Elkarrizketak

Beñat Sarasolaren apalategian: Itzulpenak eta klasikoak ugari

Asteartea, 2021-05-04

Apalategian atalean, beren liburu kuttunei (eta ez hain kuttunei) buruz galdetuko diegu idazleei hilean behin. Gaurkoan, Beñat Sarasola.

Beñat Sarasolaren apalategian: Itzulpenak eta klasikoak ugari

Poesiaren arloan ekin zion bere ibilbideari Beñat Sarasolak: Alea eta Kaxa huts bat poema-liburuak argitaratu zituen Susaren eskutik, bi urteko tartearen (2007an eta 2009an hurrenez hurren). Etenaldi luze baten ondoren, Deklaratzekorik ez nobela kaleratu zuen orain bi urte, Susaren eskutik hura ere. Horretaz gainera, Bainaren belaunaldia (Labayru, 2015) saiakera argitaratu du, eta Munduko Poesia Kaierak (Susa) bildumako editorea da.

Mesanotxean daukazun liburua. Mario Vargas Llosa-ren La ciudad y los perros Olga Novo-ren Los líquidos íntimos eta Alex Ross-en El ruido eterno (itzul. Luis Gago).

Zure bizitza aldatu zuen liburua. Albert Camus-en Arrotza (gazteleraz irakurri nuen, ez dut gogoan zein ediziotan). Ondo Oroitzen dut KM Liburutegian irakurri nuela eserialdi bakarrean, 1999. urtean. “Kontzientzia literarioa” dei dezakeguna eman zidan liburua izan zen nolabait; hau da, haren bidez ohartu nintzen literatura egitea ez dela (funtsean) istorio interesgarri bat idaztea.

Hainbat aldiz irakurtzen hasi arren, inoiz amaitu ez duzun liburua. Uwe Tellkamp-en La torre (itzul. Carmen Gauger). Bi aldiz saiatu naiz baina bietan huts. Itxura ezin hobea hartzen diot, baina dena delakoagatik, beti eten dut irakurketa. Ea hirugarrenean!

Gogotik oparitzen duzun liburua. Euskal Herritik kanpokoei Ramon Saizarbitoriaren Hamaika pauso-ren gaztelaniako itzulpena (Los pasos incontables, itzul. Jon Juaristi). Bestela, azken boladan Sally Rooney-ren Conversaciones entre amigos (itzul. Ana García) ere oparitu izan dut. Literatur teoriari buruzko (gutxi gorabehera) liburu bat ere behin baino gehiagotan oparitu dut: James Wood-en Los mecanismos de la ficción (itzul. Ana Herrera).

Haurtzaro edo gaztaroko liburu kuttuna. Roald Dahl-en Sorginak adibidez, gazteleraz irakurri nuena. Koxkorxeagotan, autore beraren Volando solo (itzul. Pedro Barbadillo), zeina etxeko igogailuan utzi nuen ahaztuta eta ez dudan gehiago haren berririk izan.

Zuk zeuk idatzi nahi izango zenukeen liburua. Samuel Beckett-en Krapp’s Last Tape edo Virginia Woolf-en Mrs. Dalloway, baina kasu hauetan esaten den bezala (pixka bat interesantearena egiteko, agian), bihar beste batzuk esango nizkizuke.

Negar eginarazi dizun azken liburua. Ez dut gogoan liburuekin negar egin izana. Musikarekin eta ikus-entzunezkoekin bai, baina liburuekin ez. Halako bihozgabea naiz.

Barre eginarazi dizun azken liburua. Joxean Agirreren Nobela errealista bat.

Inoiz irakurri ez izanaz lotsatzen zaren liburua. Axularren Gero

Aldarteak aldarte, sekula hutsik egiten ez dizun liburua. Joxe Austin Arrieta-ren Abuztuaren 15eko bazkalondoa.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)