Komunitatea

Urt Zubiaurre Otamendi

Etxeko piztien saila: 4. Ardia

Ostirala, 2017-04-21 | Urt Zubiaurre Otamendi
 

HIK HEUK, Errekontako mendi-lepo miresgarrian kokatuta, belaze zabala besterik ez duk ikusten. Ikusten duk zuhaixka bat bakarturik dagoena, baina ez haiz gauza zuhaixka horren egoera nolakoa den hautemateko, ez dakik zenbat pairatzen duen zuhaixkak haizea, ea amesten duen basoaren edo maldaren gerizperik. Handik gutxira basoari antzematen diok, baina, pinua ezagun izan arren, ez dakik hurritza eta urkia bereizten. Ikusten dituk alde batera dauden mendiak, eta beste aldera dagoen harkaitza. Eta zeruan atzerago mendilerro garaia ere bai. Hori duk, gutxi gorabehera, mendi-lepoan ikusten duan guztia.

Tamalgarria duk hire ikuspegia, motel. Guk, belaze zabalari begira ikusten diagu: zuhaixka, basoa, mendiak, harkaitza eta mendilerro garaia. Baina gauza bakoitza bere lekuan ikusten diagu, bakoitza bere erritmoan, bakoitza bere baitako denboran sostengaturik. Ez dago pazientzia faltarik gure begietan, eta horri esker, ikus dezakegun guztiak konpromiso antzeko bat osa dezake elkarrekin, leialtasun bat, paktu moduko bat, eta guk jasotzen diagu harreman hori eta paisaje itxi batean hesitzen diagu. Eta horregatik lasai egon zitezkek zuhaitzak eta mendiak, beldurrik gabe: gizakien arteko abiadura –urteen, orduen eta minutuen madarikazioa- ez duk mendi-lepora iritsiko, ez gu begira gauden artean behintzat.

Sumatzen al duk denbora eta espazioa ez direla gure neurrikoak? Gure neurrikoak zeruaren aldaketak dituk, haizea jaio zen uneraino iris zitekek gure begirada, eta iturritxoa erabat agortuko den uneraino luzatu.

Ahalmen horrek, gizakume, berarekin zekarrek ordaina. Gure begiak gai dituk materia deitzen duan amets hori zeharkatzeko, baina inguruan zerbait bizkorregi mugitzen baduk, belarraren lasaitasuna eta zoriona aztoratzen badik, munduko espanturik handiena sartzen zaiguk bihotzera.

Eta horregatik juzgatzen gaituk hire ikuspuntu murritzaren moldez. Heuk, ez dakianak urkia eta hurritza bereizten, ez dakianak mendi-lepo baten patxada soportatzen, harkaitz-puntara igo behar duanak, nekez, belaunak pitzatuz, gizakien herri itsusiei erreparatu eta hire buruaz ahazteko, nola ulertuko duk inoiz gure izaera?

Eta, halere, ez duk besterik uste, motel. Hemendik ikusten diagu hire haurtzaroa. Ikusten haugu beti bezain harro, beti bezain botere-egarri, gure artean korrika, gu sakabanatzen, parkeko usoak aztoratzen hituen moduan.

-Ardia berez da animalia memeloa –pentsatu ohi duk oraino ere, gure arima zertan den ulertuko bahu bezala.

Baina ez pentsa begirada hiregan amaitzen zaigunik. Mendi-lepora azaldu haiz, eta ikusi diagu hire aitona ahuntzariaren bizimoldea; ikusi diagu beste hamaika aitonen ibilera Ameriketako desertuan, hotzak akabatzen, eta hori guztia ikusten diagu hi ikusten haugun bezain argi, Ameriketako artalde erraldoiak ez baitzituan gu gerori baizik.

Kapaz gaituk, bestalde, hire espezie osoa ikusteko. Eta hain sakon errepara zezakeagu hire baitan, ezen sumatu baitiagu zenbateraino heda litekeen zuen begirada: gizaki batzuengan ere ez al dik ba Izadiak sakontasun itzela sortu? Gauza harrigarria dela iritzi zioagu denok, baina ez zioat ene ahizpei begiratu. Haiek ere ikusi diate nola, orain gauden lekutik hogeinaka larre sortaldera, izan huan gizakume berezi bat. Mendian jaio zuan gu bezala, beti gure miran ibiltzen huan, eta, gutako bat galduz gero, a zer kezka sartzen zitzaioan zainetan. Gutaz urrikaltzen huan gu hartaz bezainbat, eta lizardi artean egindako etxola berberak babesten gintuen hura eta gu. Elurra huan gure otsorik bortitzena; hark ordea min gehiago hartzen zian gizakiek egindako beltzuriekin.

Eta, handik hurbil, bospasei zelai iparralderantz, beste pertsona bat ikusten diagu. Arras gazteagoa, ume-kozkor bat bere familia eta guzti. Hari ere, neguko egun euritsuetan, hunkigarria zitzaioan gure bila joatea. Ile kizkur luzeak laztantzen zizkigun. Hark eramaten gintuen auzoko larre samurretara, belar ona ez baitzaiguk inoiz aski. Haren deiadarrari ihardesten genion zakur-basari baino gehiago, eta biziki gustatzen zitzaigun nola aritzen zuan lurrean esertzen, liburuak edo irratia eskuan. Sekula ikusi gabeak gaituk halako artzain xelebrerik.

Agian heuk ere, bi haien baitara hurbilduko bahintz, ikusiko huke izadiaren sakontasuna. Haiengana beharbeste gerturatuko bahintz, bederen. Lehenaren mintzoa ez diagu hain ozen entzuten. Bigarrena, aldiz, sasoiko zegok oraindik. “Hala eta guztiz ere –idatzi zian oraintsu antzina ume koskorra zenak-, maiz, (...) haurtzaroan nintzen artzain ameslariaren oroitza nigan josirik susma dezaket; (...). Egoera horretan naizelarik, aski dut bide ertz batean pentze aberatsetan artalde bat alhan ikustea, baketzeko; orduan, orlegia zuriz ttittatzen duten ardiak ortzaiz eta leihor urrun desiragarri zaizkit. Askapen mugak. Balizko gero mehatxatuaren iragarleak.”

 

ITURBURUAK: Artzaintza, Gure artzain etxolari: Xalbador; %100 basque: Itxaro Borda.


Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)

Zer da Komunitatea? Nola izena eman?

Zer da uberan.eus web orriko Komunitatea?

uberan.eus web orrian euren sormen lanak partekatu nahi dituzten kideek osatuko dute Komunitatea.

uberan.eus web orriaren baitan propio sortu den atal honetan, beraz, sormen lan horiek denak batuko dira. Eta bertan egongo dira erakusgai.

Komunitateko kideez gain, uberan.eus web orrira hurbiltzen den edonork ere bisitatu ahal izango du uberan.eus web orriko Komunitatea.

Zeintzuk dira Komunitateko kideak?

  • Norbanakoak. Norbanakoak dira izen-abizena duten erabiltzaileak. Komunitatea atalean, sormen lanak gehitzeko aukera izango dute. Hitzak eta irudiak baliatuko ahal izango dituzte horretarako.
  • Kolektibo literarioak, elkarteak. Komunitatea atalean, sormen lanak gehitzeko aukera izango dute. Hitzak eta irudiak baliatuko ahal izango dituzte horretarako.

Zer egin Komunitateko kide bihurtu eta edukia gehitzeko?

Kide izateko eskaera bideratuz: beherago dagoen formularioa bete eta igorri behar duzu. Benetako datuak eman dituzula konprobatu ondoren, Komunitateko kide izateko eskaera onartuko zaizu.

Gida liburuxka bat bidaliko zaizu, eta gida horren bitartez zure sormen lanak uberan.eus orriko Komunitatera igotzeko xehetasunak jasoko dituzu.

Hortik aurrera, zure sormen lanak uberan.eus-era lotzeko aukera izango duzu.

Oharra: Ezingo da mezu iraingarririk argitaratu. Halakoetan, post hori ezabatzeko eskubidea izango du administratzaileak. Eta arazoa errepikatuko balitz, kidetza etengo litzateke.