Elkarrizketak

«Uste dut pertsonaiekin jokatu behar dela, inor ez da ez zuri ez beltz»

Ostirala, 2020-12-11

Odolekoak (Elkar, 2020) argitaratu Antxiñe Mendizabalek, eta ez da nolanahiko eleberria: Iruñeko familia bat abiapuntutzat hartuz, Euskal Herriko historiaren 60 urte zeharkatzen ditu, giroa, gertakariak eta pertsonaien psikologia sakonki eta bikain landuz. Egilearen argazkia: Arri Iraeta.

«Uste dut pertsonaiekin jokatu behar dela, inor ez da ez zuri ez beltz»

Aurkezpenean esan zenuenez, aspalditik zenuen istorio hau buruan. Zein izan zen abiapuntua?

Istorio hau, atera den bezala, ez zegoen nire buruan inondik ere. Azken urteetan buruan dabilkidan gaia (jada bukatu da) ama-alaben artekoa da. Horrekin hasi nintzen zirriborroak egiten: pertsonaiak sortzen, beren arteko harremanak marrazten… Hori zen oinarrizko ideia. Baina horrek zer forma hartuko zuen ez nekien. Hau narrazio lineala da, hasiera eta bukaera dauka, trama klasiko bat da, eta nik istorioa beste era batera ikusten nuen, ez dakit hitzetan oso ondo esaten. Matilde eta Teresa nola mimetizatzen ziren denbora guztian, nola bata bestea bihurtzen zen, irudiak neuzkan buruan, baina ez nekien nola egin hori hitzekin. Hori izan zen lehen krisia. Nik neukan iruditan nola egingo nukeen, baina ez nintzen gauza hori hitzetara eramateko.

Zer egin zenuen orduan?

Gelditzen zitzaidan bide bakarra hartu nuen: narrazio lineal klasiko bat, ohiko atzera-buelta horiekin. Konturatu naiz idazketa prozesua oso erlazionatuta dagoela momentuan dituzun baliabideekin, denborekin, bizimoduarekin… Nire bizitza-eskema, nire orduak… kontuan hartuta, hau zen egiteko modu bakarra. Bestela agian sartu behar nuen monasterio batean eta beste ariketa-klase bat egin, baina ez dut beste baliabiderik izan, talentua ez dakit, zeren igual gehiago saiatuta talentu pixka bat gehiago aterako zen, baina erabat gelditu zait garbi, nire idazkera erabat erlazionatuta dagoela idazketarako daukadan modu eta baliabideekin. Eta geratu zaidan bidea izan da trama bat hartu, eta eutsi, eutsi, eutsi, horretan nahikoa temosoa naiz, eta burugogorra, eta horrela atera da nobela. Ezintasunetatik ateratzen dira lanak, hori oso argi geratu zait.

Matilde eta Teresa ama-alaben inguruan egituratu duzu eleberria. Nola erabaki zenuen noiz eta non kokatu?

Pertsonaiek daukaten harremana, gorrotozkoa ez dakit, baina ez maitasunezkoa, garbi neukan, baina ez nekien izan behar zuten goi-mailako jendea, behe-mailakoa… Azkenean, lurra behar nuen, hori beste ezintasun bat izan da: pertsonaia hauek nire buruan era batera zeuden, baina gero behar nuen agertoki bat, eta joan nintzen poliki-poliki eszenatokiak eta garaiak bilatzen.

Eta interes berezi bat zenuen Iruñean eta gerraostean?

Ez, hor tranpa txiki bat dago. Nik garai hori bastante ondo ezagutzen dut, zeren lehen ere egin nuen liburu bat horri buruz. Bestalde, Iruñeak ideologia aldetik oso muturreko joerak ditu, orduan horrelako muturreko pertsonaia batzuk egiteko aukera ematen zidan –pixka bat tremenda naizenez–. Alde batetik, Iruñea ez dut bereziki ezagutzen, ezta gutxiago ere, baina horrek ere neurri egokia ematen zidan, askatasunez ibiltzeko, aldi berean jakinik, lana eginez gero, oso ondo informatu nintekeela.

Gero badago beste gauza bat: hizkuntza. Liburua euskaraz idatzi dago, baina edonork esan lezake erdaratik ere idatzia dagoela, hor badago bilakaera bat pertsonaietan. Ni Zumarragakoa naiz, ez Azpeitikoa, eta nik esperientzia hori sozialki bizi izan dut, ez Iruñean, baina…

Hau da, giro erdaldunetik giro euskaldunera pasatzea?

Bai. Nahiz eta familia euskaldun batekoa izan, nik erdalduntasuna bizi izan dut, eta bizi izan dut gero kontzientziaren garai bat, euskalduntasunaren garai bat, eta gero beste garai bat, orduan hor eroso bezala sentitu naiz eta ezkerreko ideologia gertu eduki dut, baina kontrasteak ere ezagutu ditut. Iruñea ez zitzaidan toki arrotza iruditzen. Nik uste dut hurbilago egonda gehiago kostako zitzaidala. Azkenean historiari buruz esan ditudan gauzak ez direla sekulako aurkikuntzak, kronika hori edozein kazetarik egin dezake, ez nau behartu ez dakit noraino inplikatzera, esaten diren gauzak liburuetan daude.

Azpimarragarria iruditu zait zer ondo islatzen den eguneroko bizitza: pertsonaien bizimodua, eta protagonistei beren garaiak ezartzen dizkien mugak. Ez da agertzen modu abstraktuan, baizik eta eguneroko gauzetan. Meritu handia deritzot.

Nik talenturen bat erakutsiz gero, ez dakit zergatik iruditzen zait hori ondo islatzen dudala, eta gainera ikaragarri disfrutatzen dut datu horiek bilatzen, txoratzen naiz zer kafe-marka hartzen zuten bilatzen. Beti esaten dut idazten dudala kasik fotogramak eginez, eta gero lotu egiten ditudala, orduan egunerokotasun-eszena horietan gustura nabil, eta nik uste dut nobelan sartzen zarela zera horien bidez. Asko esplikatu gabe, islatzen da zer baldintzatan bizi ziren: beren ideologia, beren aukera eza, batez ere emakumeen kasuan, ikusten da ez zeukatela askatasunik, erabat gizonezkoen mundu bat zen eta haien indarkeriaren pean bizi ziren.

Dokumentazio-lan handia egin baduzu ere, liburuan destilatuta bezala agertzen da; irakurtzean, irakurleak jasotzen ditu pertsona batzuen eguneroko gertakariak, nahiz eta horren oinarrian dagoen sinesgarritasuna ematen dion dokumentazio-lan pila bat. Giroa sortzen asmatu duzula iruditzen zait.

Hor ondo moldatzen naiz, eguneroko detaile txiki batetik eszena bat irudikatzen. Hor gauza asko daude nik amonari edo amari ikusi dizkiodanak, gauza asko daude benetakoak, beste kontestu batetik hartuak… Eta gero, nik beti gauza berdina esaten dut: ni zaharrekin bizi izan naiz denbora asko, eta ez dakit, badaukat hor memoria arraro bat.

Baita ere, nobelan gehien disfrutatu dudana izan da pertsonaiak endredatzea. Pila bat gustatzen zait, jainkotxo bat bezala jartzen naiz, zu hona, zu hona, gero nahasten dut beste horrekin: asko gozatu dut pertsonaiak endredotan sartzen eta gero ea nola ateratzen zaren hemendik.

Familia baten bideari jarraitzen diola esan zenutenez, jarraikortasun handiagoa espero nuen, iruditzen zait pasarte motzak direla, orduan, jarraitzen zaio familiari, baina beste gauza mordo bat gertatzen dira aldi berean. Momentu batean, irakurleak pentsa dezake gatazka zehatz batek berebiziko eragina edo garapena izango duela, eta bat-batean hurrengo pasartean hiru urte pasa dira, eta listo. Oso arina egin zait, unibertso horretan zoaz, baina urteak azkar pasatzen dira. Umeen hazkuntza, Francoren erregimenaren aldiak, pertsonaia batzuek zahartzaroa eta gainbehera… Hori dena azkar gertatzen da, eta zentzu horretan, gure bizialdian hala izan ez arren, errealitatea horrela da, gauza horiek azkar pasatzen dira.

Horrek eskatzen zuen espazio handi bat hartu behar izatea, eta berriro bueltatuko naiz idazketa-prozesura: eskatu dit besoak ireki, altuan jarri eta har nezakeen guztia hartzea. Gauza asko ikasi ditut.

Noiz hasi zinen hau idazten?

Idazten ez dakit… 8-10 urte. Baina gero utzi izan dut.

Eta buru-belarri?

Bizpahiru urte. Jada harrapatu nuenean, ikusi nuenean nobela bukatzeko aukera bakarra hau zela.

Eduki zenuen hainbat urtetan buruan, eta gero bidea topatu zenuen. 

Bai, eta bidea topatu nuenean, ez dakit zer izan diren, bi edo hiru urte. Gainera kasik eskema bat egiten duzu, gero izan da lana. Handik atzera, izan zen seguru asko hor daukazun obsesio bat eta buruhauste bat, zerbait egin nahi duzu, eta deskartatzen zoaz egin ezin dezakezun guzti hori. Azkenean gelditu zitzaidan bidezidor bakarra: hau da nik egin dezakedana eta nik egiten dakidana. Merezi du egitea? Hau nik egin dezaket, beraz bai.

Pertsonaia nagusi batzuk daude, ez dira gutxi, eta bigarren mailako beste mordoxka bat. Ez dira batere lauak, ez dira batere estereotipikoak, eta horretarako arriskua egon zitekeen.

Estereotipatu izan banitu eta nobela kostunbrista bat egin izan banu…

Pertsonaien psikologian asko sakondu duzu nahiz eta pertsonaia asko egon.

Ateratzen zait horrela egitea, nahiz eta ez den izan agian ariketa kontziente bat, emakumeen egoeraz eta abar hitz egin arren, garaia eta indarkeria gorabehera, pertsonaia guztiek dute beren B aldea. Bigarren mailako pertsonaiak asko gustatzen zaizkit, gainera protagonistekin nekatu egiten zara, hartu nuen sekulako nekea bi emakume horiekin, sortzeko orduan ez dakizu noraino zukutu…

Luisari ere bai zuku handia atera diozu.

Luisa da, baita ere, bere garaiko emakume bat, neskame bat, euskaldun bakarra, apala, egin beharraren zera hori dauka…

Ezkutatu gabe garaiaren seme-alabak direla, hori baino pixka bat gehiago badirela ere agertzen da. Matilderen senarra eta anaia datozkit burura, adibidez.

Gizonezko guztiak ez daude patroi berarekin eginda. Nik ez dut nobela egin gaitegi baten barruan, orduan oso libre sentitu naiz. Nik uste dut pertsonaiekin jokatu behar dela, inor ez da ez zuri eta ez beltz. Bigarren mailako pertsonaiak, adibidez, Martin, Matilderen semea eta Teresaren neba, gustatu zait: asko gertatzen den gauza bat da, segun eta zer familiakoa zaren, gero kontrako bidea hartzen duzu, eta ama-seme arteko harreman toxiko hori oso ezaguna da, ama batzuek nola hartzen duten semea pixka bat beretzat.

Fresko bat osatu duzula iruditzen zait. Pertsona bakoitzak jende asko ezagutzen du, pertsona bakoitzak bere bizitza bizi du, baina bakoitzaren konstelazioak handiagoak dira.

Gainera gure harremanek ere asko definitzen gaituzte. Badago hor izenburu bat: «Besteen bizitzetan nahastuta gaude», eta gero eta garbiago ikusten dut edo sentitzen dut hala dela. Urbeltzek esaten duenez, zure bizitza desplegatzen duzunean atzerantz, jada adin batetik aurrera, eta mapa batean ikusten hasten zarenean sinkronia horiek denak, harrituta geratzen zara Bizipen hori badaukat batzuetan, mapa desplegable horrena, orduan gustatzen zait pertsonaiekin hori egitea.

Atalen izenburua aipatu dituzu, eta batek Mari Luz Estebanen lehenengo poema-liburuari egiten dio erreferentzia: «Amaren heriotzak askeago egin zuen». Ama-alaba zapuztuak interesatzen zaizkizu, baina hala ere eman diezu zauria ixteko aukera bat.

Egia esan, nik poema-liburu hori irakurri nuenean, txundituta geratu nintzen. Izenburua ikusi orduko… Badago poema bat bereziki, nik beti pentsatu izan dudan zerbait islatzen duena: ama semearekin elkarrizketan dago eta semeari esaten dio «ni beti egongo naiz lehenago», adierazi nahi dio nik asko maite duela, zainduko duela, baina bera, emakumea, dagoela lehenago; gauza kasik instintibo bat da. Poema horrek asko astindu ninduela oroitzen naiz. Mari Luz Estebanek, poema-liburu horretan, bere saiakera guztietan azaldu, esan eta esplikatu duenaz gain, amatasunarekin lotuta erraietan dauden esperientzia asko adierazten ditu, seguru asko poemen bidez bakarrik esan zitezkeenak.

Azken batean, liburu honetan daude ama mordo bat ama izan nahi ez dutenak, ez dauka beste heldulekurik.

Eta ama izan gabe ama direnak. 

Bai, eta gero alabatasunarena ere hor dago. Ama izan nahi ez duten emakume mordo bat baldin badaude, amarik gabeko alaba asko daude, eta amarik ez edukitzea oso gauza gogorra da. Gauza bat da zuk umerik eduki nahi ez izatea eta zapuztuta bizitzea horregatik, baina ez dakit ez ote den gogorragoa ama bat ez edukitzea, abandonuaren sentsazioa. Baina, noski, naturala da, baldin badaude ama mordo bat ez zutenak ama izan nahi, alabek pertzibitzen dute bakarrik daudela. Hor abandonu bat dago. Gai horrek beti erakarri nau, nik badaukat zerbait abandonuarekin, nire amak oraindik ulertzen ez duena, munduko umerik maitatuena izan omen naiz eta ez daukat dudarik, baina nik uste dut denok dugula jaiotzetik halako zauri bat, ziur aski oso inkontzientea, eta badakit hor badagoela zerbait.

Gero, uste dut amatasuna kuestionatzen jarraitu behar dela, nahiz eta nik ez dudan jada gaia gehiago hartuko. Gero eta gehiago interesatzen zait horren ondorioa, eta da alabak, horrek zer dakarren: normalean eredutzat hartzen ditugun gure aitak eta gure amak, eta zu ama bihurtzen zaren momentutik zer eredu zaren, hori interesatzen zait, sendaketa edo osaketa prozesu batean.

Teresari eskaintzen diozu, heldua denean, bere bizitzaren ardura hartzeko gaitasuna, ez dadin katigatuta geratu Matilderekiko harreman horretan.

Bai, agian horregatik kostatu zait hainbeste liburua bukatzea.

Eta Amaiak, Teresaren alabak, zer ekarri dizu?

Hori da gehien kostatu zitzaidana, nik nirea ezagutzen nuen, ni Teresarekin identifikatzen naiz, baina Amaiarekin sintonizatzea asko kostatu zait, eta hori konpondu beharra neukan. Zerbait errematatu behar nuen Teresa eta Amaiarekin. Horretarako, pentsatu nuen ea Teresak zer behar zuen benetan askatzeko: bada, behar zuen errekonozitua izan, alabak errekonozitzea ama bezala. Alabaren begirada batean bakarrik senti zaitezke ama, ze zuk niri begiratzen didazu eta ez duzu ama bat ikusten, baina alaba baten begiradan, nahiz eta gorroto askorekin askotan, alabak begiratzen zaitu ama bezala, eta hori zen Teresak behar zuena bere amatasuna onartzeko. Ahal duen moduan, kostata, baina alabaren begiradan ikusten duenean bere ama dela, horrek askatzen du: umea hor dago, eta dauzkazu bi aukera, edo abandonatzen duzu, edozein zentzutan, edo onartzen duzu, eta amarena egin ahal duzun bezala. Hortik aurrera, ez dakit zer gertatuko zaien pertsonaiei.

 

Albiste honen uberan

Antxiñe Mendizabalek eta Gotzon Aranburuk bideo bat osatu dute Odolekoak eleberria irudikatuz, eta eskuzabal helarazi digute. Jarraian ikus dezakezu:

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)