Peru Magdalenarekin solasean
Ostirala, 2017-11-17Peru Magdalenarekin Ametsondoa (Elkar) liburu berriaz solas egin dugu elkarrizketa honetan. Bere ibilbidean ohikoa denez definizio zaileko liburua da, bere baitan besarkatzen ditu ipuin laburra, aforismoa, artea, marrazikia eta poesia. Guztia, irakurlearen egarria asetzeko moduko urezko geziez eta bizitzari buruzko gogoetez blai.
HASIERAKO INDARRA
Berdin dio zenbat bidaia egin dituzun, zenbat lan egin duzun, zenbat seme-alaba izan dituzun. Berdin dio zortzi ala laurogeita zortzi urte badituzu, ortzorik ala zapata garestiz bazabiltza. Berdin dio gosez zauden, gaur martitzena den, ala maitasuna ulertzen ote duzun. Berdin dio. Hasieran zaude. Beti.
Peru Magdalena, Ametsondoa.
Ametsondoa. Ametsen zuhaitza. Non kokatzen dira haren sustraiak?
Inkontzientean, izan norbanakoan zein kolektiboan. Barrenean ditugun eta gizaki sozial egiten gaituzten oinarrizko irudi eta sinboloetan. Arketipo horietatik gora hazi da Ametsondoa.
“Ametsak” hitz ‘peligrosoa’ da, sarritan erabili izanagatik; “sarriegi” erabili izan diren hitzak berriro ekartzean haien zentzua harrapatzen zaila egiten da batzuetan, agian. Zer nolako ametsak iradokitzen ditu tituluak?
Nik oinarrizko ametsetara jo dut. Loaroan edo loaroaren ertzean bizitzen ditugun amets horiek. Larregi pentsatu gabe ekin nion, dudarik barik. Gerora esan izan dit jendeak “baina ze amets mota, gauekoak ala egunekoak?”. Esnaroan “amets” deitzen zaien horiek ez dira ametsak. Kontestuaren arabera, helburuak izan daitezke, desirak, publizitate kanpainen engainuak, proiektu politikoetan erabiltzen diren metafora merkeak... Gauzak bere izenez deitzeko moduko helduak izan behar garela uste dut. Eta inuxentzia horretatik jo nuen nik ametsetara, larregi pentsatu barik, hitzak berez zekarren pisu historikoari jaramon handirik egin barik. Eta horregatik ez nuen ikusiko, nik uste, zuk ondo diozun “peligro” hori.
Iaz poesia liburua plazaratu zenuen (Argia), aurten Ametsondoa. Sasoi betean zaude? Bata bestearen atzetik idazten dituzu liburuak, edo elkarrekin paraleloki sortu diren lanak dira?
Ez dakit nola gertatuko den beste idazleekin, baina nire kasuan gertatu daiteke, bai, liburu biren haziak ala hasierak bata bestearen paretsu gertatzea. Dena dela, liburu baten garapena eta lanketa ez da, nire kasuan behintzat, beste batenarekin batera gertatzen. Esklusibitate osoa eskatzen dit liburuak, are gehiago azken txanpan. Argia eta Ametsondoa, beraz, uneren batean elkarren ondoan ibili ziren. Baina bidearen zatirik handiena apartean egin dute.
Poesia, ipuina, aforismoa... guztiak ekar genitzake gogora liburu hau definitzerakoan. Definizioak lagungarri zaizkizu, edo definizioen kontrakoa zara?
Nik uste dut definizioak besteek eskatzen dizkigutela normalean. Hau da, norberak gauzak sortzen ditu, kutxa batean ala bestean sartzeko derrigortasunik barik. Gerora gertatzen da, ordea, besteek gauzak kutxatan ikusi nahi izaten dituztela, etiketak jarrita hobeto ulertzeko. Dena dela, hori gerora gertatzen den zerbait izaten da. Nik umorez daramat kontu hau (ogibideekin ere antzera gertatzen zait). Funtsean, sorkuntzari bost axola zaizkio definizioak.
Ametsondoari aurreko zure lan batzuen arrastoak ikusi uste dizkiogu: Argiako poetikotasuna eta mistizismoa, Hutsik liburuko laburrerako joera eta ilustrazio mota, Lileko fragmentazioa eta jolaserako joera... Ausartuko gara iritzia ematen ere: liburu honetako ipuin asko borobilak dira, aurreko guztiei neurria hartu eta pieza guztiek zehaztasunez enkajatzen duten forma topatu bazenu bezala. Zerbait berria da zuretzat Ametsondoa, edo aurreko lan guztiaren ondorio bat?
Jarraipen moduko bat da Ametsondoa, bai. Ez da apurketarik eman nigan. Mutazio natural baten moduan etorri dira liburuak, bata bestearen ostean, eta izugarri pozten nau zuk osteko hari horiek ikusi izanak. Liburuak forma eta genero aldetik dantzazaleak izanagatik, antzerako bulkada batek eraman nau berauen idazketara, hasieratik. Nahitaezkoa da, beraz, iturri bereko urak zapore antzerakoak eman izana denei.
Ametsondoa zati edo ipuin laburrez osatua dago, baina badira haien artean loturak ere: errepikatzen diren gaiak (bidea...) edo errepikatzen diren pertsonaiak (maisua eta ikaslea, ama eta Ur...). Zer bilatu duzu hari haiekin?
Gaiak eta irudiak berez etorri zaizkit elkarrekiko lotuak. Sorkuntza bati osorik ematen zatzaizkionean, denbora tarte mugatu batean, bera bakarrik borobiltzen da. Berezko lotura horiek interesatzen zaizkit, eta ez hainbeste kanpotik eta intelektualki bilatzen diren loturak... nola esan, lotura baino soldadura diren horiek. Maisuaren eta ikaslearen arteko hariak gai batzuk askatasunez eta umorez lantzeko aukera eman dit, teknikoki oso ondo funtzionatzen duen teknika baita elkarrizketa mota hori (ekialdeko testuetan hainbeste ematen dena, halaber). Sorta honen izenburua, Laboarekiko omenaldiz bezainbesteko neurekiko adarjotzez jarri diot. Ur eta bere amaren artekoa, berriz, amaieran etorri zen. Liburu likido honek erditutako ume bat bailitzan, Ur.
Iaz elkarrizketa egin genizun Argiaren harira, hain zuzen ere, eta proiektu berriez galdetzean honakoa esan zenigun: “ibiltzearen inguruan hausnarrean dihardut”. Ametsondoa ote da hausnarketa horren emaitza?
Ez. Edo zuzenean behintzat ez. Hemen ere agertzen dira bidearen eta ibiltzearen inguruko testuak. Eta sortzailearen hausnarketa eta intuizioak bere sorkuntza guztietara iragazten dira. Hori bai. Esan nizun hura gehiago zen hor doblefilan aparkatuta daukadan kontu ibilizale eta aszetago baten inguruan. Ikusiko dugu ea ze bide egiten duen, ala biderik egiten duen ere.
Bidea, denbora, norabideak, bidegurutzeak, pausoak... metafora unibertsala da, eta era berean joko handia atera diozu. Nola barneratu oso ezaguna den metafora batean, zeuretik zeozer esatea lortu ahal izateko?
Egia da gai erabiliak direla, gizakiok hitzaren gaitasuna dugunetik geroztik ziurrenik. Baina sortzen ari bazara, ez bazabiltza kopiatzen, eta zintzo eta osorik lantzen badituzu, zeure egiten dituzu gaiok. Gainera, neurri batean, nik ekarri bai baina berauek ere etorri zaizkit. Barne urpekaritza ariketak egin ditut, eta gai eta irudi hauek atera zaizkit. Etorri diren neurriko inuxentziaz landu ditut eta gerora libururatu. Espero dut ez zitzaizkiola inori lar nekagarri edo ezagunak suertatuko!
Erabilitako metaforak, mistizismorako joera, pentsamendua, filosofia... marrazkiek ilustratu baino iradoki egiten dituzten sentsazioak... pentsamenduak lekua utzi behar dio irakurleari, zabaldu egin behar ditu nolabait irakurlearen barne leihoak?
Hori da, oso ondo laburbildu duzu. Testua itxia bada, guztia ondo zehaztuta eta azalduta ematen bazaio, irakurle aktiboa ez da testuaren parte sentituko, ez du interpelaziorik jasoko. Entretenitu egingo da, asko jota. Ez du bere irakurketak bete beharreko hutsunerik nabarituko. Nik nahiago nuke irakurlea aktibatuko balitz, bere barrenean arakatuko balu erantzunen bila, barne leihoetatik begiratuko balu mundua. Marrazki sinboliko horiek ere bide horretatik doaz.
Era berean, paradoxaren erabilerak askotan bukaera itxiak eskatzen ditu, neurtuak, harridura sortzen dutenak batzuetan. Ariketa kasik matematikoa dirudi paradoxaren erabilerak. Zure kasuan zer dago oinarrian, gogoeta zehatza edo intuizioa? Ipuinaren eskema ala poemaren bulkada?
Gehiago da intuizioa, bulkada. Zaila da esatea testu bakoitza ze proportziotan den gogoeta eta ze proportziotan intuizioa. Baina nire kasuan, eta liburu honen kasuan are gehiago, senaren bulkadari jarraitzen diot. Besterik da gero ideia eta zirriborro horiek garatzeko gogoeta egin eta eskema mentalak finkatzea.
Egia esan nobela zure liburu askotan azaleratzen den fragmentaziorako joera honetatik atera egiten da guztiz. Non zaude erosoen? Baduzu nobelara bueltatzeko gogorik?
Badu, bai, beste eite bat Egia esan-ek. Beste arnas bat eta pertsonaien eta gaien beste trataera bat. Bada, ordea, han ere, nolabaiteko fragmentazio bat: narratzaile ezberdinak, bidaiaren testigantza korala, kantak eta dekalogoak, nobelaren sortze prozesuari buruzko gogoeta nobelan bertan... Ez dut uste, beraz, hain bestelakoa denik funtsean. Nahiz eta, bai, formalki baduen bestelakotasun bat. Eta, bai, azkenaldian arnas geldoagoko zeozer idazteko gogoa ari zait ernaltzen. Ikusiko dugu portu onean finituko ote den gogo hau. Ea ba asmatzen dugun!
Kontenplazioa, literatura eta artearen beraren aldarria. Honakoa irakurriko dugu pasarte batean:
HITZEZKO URA
-Zer gustatu zaizu gehiago, liburua irakurtzea ala errekari begiratzea? - galdetu zion amak Ur txikiari.
-Zertan ezberdintzen dira bada, ama?
Akaso artearen arloan begiratzen ikasi baino, “desbegiratzen” ikasi behar da?
Bai, guztiz ados. Ez diot uneoro zerotik hasten ibili behar dugunik. Baina bai nolabaiteko inuxentzia berreskuratzea, begietatik aurreiritzien lentillak kentzea, arreta biluzik paratzea inguratzen gaituenarengan...
Zer ematen dizu zuri, funtsean, irakurtzeak? Eta zer idazteak?
Ekar dezagun Sarrionandiaren aipu ezaguna: “irakurtzen duzularik irakurri egiten zara / idazten dudalarik idatzi egiten naiz”. Irakurtzeak, irakurketa aktiboa eta ausarta denean, norbere burua irakurtzea eragiten du. Idazketak, idazketa aktiboa eta ausarta denean, norbere burua ematea eragiten du. Beraz, zera esan nezake: irakurtzeak neure burua ezagutzea eragiten dit, eta idazteak neure burua sortzea. Eta neure burua diodanean mundua ere esan nahi dut. Izan ere, Pessoaren aipuak dioen legez: “ez dugu ikusten duguna ikusten / garena baizik”. Beste motibazio batzuen artean uste dut horretarako idazten dudala, neure burua sortzeko, hau da, mundua sortzeko.