Komunitatea

Txema Arinas

AIREAREN ISLA - MIKEL HERNANDEZ ABAITUA

Ostirala, 2020-12-18 | Txema Arinas
 

f2ea48e4b652a4b34b40d0e950d1fd0c

 

Zutitu, ohe aldera hurbildu, gau-mailako kajoia ireki eta kondoi kaxa bata tera zuen. Ohean etzan, kondoi bat ipini eta arratsaldean metatutako energia zuria deskargatu zuen. Ondoren, kondoia kendu, korapilo bat egin eta sukalderantz jo zuen zaborrontzira botatzeko. Garbitasuna gustatzen zitzaion. Josebak maiz pentsatzen zuen arreba nagusiak bere gizon idealaren modura hezi zuela, garbia eta ordenatua izan zedin. “Toki bat gauza bakoitza eta gauza bat toki bakoitzerako”, esan ohi zuen. Horrelakoa zen Maribi. Nolako enborra, halako ezpala, neba-arreben kasuan esaterik baldin bazegoen.

 

Airean Isla – Mikel Hernandez Abaitua

 

Mikel Hernandez Abaituaren “Airearen isla” edo gu denok bezalako  gizon ustez arrunt baten gorabeherak, edo bestela esanda, egunerotasunaren xarma azalez eskasean oinarritutako istorio xamur, atsegin eta sotila; baina, ezer baino lehen, amodiozko istorio bat ere. Amodiozko istorio posmoderno bat, non  protagonista, Joseba, eta liburuan zehar azaltzen diren zaletasunen zerrendari erreparatuz -60etako musika “britisha”, txirrindularitza, literatura, bidaiak…; hau da, Hernandez Abaituak aurreko liburuetan zein hainbat artikulutan agerian jarritakoak-  idazlearen beraren  balizko alter egoa, bere aurreko bikotearekin apurtu eta gero seme-alabak izateari uko egiteagatik, Irati izenenko bus gidari gazte batekin maitemintzen den autobus barruan izandako ezusteko handi, eta Josebari batik bat adierazgarria izango zaion, baten ostean. Hortik aurrera literatura garaikidean hain usukoak diren desheroiaren nondik norakoak, hau da, Iratirekikoak zein honekin batera inguratzen duen orok zer astinduko/irauliko dioten Josebari bere egunerokoan. Eta nolakoa da Josebaren egunerokoa? Joseba 60etako musika jartzen duen irrati-esatari eta euskal literatura jardun duen kritikari dugu. Josebak, Iratirekikoa suertatzen zaiola, Argitaletxe baten enkargu berezi bat jasotzen du: euskal idazle oso ezagun baten liburu berriaren edizioa nolabait kudeatzea. Honaino helduta, eta batez ere Mikel Hernandez Abaituaren aurreko lanak zein hor nonbait argitaraturiko iruzkinak aldez aurretik irakurrita, nola ez sumatu euskal idazle “handi” horren atzean Saizarbitoriaren itzala. Gauzak horrela, Josebak delako idazlearekiko zein lana eskatutako argitaletxearekikoak izango ditugu euskal literaturaren inguruko gogoeta/esamesabide. Honekin batera ere, Iratirekin harremana sendotu bitartean, nork bere zaletasun, mania, aburu, beldur edo dena-delakoaren berri elkarri eman ahala, hein handi batean elkarrekin egindako bidaiei esker, gure protagonistak hainbat gogoeta eta eskainiko dizkigu, nobela, funtsean, harikaltzen baita idazleak jorratu nahi dituen gaien inguruan, hau da, nobelaren bilbea gogoetabidearen aldean bigarren maila batean utzi ohi duen XXko mendeko nobela posmodernoaren antzera, hau da, XIX mendeko nobelaren epikarekin zart egiten duena, alafede.

Horrenbestez, ezin dugu espero aparteko tramarik, nobelan dena da oso lineala, gorago esan bezala, oso egunerokotik oratuta, ozta-ozta protagonistaren begien atzetik kuskusean bageunde bezala, ondoko lagun baten sorbalda gainetik sudurra sartuta bagenu bezala. Hala ere, egon badago epika nire ustetan, literaturak berak heroi postmodernoaren egunerokotasuna epikoa egiten baitu, hau da, gauza txikiak handi bilakatzen dira idazlearen eskutik pasata, batik bat detaile txikiak harri bitxiak bihurtzen dakienean, pertsonaien jokaerak zein gogoetak gure mundu txiki eta batez ere hurrena hobeto ezagutzeko parada ederra eta aldi berean aparta ere eskaintzen digunean. Nobelan dena da oso gertukoa, bai, baina hori da gure ustea, egia oso bestelakoa da halabeharrez. Airearen isla nobelan hain egunerokoa begitantzen zaizkigun bazterrak eta herritarrak ez dira gureak egilearenak baino, protagonista gu bezalako heroi bat ez baita guk asmatutakoa ez den aldetik. Hortaz, liburuan topatzen dugun errealitateak, eta hemen berdin dio Joseba bezain txepelak garen ala guztiz kontrakoa, Josebaren zaletasunak konpartitzen ditugun ala ez, haren gogoetekin bat egiten dugun ala ez, gure gertuko mundu txikiaren beste alderdi berri eta are aberatsago batzuk erakusten dizkigu ezinbestean. Nolabait esanda, Josebaren nondik norakoek, eta ezer baino lehen bere errealitateari aurre egiteko moduak zein honek iradokitzen dizkion gogoetek, biziro gogobetetzen gaituzte egunerokotasunean epika berezi, zirraragarri eta oso arin bat topatzen asmatu duelako, epika lasai, mamitsu, sinesgarri eta batik bat apain bat.

Halere, nola da posible hori?  Nola lortzen duen Mikel Hernandez Abaituak bere protagonistaren txepelkeriaren inguruko gorabeherak epikoak bihurtzen? Literaturaren beti ustekabeko ahalmenari esker, edo zehatzagorik esanda, idazkera benetan sotil eta jator baten bidez, nobela goxo-goxo irakurtzen baita, ia oharkabean, ozta-ozta uholde moduko idazkera bailitzan, taxuzko maisutza erakutsiz.

Eta bai, baliteke Airearen isla bukatutakoan ezer berririk, are gutxiago apartekorik, asmatu ez dugula jabetzea, dena oso nola edo hala oso ezaguna suertatu zaigulako, itxuraz behintzat; baina, ezin uka gozatu ikaragarri gozatu dugula irakurri ahala, liburuak bere horrialdeetara gogara atxikita izan gaitu eta, oso. Horixe da, berriro diot, literaturaren posmodernoaren xarma ala arrakasta, beharbada XX mendearen hasieran Thomas Wolfe estatubatuarrarekin hasi zena; baina, niri behinik behin azken hamarkadetako frantses literaturaren parte oso potolo bat gogora ekartzen didana, Modianotik hasita egunotan beste behin ere eskuartean dudan Pascal Quignarderaino. Nolabait ere, aitortu beharrean nago Mikel Hernandez Abaituaren idazkera hamaika bider arinagoa begitantzen zaidala Thomas Wolferen berezko berbajario zurruna baino, baita haren zaletasunak, kezkak eta gogoetak Quignaden pedantekeria eta handiustekeria garbiak baino gertukoagoak.

 

Txema Arinas

Uvieun, 2020/12/18


Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)

Zer da Komunitatea? Nola izena eman?

Zer da uberan.eus web orriko Komunitatea?

uberan.eus web orrian euren sormen lanak partekatu nahi dituzten kideek osatuko dute Komunitatea.

uberan.eus web orriaren baitan propio sortu den atal honetan, beraz, sormen lan horiek denak batuko dira. Eta bertan egongo dira erakusgai.

Komunitateko kideez gain, uberan.eus web orrira hurbiltzen den edonork ere bisitatu ahal izango du uberan.eus web orriko Komunitatea.

Zeintzuk dira Komunitateko kideak?

  • Norbanakoak. Norbanakoak dira izen-abizena duten erabiltzaileak. Komunitatea atalean, sormen lanak gehitzeko aukera izango dute. Hitzak eta irudiak baliatuko ahal izango dituzte horretarako.
  • Kolektibo literarioak, elkarteak. Komunitatea atalean, sormen lanak gehitzeko aukera izango dute. Hitzak eta irudiak baliatuko ahal izango dituzte horretarako.

Zer egin Komunitateko kide bihurtu eta edukia gehitzeko?

Kide izateko eskaera bideratuz: beherago dagoen formularioa bete eta igorri behar duzu. Benetako datuak eman dituzula konprobatu ondoren, Komunitateko kide izateko eskaera onartuko zaizu.

Gida liburuxka bat bidaliko zaizu, eta gida horren bitartez zure sormen lanak uberan.eus orriko Komunitatera igotzeko xehetasunak jasoko dituzu.

Hortik aurrera, zure sormen lanak uberan.eus-era lotzeko aukera izango duzu.

Oharra: Ezingo da mezu iraingarririk argitaratu. Halakoetan, post hori ezabatzeko eskubidea izango du administratzaileak. Eta arazoa errepikatuko balitz, kidetza etengo litzateke.