ere.

"Kixote hiltzen denean, sentitzen duzu benetan ezagutzen duzun norbait hil dela, ez pertsonaia bat"

Uda honetan, Miguel Cervantes idazlearen heriotzaren laugarren mendeurrena aitzakia hartuta, On Kixoteri buruzko kronika-sorta bat argitaratu zuen Iñigo Astiz kazetariak Berria egunkarian. Mantxara joan zen, eta bidaia horren fruitu, sei kronika argitaratu. Orain, Elkarren eskutik, liburu bihurtu da sorta hori: Kixotenean. Kronikek bezala, Maite Mutuberriaren ilustrazioak dakartza liburuak, bai eta zazpigarren kronika bat ere.

Bidaia baten lehen notak

Noiztik dabilkizu Kixote buruan?

Klasikoak beti daude hor airean, arnasten dituzu jakin gabe arnasten zabiltzanik ere. Hala ere, esan dezagun Kixote nire bizitzan presente egon dela, intentsoki, ideia hau bururatu zitzaidanetik, hau da, Cervantesen heriotzaren laugarren mendeurrena zela-eta periodikorako kronika-sorta bat proposatzea okurritu eta proposamen hori fundamentuz egiteko prestatzen hasi nintzenetik, martxo aldean.

Nolatan egin zenuen proposamena?

Kazetaritzan, nahiko sasoi berezia izaten da uda, ez da egoten hainbeste gaurkotasun-demandarik eta kazetarioi askotan tokatzen zaigu guretik aritzea, gaiak proposatzea, agenda propioa sortzea… Sorkuntzarako nahiko lagungarri izaten da garai hori, egunkarietan bai behintzat. Urteurrenak ere nahiko lagungarriak izaten dira kazetaritzarako.

Hori dena buruan nuela, ikusi nuen 400 urte zirela Cervantes eta Shakespeare hil zirela, justu biak urte berean, eta pentsatu nuen izan zitekeela aukera on bat niri hainbeste gustatzen zaidan kronika formatua lantzeko. Aurreko urtean ere egin nuen horrelako beste kronika-sorta bat, nahiko sortzailea, eta gehiago egiteko gogoz gelditu nintzen. Iruditu zitzaidan aukera ona zela Mantxara joatea eta saiatzea Kixote bilatzen. Harrigarriki, proposamena onartu zidaten.

Halako bidaia bat eta erreportaje-sorta bat egiten ondo gozatu duzula dirudi. Zer-nolako bizipena izan zen, hasteko eta behin, BERRIArako sorta hori egitea?

Asterik txarrena aukeratu nuen, sekulako bero-oldea! Lehenengo egunean gidatzen ari nintzela erre nintzen; ez kotxetik kanpo, gidatzen! Orduan pentsatu nuen, “akabo, hemen hilko naiz”, baina gauean oso tenperatura ona egiten zuen, lotarako behintzat perfektua zen.

Asko disfrutatu dut, bai, baina beldurra ere pasa nuen, zeren nik prometitu nuen kronika-sorta bat egitea fetxa baterako, errealitatea eta fikzioa uztartuko zituena, Cervantesen klasikoaren harira, mundu guztiak ezagutzen duena eta irakurri duena. Bat-batean ikusi nuen nire burua amildegi ertzean, salto ala erori, eta momentu batzuk beldurrez, edo, bueno, sorkuntza aurreko zirrara horrekin pasa nituen. Gero, behin lehenengo kronika atera zitzaidanean eta ikusi nuenean materiala bazegoela eta interesgarria izan zitekeela, aske erortzen utzi nintzen: airean irudiak egin eta erorialdiarekin gozatu.

Aldez aurretik asko prestatu al zinen?

Furgonetan joan nintzen eta furgoneta beteta neukan koadernoz, grabadoraz, liburuz… Kixoteren audio-liburu bat ere baneukan, eta, bidaian, Kixote entzuten joan nintzen; bai, bai, obsesio bezala landu nuen, muturreraino eraman nuen. Beraz, joan nintzenerako jada banuen erreferentzia-baso nahiko trinko bat. Asmoa zen hara joatea eta han ikusitakoaren arabera batetik edo bestetik hartzea. Kronikekin hori gertatzen da, zuk edozein bide-orri egiten duzula ere, azkenean zoaz han ikusten duzunaren aurrean erreakzionatzera. Fruta-biltzailearen ideiarekin nindoan: hara noa, han dagoena biltzera. Banituen interesgarriak izan zitezkeen zenbait gai, baina gerta zitekeen, hara heltzean, gai-sorta hori desaktibatzea edo espero ez nituen gai batzuekin topatzea, eta hori gertatu zen.

Bideak emana

Bidaiak berak zer eman zizun?

Adibidez, Tobosoko elizara deitu nuen datu batzuk konprobatzeko, nahi nuelako jakin bertako audio-gida zenbat hizkuntzatan zegoen. Lehenengoan ez zidaten hartu, eta biharamunean-edo telefono ezezagun batek deitu zidan: “Hola, soy el párroco del Toboso”. Une horretan iruditu zitzaidan pertsonaia bihurtua nintzela. “El párroco del Toboso”, Obabako apezak deitzea bezala.

Anekdota kurioso eta eder asko kontatzen dituzu. Zerk harritu zintuen bereziki?

Liburua benetan aktibatu zuena izan zen justu Pokemon Go bideo-jokoa jarri zutela martxan aste horretan. Berehala jarri zen modan. Egun horretan bertan edo biharamunean iritsi nintzen ni Campo de Cirzanara. Hortxe daude Kixoteren garaiko itxura duten hainbat errota eta joan nintzen ikustera ea zer zegoen Kixotez, eta han ikusi nuen jendea mobilarekin argazkiak atera eta atera haize-errotei. Zer izango, eta Pokemon Gora jolasten ari ziren. Kixotek erraldoiak ikusten zituen han erroten lekuan, eta mutikoek, berriz, pikatxu, bulbasur eta halako izaki estrainioak. Egia esan, XXI. mendeak eta errealitate birtualak Cervantesen liburuaren oihartzun asko dakartzate. Jendea bizi da bizi den kalean eta mobilari begiratzen dion kale horretan. Bizitza doble horretan erabat naturalki sartuta gaudela jada. Gogoratzen naiz Pokemonen  horretan pentsatu nuela: hemen badaukat kronika; asko lasaitu ninduen horrek.

Bai, kanpotik zoroak eman lezakete mutiko horiek, ezta?

Bai, ez badakizu zertan ari diren. Egia esan, errealitatea sekulako materiala da, baita fantasiarako ere. Urrats bat atzera egin zuk bizi duzun errealitatetik, eta berehala ikusten duzu zer gauza arraroak egiten ditugun.

Orain, liburua osatu duzu. Kontatu zenidake nola joan den prozesu hori?

Oso pozik gelditu nintzen kronikekin atera zirenean, eta lagunek-eta esan zidaten oso gustura irakurri zituztela. Elkarri proposatu nion, onartu zidaten, eta gainera onartu zidaten Maite Mutuberriaren irudiekin ere joatea, zeren kronika hauek guztiak Maiteren irudiekin atera ziren. Egia esan, nik elkarrekin ikusten ditut biak, nire buruan ez nuen beste aukera handirik ikusten batera argitaratzea baino, baina pozgarria izan zen argitaletxeak onartzea, ez baita oso ohikoa izaten helduen literaturan ilustrazioek ere lekua izatea.

Periodikoan daukazun etsai nagusia, batetik, denbora izaten da, eta, bestetik, espazioa: sartzen da sartzen dena, eta ez dena sartzen ez da sartzen, eta kito. Aukera baliatu nuen espazioagatik moztu behar izan nituen hari-mutur batzuk luzatzeko, lasaiago idazteko eta bestelako irakurketa bat ere proposatzeko, pausatuagoa, bihurriagoa ere bai akaso, nahasiagoa izateko aukera ematen duena. Azken batean, periodiko batean askoz zentratuagoa izan behar du kronikak. Liburuago izan zedin, eta ez soilik kronika-bilduma, formatua ere biribildu nuen: hasieran, Kixote liburuko pasarte bat, gero kronika bat, eta gero apunte bat.

Berrian sei kronika kaleratu zenituen. Liburuan, berriz, zazpi daude.

Banituen apunte batzuk, asko gustatu zitzaizkidanak, hain zuzen gida izateko ikasten ari diren gazteei buruzkoa, nola esplikatzen duten Quevedo non hil zen, eta heriotzari buruz hain dorpe hitz egiten: idatzi nuen ez dagoela heriotza egoki deskriba dezakeen hizkuntzarik. Asko gustatzen zitzaidan apuntea, iruditzen zitzaidan hor bazegoela zerbait; gainera, Cervantes eta Shakespearen heriotza abiapuntu izan arren, ez nuen gehiegi landu gai hori. Horixe izan zen zazpigarren kronikaren abiapuntua, nahi nion tira egin ideiari eta ikusi ea noraino eraman nezakeen.

20_Kixotenean BARRUA.indd

Maite Mutuberria

Zergatik bizi da liburu bat hain luze?

Kixotearen klasikotasunaren gakoetako batzuk aipatzen dituzu erreportajeetan: ironia, hizkuntza eta boterea, zentsura. Azken horren harira gogoeta eder bat idatzi duzu: liburu bat erretzen duenak liburu guztiak erreko ditu.

Gaztetan irakurri nuen Kixote, ez osorik baina bai tarteka. Bigarren buelta batean irakurrita, heldutan ez dakit baina helduagotan behintzat, harrituta gelditu nintzen. Pasarte batzuk XVII. mendeko idazle batek idatzitakoak dira, bai, baina,  beste pasarte batzuen kasuan, badirudi gaur egungo idazle batek idatzi dituela, XVII. mendekoa litzatekeen idazle bat imitatuz. Gaurkotasun erabatekoa dute, umorea, ironia eta gogoeta-bide asko. Pasarte askok ez dute zahar-berritze minimoena behar, bikain daude orain irakurtzeko eta ez dizu ezerk txirriatzen.

Ironiarena denek aipatzen dute, eta liburua irakurtzen duen edonork argi ikusten du zer ironia-karga handiko liburua den, besteak beste pasarte horretan, non apezak, etxekoandreak eta etxeko bizarginak egiten duten epaiketa bat, literaturan zerk balio duen eta zerk ez duen balio, eta erabat irrigarria da argudiaketa. Ipintzen dituzte alde batetik erretzekoak direnak, eta bestetik salbatzekoak direnak, baina etxekoandreak, bakarrik geratzen denean, denak erretzea erabakitzen du.

Zer beste pasarte dira gaurkora ukitu gabe ekartzeko modukoak?

Kixoteren heriotzaren momentua. Ez dakit zenbat orri dituen Kixotek baina pasatzen duzu denbora hori guztia berarekin, hartzen diozu kariñoa, nazkatzen zara berarekin, tipo zentzuduna iruditzen zaizu, zoro bat iruditzen zaizu… Kixote eta Santxo, beren karikaturan, hain dira biribilak, oso humanoak baitira, badirudi norbait ezagutu duzula benetan eta, azken pasartean, Kixote hiltzen denean, benetako pena sentitzen duzu; sentitzen duzu norbait hil dela, ez zerbait, ez pertsonaia bat, baizik eta benetako pertsona bat. Pasarte hori, adibidez, ikaragarri ederra iruditzen zait, eta ederra da zeren tristea da baina baita alaia eta barregarria ere. Nik gogoratzen dut metroan nengoela pasarte hori irakurtzen eta kasik negarrez hasi nintzela. Nahiko lan disimulatzen: pentsa, jendeak ikustea tipo bat negarrez Kixote irakurri bitartean, patetikoa litzateke. Eskutan hartzen duzunean liburu bat eta, 400 urte ondoren, kapaza denean XXI. mendeko norbait metroan hunkitzeko, horrek zerbait ukitu du oso sakonekoa. Zerbait ongi egiten denean, ez modu perfektuan, baizik eta sakon, edo benetan, edo onartuz konplexutasuna, benetan urrun irits daiteke.

Hiru itzulpen agertzen dira liburuan: Pedro Berrondorena, Gabriel Arestirena eta Eneko Iñarrondorena.

Bai, itzulpenak badaude eta bat sarean dago dohainik eta libre, Eneko Iñarrondorena. Nik neuk, gaztelaniaduna izanik erabat, jatorrizkoan irakurri nuen nahiago dudalako jatorrizkoan irakurri ahal izanda hala egitea. Testua zaila da, beraz itzulpena ere ez da erraza. Hala ere, itzulpenak asko gustatzen zaizkit, ez ditut osorik irakurri baina irakurri dudana oso ongi dago itzulita, eta oso errespetu handiz jatorrizkoarekiko bai tonuan bai hizkuntza-motan. Egia da, Kixote irakurtzeko, gaztelaniaz edo euskaraz, nahiko alfabetatuta egon behar duzu, baina testuaren beraren izaeragatik da hori, eta ez euskararen soziolinguistikagatik, ez eta itzultzaileen edo euskararen akatsagatik ere.

Itzulpenari buruzko gogoetak ere egin dituzu, Kixoteren euskarazko bidaia korapilatsuaren harira. 

Kixoteren itzulpenean ikustean da euskarazko literaturak eta, oro har, euskarak zer lorpen eta zailtasun izan dituen. Kixoterena nahiko hizkuntza zaila da, oso testu berezia, oso bihurria batzuetan: hori itzultzeko, literatura batek muskulua eduki behar du, eduki behar ditu itzultzaile prestatuak eta irakurle prestatuak, eta, tamalez, euskara ez da hain indartsu egon. Eta horixe ikusten dugu, zer kixotada den Kixote itzultzea, baina era berean zer zaila den. Pentsa ezazu, lehenengo liburuaren lehenengo itzulpen osoa 1976an atera zen, eta, bigarren liburuarena, berriz, 1985ean. 1985era arte ez da egon euskaraz Kixote osorik: atzo da hori. Eta 1615ean idatzi zen Kixoteren bigarren liburua. Baina historia erakusten du horrek, itzulpenen historia ere historia da, azken batean.

Errealitatea eta fikzioa oreka-dantzan

Bi bidegurutzeren bueltan dabiltza erreportaje guztiak, zuk zeuk aipatzen dituzu hitzaurrean: fikzioa eta errealitatea, literatura eta kazetaritza. Bigarren horri helduta, esango nuke liburu honetan ez ezik zeure jardunean ere etengabe zabiltzala hori jorratzen.

Sorkuntzak asko laguntzen du errealitatea sakonago ulertzen eta aberatsago ikusten. Horretan saiatzen naiz, are gehiago kultura sailean arituta; hala ere, iruditzen zait liburu on batek edo poema on batek edo kanta on batek gauza asko esplikatzen dituela garai batenak, mundu batenak, jende batenak. Beraz, iruditzen zait horri uko egitea dela oso iturri emankor bati uko egitea. Saiatzen naiz, era berean, testuak ahalik eta ederren uzten, sinesten dudalako gauzak eder egiten badituzu badutela iraupen pixka bat gehiago.

Niretzat luxu bat da halako gauza zoro bat proposatzea eta lankideek babestea, sinestea baietz, hor egon zitekeela zerbait, nik bidali nien apunte sorta kaotiko horretan. Konfiantza-keinu bat da, eta eskertu behar dut. Ez dago egunkari asko halako proposamenak onartzen dituenak, eta hori aitortzekoa da, esatekoa, eta nabarmendu beharrekoa. Beti gabiltza gure lanak zalantzan jartzen, eta halakoak badira kalitate-kolpe bat emateko saiakerak. Sorkuntzatik abiatuta, plus bat eskaintzeko moduak asmatzen saiatzen gara: hori da bidea, nire ustez.

 

 

 

 

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)