Albisteak

Okigbo eta Millay: mintzaira desberdinak hizkuntza berean

Osteguna, 2021-04-22

Christopher Okigbo eta Edna St Vincent Millay poeten antologiak aurkeztu zituzten herenegun Donostian, Munduko Poesia Kaierak (Susa) bildumaren barruan. Karmen Irizarrek eta Ana Moralesek itzuli dituzte, hurrenez hurren. (Irudia: @armiarma)

Munduko Poesia Kaierak bildumako izenburu berriak aurkeztu zituzten herenegun, Donostian. 37. eta 38. zenbakiak dira, hurrenez hurren, Christopher Okigbo poeta nigeriarrari eta Edna St. Vincent Millay poeta estatubatuarrari dagozkienak. Aurkezpenean izan dira Beñat Sarasola bildumako editorea eta Karmen Irizar eta Ana Morales itzultzaileak.

Sarasolaren hitzetan, aspalditik izan dute afrikar poetak bildumara ekartzeko gogoa, eta aurten lortu dute azkenean. Edonola ere, Sarasolak adierazi du ez luketela autorearen jatorria «fetitxizatu» nahi: «Agindu dezala Okigboren poesiak». Edna St. Vicent Millayri dagokionez, sonetoak idazteko zuen gaitasuna nabarmendu du editoreak.

Ingelesa da bi kaieren jatorrizko hizkuntza; bildumaren bultzatzaileak beti saiatu dira jatorri eta hizkuntza askotako poetak ekartzen euskarara, eta honako labealdi honetan bi-biak ingelesetik etorri arren, Sarasolak aipatu duenez, «hizkuntza berean mintzaira asko» kabitzen direla erakusten dute bi adibide hauek.


Bi iturritik edaten duen kaleidoskopioa

Karmen Irizarrek hauxe du argitaratutako lehen itzulpena. Ingeles filologia ikasi zuen eta irakasle gisa jardun da denbora luzean. Okigboren lanez ari, «kaleidoskopio» bat dela aipatu du, aldian-aldian ideia berriak iradoki dizkiona. Irizarrek azaldu du lau ikuspegitatik hurbildu zaiola poetaren lanari: itzultzaile gisa, irakurle soil gisa, europar zuri gisa eta euskaldun gisa.

Okigboren lana itzuli duen aldetik, poemetan ageri diren loturak ondo ulertzea, eta, horrela, euskaraz koherentzia bera izan dezaten saiatzea izan du erronka. Gainera, aipagarria da Okigbok nola erabiltzen dituen hitz arruntak, adiera ez hain ohikoekin: jolas polita dela dio itzultzaileak, baina «harrapatu» behar dela.

Okigboren lanean badira bi iturri nagusi, elkarri lotuta agertzen direnak, eta ez bereizirik: batetik, bere herriko tradizioak, formak eta irudiak topatuko ditu irakurleak haren poemetan; bestetik, mundu zabaleko erreferentzia asko, Okigbok eskola katolikoan jasotakoak. Uztarketa horren harira, Irizarrek zintzo onartu du «astinaldia» eragin ziola Guernica koadroaren edo Yeats poetaren aipamenak aurkitzeak Okigboren obran, eta hala ohartu zela bere «begirada kolonialaz».

Bestalde, Okigboren ezaugarri hori euskalduntasunarekin lotuta ikusten du itzultzaileak, Jon Sarasuak kulturen jarraidura-irekidura binomioaz esan zuenarekin.

Christopher-Okigbo-1062x598


Aldarri haustaileak molde klasikoetan

Edna St. Vincent Millayren poema-antologia osatu du, berriz, Ana Morales itzultzaileak –eskarmentu handiko itzultzailea dugu, besteak beste Jane Austen eta Judith Butlerren lanak ekarri dizkiguna–.

XIX. mendearen bukaeran jaio eta 1950. urtean hil zen Millay, eta «jazz aroko poeta» dela aipatu du Moralesek, «arin kokatzeagatik». Gehienbat poesia idatzi bazuen ere, beste genero batzuetako lanak ere argitaratu zituen Millayk, tartean lau antzerki-lan eta operarako libreto bat.

Millayren estiloari dagokionez, ezaugarri hau nabarmendu du Moralesek: forma klasikoen zalea zen, eta metrika zein errima-eskema erregularrak erabiltzen zituen; aldi berean, ordea, «emakume sutsuki independente eta lotsabako baten ikuspegia» aldarrikatzen zuen.

Estilo alai, independentzia zale eta «kaskarin»eko poemekin batera, bestelako gaiak ere jorratu zituen egileak: heriotzari buruzko poema etsiak, garaian garaiko auzi politikoei buruzko poema sozialak eta politikoak –horren erakusgarri, Sacco eta Vanzetti anarkisten atxiloketaren harira idatzi zuena, Hedoi Etxartek euskaratutakoa–, eta literatura klasiko greko-latinoko mitoen zein istorioek bertsioak, emakumeen ikuspegitik kontatuak. Helduaroan, poema intimoagoak ere jorratu zituen, eta aipatu beharra dago ezen poemak errezitatzea bere jarduneko alderdi oso inportantea zela: errezitaldi-birak egiten zituen, arrakasta handia bilduz.

ednastvincentmillayarch

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)