Komunitatea

Urt Zubiaurre Otamendi

Ipuin bat nola itxi

Igandea, 2017-12-10 | Urt Zubiaurre Otamendi
 

GAUZAK BERE HORRETAN ezin uztea omen da gizaberearen maldizioetako bat. Beste modu batean esateko, demagun ipuin motz bat irakurri duzula. Orrialde bakarra okupatzen du ipuinak, hogeita hamar lerro asko jota. Baina demagun ez dela ipuin normala. Etengabe, esaldiz esaldi hazten doan ipuin horietako bat baizik. Demagun, azken hitza irakurri bezain pronto, kontakizuna berriro ipintzen dela martxan zure barruan, une oro errepikatzen den melodia edo errezoa bezala. Oihartzun gaizto hori, gogoeta antzu horiek eteteko, ez al zinateke edonora abiatuko bukaera biribilaren eske? Ba niri horixe pasatu zitzaidan Pedro Alberdiren ipuinarekin, ikusi bainuen katua usoaren zelatan, txakurra katuaren zelatan, eta, nola ez, nik ere txakurraren urratsetara jarri nituen begiak. Horrela igarri nion ehiztariaren eta harrapakinaren arteko jokoan ezkutatzen zela munduaren benetako misterioa; eta, kontakizuneko gizonaren moduan, neronek ere buelta eman nahi izan nuen bizkarrean nor nuen jakiteko. Egiarik latzena antzemateko prest nengoen. Baina idazleak zintzilik utzi zidan haria.

Horregatik egin nuen alde gizakien kaleetatik, jakinik, ipuina ixteko modu bakarra zelataria nor zen jakitea zela. Haren aurpegiak beteko zituela nire barneko hutsuneak, ispiluari irainka luzatzen nizkion galdera guztiak. Horrela ba, abandonatu nituen errepideak, biderik ezagunenak, seinaleak; eta gizakiaren azken tramankulu herdoilduak laga nituen atzean. Kobazuloetako iluntasunak eman zidan bilaketa hasteko abiapuntua, iluntasun hartan ekin baitzioten gizakiek sua pizteari, ipuinen epeltasunari eta zelataria deskribatzeari. Nolakoa ote zen? Hegazti formako munstro bat ala adar itzelezko izaki ederra? Hori guztia hasierako poz faltsua izan zen, ordea.

Izan ere, haitzuloko horma gastatuetan, animalia txikien marrazkiak topatzen nituen bakarrik. Ez zegoen hartzik edo tigre erraldoirik tartean. Ez ziren inolaz destinuaren, heriotzaren edo jainko txiki baten irudiak. Eta zenbat eta barrurago sartu, orduan eta beltzagoak iruditu zitzaizkidan margoak, ikatza inoiz baino zikinagoa, irudiak inoiz baino abstraktuagoak. Espantagarriak. Alajaina, zerbaitek esaten zidan litekeena zela nire zelataria zirriborro horien ezpalekoa izatea, ez zuela forma edo nortasun garbirik; edo okerrago: agian ez zegoela zaintzailerik, ikuslerik, ehiztaririk niretzat. Eta abere ahul eta gaixo bat besterik ez nintzela. Noraezean zebilena.

Orduan bai sentitu nuen benetako estuasuna.

Eskerrak sen moduko batek lagundu zidala kobazulotik irteten. Eguzkiaren izpiak neurtu nituen, gorputza behartu eta, igerian lehendabizi, arrastaka gero, agertu nintzen hain urrun sumatzen nuen oihanera. Kartutxoak topatu nituen malda batean botata, eta kartutxoek, lau hankatan nahikoa izerdi egin ondoren, oihana saretzen zen tokira eraman ninduten; etxola ustelduak ikusi nituen arbolen artetik, eta etxola horietatik posible zen zintzarrien soinua entzutea; zintzarriek, jakina, loturik zeuzkaten ardiak, behiak, zaldi etxekotuak; baita haien zaintzan zebilen zakur eroa ere. Haren zaunka beldurgarriek, haren katea lehertzeko ahaleginek lasaitu egin ninduten.

A zer nolako poza baserri galdu hartatik gizaki bat atera zenean! Eskua kopetara eraman zuen nire etorrera bereizteko. Koreografia itzela iruditu zitzaidan: alde batetik, mugimendu mesfidatiak, denek nigana tinkatzen baitzituzten begiak; beste alde batetik, musika bikain hura: behien orruak, zakurraren zaunka, ardien eta gizakiaren isiltasun berezia... Eta pentsatzea neroni nintzela koreografia horren erdigune...! Inolako dudarik gabe, zutitzeko garaia banuen jadanik.

 

 

ITURBURUA: “Kalean” (Kafka Bilbon), Pedro Alberdi.


Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)

Zer da Komunitatea? Nola izena eman?

Zer da uberan.eus web orriko Komunitatea?

uberan.eus web orrian euren sormen lanak partekatu nahi dituzten kideek osatuko dute Komunitatea.

uberan.eus web orriaren baitan propio sortu den atal honetan, beraz, sormen lan horiek denak batuko dira. Eta bertan egongo dira erakusgai.

Komunitateko kideez gain, uberan.eus web orrira hurbiltzen den edonork ere bisitatu ahal izango du uberan.eus web orriko Komunitatea.

Zeintzuk dira Komunitateko kideak?

  • Norbanakoak. Norbanakoak dira izen-abizena duten erabiltzaileak. Komunitatea atalean, sormen lanak gehitzeko aukera izango dute. Hitzak eta irudiak baliatuko ahal izango dituzte horretarako.
  • Kolektibo literarioak, elkarteak. Komunitatea atalean, sormen lanak gehitzeko aukera izango dute. Hitzak eta irudiak baliatuko ahal izango dituzte horretarako.

Zer egin Komunitateko kide bihurtu eta edukia gehitzeko?

Kide izateko eskaera bideratuz: beherago dagoen formularioa bete eta igorri behar duzu. Benetako datuak eman dituzula konprobatu ondoren, Komunitateko kide izateko eskaera onartuko zaizu.

Gida liburuxka bat bidaliko zaizu, eta gida horren bitartez zure sormen lanak uberan.eus orriko Komunitatera igotzeko xehetasunak jasoko dituzu.

Hortik aurrera, zure sormen lanak uberan.eus-era lotzeko aukera izango duzu.

Oharra: Ezingo da mezu iraingarririk argitaratu. Halakoetan, post hori ezabatzeko eskubidea izango du administratzaileak. Eta arazoa errepikatuko balitz, kidetza etengo litzateke.