Elkarrizketak

Garazi Ugalderekin solasean

Ostirala, 2016-05-13

Garazi Ugalde Pikabeak Morfologiak izeneko poesia lana plazaratu du Bermingham argitaletxearen eskutik. Pasaia Hiria-Xabier Portugal saria jaso ostean publikatu dute liburua, Anartz Izagirre Zubimendik Forma geometrikoak zure baitan izeneko poesia lanarekin batera. Liburuko bi poema irakurri ditakezue Amuak atalean.

Garazi Ugalderekin solasean

Pasaia Hiria-Xabier Portugal sariketan bigarren aldiz saritu dizute lan bat, eta Berminghamek argitaratu. Zer ematen dizu horrelako lehiaketa batean parte hartzeak?

Ez naiz diziplinatuegia idatzitakoak bukatutzat ematen... Horretarako aitzakia, agian? Sariketan aurreneko aldiz parte hartzea aukera bat izan zen han eta hemen idatzita nituen poemak txukundu eta bildumatxo bat egiteko. Bigarren aldian ere urtebetean idatzi nituenei osotasun bat eman eta aro bat ixteko modua izan zen Pasaia Hiriara aurkeztea. Lehiaketa bera galbahe bat da, bestalde, inguru hurbilekoa ez den norbaitek lana gutxi-asko baloratu duen seinale, eta aurrera egiteko arnasa ematen dizu horrek. Idazten duen jendea ezagutzeko okasioa ere izan dut horri esker. Aldiro bi lan aukeratzen dira eta liburu bakarrean bilduta argitaratu. Aurrekoan Gorka Salcesekin partekatu nuen argitalpena eta oraingoan, berriz, Anartz Izagirrerekin. Orain arte ez dut besterik eman argitara, eta bi bilduma horiek paperera ekartzeak aukera eman dit edizio prozesua gertutik ezagutzeko eta horren parte izateko.

Korapiloak lokarrietan izan zenuen aurreko lana. Horrelako lanek ez dute zabalkunde handirik, baina idazle berri baten lana ezagutzera emateko tresna izan daitezke. Zer eman dizu zuri orain arte zure lanak paperean -horrelako edizio batean- edukitzeak?

Halako sariketak argitaratzeko bide bat izan daitezke. Bestela, gure poemak ordenagailuko karpetan gordeta geratuko ziren ziurrenik. Gero, lana paperean izatean, ingurukoei esan diezaiekezu: begira, honetantxe joan zait denbora puska bat… Zabaltzearena beste kontu bat da, bat nator horretan. Pasaia Hiriako liburuxkak Gipuzkoako liburutegietan banatzen dira, eta liburu-denda jakinetan ere badaude salgai ale batzuk, baina ez da ohiko banaketarik egiten. Zabaltzearena, neurri batean, egileen esku geratzen da, eta nik, behintzat, liburu kaxakada bat daukat oraindik etxean… Behar bada bestelako formatuak aproposagoak izan daitezke zabalkunderako, aldizkariak, fanzineak edo irakurraldiak. Baina, edonola ere, minoritarioa izaten jarraituko luke, poesiaz ari bagara.

Gatozen Morfologiak lanera. Titulutik bertatik iradokitzen zaigu gorputza eta hitzaren arteko harreman bat. Are gehiago, poesia bildumaren amaieran 'morfologia' hitzaren bi adierak dakarzkizu. Zerk erakarri zaitu irudi bikoitz horretatik?

Sotilki, agian, baina formaren azterketa etengabea da bilduman: gorputzena, espazioarena, norberaren eta bestearen arteko eremuarena, hizkuntzarena berarena… Eta, aldi berean, hitza ingurukoa hautemateko eta deskribatzeko darabilgu. Morfologiak hori guztia har dezake barne.

Hasieratik joan zara ardatz horren bila, testuak idatzi aurretik bazenekien horren inguruan idatziko zenuela, edo testuak banaka idatzi ostean azaleratu den ideia bat da?

Ez zen hasieratik nahita bilatutako zerbait izan. Alderantziz, testuak beren kasa atera ziren bata bestearen atzetik, itxuraz inolako loturarik gabe. Testuak erdi prest nituenean galdetu nion neure buruari: ba ote dago inon lotzen dituen zerbait? Justifika ote daitezke guztiak bilduma bakar batean? Orduan ikusi nuen, ezerk lotzekotan, formaren ideia horrek lotzen zituela nolabait, bere aldaera desberdinetan. Bukaeran gehitu nituen izen bereko poema (azkena) eta izenburua bera.

Poema hauek Berlinen zinela idatzi zituela irakurri dugu nonbaiten. Hala da? Zer dute Berlinetik poema hauek? Beste nonbaiten bazina, berdin idatziko zenituen...?

Berlinen sortu ziren haietako asko, bai, baina ez denak. Poemetan badaude gai eta errealitate batzuk han bizi izan naizen denboran inguruan izan ditudanak: historiaren zirrikituak, hiriko anonimotasuna eta behin-behineko bizimoduak, azken urteetako errefuxiatu oldea… Niretzat, ezinbestean, testuek lotura zuzena dute hiriarekin, baina ez nuke esango horrek bereizten duenik. Gaiak ez zaizkio derrigorrean hiri bakar bati lortzen, unibertsalagoak izan daitezke, eta, nahi bada, beste inon kokatu.

Botere harremanak azaleratzen dira poemotan, gorputza gudu-zelai, edo auto-askapen eremu gisa.

Gorputz bat dut (edo naiz)

etengabe epaitua dena kanpotik

Nola ematen dira kanpotik datozen botere harremanak norbere gorputzean?

Etengabeko gatazkan. Botere harremanak kanpotik datozkigu berez, baina (gehiago edo gutxiago) nork bere azalean sufritzen ditu; zer esanik ez emakumea bazara, edo zapaldutako beste edozein kolektibotakoa. Botere harreman horiek indartsuak dira eta barneratu egiten gaituzte. Onartu egin ditzakegu, besterik gabe, edo aurre egiten saiatu. Azken batean, norberari dagokio biolentzia sinboliko hori kudeatzea (gizartean, familian, harremanetan). Baina gu geu botere harreman horien emaitza gara, aldi berean.

Horretaz ari da poema: gorputz bat dugu gizarteak objektu egiten duena, kanpotik epaitua dena, kanonetan nekez kabituko dena, arrotz zaiguna; eta, aldi berean, gorputz hori bera gara, hezur-haragizkoa, bulkadei eta adimenari lotua, izatezkoa. Kontraesan horretan bizi gara. Hor dago gatazka, eta hortxe auto-askapenerako erronka.

Matxinatu natzaio mapa politikoen zilborrari

azken joera artistikoen habiari

ordu galduetako ametsik gordinenari

(...)

Xumea izan da apustua

Damutzen ez direnez hitz egin zidaten behin

jada idatzi bagintuzte bezala...

Matxinadaren zentzua beraren aurrean matxinatzeko beharra? Bulkadak birdefinitzeko saiakera?

Dena zalantzan jartzeko joera: bulkadak, inertziak… Matxinada emana datorkigunaren aurka eta matxinada, aldi berean, etengabe bilaketan tematu beharraren aurka ere. Horrekin lotuta, damuaren ideia eta aukerak egin beharrak sortzen duen ezinegona behin baino gehiagotan ageri dira testuetan. Ez da erraza norberaren ideien eta inguruak eskaintzen dizunaren artean oreka bilatzea eta kontsekuente izatea. Agian borroka antzu samarra da. Ildo horretan, uste dut badagoela haustura bat aurreko belaunaldiaren eta gurearen artean: gure gurasoek argi zeukaten zeren aurka egin behar zuten bizitzan; guk, aldiz, ez daukagu argi ez zeren aurka egin, ez zeren alde. Izaki indibidualistagoak bihurtu garela dirudi, nork bere borroka bizi duela, eta kolektiboki oldartzea gehiago kostatzen zaigula.

Erbeste, atzerri eta deserri gehiegi pilatu zaigu

hain geografia txikian

urdailean, eztarrian, buruki azpian.

Gertu, norberaren gorputzean bertan, sentitzen da batzuetan poema hauetako mina. Nola uztartu norberarenak soilik ez diren minak, norbere ahotsean? Nola uztartzen dituzu kanpoko mina eta barrukoa poema batean?

Fisikoak dira poemetako batzuk, eta gehienetan lehen pertsonan emanak, gainera.Badago zerbait norberaren minetik, min kolektiboago batetik, eta baita bestearen minera gerturatu nahitik ere. Ezinegona sortu didana nire baitatik pasata eman dut, digeritu eta paperera bota dut, eta horixe izan da emaitza.

Poema horren beraren amaiera da honakoa:

(...)

Trapezista gara historiaren zirkuan

baina ez dugu oraindik

erortzeko lekurik aurkitu.

Esaldi hori nabarmendu du, hain zuzen ere, Irati Goikoetxea epaimahaikideak liburuaren “Oreka” izeneko hitzaurrean. Zer da zuretzat oreka?

Egia esan, ez dakit halakorik ba ote den ere.

Arnas luzeko eta arnas laburreko testuak uztartzen dituzu tarteka, tituludunak eta gabekoak... non zaude erosoen, edo nola asetzen zaitu bakoitzak: luzeak, laburrak...

Testu bakoitzak berea eskatzen du. Formak garrantzia berezia hartzen du batzuetan, eta bigarren mailako kontua izaten da beste zenbaitetan. Era berean, izenburua poemaren ezinbesteko zati izan daiteke, edo ezer ez erantsi. Morfologiak bildumak testu luzeagoak eta laburragoak biltzen ditu, baina laburrerako joera nabarmena dudala uste dut. Hor sentitzen naiz akaso erosoen, gutxirekin zerbait sortzen.

Orekak duen barne-tentsio hori berriz ere poema honetan:

OIN-PUNTETAN

bizitzak adarretatik eusten gaitu baina

kanpoan hotzegi edo beroegi denean

sustraiak hor nonbait igartzen dira

minbera

bestela adarrek gorantz egiten dute tira

grabitatearen aurka

zintzilik biziko ginateke

sustraiengatik ez balitz

Sustraiak zer dira, erroa-oinarria, edo zama?

Bata eta bestea, zalantzarik gabe. Horixe da, hain justu, poemak irudikatu nahi duena.

Pentsatu duzu poesia-lan luzeagorik idaztea? Edo beste generoren bat? Funtsean, zer duzu esku artean...?

Gustatuko litzaidakeen zerbait da, bai. Denborak esango du hori. Orain tartea hartu nahi nuke poesia gehiago irakurtzeko eta gustuko ditudanak euskarara ekartzeko. Badut gogoa beste genero batzuk probatzeko ere. Herriko antzerki taldean hasteak genero horretan sakontzeko grina piztu zidan duela pare bat urte, eta taularatzeko moduko zerbait prestatzea darabilkit orain buruan. Aurrera begira, idaztea eta itzultzea, biak uztartzeko modua egin nahi nuke.

Utzi zure iruzkina
      "Hegoak _______ banizkio, nirea izango zen" (derrigorrezkoa, spam-aren kontra)