Komunitatea

Txema Arinas

TAXIAK EZ DIRA INOIZ GELDITZEN – XABIER MONTOIA

Asteartea, 2021-10-12 | Txema Arinas
 

Xabier Montoiaren azken ipuin liburuari ekin aurretik idazle gasteiztarrari buruz gogoeta egin dut ia oharkabean, doi irakurri ahala. Izan ere, Montoiarekin koskortu naizelakoan nago euskal irakurle bezala. Non dago Stalin? eleberri motzarekin hasi nintzen. Oso gauza harrigarria begitandu zitzaion ni nintzen nerabe hari, txorakeria galanta begitandu zitzaidan, bai, oso arina, barre egitekoa ez besterik; baina, orduko nerabe batek behar edo nahi bezainbestekoa ordura arte hain usukoa omen zen euskarazko literatura ustez zurrun eta beti serioaren aldean ere bai: azken urteotan etengabe berrargitaratutako eleberri motz hark nire bizigiro gazte eta urbanoaz ari zen, horrexegatik hainbeste atsegin izan zitzaidan nola edo hala gazte zirin eta erreboltaria nintzelarik. Are atseginago izan nuen Emakume biboteduna ipuin liburua, Montoiak bertan jorratzen zituen gaiak nik gustuko nuen literatura berberarenak baitiziren, hau da, garai hartan biziki maite nuen Hanif Kureishi edo Martin Amis idazle britaniarren literatura funtsez kaletar eta probokatzailearenak. Ez zen, Montoia, ez, euskal eremu tradizionaletik etorritako euskaldun peto-petoa zein euskal idazle prototipikoa, are tradizional gutxiagoak ei ziren bere gaiak zein pertsonaiak: Xabier omen zen euskara gehien bat ikastoletan zein euskaltegietan jabetutako belaunaldi berrien idazlea.

Zer esanik ez, Gasteizko hondartzak ipuin liburu txit saritua idatzi zuenean; txoratu egin nintzen zeharo nire hiriko historian oinarritutako ipuin haiek euskeraz eta gainera hain modu zorrotza zein gazi-gozoaz kontatuta. Izugarri ere gustatu zitzaizkidan Denboraren izerdia zein Euskal Hiria sutan eleberriak, orduantxeeuskal literaturaren joera uste hain txepelak nolabait astintzeko propio etorritako idazlea begitandu zitzaidan. Ondorengo emaitzak ostera nire Montoiarekiko irakur-garra epeltzen hasi ziren. Gerora, ordea, bere Iparraldeko trilogioa ikaragarri eskematikoa edo topikoa iruditu zitzaidan, klitxez gainezka. Golgota eleberriari, hau da, Maravillas Lamberto Ioldiren ahizpen bizitzan oinarritutako istorioari zurrunegia antzeman nion. Azken afaria eta Hitzontziak nobeletan maisu bilakaturiko idazlearen lana hauteman nuen, bai; baina, baita ideologikoki gero eta amarrutsugagoa egiten zitzaidana ere. Gainerako ipuin liburuetan antzeko zerbait suertatzen zitzaidan: bazen bai, nik ezagun nuen Montoia, ezer baino lehen gertuko gaiak zein oso ezaguterrazak egiten zitzaizkidan pertsonaiak jorratzen zituen idazlea; hala ere, ni Montoiaren gai zein pertsonaiengadik gero eta gehiago urruntzen ari nintzelakoa nengoen, batez ere Montoiaren beraren ikuspuntuetatik. Ageri da ni neu ere Montoriarekin batera zahartzen izan naizela nahitaez, eta lagunartean hain ohikoa denez biok nolabait elkarrengadik bereizi egin gara ezari-ezarian.

Orduan Taxiak ez dira inoiz gelditzen eskura heldu zait, ondo asko baitakit Montoiaren lan guztiak eskura helduko zaizkidala halabeharrez oso ohitura zahar zalea naizen aldetik. Halaber, ipuin gehienak ikaragarri gustatu zaizkidala aitortu beharrean nago, noski. Egia esanda, Montoiaren jatorrizko xarma edo lilurarekin berriro topo egin dudalakoan nago. Izan ere, bertan agertzen diren pertsonaiak oso montoiarrak begitandu zaizkit hasiera haiseratik, hau da, euren inguru-minguruko ohiturak edo neurriak kausa direla nahigabeturik edo agian piperturik bizi direnak, gizartearen ustezko edo balizko normaltasunari muzin eginez edota euren buruarekin ere tirabiraka bizi ezinegonari ezin eutsiz, euren eremuan behintzat gehiengoen biktima hutsak edo, ezer baino lehen, galbidean galduak. Edonola ere, Montoiaren ipuinen ardatza giza harremanen nondik norako gatazkatsu, mikatz, zentzugabeko eta maiz ere barregarrietan datza. Oraingo honetan, aldiz, pertsonai guztiak emakumezkoak dira, gehienak ere nola edo hala sexualitate ustezko eredugarritik aldentzen direnak, hau da, gizartean beti egon den sexualitate anitza erakusten dutenak, hau da, gehienbat eta oraintsura arte, gure mendebalean behintzat, heterozuzenak izan ez diren guztiak. Badago ipuin guztietan, gainera, pertsonaiak nola edo hala lotzen dituen lokarri edo ildo bat, gehienak senitartekoak, adiskideak edo gutxienez bikote izandakoak. Gauzak hórrela, oso interesgarria da zenbait pertsonairen bilakaera asmatzea ipuin batetik bestera, zeiharka bakarrik baldin bada ere, batik bat kontuan hartuta aurrekoetan izandako gaztazka familiarrak, sentimentalak edo dena-delakoak.

Esan bezala, Xabier Montoiak hartzen du bere literaturaren ardaztzat giza harremanek eragiten dituzten gizabanakoen libre maitatzeko oztopoak, gaizki-ulertuak, ezinikusiak, traizioak, desengainuak eta abar eta abar. Halere, zerbait gailentzen baldin bada hori da Montoiak bere aurreko liburuetan ere oso gogoan duen mendeku-grina edo, hau da, nolabait zauritu, iraindu edo baztertutakoen eskubidea euren borerroei kolpea edo mina itzultzeko, Errimelezko malkoak eta Eraztuna ipuinetan ageri suertatu bezala. Delako mendekua noraino zilegi den ala ez oso eztabaidagarria litzatekeelakoan nago, hori baita, nire ustez, Xabier Montoiaren literaturaren ajeetako bat, oso epaile zorrotza dela, ia errukibakoa, berak errudun ebatzi dutenekin. Zer dela eta? Bere literatura gehiena zuribeltzetan hezurmamitzen delako, aparteko ahaleginik edo egin ohi ez duelako makur aurkezten dituen pertsonaien nondik norakoetan ikertzearren, gaiztoak beti gaizto askoak. Horra hor Montoiaren literaturaren aje nagusia, ipuinotan ere nabarmen samarra dena.

Bestalde, bitxia da, oso, ipuin guztiok “nitik” idatzi izanda, dexente gogoratzen baitu bere aurreko ipuin liburuetan, batik bat Euskal Hiria Sutan, non protagonista ia guztiak gizonezkoak ziren, erabiltzen zuen estilo zuzen, ia bortitz eta batez ere probokatzailea. Bitxiagoa omen da Taxiak ez dira inoiz gelditzen liburu honetan erabakitako tematika, hau da, aspaldi honetan euskal literaturan nahikotxo jorratzen ari dena, guztiz esperokoa dena sexu harreman ezberdinei buruzko gaiak puri-purian baitaude feminismoaren aurrerapen kementsu eta geldiezinari esker, hau da, gurean ETAren armak uztearekin batera, delako euskal gatazkaren nonahitasun gogaikarria baretutakoan gure gizartean erdi ezkututa edo baztertuta zeuden beste gatazka batzuek gizartearen lehentasunei aurrea hartu baliete bezala nahi eta nahi ez.

Horrenbestez, ba al dago Montoiak erabakitako tematikan nolabaiteko oportunismo zantzurik, batez ere orain artekoarekin alderatuta? Auskalo, egia da idazleak, edozein idazlek, eskubide osoa duela nahi bezala idazteko, berdin da emakumezko baten ahotsetik gizonezkoa izanda edo Iparraldeko XX mendearen hasierako nekazari batenetik Hegoaldekoa zein kaletar peto-petoa izanda ere. Egileari ezin zaio inolako mugarik jarri edo eskatu, baita inoiz esan berandu dela idazgai berriak jorratzeko ere, gogoko duen edozein idatz-asmori ekiteko. Halere, irakurleak berak, batez ere idazle baten irakurle zinak, badu eskubidea ere halakorik susmatzeko. Areago, zergatik ez proposatu, atrebentzia handia baldin bada ere, gure idazle kuttunenetariko bati idatz-bide berriak? Esaterako, zer dela eta ez idatzi heterozuzentasunak baldintzatzen dituen emakumezkoen harreman familiar edo sentimental korapilatsuen nondik norakoei buruz delako heterozuzentasunaren zama zein zuzengabekeria gutxi-gutxinaka, edo menturaz tupustean ere, jabetzen den gizonezko baten ikuspuntutik. Hori bai litzatekeela, nire aburuz behinik behin, lekukotza interesgarria, bai.

 

Txema Arinas

Uvieun, 2021/10/08

 


Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)

Zer da Komunitatea? Nola izena eman?

Zer da uberan.eus web orriko Komunitatea?

uberan.eus web orrian euren sormen lanak partekatu nahi dituzten kideek osatuko dute Komunitatea.

uberan.eus web orriaren baitan propio sortu den atal honetan, beraz, sormen lan horiek denak batuko dira. Eta bertan egongo dira erakusgai.

Komunitateko kideez gain, uberan.eus web orrira hurbiltzen den edonork ere bisitatu ahal izango du uberan.eus web orriko Komunitatea.

Zeintzuk dira Komunitateko kideak?

  • Norbanakoak. Norbanakoak dira izen-abizena duten erabiltzaileak. Komunitatea atalean, sormen lanak gehitzeko aukera izango dute. Hitzak eta irudiak baliatuko ahal izango dituzte horretarako.
  • Kolektibo literarioak, elkarteak. Komunitatea atalean, sormen lanak gehitzeko aukera izango dute. Hitzak eta irudiak baliatuko ahal izango dituzte horretarako.

Zer egin Komunitateko kide bihurtu eta edukia gehitzeko?

Kide izateko eskaera bideratuz: beherago dagoen formularioa bete eta igorri behar duzu. Benetako datuak eman dituzula konprobatu ondoren, Komunitateko kide izateko eskaera onartuko zaizu.

Gida liburuxka bat bidaliko zaizu, eta gida horren bitartez zure sormen lanak uberan.eus orriko Komunitatera igotzeko xehetasunak jasoko dituzu.

Hortik aurrera, zure sormen lanak uberan.eus-era lotzeko aukera izango duzu.

Oharra: Ezingo da mezu iraingarririk argitaratu. Halakoetan, post hori ezabatzeko eskubidea izango du administratzaileak. Eta arazoa errepikatuko balitz, kidetza etengo litzateke.